Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Saila euskal unibertsitate sistemari buruzko lege bat
prestatzen aritu da, hemendik gutxira Eusko Legebiltzarrean aztertu,
eztabaidatu eta bozkatzeko. Aipaturiko lege honek bi helburu garbi
ditu: unibertsitatea indartzea, eta esparru europarrean txertatzen
laguntzea. Hau guztia xehetasunez azaldu digu Anjeles Iztueta sailburuak,
berarekin izandako elkarrizketan.
-Zertan da Euskal
Unibertsitate Sistemari buruzko Legea?
Orain bertan lege aurreproiektu bat da. Unibertsitate publikoak
eta bi unibertsitate pribatuek bidali zizkiguten emendakin guztiak
aztertu ditugu, eta baita ere eragileek eta pertsona ezberdinek
helarazi zizkigutenak. Guztira, 150 emendakin inguru jaso ditugu,
eta hauetako asko erantsi dizkiogu testuari. Eusko Jaurlaritzako
Kontseiluak aurreproiektuari onarpena ematen dionean, Eusko Legebiltzarrari
pasako zaio, eta hor ponentzia bat eratuko da, emendakinak aztertu
eta eztabaidatzeko. Nik uste ekainerako onartuta egongo dela. Beraz,
datorren urtean sartuko da indarrean.
-Eta nolatan orain
lege hau?
Boloniako Adierazpen europarrak ezartzen du Europako unibertsitate
guztiek parametro batzuk bete behar dituztela. Ikasketa planek eta
irakaskuntzak, besteak beste, adierazpen horretan jasotakora egokitu
beharra daukate. Gainera, euskal unibertsitate sistema Europan ezagutarazi
behar dugu, eta, aldi berean, Europako unibertsitateak hemen ezagutzera
eman. Horrek ikasle eta irakasleek mugikortasuna izatea eskatzen
du.
-Horrek
zer esan nahi du, euskal unibertsitariek aleman, frantses edo austriarrek
ikasten dituzten ikasgai eta kontzeptu berdinak landuko dituztela?
Helburua hori litzateke, baina ezin da egun batetik bestera lortu,
besteak beste herrialde bakoitzak abiapuntu ezberdina daukalako.
Hala ere, Europan dagoeneko ari da sortzen espazio unibertsitario
berri hori. Boloniako Adierazpenak, esaterako, Europan ikerketak
egiteko espazio bakar bat egon dadila aurreikusten du. Baina kontuan
izan behar dugu gaur egungo errealitatea erabat ezberdina dela,
zeren eta herrialde bakoitzean urte kopuru ezberdina behar da titulazio
bat lortzeko, edukiak ere ezberdinak dira, etab.
-Euskal Unibertsitate
Sistemaren Legeak islatuko al du unibertsitate publiko eta pribatuen
elkarbizitza?
Bai. Garbi esaten du unibertsitate publiko bat eta bi pribatu dauzkagula.
Azken hauek izango lirateke alde batetik Deustuko Unibertsitatea,
Elizarena, eta Mondragon Unibertsitatea, talde kooperatibo batena.
Gainera, kontuan izan behar dugu une jakin batean unibertsitate
berri bat ere sar daitekeela sistema horretan. Erabaki hori hartzea,
dena den, Legebiltzarrari dagokio. Beste alde batetik, legeak euskararen
eta euskal kulturaren inguruan aritzen diren nazioarteko unibertsitateekin
harremanetan egotea aurreikusten du, ezin baitugu ahaztu nolako
lana egiten ari diren, besteak beste, Oxford, Reno, Nevada edo Frankfurteko
unibertsitateak.
-Orain arte, unibertsitate
publiko eta pribatua bi errealitate antagoniko bailiran agertu zaizkigu.
Zein paper izango du aurrerantzean bietako bakoitzak?
Euskal unibertsitate sisteman, Euskal Herriko Unibertsitateak du
zentralitatea, unibertsitate publikoak, baina horrek ez du esan
nahi eginahal guztiak unibertsitate publikoan bildu eta Deustuko
Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea bazterrean utziko ditugunik.
Hauek ere zerbitzu bat eskaintzen diote euskal gizarteari, eta helburu
estrategiko batzuk betetzen dituzten heinean, beren lekua izango
dute euskal unibertsitate sisteman, eta fondo publikoak jasoko dituzte.
Baliabide gehienak unibertsitate publikoari bideratuko zaizkio,
bertan daudelako ikasle eta irakasle gehien, baina unibertsitate
pribatuek ere zabalik izango dute atea. Bi errealitateak behar bezala
uztartzen eta osatzen baldin baditugu, helburuak, fondoak eta arrakasta
guztiontzat izango dira. Baina hori ez genuke Euskadin bakarrik
egin beharko; Europako beste unibertsitate publiko eta pribatuekin
ere gauza bera egin beharko genuke, besterik ez bada helburu horrekin
ematen diren fondo publikoak jasotzeko.
-Curriculum akademiko
bikain bat izateko, oraindik ere balio handiagoa al du unibertsitate
pribatu baten tituluak publiko batekoak baino?
Ez. Argi eta garbi, ez. Unibertsitate publikoak dagoeneko erakutsi
du bere maila. Kalitatea ez dago unibertsitatea publikoa edo pribatua
izatearekin lotuta. Batzuek kontrajarri egiten dituzte unibertsitate
publikoaren eta pribatuen eskaintzak, baina kontua da elkarren osagarri
direla, unibertsitate bakoitzak bere ezaugarriak dauzkan arren.

-Aurrerantzean
nork erabakiko du ikasketa berriak non eta nola ezarriko diren?
Aurrerantzean Unibertsitateen Euskal Kontseiluak koordinatuko ditu
indarrak, eta berak hartuko ditu erabakiak. Oraingoz unibertsitate
bakoitzak hartzen ditu bere erabakiak, baina hemendik gutxira Kontseiluak
finkatuko du titulazioen mapa. Bere helburu nagusietako bat, lurraldeen
artean oreka mantentzea izango da. Euskal unibertsitate sistemaren
helburua ez da baliabide ekonomikoak elkarbanatzea bakarrik, baizik
eta lehenik eta behin, eta euskal gizartearen onerako betiere, helburuak
bateratu nahi ditu.
-Legeak eleaniztasuna
ere aipatzen du, nahiz eta gure gizartean elebitasuna oraindik ez
den erabatekoa. Noiz egongo da edozein ikasketako edozein ikasgai
euskaraz zein gaztelaniaz ikasteko aukera?
Hizkuntzaren normalkuntzarako politikarekin zerikusia daukaten alderdi
guztietan pixkanaka eman behar dira pausoak. Etenik gabe, baina
pixkanaka. Dagoeneko eman ditugu batzuk, baina bistan da gehiago
eman behar ditugula. Ikasleen erdiak euskaraz egiten du selektibitatea.
Beraz, errealitatea horrelakoa dela ikusirik, unibertsitate guztiek,
eta are gehiago publikoek, erantzun egoki bat eman behar diote gizartearen
eskariari. Eta pribatuek ere bai, fondo publikoak izaten jarraitu
nahi badute. Baina ez kontseilariak agintzeagatik, baizik eta euskal
gizarteak eskatzen duelako. Hemendik hamabost urtera, gaur egun
ikasleen erdia dena ia %100 izango da. Kontuan izan behar da hiru
urteko haurren %92 eredu euskaldunetan matrikulatzen dela. Eskaera
horri erantzun bat eman behar diogu. Baina, hemendik aurrera, ez
dugu euskara eta gaztelaniarengan bakarrik pentsatu behar. Gure
xedea Europan integratuko den euskal unibertsitate sistema bat lortzea
baldin bada, ingelesa, frantsesa edo alemana ere sartu behar ditugu
gure irakaskuntzan. Horregatik hitz egiten du legeak eleaniztasunaz.

-Nolanahi ere,
25 urtetan bide erdia bakarrik egin baldin badugu elebitasunari
dagokionez, beste hainbeste urte edo gehiago beharko ditugu eleaniztasunera
iristeko.
Bai, hala da, baina horrelako legeak ez dira bizpahiru urtetarako
egiten, baizik eta hamar edo hamabost urtetarako, etorkizunari begira.
Denborarekin, eskolak ingelesez, frantsesez edo alemanez emango
dira. Unibertsitatera sartzen diren ikasleen artean, gero eta gehiago
dira hirueledunak, euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzen
dituztelako, eta hemendik hamar urte barru askoz ere gehiago izango
dira. Beraz, panorama erabat ezberdina izango da. Elebitasunari
dagokionez, egia da bide erdia bakarrik egin dugula. Horregatik,
legeak aurreikusten du euskarak behingoz unibertsitateko hizkuntza
izatera iritsi behar duela. Aldaketa positiboak egiteko bitartekoak
jarri behar ditugu, eta euskara garatzen jarraitu. Ikasgaien arloan,
adibidez, asko dago egiteko, arlo batzuetan besteetan baino gehiago.
Atzera begiratuz gero, konturatzen gara azken 20 urteotan asko aurreratu
dugula, baina orain datozen urteetan zer egin pentsatu behar dugu.
-Elebitasunari
dagokionez, unibertsitate pribatuari, eta bereziki Deustukoari,
bide luzea gelditzen zaio oraindik.
Bai, besteei baino luzeagoa. Unibertsitate bakoitzak helburu errealistak
izango ditu hizkuntzaren normalkuntza erdiesteko, ez baitira gauza
bera Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta unibertsitate
publikoa.
-Aipatu diguzun
guztia garrantzitsua da oso, baina funtsezkoena falta zaigu: finantzaketa.
Euskal unibertsitate sistemak baliabide publiko eta pribatuak izango
ditu, baina legeak baliabide publikoak bakarrik arautzen ditu. Eta
hiru printzipio finkatzen ditu: baliabide aski izatea, helburu batzuk
izatea, eta erantzule izatea. Hau da, alde batetik, unibertsitateari
egonkortasuna emango dioten baliabide ekonomikoak behar dira, behar
adina; beste alde batetik, baliabide horiek helburu bat izan beharko
dute; eta, hirugarren, erantzukizunez jardun beharko dugu, diru
publikoa nola erabiltzen dugun kontrolatuz. Dena den, legeak ez
ditu baliabide ekonomikoak bakarrik aipatzen; giza baliabideak ere
arautzen eta hobetzen ditu, eta hemen, alderdirik azpimarragarriena,
malgutasuna litzateke. Unibertsitatean, lehendabiziko aldiz, karrera
funtzionarialaz gain, karrera kontraktuala ere egongo da.

Horrela, unibertsitatetik kanpokoko pertsona bat denbora osorako
edo partzialerako kontratatzeko aukera egongo da. Eta honek, gainera,
unibertsitateen arteko mugikortasuna sustatuko du, bai irakaskuntzan,
bai ikerketan. Beraz, labur esanda, etorkizunean kontratatzeko askoz
ere aukera gehiago izango ditugu. Nahi izanez gero, ikastaro jakin
baterako, Herbeheretako irakasle ospetsu bat kontratatu ahal izango
da. Eta honek hobetu egingo ditu unibertsitateak enpresekin dituen
harremanak, eta baita ere gizartearekin dituenak. Gizarte guztiek
daukate unibertsitate onak izateko beharra. Herri batek ezin du
aurrera egin unibertsitate sistema trinkorik ez baldin badu. Kalitatezko
unibertsitaterik ez duten herrialdeak guztiz menpekotuta egoten
dira.
-Legearen printzipioekin
bukatzeko, kalitatea ere aipatu beharko.
Bai, baina ez printzipio gisa bakarrik, baizik eta baita tresna
bezala ere. Kalitatea hiru arlotan aplikatu behar da: kudeaketan,
irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Kalitatearen eta Akreditazioaren
Euskal Agentzia arduratuko da hiru arlo horietan kalitatez jardungo
dela aztertu eta ziurtatzeaz.
-Behar bezainbeste
inbertitu al da azken urteotan?
Bai. Azken 20 urteotan, adibidez, zientzia eta teknologian inbertsioa
20 aldiz handiagoa izatea lortu dugu. Baina gehiago inbertitu behar
dugu. Gure helburua izango litzateke 2010. urtean EAEko barne produktu
gordinaren %3 egitasmo zientifiko eta teknologikoetara bideratzea.
Euskal unibertsitatearen finantzaketa Ameriketako Estatu Batuetako
sistemarekin alderatuko bagenu, berehala jabetuko ginateke zerbait
aldatu beharra daukagula. AEBetako unibertsitateek beren baliabide
ekonomikoen heren bat matrikulen bidez lortzen dute, beste heren
bat diru publikoaren bidez, eta azken herena, eta hau bai dela benetan
azpimarragarria, enpresa pribatuek finantzatzen dute. Gure unibertsitateen
aurrekontuaren %90, ordea, fondo publikoetatik dator. Esan beharrik
ez, AEBetan matrikulak askoz ere garestiagoak direla.
-Beraz,
gehiago ordaindu beharko dugu?
Ez, ez dugu gehiago ordaindu beharko, baina fondo gehiago lortu
beharko ditugu. Dauzkagun baliabideekin eraginkorragoak izaten ikasi
behar dugu. Enpresa pribatuak erakarri behar dugu. Eta gure gizartearentzat
estrategikoak edo lehentasunezkoak diren helburuak betetzen laguntzen
badugu, fondo europarrak ere lortuko ditugu.
-Zenbaiten esanetan,
lege honen bitartez handitu egingo da kontrol politikoa, eta autonomia
unibertsitarioa, berriz, murriztu.
Hori demagogia hutsa da. Legeak Europa mailan puntako sistema izateko
asmoarekin arautzen du gure unibertsitate sistema. Eta fondo publikoez
ari gara, beraz erantzukizunez jokatu beharra dago.
-Asko aldatuko
al dira titulazioak?
Aldaketa garrantzitsu batzuk izango ditugu datozen urteotan. Gizartea
aldatzen doan heinean, lan merkatua ere aldatu egiten da, behar
ezberdinak sortzen direlako. Titulazioen iraupena, edukia eta malgutasuna
aldatu egingo dira. Gehiago irekiko dira, ez daitezen hain zurrunak
izan.
Anjeles
Iztueta (Tolosa, 1954)
Anjeles Iztueta 1954ko urriaren 16an jaio
zen, Tolosan (Gipuzkoa). Ezkonduta dago eta hiru
seme-alaba ditu. 1977an Matematika Zientzien ikasketak
amaitu zituen Valladolideko Unibertsitatean. Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburua euskal Administrazioaren,
euskararen, Unibertsitatearen eta estatistikaren
munduan murgilduta dabil, baina ez lanbidea hori
duelako bakarrik, baizik eta baita gai hauekiko
benetako grina sentitzen duelako ere.
|
|
|
Argazkiak: Lehenengo biak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak utziak. Egilea: Mikel
Arrazola. Ondorengoak, Ismael Diaz de Mendibil
-
Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05-30
/ 06-6) |