A
ramaioko Ibargoiatik Buenos Aireseko Plaza Nagusian urkatua izateraino;
ibilbide luze eta ertzez beterikoa, aramaioar peto bati egokiturikoa,
beti aurrera begira eta unean uneko interesei zeharo lotua. Horra
hor, labur bilduz, Martin de Alzaga aramaioar herriko semeari buruz
egin genezakeen mugaketa xumea. Zehazkizunetara joz gero, ordea,
zirrikitu eta galdegai askotako pertsonaia interesgarriarekin egingo
genuke topo, inguratu zuen errealitatea guztiz deszifratu gabe,
nonbait.
Aspalditik tiratu nau herrikide horren biografiak, nahiz eta gutxitan
izan dudan Martinen ezkutuetan egokiro arakatzeko aukerarik. Bibliografia
ugari eta zabala den arren, batez ere argentinar historiarekin zuzen
erlazionatua, aramaioarraren gainean den itzalak ez dit, hari egokitzen
zaion guztia norainoko egia den behar bezala ikusten utzi, batez
ere Martinen bizitzaren azken aldiko gertaerei bagagozkie. Alzagari
buruzko ikerketak zalantza bat baino gehiago uzten du, haren curriculum-ean
sartu ohi diren jazoera asko eta asko egiazkoak ote diren argitu
gabe daudelarik.
Baina ez doaz lerro hauek, ezelako misterio helgabetan giltzarririk
bilatzera, ezta urrik ere, historialari handi eta askok lortu ez
dutena nik erdiets nezakeela pentsatze soila burugabekeria galanta
bailitzateke. Baina iruditu zait euskaldun ezezagun honen gaineko
zertzelada batzuk irakurlearenganaino iristaraztea ideia ona litekeela,
batez ere Martinen nondik norakoak -behintzat marra lodiz izkiriatuta-
zeintzuk izan ziren jakin dezagun. Horixe izan da asmoa lerro hauek
betetzeari ekin diodanean.
![](argazkiak/kosmo19601_01.gif) | |
Martin de Alzaga Olabarria |
Herrikide ezezik baita kalekideak ere gara Alzaga eta biok, Aramaioko
Ibargoian munduratuta, hura ni baino 194 urte lehenago jaio bazen
ere, 1755ean hain zuzen, azaroaren hamaikan. Martinen gurasoak,
Juan Francisco Alzaga Munarbe eta Manuela Olabarria Madina izan
ziren, aramaioarrak eurak ere zenbait belaunaldi lehenagotik. Itxura
denez, Juan Franciscoren anaia eta senitarteko batzuek Ameriketako
bidea ezagutu zuten, gure Martinek harako deia "entzun"
aurretik. Juan Francisco aita hargina izan zen eta negozioak ez
bide zitzaizkion ongi joan, ama Aramaioko ospitalean hil baitzen,
behar gorritasunean (1).
Sendiaren ekonomia-larrialdiak behartuta, Martinek, artean hamabi
urte betetzeke, Argentinako bidaiari ekin zion bere osaba Mateo
Ramonengana ailegatzeko. Zeru berrien bila zihoan, hainbat euskaldun
bezala, etorkizunak ekarriko zionaren zain. Rio de la Plata-ra iritsi
zen, espainieraz tutik ere jakin gabe, eta Gaspar de Santa Coloma
merkatariaren aginduetara aritu zen, bere lehen enpresa -"Alzaga
y Requena"- hamar urte beranduago sortu aurretik(2).
Aurki, Buenos Airesetik kanpo ere hedatu zituen bere irabazpidearen
adarrak, eta Potosiraino ailegatu zen, azken hiri horretan Blas
anaia izan zuelarik laguntzaile. Merkatal jardun etengabeak, Rio
de la Plata-ko erregeordetzako gizonik aberatsena bilakatu zuen
Martin de Alzaga.
Hogeitabost urte bete aurretik, 1780ko irailaren 13an, Maria Magdalena
Karrera Indarekin ezkondu zen, beste merkatari baten alaba zena,
euskal jatorrikoa berau ere. Bikoteak hamalau seme-alaba izan zituen
eta zaharrena -Maria Lucia del Corazón de Jesús- Martinen
bazidea zen Jose Requena Larraondorekin ezkondu zen. Ikus daitekeenez,
Martinek sare komertzial boteretsua ehundu zuen bere inguruan. Horrek
guztiak egundoko ospea ahalbidetu zion Buenos Aireseko hiritarren
artean.
Espainiako Cadizen zituen merkatal interesetan ordena jartzeko
bidai bat egin zuen 1783an penintsulara, eta aukera hura aprobetxatuz
bere jaioterriraino heldu bide zen ama alarguna bisitatzera. Bidai
hartan, historialari batzuek diotenez, Martinen ideia politikoak
sendotu ziren eta Buenos Airesera itzultzean praktikan jartzen ahalegindu
zen, beti ere bere interes ekonomikoen mesedetan. Eta, garbi dago,
Martinen lotura ekonomiko gehienak -indartsuenak- Espainiarekin
ziren eta horrek zeharo baldintzatzen zuen aramaioarraren ikuspuntu
politikoa. Dirutan soberadun zebilen arren, ahantzi bide zitzaion
Aramaion ama behartsu bizi zela, eta hori kontuan eduki behar da,
batez ere bere idearium politikoa defendatzearren Martinen sakelatik
ordaindutako dirutza ikaragarri handia izan zela gogoratu behar
baita. Xehetasun horrek, ene ustez, Alzagaren jokaera guztiz interesaduna
egiaztatzen digu.
Izan ere, oraindik esan ez dudan arren, Martin de Alzagaren izena
gureganaino heldu bada, XIX mende hasierako argentinar politikagintzan
pertsonaiarik kontrobertituenetakoa izan zelako da. Batzuek diotenez,
Martinen beraren gogoaren kontra; nik, ordea, ongi hausnarturiko
prozesu baten ondorio izan zela esango nuke. 1795ean Buenos Aireseko
Lehen Bozako Alkate izendatu zuten, ordurako hiritarren artean zuen
ospe eta eragina zela eta. Politikaren eskailerak mailaz maila joan
zen igotzen: 1785ean, hiriko Kabildoak behartsuen ararteko aukeratu
zuen; 1790ean, prokuradore sindiko nagusia hautatu zuten; urtebete
beranduago, lehen erregidore eta aurki udal batzordeko kide.
Kabildoaren izenean Melo de Portugal erregeordeari ongietorri
egin zion 1795ean, eta bere poltsikotik ordaindu zituen harrera
gastuak, urte bereko gosetea arintzearren bonaerensearrek Montevideon
erosi behar izan zuten garia ordaintzeko dirua jarri zuen lez. Bere
osasunak ez bide zion larregi laguntzen eta horretan oinarriturik
sarritan eskatu zuen kargu publikoetarako salbuespena. Hala ere,
1804an ostera izendatu zuten Lehen Bozako Alkate. Martinen irabazpideak
bikain hazten ari ziren eta baimena eskatu zuen bere lur sailetako
lan esku gisa Afrikatik beltzak ekartzea.
Garai hartan, Espainian frantziar iraultzaren ondorioak ari ziren
pil-pilean, eta horrek bere eragin zuzena zuen espainiar inperioarenpeko
lurretan, frantziarren aldeko mugimenduak ugaritzen ari zirelarik..Bestalde,
ingelesak -ur lohietan arrantzarako gertu- Rio de la Platako erregeordetzako
agintea eskuratu zuten 1806ko ekainean, Buenos Airesek haien lehen
erasoa jasan ondoren. Martin de Alzaga eta beste batzuen laguntzari
esker, bi hilabete beranduago espainiarrek berreskuratu ahal izan
zuten boterea. Ingelesek ez zuten amore eman eta 1807ko uztailaren
5ean bigarren erasoari ekin zioten baina, berriro Alzagaren buruzagitzapean,
hiritarrek ingelesen errendizioa lortu zuten uztailaren 7an, aramaioarra
heroien mailara igoaraziz.
Espainiar Fernando VII erregearen itzala gero eta ahalkeagoa zen
amerikar erregeordetzetan eta horretaz aprobetxatzen ari ziren bertokoak
espainiar botereari aurrre egiteko. Buenos Airesen ere giroa oso
bihurria zen eta ekitaldi ofizialetan Fernando VII-ren izena aldarrikatu
arren, egitarau apurtzaile separatista antzeman zitekeen nonnahi.
Normala den lez, penintsularen aldekoek ezin zezaketen onar haustura.
Saltsamaltsa hartan, Martin de Alzagak argi eta garbi azaldu zuen
espainiar aginduarekiko atxikimendua. Buenos Aires-eko berreskuraketa
eta defentsa horrela ulertu behar da. Halaber, Alzagarekin batera
Buenos Aires-eko defentsan nabarmendutako Liniers jeneral "frantsesa"-ren
kontra aramaioarrak burutu kanpaina ere alde horretatik ulertu behar
da, Napoleonen alde jeneralak bideratuko zituzkeen ahaleginak ito
nahian. 1809-ko urtarrilean altxamendu bat eragin zuen Alzagak,
espainiarren boterea eskuratu nahi izatea egotzi zitzaiolarik. Matxinadaren
porrotak, historialari askorentzat, Alzagaren ibilbide poliitikoaren
amaiera adierazi zuen. "Independentziaren prozesua" bezala
ezagututakoaren epaiketan, dena den, errudun gabetzat jo zuten 1810ean
Alzaga, beste akusatuekin batera.
Bien bitartean, ingelesen erasoei aurre egiten nabarmendutako
indar armatuak zuzen-zuzenean aritu ziren 1810eko Maiatzaren Iraultzan,
eta espainiar erregeordea kendu ostean Buenos Aireseko Gobernu Batzordea
eratu zen, hots, lehen argentinar gobernua, eta horrek erregezaleen
kontra -hau da, espainiar boterearen aldekoen kontra- armada expedizioak
bidali zituen. Testuinguru horretan kokatu behar da Alzagaren aurka
ehundutakoa ere.
Giro hartan, uneko agintariak mesfidati ageri ziren espainiar
zaleekiko. Eta Alzaga, aurreko salakuntzatik onik atera bazen ere,
bi urte beranduago gauzak ez ziren hain ongi gertatu aramaioarrarentzat.
Batzuen ustez, 1810ean libre jarri zutenean, "Alzagaren konspirazioa"
deiturikoaren oinarria ongarritzera dedikatu zen. Buenos Airesek
garai hartan 60000 inguru biztanle zituen eta erlijios komunitateak
oso indartsuak ziren, espainiar jatorriko ordenek egitura hertsi
eta zabalak zituztelarik. Horietako erakunde batekin, Aita Bethlemitarrak,
oso lotura estua zuen Alzagak, itsas-merkataritzaren gorabeherak
tarteko. Ondorioz, konspirazioaren zaku berean sartu zituzten Alzaga
eta bethlemitarrak, hauen buru zen Fray Jose de las Animas ere ajustiziatu
zutelarik.
Martinen bizitza politikoa hoberen aztertu dutenetako bat, haren
ondorengo den Enrique Williams Alzaga dugu, eta historialari horren
iritziz, Martinen xede politikoak bi aukeraren artean aurkitzen
dira: inperio independiente bat egitea eta bera errege, edo koloniako
botererik gorenena berak eskuratzea. "Martin I esan zaio eta
behin eta berriz azaldu da erregeorde izan nahi zuela: baieztapen
biak egia dira, eta ez ditugu kontrajarriak" (3).
Baieztapen horien arabera, Alzaga ez zen demokrata izan, monarkiko
absolutista baizik. Agintari bakar eta gorena bilakatu nahi zuen
bere burua, Espainiarekin zein espainiar erregearen bedeinkaziorik
gabe. Boterea bilatu zuen eta, seguruenik, gaizki eginiko kalkuluek
traizionatu zuten. Eta 1812an Buenos Airesen zehar ziren zurrumurruek
konspirazio bat burutzen ari zela zioten -Rivadavia, Pueyrredon
eta Chiclanaren triunviratoa ezereztatzeko- eta zurrunbiloko begian
Martin jartzen zuten. Hori zela eta, uztailaren 5ean detenitu eta
biharamun goizean fusilatu egin zuten aramaioarra, bere gorpua Maiatzeko
Plazan zintzilakatu aurretik.
Egun hartako lekuko batek -Juan Manuel Beruti izenekoa- bere "Memorias
Curiosas" deritzanean honela deskribatzen du Alzagaren ejekuzioa:
"... salió al suplicio de la cárcel pública
con su propia ropa, sin grillos y sin sombrero, advirtiéndosele
mucha serenidad, que no parecía iba a morir... Fue su muerte
tan aplaudida que, cuando murió, se gritó por el
público espectador: "¡Viva la Patria!"
repetidas veces y "¡Muera el tirano!", rompiendo
enseguida las músicas militares el toque de la canción
patriótica. Fue tal el odio que con este hecho le tomó
el pueblo al referido Alzaga, que aún en la horca lo apedrearon
y le proferían insultos... No ha recibido hombre ninguno
de esta capital, después de Liniers, mayor honra por sus
hechos que éste; pero tampoco se le ha quitado, en los
300 años de su fundación, la vida a otro alguno,
con mayor afrenta e ignominia de su calidad que a él...
llegado el contento que recibió el pueblo, luego que fue
preso... y ejecutada su muerte, a poner tres noches iluminación
general en la ciudad, en celebridad de haber concluido con el
mayor enemigo de la patria... habiéndose excedido a tal
la alegría del público con la justicia que se hizo
de este hombre que se tiró públicamente dinero a
la gente común en celebridad, en la plaza, por varios individuos.
Este hombre (Alzaga) era alto de cuerpo, flaco, seco, muy blanco,
muy tieso y sólo sí algo inclinada para adelante
la cabeza, cano pues tenía más de 60 años
(4), y de una cara
y aspecto respetuoso..."
Ez da deskribapen bakarra. Ondoko beste hau ere bikain datorkigu
aramaioarraren azken uneak berpizteko. Goian aipatu Enrique Williams
Alzagak eskaintzen digu:
"Viste chaquetón verde oscuro, calzón
a la rodilla y botas de campaña. Lleva un crucifijo de
madera en la mano. Avanza lentamente, con paso firme y decidido.
Al pasar bajo el arco grande de la Revoca se detuvo, se hincó
a los pies del sacerdote y oró. Llegado al lugar del suplicio,
junto al zanjón que circundaba el Fuerte, no permitió
que le vendaran los ojos y antes de sentarse, en un gesto de hidalga
arrogancia (5), sacudió
con su pañuelo el polvo del banquillo. Pidió a los
tiradores que no le apuntaran a la cara" (6)
Bost urte justu ziren, ingelesen inbasioa zela eta, porteñoek
Alzaga heroien olinpora igo zutenetik. "Alzagaren konspirazioa"-ko
prozesuan, dena den, ez zen frogatu ahal izan Alzagaren esku hartzea.
Historialaririk gehienen aburuz, triunviratoak exageratu egin zuen
konspirazioaren neurria, Alzaga eta bere taldearen arriskua erditik
kentzeko.
Hasieran nioen bezala, historialari guztiak ez datoz bat Martin
de Alzaga epaitzeko orduan. Horrela, Enrique Gandiaren hitzetan
"1812koa izan zen argentinar historiako krimenik higuingarrienekoa.
Errakuntza judizialak edota nahasi politikoak Martin de Alzaga eta
beste berrogei lagun eraman zituzten heriotzara, elkar ezagutzen
ez zuten arren eta sekula amestu ez zuten konspirazioan parte hartzea
akusatuta" (7).
Gandiaren ustez, Alzaga hil eta bi hilabetera piztu zen Alzagari
egotzi iraultza, eta erreboltaren buruan José San Martin
jenerala zegoen, urte hartan bertan Espainiatik Buenos Airesera
iritsita. "Urkatik zintzilikatutako Alzagaren gorpuaren inguruan
dantza egin zuen herria berriro bildu zen, hura zigortu zuten epaileak
botatzeko, eta munstro, eraile eta tirano zirela aurpegiratzeko"
(8).
Martin de Alzagaren heriotzak ez zuen argitasunik jarri urte haietan
gizarte porteñoak bizi izandakoaz. Aitzitik, haren desagerpenak
galdegaien kopurua handitu zuen eta gaur egun ere halaxe jarraitzen
dugu, misterioa deskorapilatu gabe. Histoarialarien tesietarako
kristalezko kolorearen araberako planteamenduek ere ez dute laguntzen
argitze-lantegian. Bitxikeria gisa diodan, espainiar hiriburuan
"Alcalde Martin de Alzaga" kalea dugun bitartean, argentinarreko
kale izendegian alzagatarren presentzia ugariagoa dela. Horrela,
"Plazoleta Martin de Alzaga" bat dugu, gure pertsonaiari
eskainia, Palermo auzoan kokatua, estatubatuar enbaxadaren aurrean.
Beste bat, "Pasaje General Félix de Alzaga", Martinen
semeari eskaini zitzaion.
Alzagatarren leinuak historia egiten jarraitu du mendetan. Aramaioarraren
seme-alaba ugariren ondorengoari esker, ospetsuak izan dira argentinar
historian Alzaga abizena eraman duten zenbait gizon-emakume. Horratx,
adibide soil gisa, Felix Felipe Martinen semea, diputatu, ministro
eta argentinar armadako jenerala; Felicitas Guerrero de Alzaga,
XIX.koaren hondarretan bonaerensear gizarteko emakumerik dirdiratsuenetakoa;
Felix Saturnino Alzaga Unzue, XX. mendean hiriburuko goi gizarteko
eredurik adierazgarrienetakoa. Hain zuzen, azken horri dagokion
aipamen batekin amaitu nahi dut Martin de Alzagari eskainitako tarte
labur hau:
"Félix Alzaga fue propietario de la caballeriza
Alzaga Unzue. Sus colores -franjas coloradas y azules horizontales
y gorra azul- se lucieron en los hipódromos de Chantilly,
Deauville y Cannes. Un caballero -Félix- que su antepasado
el españolísimo don Martin de Alzaga hubiera considerado
quizás algo afrancesado a juzgar por sus gustos, aunque
digno descendiente de su noble orígen vasco, hidalgo y
aristocrático, como solía afirmar -y actuar- el
primer De Alzaga, con arrogancia de cuna" (9)
Martin de Alzagaren gaineko bibliografia
labur bat:
Alzaga, Martín de. Cartas (1806-1807). Buenos Aires:
Emecé, 1972. 272 p.
Demaría, Antonio M. Perfiles históricos. Buenos
Aires: La Pampa, 1887. 181 p.
Estrada, Marcos. Medio año de convulsiones en el Virreinato
del Río de la Plata : de la misión Sassenay al 1º
de enero de 1809. Buenos Aires: Ed. Cajica, 1964. 76 p.
Gandía, Enrique de. Historia de las ideas políticas
en la Argentina. Buenos Aires: Claridad, 1960-. v. ISBN: 950-620-029-7.
Gandía, Enrique de. Otro Alzaga. Santa Fe: Ultreya,
1949. 151 p.
Lamas, Andrés. Rivadavia : su obra política y cultural.
Buenos Aires: Tall. gráf. L. J. Rosso, 1915. 366 p. En: La
cultura argentina.
Lozier Almazán, Bernardo. Martín de Alzaga : historia
de una trágica ambición. Buenos Aires: Ed. Ciudad
Argentina, 1998. 278 p. ISBN: 987-507-043-2.
NOTICIAS interesantes que se han recibido del Sud, y que se publican
con conocimiento del Superior Gobierno. Buenos Aires: Imprenta
del Estado, 1852. 1 h.
Palenque Carreras, Arturo. Martín de Alzaga: defensor
de Buenos Aires. Buenos Aires: Alianza Libertadora nacionalista,
1944. 39 p. (Cuadernos de Alianza)
Quesada, Héctor C. El alcalde Alzaga: la tragedia de su
vida. Buenos Aires: El Ateneo, 1936. 109 p.
Segreti, Carlos S.A. El partido español: la facción
alzaguista. Córdoba: 1965. p. 331-288.
Udaondo, Enrique, 1880-1962. Don Martín de Alzaga en la
Reconquista y defensa de Buenos Aires. Buenos Aires: 1956. p.
86-87.
Williams Alzaga, Enrique. "Memorial" presentado al
ex-rey Carlos IV en 1815. Buenos Aires: 1963. 55 p.
Williams Alzaga, Enrique. Documentos relativos a la actuación
de Martín de Alzaga en la Reconquista y en la Defensa de
Buenos Aires: 1806-1807. Buenos Aires: 1948. 204 p. retr.
Williams Alzaga, Enrique. Alzaga 1812. Buenos Aires: Emecé,
1968. 306 p.
Williams Alzaga, Enrique. Disertación por Radio del Estado;
el Cabildo abierto del 14 de agosto de 1806. Buenos Aires: 1956.
p. 94-96.
Williams Alzaga, Enrique. Dos revoluciones; 1º de enero
de 1809- 25 de mayo de 1810. Buenos Aires: Emecé, 1963.
278 p. ilus.
Williams Alzaga, Enrique. La conspiración de Alzaga a
la luz de una nueva documentación. Buenos Aires: 1962.
84 p. ilus.
Williams Alzaga, Enrique. Martín de Alzaga, en la Reconquista
y en la Defensa de Buenos Aires (1806-1807). Buenos Aires: Emecé,
1971. 254 p.
Williams Alzaga, Enrique. Vida de Martín de Alzaga, 1755-1812.
Buenos Aires: Emecé, 1984. 290 p. ISBN: 950-43-0229-9.
(1)
Ayer y hoy del Valle de Aramaiona (Jesus Maria Elejalde)
(2) Martin de Alzagaren
kontra izango den epaiketa batean lekukotasuna aurkeztu behar izan
zuen Santa Colomak eta horrek dioenez, berarekin lanean hasi zenean
Alzagak ez zekien euskaraz mintzatzen baino
(3) Vida de Martin
de Alzaga, 1755-1812 (1984.Enrique Williams Alzaga)
(4) Martin de Alzaga hil
zutenean, 56 urte zituen.
(5) Jesus Mari Elejaldek
bere liburuan dioenez, Aramaioko Ibarreko Aitonensemeen (Hijosdalgo)
Elkarteko kidea zen Martin, Ignacio Muruak ordezkatuta.
(6) Vida de Martin
de Alzaga, 1755-1812" (1984.Enrique Williams Alzaga)
(7) Martin de Alzaga.
Auñamendi Entziklopedia
(8) Martin de Alzaga.
Auñamendi Entziklopedia
(9) Malele Penchansky-k
idatzita, 1994ko urtarrilaren 9ko "Noticias" aldizkarian.
Josemari Velez de Mendizabal |