Euskal kulturak ere kultura klasikoaren transmisioan parte hartu du: XVIII. mendearen kasua
*
Traducción al español del original en euskera
Iñaki Villoslada

Euskal kultura, askoren iritzirako, baserritar herri baten kultura izan da oraintsu arte; esan nahi baita euskal kultura garatu gabeko herri baten kultura izan dela: ahozko tradizioaren kontserbatzaile eta iraganarekin lotura gehiago gorde dituena beti oraina edo garai eta molde berriekin baino.

Nik, jakina, ez dut holakorik uste. Nire ustez, Euskal kulturak, euskaraz adierazten den kulturak alegia, ez du inoiz -moldiztegia Europan zabaldu zenez geroztik ez behintzat- Mendebaldeko korronte nagusietatik kanpo garatu nahi izan eta korronte horiei, sortu ahala, jarraitu nahi izan zaie.

Hala ere, onartu behar da euskal kulturak orain dela gutxi arte dimentsio arazo handiak izan dituela eta bitarteko gutxi eta eskasez baliatu beharrez nahikoa masa kritikoa lortu ezinik ia ezkutuan gelditzera kondenaturik egon dela. Horri guztiari, gaineratu behar izan zaizkio sarritan, bertoko klase zuzentzaileen kontzientzia eskasa eta axolagabekeria -gogora ekar dezagun Etxeberriren egitasmoa -latinaren gramatika bat euskaraz argitaratzeko- bere seme Agustinen bidez 1718. urtean Lapurdiko Biltzarrari bidalitako laguntza-eskaria eta Biltzarrak egin zion harrera hotza-.

Beraz, euskal jende landuak euskararako eta Euskal Herrirako proposatzen zituen kultur egitasmoak deusezturik gelditu izan dira askotan, laguntza ezaren eraginez eta horrenbestean, gutxiengoen gozamenerako bakarrik gelditu izan dira.

Euskal kultura garatzeko gizon-emakume askok abiapuntu gisa kultur nagusiak beren magalera ekarri nahi izan dituzte saio eta modu askoren bidez. Horretarako, Mendebaldeko kulturak sustraiak hartzen dituen tradizio klasikoa erabili dute, gehienetan tradizio hori kristianismoaren bidez xurgatu dutelarik, Elizak euskal kulturaren garapenean izan duen garrantzi handia dela eta.

Aita KardaberazMolde berrietara euskal kultura ekartzeko ahalegin horietan, bide batez Mendebaldeko Kulturaren hedatze eta zabalkundearen katea luzeari katanbegi berri bat lotu diote.

Esandakoaren frogagarri, XVIII. mendeko hainbat euskal autorek euskararako aldarrikatzen zituzten egitasmoak gaingiroki erakustea gustatuko litzaidake. Autore horien artean adierazgarrienetakoak lehen aipatutako Sarako Etxeberri, Aita Kardaberaz eta Aita Mendiburu izan daitezke. Hortaz, horien lanen izaera aukeratu dugu Euskal kulturak kultura klasikoaren hedakuntzan aportatu duenaren erakus-leiho txikia izateko, ezen hori baita niri azpimarratzea interesatu zaidana.

Bi jesuiten ahalegina bide horretatik jotzeak ez luke inor harritu behar. Biak apaizak izanik, tradizio klasikoaren transmisioa beren ofizioaren ardatz moduan agertzen baitzaigu. Antzinarotik Elizak mundu klasiko zaharraren sustrai ideolojiko-kulturalak eta hauek zabaltzeko tresnak bereganatu zituen. Gero, Erdi Aroan zehar monastegi eta unibertsitateetan gorde zituen eta moldatuta egon arren, erakunde horiek tradizio klasikoaren transmisioa bermatu zuten.

Erromako Eliza Erreformaren astinaldia ezagutu ondoren konturatu zen Europako kristauek ez zutela doktrina ondo ezagutzen. Egoera horri erremedioa ipintzeko Trentoko Kontzilioak herria fedean hezitzeko eta Eliza bera eraso berrietatik babesturik uzteko predikazioan arreta berezia jartzea erabaki zuen, bide batez langintza horretan latina ez ziren hizkuntzak aintzatetsiz. Erretorika sakratuaren bizkundea, beraz, XVI. mendetik abiatzen da. Euskal Herria eta euskara, jakina, ez ziren ekimen horretatik aparte geldituko. Euskal Herriraino ere fedearen krisialdiaren kontzientzia iritsi zen eta, euskara predikazio herrikoirako derrigorrezko bihurtu zen. Elizaren behar pragmatiko honen ondorioz hizkuntza eta fedea elkarren eskutik joango ziren handik aurrera, bereziki Euskal Herrian denbora asko apurtzea kostako zuen binomio baten lehenengo sustraiak jarriz.

Aita Sebastian Mendibururen obra baten faksimilaAipatzea hautatu ditugun autoreak XVIII. mendekoak izatea ez da kasualitatea, XVIII. mendean erretorikak, Tradizio klasikoaren semea denak aitzakiarik gabe, loraldi bat ezagutu zuen. Tradizio klasikoaren erabilpenaren bi ereduak, laikoa eta sakratua, alderatu ondoren, Euskal Herriaren kasuan dudarik gabe, azkena gailentzen da. Bi moten arteko desberdintasun nagusia, egilea eta entzulegoaren arabera sailkapena eginez, hurrengoan datza: laikoak nagusiki kulturaren garapena bilatzen zuen bitartean, sakratuak, berriz, fedea zabaltzeko lanaren atzetik zebilen (gogoratu besterik ez dago jesuslagunen lema ospetsua).

Argitu behar da bi autore sailkapen beraren barruan sartzeak ez duela esan nahi haien artean desberdintasunik ez dagoenik. Har ditzagun, bestela, Kardaberaz eta Mendiburu, biak Erretorika sakratuaren adibide paradigmatikoak dira eta biek arrakasta handia izan zuten garai hartan, nahiz eta oso erretorika diferentea erabili.

Kardaberazek uste zuen euskarak bazuela erretorika natural bat, euskarari falta zitzaiona zen, hortaz, ars rethorica bihurtzea da. Euskaldun askoren iritzia zen, XVIII. Mendean, latinez aurkitzen zen erretorika ederra ez zela euskaraz aurkitzen. Uste honen kontra jesuita hernaniarra Ciceroren ikuspuntu unibertsalaz baliatzen da, azken honentzat erretorikaren erregelak erregela egokiak dira hizkuntza guztietarako.

Kardaberaz hizkuntzaren apologeta bat izateaz gain, hizkuntzarekiko ikuspegi praktikoena ordezkatzen du, izan ere, kontzilio ondorengo apaiz legez eta josulagun gisa bere azken asmoa berak adierazten digu: ....umeak ondo azitzea nai degu: eta guztia, ez guretzat, baizik Jainkoaren gloriarako izan dedin; horregatik bere gramatika liburuxka zuzenduta dago maisueri, konfesorei eta, batez ere, predikatzaileei.

Mendiburuk, aldiz, Kardaberazen aldean eredu jasoago bat ordezten du, erretorika mailan, ziuraski, oiartzuarrak irabazten zion hernaniarrari. Mendiburuk bere euskara eder, aberats eta dotoreagatik Cicero euskaldunaren goitizena irabazi zuen, sermoietan erabilitako hizkuntza zainduak horrenbeste merezi baitzuen. Mendibururen Jai-igandeetako Eliz-irakurtzak-etan hori guztia atzematea erraza da, oso ondo idatzita egoteaz gain kultura klasikoaren zabalkundea ezagutzeko baliabide egokia delarik.

Erretorika laikoaren adibidetzat Etxeberri hartu dugu. Dena den, Sarakoak ordezkatzen duen ereduaren arrakasta ezak batetik, Lapurdiko Biltzarrak ez zion eskatutakoa eman, eta Etxeberrik, azken finean nahiz eta bere ideiak gizarte osoarentzat proposatuak izan, ezin izateak Elizatik markatutako parametroetatik atera, bestetik, ongi asko adierazten dute erretorika sakratuaren nagusitasuna. Azken finean Sarakoaren eskuizkribuak mentalitate erlijiosoaren menpe dagoen gizarte bat ispilatzen du. Izan ere, Etxeberrik berak onartzen du fedea zabaltzeko Elizak erabiltzen duen eredua arrakastatsua dela eta ontzat ematen du jarraibide bezala proposatuz fedearen zabalkunderako ez ezik baita kultura zabaltzeko ere.

Argi gelditzen da, beraz, Euskaraz adierazten den Euskal Herria Mendebaldeko korronte nagusiekin joan ohi dela, batera edo atzetik baina pausuak gehiegi atzendu gabe, hiru euskal gizon hauek agerian uzten duten bezala.


Iñaki Villoslada Fernandez, filologoa
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved