Antolatzeko bide berezi bat hartu zuen
bertso munduak 1986 inguruan. Hain zuzen ere horixe: bere burua
antolatzeko erabakia, autoeratzeko erabakia. Bertsolaritzaren
geroa kanpoko faktoreen esku utzi gabe, bertsolaritzan hala edo
hola inplikaturik sentitzen direnen elkargunea sortu zen: EHBE.
Hasieratik argi zegoen ez zela
bertsolarien elkartea.Bertsolari ez diren bertsozaleak izan dira
elkartegintzaren pisu handiena hartu izan dutenak, bai kopuruan
eta bai bultzatzaile moduan ere. Hala ere gizarteak hasieran
bertsolarien elkarte moduan ulertu zuen, izenak ere (Bertsolari
Elkartea) hartarako bidea ematen bait zuen. Izenaren eta izanaren
arteko desoreka hau hausten hasteko izena aldatu zitzaion 1995ean:
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea.
Une honetan Euskal Herriko lurralde
guztietako 1.300 bazkide bertsozalek osatzen dugu Bertsozale
Elkartea. Bertan biltzen dira bertsolaritzaren inguruko agente
aktibo guztiak: bertsolari, bertso jartzaile, gai-jartzaile,
epaimahaiko, antolatzaile eta bertsozale soilak. Orobat, bertsolaritzaren
proiektuarekin nolabait lotura sentitu nahi duten bertsozaleak,
kultur iharduera honetan jokatzen duten papera edozein delarik
ere.
Bertsogintza eta bertsolaritza
Urteotako ibilbidean bi aspektu
bereiztu dira. Bertsogintza deitzen diogu bertsolarien
jardunari, plazaz plazako zeregin artistikoari. Hori, bertsolariei
dagokie soilik.Sorkuntzaren plano horretan edota bertsolari kolektiboari
soilik dagozkien kontuetan EHBE ez da sartzen. Zorionez, ekonomikoki
auto-erregulatzen den jardun artistikoa da, dirulaguntza berezirik
behar eta nahi ez duena, eta bere bidea modu natural xamarrean
egiten duena.
Bertsolaritza, aldiz, bertsoaren inguruan sortzen
den kultur proiektua da: transmisioa zaintzea, irakaskuntzan
egin lezakeen ekarpena aztertzea, ikerkuntzarako bideak jartzea,
kulturgintza honen hedapen bideak jorratzea, bertso-eskolak koordinatzea,
hedabide politika finkatzea, nazioarteko harremanak jorratzea
eta beste haibat zeregin.
Bertsolaritzaren kultur proiektua
EHBEk hartzen du bere gain bete-betean. Kultur proiektu honek
forma hartu du 13 urtetako esperientzia eta eztabaiden ondoren.
Euskal Herri osora begira egindakoa da, epe luzerakoa eta bertsolaritzan
inplikaturik sentitu nahi duten guztien artean eramana, hau da,
Elkartearen inguruan gorpuztua.
EHBEren emaitza eta gidaria: bertsolaritzaren
kultur proiektua
Elkartearen ibilbidean, hasierako
'bertsolaritza bultzatu nahi' hartatik proiektu sendoago bat
mamituz joan da piskanaka. Hiru ardatz ditu proiektu horrek:
transmisioa, azterketa eta hedapena. Eta sentsibilitate bat:
lurraldetasuna.
- Transmisioa: Belaunaldi berrietara bertsolartizaren
trasmisioa ziurtatzea. Bi maila ditu alor honek, batetik irakaskuntza
eta bestetik bertso-eskolak. Gure hezkuntzan bertsolaritzak eta,
zabalago hartuta, bertsolaritzak eta ahozko sorkuntza artistikoek
egin behar duten ekarpena ikertzea eta sekuentzia didaktikoak
eskeintzea jorratzen hasia dago. Bestetik, eskola arautuaz kanpoko
bertso-eskolen koordinazioak ahalegin berezia eskatzen du, euskal
lurralde osoan bertso-eskolak hedaturik dauden une honetan.
- Hedapena: Bertsolaritzaren hedapen eutsia eta
orekatua lortzeak hainbat frente kontutan izatea eskatzen du:
hedabideetan bertsolaritzak izan dezakeen presentzia zaintzea,
lurralde ezberdinetan bertsolaritza sustatzea, saio bereziak,
txapelketak, argitalpenak eta, oro har, hedapenarekin zer ikusia
duten ekimenak.
- Bilketa-ikerketa: Bertsolaritzaren emaitzak modu ez orokor
baina bai sistematikoan biltzea eta kultur-arlo hau gaur eta
biharko ikerbideetan txertatzea da beste ildo garrantzitsu bat.
Bertsolaritza jakingai eta aztergai izan dadin oinarrizko proiektu
nagusia Xenpelar Dokumentazio Zentrua da. Elkartearen apustu
estrategikoa. Une honetan bi pertsona daude zentru horretan dedikaturik.
Azken ia 10 urtetan inbertsio handiak egin ditu elkarteak proiektu
honetan, eta azken urteetan Erakunde Publikoak ere parte hartzen
dute beronen finantziazioan. Atzerriko harremanak ere arlo honetatik
bideratzen dira. Munduan zehar ahozko kulturaren eta inprobisazioaren
inguruko Zentro eta esperientziekin elkarlana urratzen hasia
dago. Atal nagusi honetan sartzen dira Bertsolamintza Jardunaldiak,
UEU eta EHUko Udako Ikastaroetan egindako Topaketak, ikerketa
bereziak eta abar.
- Lurraldetasuna: euskararen lurraldea da bertsolaritzarena.
Hasieratik Euskal Herri osoko jendea inplikatu da EHBEn. Iparraldean,
Gipuzkoan, Araba-Bizkaian eta Nafarroan antolakuntza bana sortu
da. Une honetan EHBE lau elkarte horien federazioa da. Izan ere
Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Nafarroako
Bertsolarien Lagunak, Iparraldeko Bertsularien Lagunak eta Gipuzkoako
Bertsozale Elkarteak federazio bidez gorpuzten dute EHBE. Antolakuntzaz
aparte helburuetan ere lurraldetasuna beti presente dago: euskararen
osasuna ahulen dagoen lekuetan ahalegin eta inbertsio bereziak
egiteko joera duen elkartea izan nahi du EHBEk.
Gizartegintza modu bat kultur arloan
Gure esparrua autoeratzearen
aldeko apustua egin dugu bertsozaleok (bertsolariak ere multzo
honetan sartuz). Autoeraketa honen oinarriak hauek izan litezke,
guztiak ere modu intuitiboan garatuak eta hemen ere halaxe aipatuak:
ðInplikatuen borondatezko partaidetza
ðArrazoi ideologikoengatiko mugarik eza eta barne
aniztasunaren aitorpena
ðAntolakuntza partehartzaile eta demokratikoa
ðTokian-tokikoaren errespetua edo subsidiaritatea:
lurraldekako eta taldekako egiteko modua lehenetsiz zentralismo
demokratikoaren aurretik
ðEztabaidaren kultura eta jarrera desberdinen garapena:
adostasun landua
ðBorondatezko lanaren eta lan profesionalaren arteko
konbinaketa. Lan profesionalaren ordainketa merkatuaren mailan.
Guztion artean, intuitiboki eta
poliki-poliki gorpuztutako proiektua (transmisioa, hedapena,
ikerketa, lurraldetasuna) da atxikimendu gune.Horretan parte
hartu nahi duen edonork du lekua bertan.
Harreman politika
Bere proiektuan bidea egiteko
hainbat harreman-arlo interes handikotzat ditu elkarteak eta
guztiekin dauzka une honetan harreman-bideak zabalik:
ðEuskalgintzaren inguruko beste gizarte erakundeak
ðAdministrazioa
ðEuskal gizarteko alderdi politiko, mugimendu sozial
nahiz beste agente pribatuak
ðNazioarte mailako inprobisazio esperientzien protagonistak
Administrazioari dagokionez,
EHBEk interes publikokotzat jotzen dituen Proiektuetan (ez guztietan)
finantziazioa eta elkarlana eskatzen eta eskaintzen die Euskal
Herriko administrazio desberdinei.
Gure proiektua nahikoa autonomoa
da egoera politikoarekiko. Izan ere:
ðEz da oinarritzen gizarte osorako egindako plangintza
edo ezeren programaketan. Gonbidapenean eta gure kultur-sormenaren
erakar-indarrean oinarritzen da.
ðOinarri duen kulturgintzak (bertsogintzak) autoerregulazio
maila handia dauka eta ez dago botere publikoen laguntzen esku.
ðBertsolaritzaren Kultur Proiektuak ere autonomia
dauka unean-uneko kultur politikekiko. Kultur Proiektu honen
zati batean kultur- eta hezkuntz-politikek eragina dute, eta
hor elkarlan gune bat bada botere publikoekin.
Hau horrela, Bertsozale Elkarteak
ez du administrazioa hartzen bere esparruan gauzak nola egin
behar diren esateko autoritatetzat.
Bestalde elkarlan horren nondik
norakoak (positiboan edo negatiboan) gizarteari jakinarazteko
eskubidea eta betebeharra du, nahiz eta horrek uneren batean
enfrentamendua ekarri eta dirulaguntzaren bat edo beste sakrifikatu.
Azken urteetan nazioarteko harremanak
lantzen ari gara bereziki, ahozko inprobisazioaren inguruko nazioarteko
topaketetan parte hartuz. Harreman sare bat sortzen hasiak gara,
eta etorkizunean Euskal Herria gai honetan erreferentzia gune
garrantzitsua izan daiteke. Jon Sarasua, Bertsozale Elkarteko Komunikazio
arduraduna |