Arturo Campion : El municipio vasco en la historia (1919) artikuluaz zenbait aburu.
Joseba Agirreazkuenaga.


Artikulu honek Arturo Campionek 1919. urtean idatzitako "El municipio vasco en la historia" izeneko testua hartzen du abiapuntutzat. Campionen artikulu hau Eusko Ikaskuntzak 1995ean argitaratutako "Asamblea de Administración Municipal Vasca. San Sebastián 1919: recopilación de trabajos" liburuaren parte da, eta Adobe PDF formatoan aztergai dago, hemen sakatuz (102 Kbyte).


Arturo Campionek hainbat arlotako gaiak aztertu zituen. Baina guztien artean, historiazkoek badute eduki muina eta gogoeta maila berezia. Ugariak ditugu lanak. Baina Arturo Campion idazle ere izan zen eta historia arte ederretako gai bat balitz bezala lantzen zen XIX mende bukaeran.

Historiazko lanetan, leiendismoaren zurrumurru ilun eta liluratsuarekin apurtzen saiatu zen, positibismoaren eragina nabarmena dugularik. Baina narrazio literarioak lantzea gustuko zuenez, historiazko lanak ez dira datu pilaketa soil eta hutsak. Hezurmamintzen saiatu zen eta interpretazio bideak lantzen zituen. Bere interpretazio abiapuntu nagusienetarikoa sikologismoa dugu. Pertsonaia zehatz eta indibidualen karakterra eta izaera garrantzizkotzat joko ditu historiaren nondik norakoa aztertzeko unean.

"El municipio vasco en la historia", bere jakituriaren eta interpretazio saioaren erakusle dugu. Honako lan honen balioa honetan datza: udal euskaldun desberdinen sorrera aztertu eta mediterranear zibilizazioan hiriek eta udal egiturek izan duten kontestuan ezartzen du euskal udala. Beharbada, eta hitzaldi batean guztia esatea ezinezkoa denez, hutsune nabariena, iraultza liberalaren eragina udal egituretan ez zuela behar adina sakondu izan zen. XIX mendean, iparraldean iraultza frantsesaren ostean, (1789) eta hegoaldean 1840 hamarkadan udal egituren izaera politikoa eta administratiboa goitik behera aldatu zen. Aurrerantzean, alkateek ez dute epaile funtzio nagusirik izango, arlo txikietan oraindik kontserbatu arren. Udal agintariek, gobernu zentralen beso luze administratibo eta politiko soila bihurtu ziren hainbat eskuduntza galduz. Ingalaterran, "self-government" ildoa, autogobernuaren kudeaketa kontserbatuz. Frantzian eta Espainian, ordea, erakunde administratibo eta politiko subordinatuak, jerarkikoki azpiratuak bihurtu ziren. Euskal Herrian hala ere, Diputazioen kontrolpean erori ziren eta estatua eta udalaren artean, Diputazioa indarturik ageri zen.

Arturo Campionen artikuluari jarraituz, udalak, populazioaren finkatze edo egonkortasuna indartu zenean, handiki edo buruzagien nagusitzaren aurkako dinamika sozialean sortu ziren. Familia, auzoa edo kofradia, udala, eskualdea edo bailara, herrialdea, hauxe dugu hain zuzen ere, azken 1000 urteko erakundetze prozesua, Euskal Herri menditsuan. Leinu zabalek, batetik bestera ibiltzen zirenak, lurra hartu zutenean modu iraunkorrean, ahaidetasun zabaleko famili guneak antolatu ziren, etxea dugularik oinarria. Etxeen arteko federaziotik sortu zen kofradia ,edo auzoa, eta ondoren udala. Jauntxoen aurkako borroketan, XVI mendeaz geroztik, tokian tokiko udal egiturak indartu ziren.

Kontzejuak ere giro horretan eratu ziren, eta kontzeju zabalek ordezkaritza orokorreko batzarreak antolatu zituzten.

Bestalde, Euskal Herrian erromatar garaitik eta XI mendez geroztik, hiriak edo hiribilduak, status juridiko bereziz indartu eta zabaldu ziren. A. Campionek dioenez, hiri-estatu klasikoen antzera antolatu ziren hiribilduak. Batzar Nagusiak udal ordezkaritzaz antolaturik egon ziren lege zaharrean, eta hortik abiaturik sortu ziren Diputazioak, botere exekutibo legez.

Campionen artikuluaren bukaera, uste dut, azpimarratzekoa dugula gure eguneko abagadune honetan. Gogoratu behar da 1919an Diputazioak indarturik zeudela autonomia administratibo eta fiskalez, baina deus ere ez autonomia politikoaz. Horixe zen kezka, aginte publiko murritza baitzuten Diputazioek. Berregituraketa forala, udal autonomiara mugatzea ez zuen bidezko ikusten A. Campionek dioenez, horrek batu ordez, euskal izaeraren gunea sakabanatuko zuelako. Udal izaeraren gaineko bestelako erakundetze amankomunen indartzea proposatzen zuen. Azken 20 urteotan, hain zuzen ere, erakundetze amankomunak Euskal Herrian indartu egin dira, mendebaleko hiru herrialdeek, herrialdeko batzarretik gora, parlamentu komuna dutelako. Nafarroak ere bere parlamentua indartu du. Iparraldeko dinamika, ahulagoa dugu. Komuntasun hauetatik abiatuz gero, Euskal Herria batzea, errazagoa izango zaigu, bere euskal izaera indartzeko.

Joseba Agirreazkuenaga, Historiako Katedratikoa Euskal Herriko Unibertsitatean.

Informazio gehiago: "ASAMBLEA DE ADMINISTRACIÓN MUNICIPAL VASCA. San Sebastián. 1919"

 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved