Turismoa Euskal Herrian
Jon Arriaga

Azken urteetan, turismoa indar handia hartzen ari da enplegu sortzaile bezala. Indar hori penintsulako eskualde ezberdinetan soma dezakegu. Mediterranear kostara begiratu besterik ez dugu, eta nola ez, artxipelagoetan ere, irabazi handienak turismoak ekarri ditu. Era horretan, eskualde horietan ugari dira turismoari esker bizi diren langileak.

Euskal Herriak orain dela gutxi arte, turismoa anekdota bat bezala bizi izan du, bere transzendentzia nabariena Donostia, Zarautz, Hondarribi eta antzeko lekuetan izan duelarik. Baina orokorrean, euskal ekonomian anekdota bat izan da, bere bizibide garrantzitsuenak enpresa handiak edo pisutsuak izan baitira. Turismoari buruz ezagutzen genuena emaile bezala izan da, eta ez hartzaile bezala.

Azken urteetan, turismoa zerbitzu sektore bezala bultzatu asmo duten ekimen berriak agertzen joan dira Euskadin. Baina dudamudako garaipenekin, euskal gizarteak sektore honekiko duen sinesgogortasunarengatik.

Denok ezagutzen dugun Guggenheim efektuak ere erabat txunditu gaitu planteamendu turistikoak zein gorabehera garrantzitsuak eman dituen ikusita. Turismoa negozio gisa konsideratzen hasi gara, irabazi iturri bezala. Eta garrantzitsuena zera da: enplegua sortzen ari dela.

Efektu honen eta olio baltsa efektuaren eraginez, inguruko eskualdeak gauza batekin konturatzen ari dira: Guggenheim-ek beraiei ere eragiten diela jatetxeak betez, hotelak gehienetan beterik edukiz, produktuak zuzenki eta zeharka salduz... Horrela, ekimen asko sortzen ari dira turismoa erakartzea zaila zutela uste zen lekuetan.

Era horretan, Europan ez ezik, Goierri bezalako bailaretan ere ideia berriak ari dira edukitzen, turismo aktiboa eragiteko asmoz. Adibidez, ibilbide kulturalak antolatzen ari dira: hiru tenpluen ibilbidea, sagardoaren ibilbidea... Era berean, irteerak, kirol jarduerak, denbora pasa ezberdinak eta era horretako zerbitzuak ematen saiatzen diren enpresak sortzen ari dira, hutsik zeuden guneak eta gure bisitariek hainbat aldiz eskatzen zutena eskaintzeko asmoz.

Azkenik era berean indartzen joango dira hotelak, nekazalturismorako etxeak etab...

Oso gauza garrantzitsu bat ere izan behar dugu kontuan: turismo modernoaren ezaugarrietako bat, irabaz iturri hori indartzea da, baina ingurugiroa eta bertakoen bizimodua aldatu gabe.

Atzean gelditu dira "boom" turistikoak, aurrean jarritako dena suntsitzen zutenak. Era berean atzean gelditu dira industri "boom" horiek, parean jarritako dena apurtzen zutenak.

Posible ote da ingurugiro naturala naiz bizimodua mantentzen duen turismoa planteatzea?

Turismoa izan liteke irabaz iturri eta enplegu sortzaile nekazal giroan?

Hau izan behar da gure desafioa, ezin dugu aurrez esandako hankasartzeetan erori, ezta ere turismoa sortzeagatik sortu. Turismoak, irabaz iturri izan behar du, enplegu eta errekurtso sortzaile, gure ingurugirorako lagungarri... Ideia hau oso garbi eduki behar dugu. Hau badakit gure onerako dela eta deskubrimendu bat izan daiteke euskal gizarterako. Zuzen erabilita, gure ingurua ongi zuzendu behar dugu, hori da garaipenaren sekretua.

Turismoan irabazi onak izateko oinarriak honako hauek dira: apostu indartsua eta koordinazio egokia egitea. Ez dugu gure betiko akatsetan erori behar, "Taifasen erreinuan" konpetentzi imaginarioak sortuz inguruko herrialdeekin dauden oferta eta egongo direnekin, denak bateratu behar ditugu. Antzeko iniziatibak bizi izan dituzten lekuetatik ikasi behar dugu, Alpeak... Geure esku dago.

Hauek dira guk egiten ditugun galderak, eta horregatik, bi egun barru konferentzia batzuk eta mahai borobil batzuk antolatu ditugu. Uste dugu, gure ideiak argitzeko eta Goierriko turismoaren etorkizuna zuzentzeko baliagarri izango zaizkigula. Lortzen badugu, geure helburua lortuko dugu.

Badakit hausnarketa txiki honekin batzuek ez direla ados egongo, baina espero dut lagungarri izango dela berari buruz hausnartzeko, eta posible litzateke ideiaz aldatzea.


Jon Arriaga, Green Services Incoming-eko Zuzendaria. - Harrera enpresa
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved