Joane
Somarriba (Sopela, 1972), emakumezkoen txirrindularitzako sinbolo
bilakatu da. Kirolariz inguratuta hazi zen, bere aitak, osabak
eta ahizpak urteak eman baitzituzten txirrindularitzan. Artean
neskato bat besterik ez zela, Joanek familiaren ohiturari heltzea
erabaki zuen, eta Estatu mailako proba ugaritan hartu zuen parte.
1991n hernia diskal baten ondorioz 18 hilabete errepideetatik
kanpo igaro behar izan zituen, eta sendagileek, gainera, txirrindularitza
uzteko gomendatu zioten. Joanek, ordea, uko egin zion hainbeste
maite zuen kirola agurtzeari. Euskal Herrian gelditzeak hain panorama
kaskarra eskaintzen ziola ikusirik, bere karrerako erabakirik
gogorrena hartu zuen: Italiara joatea. Eta bete-betean asmatu
zuen, Alfa Lum taldearekin fitxatu orduko hasi baitzen garaipenak
eskuratzen. Bina Giro eta Tour irabazi ditu, gaur-gaurkoz oso
txirrindulari gutxik lortu dutena. Emakume tinko eta konstante
gisa definitzen du bere burua. Litekeena da horietxek izatea bere
arrakastaren giltza.
-Oso txirrindulari
gutxik lortu dute zuk azken bi urteotan lortu duzuna. Nola baloratzen
duzu hori guztia? Oso ondo. Urte asko
daramatzat txirrindularitzan, baina karrera profesionaleko azken
urte hauek baino lehen ez dut gauza handirik lortu. Italiara joatean
hasi nintzen garaipenak eskuratzen, eta hori oso garrantzitsua
da, borrokatzen jarraitzeko indarra ematen didalako. Txirrindulari
guztiok amesten dugu itzuli handi batekin, eta hori irabaztea
oso garrantzitsua izan da niretzat.
-Espero
al zenuen horrelakorik? Lasterketa edo itzuli
bat prestatzen ari zarenean, ondo ibiltzea espero duzu, baina
badakizu irabaztea oso zaila dela, jende asko ari garelako garaipena
lortzeko prestatzen. Gainera, itzuli handi batek egun asko irauten
ditu, eta edozer gerta daiteke. Fisikoki %100ean egon arren, egun
batean edozer gauzagatik porrot egin eta dena gal dezakezu. Azken
etapa amaitu arte, ezin duzu itzulia irabazi duzunik esan. Egunero
atera behar zara, eta presioa handia izaten da. Edozein lasterketa
irabaztea zaila da oso, gero eta lehiakortasun handiagoa dagoelako,
eta hori asko nabari da.
-Gogorra egin
zitzaizun Italiara joateko erabakia hartzea. Bai, ni beti hemen
ibiltzen nintzen, Estatu mailan. Selekzio espainiarrarekin Giroan
eta Tourrean ibilia nintzen, baina inoiz ez nuen etxetik kanpo
denbora gehiegi eman. Erabaki hori hartu baino lehen denbora dezente
ibili nintzen buruari bueltak ematen. Italiara joateko aukera
aipatu zidatenean, hasieran ez nuen oso garbi ikusi, baina ezin
nuen Italian talde on batean egotearen aukera galdu. Egia esan,
oso ondo ibili nintzen.
-Zer aportatu
dizu Italiako egonaldiak? Gauza asko. Hemen egiten
nuena zaletasunagatik egiten nuen gehienbat, inoiz ez nuelako
ezer lortzen. Ezin nuen nire lana zenik ere esan. Asko gustatzen
zitzaidan egiten nuena, baina zaila egiten zitzaidan aurrera egitea.
Baina Italiara joan nintzenean, han taldeak erabat desberdinak
direla ikusi nuen. Beste ikuspegi bat daukate, txirrindularitza
lanbide bat bezala ikusten dute, errespetu handia diote elkarri,
eta, batik bat, asko laguntzen diote batak besteari. Lasterketa
batzuetan beste batzuei laguntzen ibili behar duzu, baina beste
batzuetan zuri laguntzen dizute. Helburuak banatu egiten dituzte,
guztien artean, eta hori garrantzitsua da, ona delako aukerak
txirrindulari guztiei ematea. Praktikoki ere asko ikasten da.
Honako hau Italiara joan nintzenetik nire laugarren denboraldia
da, eta tarte honetan asko aldatu da nire egoera.
-Emakumezkoen
txirrindularitza zure lorpenei esker atera da ilunpetik. Nola
ikusten duzu egungo egoera? Zaila
da hemen talde bat sortzea. Iaz zurrumurru batzuk zabaldu ziren,
Alfa Lumekin talde bat aterako zela esanez, baina azkenean bete
gabe gelditzen diren promesak dira. Argi dago zaila dela babesle
bat lortzea. Tour bat irabaztean edo garaipen garrantzitsuren
bat lortzean, bero-beroan, beti esaten dut agian hemen korrika
egin ahal izango nukeela. Oso ilusio polita da, baina oso zaila.
Diru asko behar da, eta babesleak era bai. Gauzak aldatzen ez
diren bitartean, Italian jarraituko dut.
-Behintzat,
aurtengo Tourra Bilbotik abiatzea lortu duzu. Izugarrizko ilusioa
egin dit Tourra etxetik irteten ikusteak. Komentatu zidatenetik,
ezin izan dut aurtengo Tourra burutik kendu. Egia esan, ezinhobea
izan da niretzat: Bilbon prologoa irabazi, arratsaldean liderraren
maillot horiarekin irten, eta Parisa horiz iritsi… Ezinhobea izan
da. Amets bat.
-Erreferente
bihurtu zara atzetik datozen emakume txirrindularientzat. Zein
aholku emango zenieke? Argi dago zaila dela
hemen talde sendoak sortzea, baina nahiko nuke baten bat sortuko
balitz. Hala ere, ikasketak edo lana ez uztea aholkatuko nuke.
Txirrindularitzan zaletasunagatik ibili nahi badute, aurrera.
Beti dago federazioarekin edo selekzioarekin kanpoan parte hartzeko
aukera, eta ondo ibiliz gero beti izango dute aurrera egiteko
bideren bat. Aurtengo Tourrean hemengo txirrindulari asko ibili
dira, Bilbotik ateratzearen kontu horrekin jende asko animatu
delako, eta hori oso ona da Estatuko emakumezkoen txirrindularitzarako.
-Ez al zaitu
beldurtzen zu erretiratu ostean emakumezkoen txirrindularitzak
behera egin eta berriz ere ostrazismora itzultzeak? Ez
dut uste behera egingo duenik, zeren egia esan Espainian txirrindularitzak
ez du oso maila ona. Neska batzuek oso etorkizun ona dute, baina
lana egin behar dute. Garrantzitsuena pixkanaka gorantz joatea
da. Ez dugu behera egitearen edo okerrago egotearen zain egon
behar, alderantziz. Nik uste dut federazio euskaldun eta espainiarreko
jendeak ikusi behar duela neska hauek kanpora atera behar dutela
maila hartu eta esperientzia lortzeko. Txirrindularitzan hemen
ibiltzen, ezinezkoa da atzerritarren maila lortzea. Hor laguntza
behar da. Eta, batez ere, emakumezkoen txirrindularitzaren aldeko
apustua egingo duten babesleak behar dira.
-Denboraldi
batean oso une latzak igaro zenituen zure lesioak zirela-eta.
Zerorrek esana da txirrindularitza oso kirol gogorra dela, eta
are gehiago beharrezko laguntzak jasotzen ez baldin badira. Merezi
izan al dute sakrifizioz betetako urte hauek guztiek? Lortu dudan guztiak
erabat konpentsatu ditu txirrindularitzan daramatzadan urteak.
Garrantzi handia du lau itzuli lortzeak. Kirolari guztiok garaipenak
lortzeko prestatzen gara, horren alde borrokatzen gara. Zorte
handia izan dut hau guztia lortu izanagatik. Milaka kirolari izango
dira nire egoera berean, guztia ematen eta asko sakrifikatzen,
eta hala ere garaipenik lortzen ez dutenak. Baina nire kasuan,
sakrifizioak konpentsatu egin nau. Itzalean hainbeste urte igaro
ondoren, oso harro nago lau itzuli hauekin.
-Gero eta gertuago
daukagun Mundiala amaitu ostean erabakiko omen duzu txirrindularitzarekin
jarraitu edo ez. Nola ikusten duzu etorkizuna? Nahiko buru-belarri
nabil Mundialarekin, aurtengo denboraldiko nire bigarren helburua
delako, eta ondo aritzea gustatuko litzaidake. Ezin dut aukera
hau galdu. Erlojuzkontrakoa 13an izango da, eta horretan baino
ez daukat burua. Mundiala bukatutakoan, orduan ikusiko dut zer
egin. Nire senarrak (Ramón González Arrieta) aurten
utziko du txirrindularitza, eta hori oso ondo etorriko zait, lagundu
egingo didalako. Ikusiko dugu geroan zer egin.
-Ba al da lortzeke
gelditzen zaizun ezer? Ez,
ez dut besterik. Beharbada Mundialaren ilusioa, orain arte sekula
ez dudalako ondo amaitu, eta oraingoan ondo ibili nahiko nuke.
Hori izango litzateke garrantzitsuena, baina ez daukat irabazi
beharraren presiorik ere. Ez dut pentsatzen: "lortzen
ez baldin badut, akabo". Alderantziz. Pozik nago egin
dudanarekin, eta Mundialean ezer lortzen baldin badut, ba hobeto.
-Batzuek Miguel
Indurainekin konparatzen zaituzte; beraz, historia egin duzula
esan liteke. Egia da gauza garrantzitsuak
lortu ditudala, baina ezin dut nire burua Miguelekin konparatu.
Berak bost Tour dauzka, eta nik oraingoz bi, eta ez dut uste askoz
gehiagotan egongo naizenik. Egia esan, ez nuke nire burua berarekin
alderatuko. Argazkiak: Iñigo Azkona
Euskonews & Media 137.zbk
(2001/9-28/10-5)
|