Egun
arte euskarari buruz hitz egin dugunean ahozko hizkuntzari buruz
besterik ez dugu egin. Euskal Herrian oso ezberdinak diren bi
errealitate daude, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, non frantsesa
eta espainola dira hizkuntza ofizialak. Aurten, ordea, gure inguruan
dugun keinu-hizkuntzari buruz hitz egiten hasi gara. Keinu-hizkuntzarekin
ahozko hizkuntzarekin bezala gertatzen da, bi errealitate gertatzen
dira, Iparraldekoa, zeinetan frantziar keinu-hizkuntza erabiltzen
den, eta Hegoaldekoa, zeinetan espainiar keinu-hizkuntza erabiltzen
den.
Nire
tesiaren helburu nagusia, beraz, bi errealitate horiek batzea
da. Horretarako, ordea, hainbat eta hainbat gauza egin behar dira.
Batetik, keinu-hizkuntza arautu behar da, egun egiten ari naizena.
Ez da lan erraza ez baitago ia material bibliografikorik. Esan
daiteke Madrilen lanean dihardutela, Alacanten ere badago gaia
gogoko duenik ere, eta Euskal Herrian hau da keinu-hizkuntzari
buruz egiten den horrelako lehenengo lana. Aipatu beharra dago
badagoela hiztegitxo bat eskoletan eta erabili ahal dena eta nire
ustez oso azalekoa.
Bestetik, egun eskoletan,
ikastoletan, zein unibertsitatean D eredua indartzen ari da. Zer
dela eta ikasi ahal dute entzumendunek euskara eta euskaraz eta
gorrek ezin dute gauza bera egin? Zergatik ikasi behar dute espainola,
hegoaldeko kasuan, familia osoa, herria eta orokorrean euren ingurunea
euskalduna denean?
Gaur arte, gorrak
gaixotzat izan ditu jende askok, edo hobe esanda, nahiz eta ondo
ez egon, gizajotzat jo dira beraiek duten ezinagatik (minusbaliotasuna).
Hori dela eta inoiz ez zaie inguruan dituzten bi hizkuntzak ikasteko
aukera eman, bakarra baizik, gehienetan gaztelania izan delarik.
Badaude gorrak diren pare bat pertsona euskara ikasi eta euskaraz
bizi direnak. Bestelako kasutan familiak nahi ez duelako edota
hezitzaileek nahi ez dutelako ez zaie euskara irakasten, "no
puede aprender euskara porque es muy difícil, no lo va
a utilizar, es poco práctico, es mejor que aprenda bien
una lengua oral, que va a utilizar en el colegio, etc."
eta horrelakoak esan ohi dizkiete gorrak dituzten familiartekoei.
Horrela, ordea, euskaltzaleak diren gorrak gaztelania ikasi eta
erdaraz bizitzera derrigortuak daude. Zer da hau diskriminazioa
ez bada?
Nire ustez beraiek
ere euskara ikasi ahal dute, eurek arazoa belarrian dute, ez buruan,
non hizkuntza dagoen. Horretarako, ordea, irakasleak eta hezitzaileak
prestatu beharko dira. Horrela diskriminatzailea den heziketarekin
bukatu eta nahiz eta jende askok espainola ikasten jarraitu, euskara
eta euskaraz ikasi nahi duten gorrek aukera izango dute.
Hau guztia dela eta,
nire tesi lana eta aurten abian jarri den pertsona gorrentzako
euskara ikastaroa da horren garrantzitsua. Eskoletan, ikastoletan,
haurtzaindegietan zein unibertsitatean gorrak direnak euskara
ikasteko aukera izango dutelako, eta beraien inguruan bizi direnak
keinu-hizkuntza ikasi ahal izango dute eta. Tesia gorrei euren
hizkuntzan alfabetatze prozesuan lagunduko dielakoan nago, euren
hizkuntza eta nortasunaren parte handia den keinu-hizkuntza zabaltzeko
eta euskara eta keinu-hizkuntza bera uztartzeko ere balioko duelakoan
nago. Ikastaroaren helburua Zarauzko eta inguruko herrietako pertsona
gorrek euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko aukera izatea zen.
Ikastaroa abian jartzearen zergatiak ugariak izan dira.

1880tik, hau da Milango
kongresutik orain dela hamar urte arte, gorrak guztiz bazterturik
izan dira, bai heziketa arloan, baita hizkuntzaren arloan ere.
Jaso duten heziketa ahozkoa (oralista) izan da,non ikasgai
guztiak ahoz ikasi dituzten, beraiena den eta beraiek identifikatzen
dituen hizkuntza debekatuta izan delarik. Ez dakit irakurleari,
ziur aski euskaldun zaren horri, ezaguna egiten zaizun gertaera
hau. Agian ez duzu zuzenean keinu-hizkuntzarekin lotzen, zure
hizkuntzarekin, baizik. Euskara mailan oraindik ere lan ugari
egiteke badago, keinu-hizkuntzan askoz gehiago da egin beharreko
lana, hau lehenengo urratsa izan delarik.
Bestetik, eurena
ere den euskara helaraztea izan dut helburu. Hau da, Euskaldunak
diren familia askotan seme-alaba zein guraso gorrak aurki daitezke,
beraien arteko komunikazioa erdaraz delarik. Baina zergatik erabili
behar dute pertsona gorrarekin beraien ama hizkuntza ez den gaztelania?
Gorrak euskaltzale direlako eta euren eskubidea delako euskara
ikasteko aukera, bederen, izan behar dute. Gainera, gaur egun
guztion ahotan dabilen integrazioa benetan gauzatzeko abiapuntu
bat izan da.
Hasieran pentsaturiko
helburu guztiak bete dira, hizkuntza mailan, zein gizarte mailan,
jende askok ez baitaki bere inguruan bizi diren gorrek ez dutela
euskara erabiltzen.Irailaren 29an ospatu da Donostian Gorren Egun
Mundiala,gorren egoerari buruz informazio zabalagoa lortzeko aukera
paregabea.
Uztaileko ikastaro
honek hogeita hamar orduko iraupena izan du eta hasiera izateko
ez dago gaizki, baina oso laburra iruditu zaigu, bai ikasleei
eta baita neuri ere. Jendeak, gainera, oso epe laburrean gauza
asko ikasteko gogoa erakutsi du. Hori, ordea, oso zaila da horrelako
ikastaro batean, ondo dago, ordea, jendeak ikastaroari jarraipena
emateko gogoa izatea.
Bi hitzetan baloratuz,
oso aberasgarria eta positiboa. Halere, fenomeno bitxi bat gertatu
da. Hasiera batean pertsona gorrentzat izan behar zuen ikastaroa,
gor zein entzumendunentzat suertatu zen. Hori dela eta, euren
arteko komunikazioa ez zen oso ona izan komunitate bat oso itxia
baitzen, horrek bien arteko harremana uztartu beharrean banatu
zuelarik.
Neure
tesi lanerako ere oso baliagarria izan da. Espainiar Estatuko
Keinu Hizkuntza ikertzen ari naiz, hau deskribatzeko sistema sortzen
ari naizelarik. Mundiala eta beharrezkoa izango litzateke tesian
lortutako emaitzak eta ikastaroak lotzea. Hori, ordea, ez dago
nire esku. Oso garrantzitsua izan bada Zarauzko Udalak ikastaroa
abian jarri izana, askoz garrantzitsuagoa, edo hobe esanda, beharrezkoa
dirudit ikastaroari jarraipena ematea. Hori, ordea, Eusko Jaurlaritza,
Diputazioa, Gorren Elkarteak, zein Euskal Herriko Unibertsitatearen
parte hartzerik gabe ezinezkoa da. Hauek plangintza bateratu batean
lanean hastea beharrezkoa delakoan nago.
Beraz, entzumendunon
euskararen normalizazioan aurrera pauso ikaragarria bada, gorren
komunitatean itzela da ematen ari diren lehenengo urrats hauek.
Gorrak ere euskaltzale direlako eta beraien eskubidea delako!
Martha Kaperotxipi Urain, Zarauzko
Udaleko Euskara Zerbitzuak bideratuta, pertsona gorrentzako euskara
ikastaroaren arduraduna
Martha_Kaperotxipi@hotmail.com
Argazkiak: "Comunidad escolar", "CEE de Sordos
CRAS, Sabadell" eta "Diario de Hoy" webguneetatik |