Harpeko Saindia leku berezia da, hunkidura
handia eragiten du, bereziki lehen aldikoz ikusten duenari. Harpean
izan zen Alsaziako emazte batek horrela idatzi zion haraino lagundu
zuen bidarraitar bati:
Ezin dizut idatzi harpe hura
ene oroitzapenean irudikatu gabe. Pribilegio bat da enetzat horrelako
leku paregabea ezagutu izana.
Beldurra ere ematen ahal du,
beste batek hori bakarrik oroitzen du:
Ez niz ongi oroit, bakarrik
behin izana naiz amarekin, 7 urte edo nituelarik. Gero, buhameen
bestara joan nintzen "Saintes Maries de la Mer" eliza
batean egiten da, lurpean... Biziki inpresionatua nintzen: olala
-erran nin- ez dut holakorik ikusi nahi ere, jadanik ikusia dut
ene herrian, haurra nintzenean saindu hura mendian, harpe batean,
beldur ematen daut.
Horrelako inpresioak egin dituztenek
oinez egin zuten bide osoa, errekako oihanpe ilunean lehenik
eta gero mendi-mendian. Bidarraitik Harpeko Sainturaino (Noblia
zubitik bada 5 kilometro luze, beraz kasik bi oren).
BIDEA
Hara heltzeko, Baztan errekan
gora, Infernuko zubia pasa, eta ezker aldetik jarrai Bernateneraino
eta Harruseraino, beti errepidean. Harrusetik hara oinez jarraitu
behar da GR 10tik, gora lehenago eta maldaren saihetsean gero.
Orain seinalizazioa bada, gainera, ez euskaraz, "Le Saint
qui sue" baizik; Bidarraiko norbaitek bere haserrea erakutsi
zidan, delako balizaia ikusirik eta ez da gutiagoko.
Harpearen heinera heldu eta,
eskuinean, malda xutean ikusten dira parpeinez egin mailak: hantxe
gainean da harpea.
DESKRIPZIOA

Bidarrai. Ezkerrean, Infernuko zubia
Harpearen forma hiru angelukoa
da, erpina goian duela. Bost metro zabal, bost sakon eta bost
luze eman zizkion Barandiaranek. Gela hartako ezkerraldean hamar
mailak badira, kuluar hertsi-labur batera buruz, eta haren txokoan
dago Saindia: argia eraman badugu, harri bat (estalagmita bat)
ikusiko dugu, jende baten gorputzaren itxurakoa, baina bururik
gabe, 1,10 metro gora eta 0,20 zabal. Harriari ura dario eta
sabaitik ere xortak erortzen dira. Eta, guzti horrekin, bistan
da, inpresioa aski azkarra da: "Sesitia zira, pertsona bat
zira eta ilun da xoko hartan"
1982ko agorrilean harpean baziren
gauzak: ohikoez gain, baziren ez ohikoak. Ohikoak, hurrengo aldietan
ere ikusi ditudanak: Mokanesa asko, bai oihalezkoak, bai zelulosazkoak.
Haur atorrak (zelulosazkoak ere...). Erramu sorta eta ilarra
sorta. Lourdesko Ama Birginaren irudiak. Hainbat marmolezko plaka
idatzirik, hilarrietan ikusten direnetakoak, batean idatzirik,
"A mon parrain", beste batean "Souvenirs",
besteetan "Merci St. Bidarray" edo "Merci".
Paper tikiak haitzaren arrailetan sartuak, eta haietan otoitzak
("Begira gaitzazu") edo eskerrak. Familia Sainduaren
metalezko plaka bat, eta beste bat Santa Teresarena. Errosarioak,
metalezko eta zurezko gurutze tikiak -bi ziriz eginak- eta errosario
gurutze tiki asko, medailak ere anitz. Tortxak eta haiek utzi
negarrak, Intzentsu pakete bat (Spiritual Sky). Meza liburu bat.
Dirua biltzeko tronko bat eta txanponak haitzaren arrailetan.
Eta ohiko gauzen artean, egun
hartan, baziren oihalezko xingola handiak, kolore bizikoak, urrundik
ikustekoak eta, itxura, harpea apaintzeko asmoan ezarriak. Ihi
tortxak ere baziren, erreak. Aipatu plaka batean, "Merci"
gainean, "Eskerikasko Andere Mari", gorriz idatzia.
Gazte talde batek apaindu omen zuen zuen harpea gau batez eta,
Mariren aipamenak salatzen duenez, Barandiaran irakurrita, aitzineko
errito paganoren bat berritzeko nahian.
Barandiaranek 1945ean egin ikerketan
txanponak aurkitu zituen, bai tronkoan (Bidarraiko apezak biltzen
dituenak), eta bai harriaren gibelean, hau da, Saindiarentzat
berarentzat eta ez elizarentzat.
ERRITOA
Gauza horien guztien eginkizuna
Harpeko Saindian egiten den erritoak esplikatzen du. Saindiak
sendatzen du, hari darion uraren bidez, bereziki azalezko eritasunak,
negala eta.
Saindiaren gorputzari darion
hezeari izerdia erraiten diote (hortik "le Saint qui sue").
Eriek mokanes batez hartzen dute ur hori eta hartaz torratzen
dute larruko mina. Gero mokanesa bertan uzten dute anitzek, eskaintza
gisa, edo, batzuek diotenez, eritasuna hartan gelditzen delakoan.
Eriak ezin badu Sainduraino joan,
beste norbaitek hartzen du botoila batean harpean kurritzen ura,
eta hari eraman; baina hobe da norberak bertan torratzea, zuzenago
egiten baita.
Han jendeek, izerdi hartaz,
minak edo zer zituzten torratzen zituzten. Ekzema zerbait balin
bazenin, han, ur hartan, ura heldu delarik, mokanes edo zerbaitez
hura torratuz, saindu hura torratuz, ur hartaz garbitzen zenitin
haiek (minak). Eta hek ere (mokanesak) han uzten: mokanes edo
zerbiet berdin, edo oihal harizko bat berdin. Eta hango uretik
ekartzen zen etxera, Xortaño bat beti.
Sainduren izerdia lortzeko torratu
behar da harria. Otoitz ere egin behar da: "Lehenago erraiten
zuten zuk otoitz eginago eta harek izerdia ematen zuela gehiago".
Gehiago dena: "Ez baduzu otoitz egiten ez da pitxik heldu".
OTOITZA ETA ESKAINTZA
Ez da otoitz berezirik, elizan
bezala egiten zen, belaunika ere bai:
Arrosorioa egiten da, hura
eta Agur Maria. Gero mokanesa busti eta arrenguran torratu.
Lourdes-en Ama Birjinari nola
egiten da? Galdegiten duzu han: bistan da, ez oihuka, baina galdegiten
da arrengura delarik.
Batzuk, hona jiteko, Harpeko
Saindura jiteko, beren koosioa eta komunionea eta dena egin egiten
direnak: koosaturik eta komuniaturik, Bazkoak egiten diren bezala,
hala-hala egiten direnak, hainbertzeraino debozionea gogoan harturik,
eta nahiz resultat on bat izan (...): "Beno, orai behar
dut berriz koosatu eta komuniatu eta gero berriz joanen gira
Harpeko Saindura, gure eskerren bihurtzera Saindiari". Hara,
nik hola aditu izan dut jendeer erraiten.
Beila egin aitzin edo belan berean
konfesatzea aspaldiko ohidura da: Santiora joaten zirenek hala
egiten zutela dio Legenda Aurea-k XIII. mendean.
Eskaintzak uzteko bi une dituzte
Saindiaren debotoek: lehena eskatzera joaten direnean, bigarrena,
eskatua lortu eta, eskerren bihurtzera berriz joaten direnean.
Eskaintzak nolakoak diren jadanik ikusi dugu: harpean atxematen
diren gauzak.
Mokanesak uzten zituzten sukatzen,
oroitzapeneko uzten zituzten. Eta gero sosak: batzuk sos bat,
bertze batzuk bi sos. Hola, bakoitzak ahal zuena. Eta gurutze
ttipi batzu ere bai. Ganibetaz egiten dira, erramiarekin: ziri
batzu egin, hura arraildu eta ezartzen zituzten han, penaren
kontra, zonbaitzuk.
Jendeek tortxak han uzten
dituzte pizturik eta medailak. Edo uzten zuten arrosorio bat,
edo oroitzapen bat, edo sosak.
Denek emaiten zuten edo dirua
edo zerbait uzten. Zonbait aldiz haurren arropak uzten zituzten
han, ez sendatu ondoren bainan sendatu baino lehen, lehendabiziko
aldian. Eskaintza egiteko egiten zuten, ene gostuko: eriaren
eskaintza, haren zerbait iduri izateko han. Gero sosa ere uzten
da.
Aditu izan dut nik jendeer,
zonbaitek arrosorio pare bat uzten, bertze batzuk berdin mokanes
batzu, bertze batzuk fulard batzu, bakoitzak zer ideia zin. Bertze
batzuk berriz, sosak uzten.
Bereziki eskerrak bihurtzera
joaten direnek uzten dute zerbait.
Erremertziatzera jiten dira,
ordion uzten zenitin edo saindu batzu edo arrosorio batzu...
Sendatzen dena ez bada berriz
etortzen, mina berriz ateratzen zaio. Hori ere ikusi izan dut.
Zonbat aldiz ikusten dira
zilarrezko gauzak eta, bistan da, han beste jendeek ebasten dituzte.
Izaiten dira biziki gauza pollitak, zonbait aldiz, gurutze batzu
biziki ederrak. Eta gero faltatzen ziren handik; aldi batetik
bestera, beti baziren gauzak eskas.
Nik ezagutzen dudan neska
bat Amerikatarat joan zen aitamekin. Eta amak hil gabe erran
zakon: "Bon, Bidarraiko Saindiak eman baitaut eta nik behar
dudana, eraztun hau hartuko duzu eta han emanen". Maleruski
bizpahiru egunen burian eraztun ederra falta zen. Hori da. Eta
hola zenbat istorio... Horiek egiak dira e? Horiek egiak dira.
(...) Kanboko gizon batek ere nahi zin eta "une chapelle"
edo zerbait egin. Gure apezak erran zakon ezetz, eta sos hura
Bidarraiko elizarat emaiteko.
Saindua eta apezen arteko etsaigoa
nabaria zen orain 20 bat urte arte bederen. Jendeek komentarioak
egiten zituzten, sosak elizarendako biltzen zituztela bai, eta
gero Saindua arbuiatzen.
Harpeko Saindian egiten ziren
erritoak eta eskaintzak beste leku askotan ere aurkitu izan dira.
Tours-eko Gregorioak jadanik deskribitu ditu antzekoak bere garaian
(VI. mendean): aintzira bati oihalak, jantziak eta jatekoak eskaintzen
zizkioten, euria eginarazteko.
BEILARIAK
Anitz jende ibiltzen zela oroit
dira bidarraitar xaharrak:
Zer jendeak ziren!... Batzuk
haurra bizkarrean, bertzeak besoz beso eriarekin... Harrusetik
goiti hau (mahaia) bezain garbitia atxikitzen zin bidexka hura,
malda hura, jendeak: goiti dabilki, goiti dabilki...
Jendeak inguru guztietatik etortzen
ziren, Baztandik, Lapurditik, Zuberoatik... Ostaler batek erreklama
eginik? gero kazetariak etorri ziren, Paris-Match, Jours de France...
eta gero jin zen jende, hola! Parisetik, Belgikatik... jende
oso gaixoak: bat bidean hil omen zen. Sainduko ura leku urrunetara
igorria izan da: Argentinara, Alsatziara, Marseillara.
Bisita pribatuez gain, gerla
aitzin bazen Harpeko Sainduko beila Trinitate egunean.
Orduan trumilka etortzen zen jendea, oinez, Mehatxeko lepotik
barna Itsasutik, Ainhoatik, Ezpeletatik. Gero besta egiten zuten
Borketxenbordan eta Leizetakobordan: akordeon txar bateko musika
bazuten eta "besta polita egiten zen euskaldunen artean,
karabineroak sartu arte!". Sumusenbordan ere egiten zen
besta Mendekostez. Ez zuten denek gostuko besta, debotoek
ez zuten denbora pasatzen musikan eta bestan: "jendea zinez
heldu zena Sandiari buruz, itzultzen zen fite etxerat".
Bidarraitar xahar baten oritzapena:
Ez ginen negian joaten, negia
ez da sobera agreable han (...) Komunzki maiatzean joaiten ginen,
denbora eder eta klar batez. Goizean partitzen ginen aitatxirekilan,
goizeko freskuran. (...) Gauari buruz ez zin nahi gure ama zenak
joaitea hari buruz: leku peniblea zela han, sekula jende batek
min hartzera edo zerbait heldu balin bazen gauari buruz... ez
zela prudentzia ... Nehork ez du erraiten ahal, erori eta hezur
bat hautsi edo zerbait... Eta gero, arratsaldearekilan ez da
ontsa ageri han, Saindu hura, ilunago jartzen da, goizean argi
gehiago da (ekialdera
begina da).
Beti hek, gure aintzineko
zaharrek eni erran dautate hori: goiza behar zela hara joateko.
Eta aitatxirekilan eta ama zenarekilan ere, beti goizearekilan
izan niz, han arribatzeko gisa eguerdi baino biziki lehenago,
hamarretan, hola. Gero fite hango itzulia eginik etxera jiteko
gisan; ez baitzen, orain bezala autobiderik eta. Bide penosa
baitzen, bide penosa baitzen.
Ni nintzen astoarekilan "xoferra":
ateratze ziderra bada gero han...
(...)
Ama zenarekilan izan naizela, behin baino gehiagotan, eta aitatxirekilan
joaiten nintzelarik, komunzki tortxa pare bat hartzen genin urte
guziz zerean, Ganderailuz benedikaturik, tortxa fresko-freskoak.
Eta beno, tortxa heetarik joaiten (eroaten) genin eta han uzten
pizturik. Otsailaren bian, Ganderailuz benedikaturik, urte oro:
urte oro pare bat benedikatzen, beti, eta gero han pizten genitien.
Iluna zen biziki han argirik gabe. Ordion, han piztu, ontza gauza
ikusteko, eta han uzten genin tortxa pizturik, eta partitu, argia
han utzirik zerbaiten kontra: "Hori arrastazan ontza, es
dadin tortxa eror, uzkail ez dadin, zutik egon dadin" -erraiten
zadan aitatxik. (...)
Beti ama zenak hola erraiten
zin -eta aitatxi zenak-: "Bertze aldi artio Saindia, uzten
zaitut eta bertze aldi artio". Ba, horra. Eta "Otoi,
lagun gaitzazu", erraiten genin.
Ni izan nintzelarik, bertzenaz,
utzi izan dut beti hola, tortxa edo arrosorio bat. Nahi bazenin,
medailak ere uzten zenitin.
SENDATZEAK
Azaleko minak eta ekzemak dira
bereziki osatzen Harpeko Saindian, baina besteak ere bai, kabaletan
zein jendeetan.
Sendatuak kontaezinak dira, berriemaile
bakoitzak badu zerrenda, berak ezagutu jendeen artean, bereziki
haurrak.
Ikusi dut haur bat -senarra
hemen bazen erranen zauzun - holakorik ez dut naski behin ere
ikusi: bainan dena, dena zakar: ez zin iskilima buru baten pausa
biderik garbirik. Eta haur hura ekarri zuten hiru-lau asteren
buruan berriz: larru guztia fin-fin-fina, oraino zikatriza ageri,
baina dena sendatua. Deus gabe. Eta zenbat holako.
Beste istorio bat ere haur bati
buruz, mirakulu handia ez dena baina ongi kontatua:
Istorio hunek badu beharbada
10 urte baino gehiago (1982an,
beraz 1970.koa dateke). Donibanera joan nintzen eta trenean
emazteki bat kausitu nin bi haurrekilan trenean (...) Hemen sartu
bainintzen, Bidarraiko garan eta, erraiten daut eta:
- Zu bidarraitarra? -eta
- Hala niz, ba.
- Ni lekondarra niz... A ba,
izana niz ni Bidarraiko Saindian, ba hementxeko bi haur hookin.
- A, bon, bazenin ordian zerbait
arrengura...
- Ba, ba, banin.
Haurrak biziki normalak emaiten
zuten, partikularzki mutikoa, xarmanta, mutiko hark bazitin berdin
hamar urte, ene iduriz, e? Haur hura eleketan eta dena bazekien
untsa. Eta haur hark, haur hari egundaino ez ziezakoten ogirik
janaraz; bertze gauzetarik zernahi, zernahi jaten zin haur hark,
haurrak jaten zin zernahi bertze gauzetarik, e? Eta ogirik ez
ziezakoten janaraz (...) Medikietarat eta denetara joiten zuten;
medikiek erraiten zioten, bon, hasiko zela ogia ere jaten haurra.
Ba, baina laborari etxe eta, badakizu, hek ez ziren hala kontent.
Hola denborian, norbaitek
erran omen zioten haur harekilan zertako ez zuten egiten beila
bat Harpeko Saindura. Eta denbora berean, mutiko eta neska baitzitien
berekilan, neska hark bazin ekzema, omen, eta harendako ere bazebiltzaten
hantxe-hementxe midiku egiten, badakizu... Ba, baina haurrari
ez zitzakon joaiten ekzema hura.
Azkenean hartu omen zuten
ideian behar zutela senar-emazteek beren bi haurrekilan Saindura
jin, eta behar zutela ikusi ea beharbada mutiko hura ere, hark
ere zerbait abantail harrapatuko ote zin -haurrak ba omen zitin,
mutiko hark ere, ezagutzak eta denak, e? Mintzo eta denak, badakizu,
salbu ogia ez zin jaten.
Horrara ba jin ziren, hor
egin zuten beren debozionea, eta haurra etxera joan eta ogia
han jaten hasi zen.
Gero neska hark hementxe,
nunbait hor -erakutsi zadan emazte hark- oraino bazitin, badakizu,
markak, nun ukana zin ekzema, neska harek, ba. Eta harendako
ere han, delako saindu hura torraturik, hartaz, ur hartaz, garbitu
zuten. Eta hara jintxo, haurra bederatzigarren eguneko, neskak
joana zin ekzema.
Beno, izigarri kontent, izigarri
kontent, mutikoa ogia jaten, ogi eta gasna, ogi eta xokolet,
alo, emaiten zakoten ogi guzia: bazkaritan, afaritan bere ogia
jaten jende normal batek bezala. Konprenitzen duzuia?
Ikusten denez, haurrekin du Saindiak
zaletasun handia.
Mintzo ez zen haur bat ere sendatu
zen:
Lehenago nik erranen dautzut
istorioa, ez da istorio, egia, pasatu dena. Ene senarraren ama
mendian bizi zen, arrunt mendian, Zuhaian. Oinez joaten ziren,
ez zen pitxik (autobiderik), mendiz mendi Bidarraitik Ezpeletara...
Eta egun batez jin zitzakola gizon bat, (...) eta Harpeko Saindiaren
bidea galdegiten zakola. Eta sarrarazi ziela -badakizu, Euskal Herrian beti bada holako eta,
zerbaiten hartzeko...- Eta izigarri denbora txarra zela.
Eta gero han jakin genin gizon
hark -Kanbon medikia zen- bazin haur bat mutia, eta haren zerbitzuko
bazen neskato bat euskalduna. Eta neskatoak erran zakon nagusiari:
- Bazauzu, nagusia, emadazu
eni laguntza pixkat, nik joanen dut haur hau Harpeko Saindura,
Bidarrairat.
Eta hola izan zen, medikiak
eman zakon haurra... eta laguntza eta jin zen Harpeko Saindura;
bainan beti oinez, mendiz mendi. Eta gure amaren etxera sartu
zirelarik gizon hek abiatiak ziren denbora txarra ikusita, heen
(haur-neskatoen) biderat,
xerka. Eta badakizu mendia nola den, ximista eta, izigarri leku
baita... Haurra izitu, emazteñoa ere, izitiak ziren, trenpatiak.
Eta aita ikusi haurrak, eta oihuka hasi zela: "Aita! Aita!",
mutia. Voilà.
Jende hek beren bizi guztian
bazutela Harpeko Saindiarendako amodioa...
PUNIZIONEAK
Bidarraiko Saindiak eskerroneko
jendeak estimatzen ditu: sendatu eta eskerrak bihurtzera joaten
ez denak berriz eritasuna harrapatzen du. Bereziki trufariak
ez ditu maite eta haietaz mendekatzen da. Horra adibide bat:
Hura ez dakit batere nungoa
zitakeen. Norbait jin omen zen horrarat, Harpeko Saindura, bere
ustez beilan. Doaikabe ez zin sinesta handirik, horreratu eta
erran omen zin:
- Hau saindia dela? Hau saindia
dela? Hau deus ez duk, hau kaka-saindia duk.
Harengatik, e? Beno, ez zin
arrazoina, haren erraitearen beharrik; harek ez zekien ea zer
zen, bai edo ez: ez zekien pitxik!
Handik partitu eta etxera
gabe, salbu errespetia, eta ikaragarriko beheitikoa jautsi omen
zitzakon pretsuna horri. Eta berriz horra gabe ezin sendatu.
Berriz joan behar izan ziin horra eta eskerren bihurtzera (!?),
barkamendu galde egitera. Bai. Miriku eta istorio eta komeri,
dena. Ezin erreusitu!
Nik erranen dut: kaxu! Gauzetan
ez da sobera trufatu behar, ez da sobera trufatu behar. Egon
ixilik, egon ixilik bederen. Zer nahi duzu? Hura han balin bazen
hala, e be, zerbait bazen hura.
Beste baten ustez, apeza zen
Saindiaz trufatu eta beheitikoa harrapatu zuena. Eta beste istorio
batzuetan zangoa haustea izaten da Saindiaren mendekua. Esan
behar da bide hartan Saindiak begiraturik izan behar zela zangoa
ez hausteko gibelatekoan. Batzuetan, mespretxuz Saindiak ez duela
berriz ikusiko esaten duenak zerbait han ahantzi eta arra-joan
behar dute gauza horren bila.
Bada zigor bat seriosagoa. Aspaldian,
emazte batek hartu omen zituen Saindiaren sosak.
Gaxuxa zin izena emazteak
eta senarrak Joanes. Eta egun hartan, omen, eta arratsean denbor
gaixtoa egin zin, izigarri: ihurtziri eta. Eta jarririk omen
zagon Gaxuxa, senarraren beha -senarra kanpoan zin nunbait lanean-
eta beti supazterran zagolarik, gainetik beheiti sartu zakon
zerbait eta brasa dena barreatu, sartu brasan (...), ximiniatik
beheiti (...) sartia zela -hala egin zuten-, supazter guztia
barreatu zen (...) eta aztala ereman (Gaxuxari). (...) Ni gau hartaz oroitzen niz
(...) ni zer gaua zen hura: izigarri zen ihurtzuria eta ximista,
ximista, ximista ximisten gainean. Gero, berehala barreatu zen
aire-gaixtoak joan zakola supazterretik zera, aztala. Gero egin
zakoten midikiek zapeta larruzkoa. Baina ez zen... gero beti
hola ibiltzen zen, beti hola (maingu).
Beste batzuk diote zurruta zilotik
sartua zela Gaxuxari aztala eraman zion mamua.
MITOA
Nor da eta nola da Saindu hura
harpean? Misterio bat zela erran zidan bidarraitar batek.
Nehork ez du konprenitu behin
ere, badakizu? Nehork ez du konprenitu. Harpeko Saindian, Saindian
sartia izana da hamabi argiekilan, Saindu hori. (...) Eta gero,
denbora hartan, argi heekilan Saindu hori sartzen ari zelarik
(...) memento hartan, Ohatarreko kabala guztiak orro eta marruma...
ez omen ziren ixildu hura han sartu arte; hura, Saindu hura han
sartu arte. (...)
Badakizu, Lourdesko mirakulia
bezala sartu zen han. Pentsamazu, gura aitatxi zena haurra zen
oraino, denbora hartan, hori gertatu zenean. (...)
Hamabi argiekilan sartu omen
zen hura gauaz. Eta sekulako mogimendia: Hause, Harruse, Bernateneko,
Putzuko, kartier hortako kabala guziak, denak marrumaka ari izan
omen ziren. Eta ordion Saindu hura han pausatu eta gero fini!
Gertakari harrigarri hura, mitoaren
bigarren partea baizik ez zatekeen. Funtsean, hori baino askoz
lehenago beste zerbait agitu zen: Neska bat bazela galdua zena
artzaintzan ari zelarik, eta ez zuten harrapatzen. Eta -denbora
luzearen buruan, ikusi zituztela gau batez hamabi argi hor, zilo
hortan sartzen, gaueko hamabietan. Eta geroztik zagola saindu
hori.
Mitoaren eskema -neska galdu
bat harpe batean bildu izana eta hartan berean argia sartzea-
Anbotoko Anderearen -Mariren- mitoetan aurkitzen dugu. Gogora
dezagun andere horrek ekaitzak egiten dituela, mendietako harpeetan
bizi dela, eta batetik bestera aldatzen denean sutan zeharkatzen
duela zerua: batzuetan bere harpean sartzen ikusten dute. Batzuetan
kontatzen dute neskato bat zela, behi baten ondotik joan zela,
abereak leize batera eraman zuela eta hura zela Anbotoko Anderea.
Arrazoin horiengatik Barandiaranek dibinitate horren agerkera
edo modalitate bat dela dio. Anuntzi Arana, antropologoa
Berriemaileei goraintzi:
Marixan Zedarri, Ane Miren
Zedarri, Marixane Uztaritz, Yvonne Elorga, Elizetxe anderea,
Angèle Harrusekoa, Maiana Bernatenekoa, Mari Kazernakoa,
Beronika Garakoetxea, Isabel Etxeparekoa, Jose Mari Kastantxo,
Ana Mari Kastantxo, Cabillon jauna, Julia Borda, Sumusenbordako
anderea. |