Lasarte-Oriako "Sorgin dantza"
* Traducción al español del original en euskera
Gaizka Barandiaran

Askotariko eta aberatsa da Euskal Folklorea. Orain idazlan honen izenburuak "Sorgin Dantza" aipatzen duenez, honek, Folklore DANTZA saila adierazten du.

Idazkaldi hontan, Ihauterietako Dantza herrikoi eta "pitxi" bat ironiaren parretxuria bere zeinuetan erakusten duelarik, delako "Sorgin-Dantza" elapide aukeratu da.

Lasarte-Oriako Sorgin Dantzak herritarren gogoetan asabaekiko mina sortu du urte hauetan.

Aspaldixe Orian Ehunen Lantegia izan zen Brunet familia sortzaile zelarik. Gaur esan dezakegu Sorgin Dantzak herritarren gogo barreneraino sartu dituela zainak. Bizi bizi den Folklore Dantza liburu eder batean, ez dugu esango -sculpantur in silice- "sukarrian irarri denik", baina geroenean etengabeko belaunaldietan bizia luzatuko duelakoan gaude. Ehunen Landoa izan zen, industria folklorezale izan ez bada ere gizartean, abagune hari harikoa Bergarako langile haiek Ehun Landolara etorri eta industria auzoan Sorgin Dantza piztu zutenak. Aintza herriko seme haiei!!

Oria auzoan erne eta bizi onartu zuten herri ondare berria, eta industria izan zen, hain zuzen ere, Folklore Zaharra, beste herrietan galdu zena, birbiztu zuena. Oriako langileek Bergarako langileen ondare berri, eskuz esku jaso zuten eta Bergarako tradizioa Orian "hartu" eta gaurdaino "iraunarazi" zioten. Gaur, berriz, Oriako Sorgin Dantza bapatean Elkarte Lagunek "esnemamitan" ipini dute.

Orain hementxe eta oihu haundietan gogoratu beharko genituzke Bergarako langileen izenak, Orian jaso zituzten langileen izenak, Sorgin Dantza jardutez birbizi zutenen izenak, eta Elkarte Berriaren gizonen izenak. Baina orainberri argitara eraman duten liburu ederrean denak banan banan pilo eta errezkada luzean bilduta daude. Goraintziak orain eta gero!

Gure arteko bileretan soma ahal izan du batek, oriatar jator horien hatsa eta arnasa zeinen beroa zen arbasoen jarauntsia zaintzeko. Adibide bakarra eta ohiezbezalakoa izanen delakoan nago ekintza goresgarriz argitara eramaten duten "Oriako Sorgin Dantza" izenburuko liburu ikusgarria. Herriko udala, oriako herritarrak, Sorgin Dantzaren Lagunak, ekitaldi adoretsu bateko lankide sutsuak, Zaharra Berri jantzirik, ez ote dira SORGINTZA KLUB gaur garaikoan bildu.

Ederra baino ederragoa da azaletik muineraino "Oriako Sorgin Dantza" bere edukiari begiratuz gero, argitara eramaniko liburu gotorra. Brunet familiaren aldetik, Mª Luisa Brunet andereak gogoratzen digu: "Oria fue siempre un lugar de una marcada predilección por la música y la danza, y me maravillaba que en un pueblo con apenas 650 vecinos coexistiera un coro de voces blancas, una banda de música, y un grupo de baile de la 'Sorgin Dantza' ..."

Ez da harrigarria halako herri azkarra ekintzarako hain gertu zegoena, Sorgin Dantza Oria herriari eskuz esku emaniko ondare berria poz haundiz harturik, gizaldi batez herriko tradizio eta Folklorea egina, argazki ugariz eta margo biziz orniturik hurrengo gizamendeeri eskuz esku "hartu" bezela "ematea". Ez da noski, liburu eder batean Aristotelen logika hurrengoen jakintzarako uzten den bezela. Folklore gizonaren eta herriaren nortasunari dagokio, herriaren nortasunari eusten dio. Herriarekiko Folklorea galtzen bada, herriarekiko zerbait hiltzen da, eta ez dugu herria hiltzerik nahi, berpiztea baizik. Folklore Dantza halabeharrez "bizia" delako, herriko enparantzan bere egunetan "piztu" beharra du. Hala ere, onuragarri eta polita dirudi, kutxatila edo arkatila batean dantza jazkiak tolesturik lotan dauden bezala, dantzaren oroitz gordina ere erdi bizirik edukitzea.

José Manuel Brunet jaunaren Ehun Lantegiari lotuta, Sorgin Dantzaren historia gogoratzean, eta herriko Dantzaren gorabeherak aipatuz, Folkloreari eutsi zioten, esan bezela, Dantzariek, Txistulariek eta Bultzagileek. Herriko folkloreari eutsi dioten herritar jator horien izenak denak bildurik daude liburuan.

Oroitza ondo merezia, benetan, Oriako herritar horien bitartez Sorgin Dantza "eskuz emanez" eta "eskuz hartuz", tradizioa legearen arabera herriaren folklore autentikoena bilaktzen delako. Autentiko esatean ez da nolanahi esaten.

Dantza edota ohitura bat eskualdeetan bizi eta hiltzen denean, baina halaz ere, leku bazter batean, beste lekuetan galdurik, bizi bada eta eusten badio jendeak, ordurantxe, hain zuzen ere, bihurtzen da folklore.

Sorgin Dantza ihauteriko Dantza da. Gizasemeak dira Sorgin eta Intxisu. Baina gizakume erdiak emakumezko ageri dira, eta sorginak deritzaie. Gizakumeak Intxisuak dira. Dantzako sinonimoak eta zeinuak parregarrizko eitea azaltzen dute. Beti, baina, neurrizko eta eder bezelako jardueraz aritzen dira, ez Akelarrek iduritzen duen nahaspiloetan. Antzerki giroa berehalaxe igertzen zaio antzerki bakoitzean. Lelo batek, errepikatuz, bereizten ditu, bai binaka besarkaturik biraka aritzen direnean, bai bi taldetako bakoitzak beste laguna limurketa antzez inguratzen duenean eta batez ere azkeneko ingurugiroan.

Berrogei argazki, gehienek margo gorriz edertuak, asko argitzen du liburua. Txit onuragarria da, halaber; dantzari bakoitzaren toki eta aldaketak margoz nabari jartzen diralako. Orohar esanda, herritarren protagonistak Dantzaketa eta nola edo hala agertzekotan, txukun eta ajola zehatzez azaltzen zaizkigu taldeetan.

Akelarre jendatua dirudi, batipat, dantzaren eresi, zeinu eta keinu irritxurri antza sortu nahi dutela. Batez ere bi eresi hauek F) eta H) beren solasaldiekin atsegingarri egiten baitute Akelarrea.

Saia zaitez F) doinuaren hasieran eta bietan jo dezakezun: MI bemol eta MI natural.Bietan du bere kutsu beralako eta somagarria. MI natural aukeratzen bada, alaiki ari dira solasaldietan, eta horixe bera somatzen da SI natural egiten bada ere.

Melodia H), eresiz eta antzezkiz atseginena baita, Akelarre osoa, Intsisdu eta Sorgin, Inguruko zabal areinika hasten direnean, ekitaldi ikusgarriena dirudi. Akelarre eskolatu eta jendatua da, ez eragabeko eta itsusia. Hiru aldiz hiru nota zanpatuetan oinek zotarraina joka markatzen dute. Hiru ukaldi ondoren, puntiloaren isilune batean hegazkeinu dagite. Politago eta atseginago izan dadin Akelarre Ingurukoa eskuen eri luzeak ere hiru aldiz ziztatzen dute eguratsa oinen erritmoan. Akelarre hontan nabariagoa somatzen da Antzerti Dantzaren aiurria. Ez da Akelarre, esan bezela, nahaspilatu eta itsusia, zalapartaz eder bezela burutzen dena. Gizabidezko Akelarre jendetua da.

Bukaeran, talde osoak Fandango eta Arin Arin-ak Bizkai dantzaz egiten du.


Gaizka Barandiaran, folklore ikerlea
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved