Sarritan
bilbotarrok euskal munduaren bazter batean bizi garela sentitzen
dugu. Euskaldun askok ere Bilbo eremu zeharo erdalduntzat jotzen
du, eta harritu ere egiten da euskaraz bilbotarra zarela esaten
diozunean. Horrelako joeren atzean azken urteotako errealitatea
datza, duda barik.
Baina Bilbo eta Bilbok
irentsitako herriak -Abando, Begoña eta Deustua- euskaldun
bizi izan dira euren urterik gehienetan. Azken hamarkadok eten
txiki bat baino ez dira kate luze-luzean. Gauzak ondo, urte batzuk
barru gure kale kantoiak atzera ere herritar euskaldunez gainezka
egongo dira. Eta horra heldu arte, gaur egun, Bilboren eta euskal
kulturaren arteko harremanak sendoak, sakonak eta emankorrak dira.
Gaur
egun Bilbon bi herri aldizkari euskaldun dago. Badago beste bat
auzo aldizkari euskalduna dena, 'Zorrotz Morrotz', Zorrotzako
euskaltzaleek hiru hilabetean behin adorez eta duintasunez plazaratzen
dutena hain zuzen. Bilboko herri aldizkaririk zaharrena 'Berton'
da, nongoa eta 1925 urte arte herri independiente izan zen Begoñakoa.
Mahastiez inguratutako baserri haiek gaur egungo Uribarri, Santutxu,
Txurdinaga eta Otxarkoaga auzo jendetsuak dira. Mahats-herria
zena zementu-herria dugu gaur egun eta erdara nagusi da euskara
bakarrik zegoen tokian. Gure egoera zein den ondo jabetzeko datu
bat baino ez: gure bazterrik euskaldunena Begoñako basilikako
inguruak dira. Hor euskaldunak %20 inguru dira. Gainerako auzoetan
portzentajeak askoz ere makalagoak dira.
Hortxe sortu zen
'Berton' 1998ko otsailean. Harrez gero lau urte joan dira. 'Berton'
euskaltzale talde baten lanari esker sortu zen. Herri aldizkarien
eredua Bilbora ekarri nahi izan zuten. Gurea bezalako hiri handietan
euskaldunak asko gara, elkarren berri ez daukagun arren. Mahatsorri
-begoñar- euskaldunen komunikabidea sortu gura zuten. Horretarako
elkarte argitaratzaile bat osatu zuten: 'Batana batu'. Aldizkaria
hilabetekari gisa antolatu zuten eta musutruk lan egiten zuen
boluntario talde baten bultzadaren indarraz hasi ziren bidea urratzen.
Lehenengo zenbakia doan banatu zuten. Bigarrenetik aurrera urte
osoko harpidetza kobratzen hasi ziren -1.000 pezeta urtean- edo
125 pezeta ale bakoitzeko.
Edukiei dagokienez,
'Berton'ek herri aldizkarietan ohikoak diren atalak bildu izan
ditu: erreportajeak, kale inkesta, bertsoak, kirolak, kultura,
herriko taldeak, ... Baina badago berezitasunik. Batetik, azala
elkarrizketa nagusiko pertsonaiari gorde dio beti. Horrela izan
zen lehenengo zenbakian, Julio Ibarra kazetariarekin, eta horrelaxe
dirau lau urte geroago, Algis Arlauskas zinemagilearekin.
Bigarren berezitasuna
beste inon topatzea zaila da. Begoñako euskararen hiztunak
han-hemenka bizi dira Otxarkoaga eta Txurdinaga gaineko mendi-magaleko
baserrietan. 'Berton'ek 'Begoña eta Euskerea' atala dauka
euskaldun horien berbak, istorio eta gomutak euren hizkera propioan
irakurleei emateko. Begoñako euskara hori, zoritxarrez,
desagertzeko bidean dago. Izan ere, gazte belaunaldiak euskara
batuaz datoz gehien bat.
Bere lehenengo urtean
'Berton'ek bederatzi zenbaki atera zuen. Iraileko hutsa baino
ez. 1999an, berriz, zortzi izan ziren kaleratutako zenbakiak.
Izan ere, borondatezko jardunaz ez zegoen aldizkaria hilean hil
argitara emateko indar nahikorik. Horregatik 2000ko otsailetik
aurrera pertsona bat soldatapean jarri zuen 'Batana Batu'k kazeta
lanen ardura nagusia bere gain hartzeko. Harrez gero 'Berton'ek
bide horretatik aurrera egin du. Publizitate eta administrazio
arduraduna ere kontratatu du egun erdiz. Hala ere, borondatezko
lanak pisu handia dauka 'Berton'en iraupenean.
Izan ere, lau urteotan
'Berton'ek aurrera egin ahal izateko hiru zutoin nagusi izan ditu.
Batetik, bere harpidedunen babesa, dirutan handi-handia izan ez
bada ere, erabakigarri bihurtu dena. Bestetik, publizitatea jarri
duten merkatari, dendari, tabernari, aurrezki kutxa eta instituzioen
bultzada. Eta, azkenik, 'Berton' aurrera ateratzeko lanean ibili
diren euskaltzaleak, hala kazetari nola argazkilari, maketatzaile,
diseinugile, kolaboratzaile, publizista edo banatzaile gisa. Baita
'Batana Batu'n -orain 'Asapala' euskara elkartearekin lankidetzan-
aldizkariaren kudeaketa lanak bete dituztenak ere.
Lehenengo urte bietan
diru laguntza publikoak ezin urriagoak izan ziren. 1999an Eusko
Jaurlaritzaren diru laguntza hartu genuen. 2000tik aurrera, ostera,
handiagotu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak ere herri aldizkariei
babesa ematea erabaki zuen eta. Bilboko Udalak ez du txintik ere
eman.
Otsailean 'Berton'ek
bere 41. zenbakia kaleratuko du. Orain arte 800en bat ale banatu
izan ditu hilero, baina urtarrilean aldizkaria doan ematea erabaki
ostean tirada eta banaketa handituko direlakoan gaude. Prezioa
muga handia zen aldizkaria hazteko eta mahatsorri euskaldun gehienen
arteko lokarriarena egin ahal izateko. Mugak hautsiz 'Berton'
etxe euskaldun guztietan sartu gura du. Euskaldun horiek 'topatzea'
dugu oraingo zailtasuna, auzo askotan elkarren berri ez daukagu
eta.
DEUSTUALDEKO PREST!
Bitxia
ere bada. Bilbok Begoña irentsi zuen egun hartantxe Deustua
ere bereganatu zuen. Hirurogeita hamabost urte geroago, euren
nortasuna nahikoa makalduta daukaten arren, Bilboko albo-herri
zaharrok izan dira herri aldizkariak sortu dituztenak. Begoñak
lehenengo, esan bezala, eta Deustuak gero, 'Prest!' aldizkariarekin.
Begoñan aldizkaria
lehenengo eta euskara elkartea geroago izan baziren, Deustuan
euskara elkartearen altzoan sortu da errebista. 'Berbaizu' euskara
elkartea 2000an sortu zen eta eratutako lan-taldeetako batek komunikazio
proiektu bat jorratu zuen. Horixe izan zen 'Prest!' aldizkariaren
hazia. Egia esanda, hazi hori zaharragoa zen. 1996 eta 1998 'Hitzartu'
hiruhilabetekari euskalduna plazaratu zen Deustuan. Izan zirelako
bagara.
2001eko martxoan,
Deustuko Sanjose jaien bezperan bertan, lehenengo zenbakia kaleratu
zen. 'Prest!' ere, 'Berton' bezalaxe, hilabetekaria da eta bi
pertsona daude soldatapean egun erdiz. 'Berton'en gauden biok,
hain zuzen. Batek publizitate arloaren ardura darama eta besteak
kazetari esparruarena. Aldizkaria egiteko zereginak kazetari eta
kolaboratzaile multzo zabal bati esker egiten dira.
'Prest!' aldizkariak
begirune berezia jarri dio kanpoko itxurari. Zart enpresak eginiko
diseinuak irakurlearen begiak gozatzeko aukera ederra ematen du.
Azala ere berezi samarra da, argazki nagusiak Deustuko bazter
bat dakarrelako beti. Edukiei dagokienez, ohiko atalak dakartza.
Ñabardurarik egitekotan, iritziari eta, batez ere, kulturari
eskainitako leku aparta, eta zenbaki guztietan luze eta zabal
jorratutako gai monografikoa aipatzekoak dira.
Aldizkaria doan banatzen
da Deustualdean -izen horren azpian Deustua, San Ignazio, Ibarrekolanda
eta Arangoiti auzoak daude-. Guztira, 50.000 lagun bizi dira eta
euskaldunen bataz bestekoa %17koa zen 1996an. Gaur egun euskaraz
dakitenak 10.000tik gora direla esan genezake. 'Prest!' egin ahal
izateko han eta hemen galdetuta eta euskaltegi, ikastola, elkarte
eta hainbat lagunen laguntzaz euskaldunen zentsu bat osatu dugu.
Horri esker, aldizkaria 1.500en bat familia euskaldunen etxeetara
bidaltzen dugu. Gainera, ale gehiago banatzen ditugu ikastoletan,
euskaltegietan, udal liburutegi bietan, liburu denda batean eta
taberna batzuetan -Deustuko Batzokia, Herriko Taberna, ….- .
Otsailekoa gure 12.
zenbakia izango da. 'Prest!'ek 'Berton'ek baino zorte handiagoa
eduki du. Garai samurragoetan jaio da. Bilboko Udala zikoitz agertu
zaio, bai, baina 'Prest!'ek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko
Aldundiaren laguntza potoloak hartu ditu. Baita inguruetako merkatari,
dendari, aurrezki kutxa eta instituzioen publizitatea ere. Horri
'Berbaizu'ren babesa eta hainbat lagunen borondatezko lana gehitzen
badiogu, 'Prest!'ek doan emanda aurrera zelan egin duen jakin
genezake. Eta ez da erronka txikia Bilbo erdaldundu honetan alderdi
zabal bateko aldizkari bakarra euskara hutsez izatea!
Begoña lehenengo,
Deustua gero, … Abando eta Bilbo (Zazpi Kaleak) noizko?
Hektor Ortega, 'Berton'
eta 'Prest!' aldizkarietako zuzendaria |