Paulo Freire pedagogo
haundiaren omenez argitaratzen dugun Ikastaria ale honetan zenbait
atal bereizi behar dira:
1. Pedagogia
da autonomia (1996) liburuaren euskarazko itzulpena:
Autonomiaren pedagogia, Xabier Mendiguren
Bereziartuk egina.
2. Eusko Ikaskuntzak,
1997ko azaroaren 15ean antolatutako jardunaldietan aurkeztu ziren
lanak: Ramón Flecha, Francisco Viana, Fito R. Bornaetxea
eta Arantxa Ugartetxearenak, hain zuzen ere.
3. Freireren
inguruan, eta bereziki, "Pedagogia da autonomia" liburua
aitzaki bezala hartuta egindako elkarrizketa. Elkarrizketa honetan,
Arantxa Ugartetxea, pedagogo eta Freireren ikasle eta lagun bezala
agertzen zaigu; Xabier Mendiguren, "Autonomiaren Pedagogia"
liburuaren itzultzaile gisa, eta Sabin Oregi, antolatzaile, laguntzaile
eta komunikadore lanetan.
Autonomiaren
Pedagogia
lana da, jakina, liburu honetako muina. Freireren lana ezagutzen
ez duenarentzat aukera aparta bere ideia eta ekarpenen berri
izateko. Freireren irakurle direnentzat, egileak berak esaten
duen modura, hainbat ideia zahar berreraikirik aurkezten dira
hemen. Liburu hau ez da, ordea, zaharra berri, besterik
gabe. Freireren oldozketa zahar eta berrien birmoldaketa eguneratua
baizik. Besterik gabe, irakurtzeko gomendio bizia egiten dugu.
Eusko Ikaskuntzan,
aspalditik geneukan prest Freirekin egin beharreko ekitaldia.
Baina agindutako bidaia bertan behera utzi behar zuela adierazi
ondoren, 1997ko maiatzaren batean zendu zen Paulo Freire Sao
Paulon.
Azaroan egin
zitzaion omenalditxoa, jardunaldi hunkigarria eta beroa izan
zen. Freireren lagun izandako, Ramon Flecha eta Arantxa lankidearen
ekarpenak izan ziren samurrenak. Liburuan datoz haiek esanak.
Patxi Viana eta Fito R. Bornaetxeak, beste bi esperientzia aurkezten
dizkigute. Bakoitzak bere erara, Freireren oihartzuna gertutik
jarraitu duten bi erakunderen berri ematen digute. Vianak, pertsona
nagusien eskolaketa aztertzen du, Gasteizko Paulo Freire izeneko
EPA ikastetxearen arduradun gisa. Bornaetxeak, AEKren ibilbidearen
berri ematen digu.
Lerro hauen bitartez,
nolanahi ere, egun hartan, Donostiako Eusko Ikaskuntzaren egoitzan
bizi izan genuen esperientziaren lekukotasuna ekarri nahi nuke.
Euskal Herrian hezkuntza kontuak jendea aspertu dutela entzuten
ari gara. Nik, alabaina, esperantzaz hitzegin nahi nuke. Larunbat
goiz eder batean, 60 lagun hezkuntzaz hitzegiteko biltzea ez
da kasualitatez gertatzen den zerbait. Han ez zen punturik eskeini,
ez ordainik ez bestelako baliokidetzarik ere. Freireren oihartzuna
zegoen, jakina, baina baita ere, heziketa inguruko kezka eta
gogoetarako prestasuna. Goiz hartan bizitakoak, ziurrenik, Freirek
bere inguruan sortu ohi zuen baikortasuna berpiztu zuelakoan
nago. Bizipen horrek bultzatu gaitu liburu hau prestatzera eta
argitaratzera ere.
Azken atala,
berezia da. Liburu honetan zerikusi haundia izan duen Arantxa
Ugartetxearen ideia dago atzean. Zergatik ez dugu Pedagogia
da autonomia-ren inguruan euskaraz elkarrizketa ireki bat
antolatzen? Esan eta egin. Grabagailu aurrean, 1998ko uztailaren
18an, hain zuzen ere, bildu ziren Arantxa, Xabier eta Sabin.
Grabatutakoaren transkribaketa (Sabinek egin du lanik astunena)
da hemen dakarguna. Atal honetan, hezkuntza eta Freire daude
han eta hemen, jakina, baina baita euskara ere. Arantxak elkarrizketa
horrela hasten du: Izugarri gozatu dut Pedagogia da
autonomia euskaraz irakurtzen. Hau ez da baieztapen
arrunta. Nolabait esateko, gai teknikoa da pedagogia. Eta honelako
obra bat jatorrizko hizkuntza haundi batean ongi ezagutu ondoren,
haren euskarazko bertsioa gozatzeko izatea,
oso gertakari garrantzitsua iruditzen zait.
Hemen dakargun
elkarrizketa ez da kazetaritzan ohikoa den horietakoa ezta ere:
gordinagoa, nahasiagoa, libreagoa da. Eta ez dugu gehiago ikutu
edo zuzendu nahi izan. Badakigu, euskal joskera aldetik onargarriak
izateko zerbait falta zaien esaldi bat baino gehiago badela hor
zehar. Gaiaren antolaketari buruz ere, ez dago ohikoa den hurrenkerarik
ez gidoi garbirik. Gaien lerraketak, etorriaren arabera sortutakoa
dirudi. Bere hortan baliagarria iruditu zaigu: freskoagoa. Agian,
bateren bati nahasi xamarra gertatuko zaio. Osorik irakurtzen
ez duenak ez du aririk galduko baina, behar bada, gogoetarik
interesgarrienak ere ez ditu irakurriko. Jarrera irekiz eta normakeriak
alde batera utzirik irakurtzea gomendatuko genuke.
Freireren oroimenez,
bere azken lanik sendoenaren euskarazko itzulpena eta Euskal
Herrian hezkuntza ikutzen duten zenbait gogoeta eskeini nahi
izan ditugu. Horra.
(ITZULI)
Itziar Idiazabal, Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza Saileko Lehendakaria |