Betidanikoa
du euskaldunak eguraldiaren eta aroaren jakin-mina. Nola ez, bada?
Itsasora zabaldu behar du arrantzaleak. Basoan zurgai bila sartu
behar langileak. Ihaurkin bila noiz joango, laborea noiz onduko,
lur-zotalak noiz irauliko dabilen baserritarrak eguraldiari erreparatu
behar dio aurrez, ahal izanez gero, egun batzuk aurrerago. Artzainak
nongo larretara zabalduko ardiak?
Beharrak espabilatuta
Halaxe, beharrak espabilatu izan du gizakia bere aurrerapenak parera
egokituko bazituen. Eta naturarekin hain estuki konpondu beharra
duen baserritar, arrantzale eta artzainak ere, aroarekiko harreman
estuak landu ditu. Meteorologia alorrik badenik ere sumatu gabe,
meteorologia-izen horren mami eta ezpalik jakin gabe, eguraldi
eta aroaren usnamen zorrotzik duen lagun tartekorik ukan du noizean
behin auzogune eta paraje bakoitzean.
Horrelako aro-adituei zor diegu euskaldunon artean iragarpen entseguak
bota izana. Beharrak eskatuta, lan frankotan indarrak alferrik galduko
ez bazituzten, erdi-lotsatuta, baina hainbat baliabidetatik saiatu
ziren eguraldiaren martxari antzematen. Urriak ziren haien baliabideak,
urriak koanto! Eskolak etenaldi asko izandakoak ziren baserriko
seme-alabak: lanaren beharrak eta presak agintzen zuen eta eskola
orduak murritz ohi ziren. Egutegiak ere berandu arte ez ziren azaldu
sukaldeko zintzilikariotan.
Harrokeriarik gabe
Lanak umildua genuen gure aurrekoa. Etxeko seme gazteren batek
erronka bota orduko, 'bihar baietz eguraldi garbia etorri!'
han apalduko zuen aitajaunak: Jainkoak nahi badu esanda hobeto
geldituko hintzake! Jainkoaren esku uztea onartu behar zen alde
batetik, baina baita iragartzea guztiz zaila zela ere baieztatu
behar zen. Hobe jainkoen esku utzi kontu horiek...
Apaltasunez bildutako jakitate hori guztia, bere sormenekoa ez
bailitzan, esaera-zahar atsotitz bihurtukoetan eta inorenak ez diren
horietan bildu eta itzuliko zuen. Hori da utzi diguten altxorra,
altxor preziatua, baina izenpetu gabea. Han-hemenka barreiatuta,
paraje batetik bestera dituzten aldaerak aparte, mila inguruko sorta
dotore eta anitza ezagutu eta batu ahal izan dugu eguraldiaren nondik
norakoa apuntatu edo finkatu nahi duten esaldien artean. Asko eta
asko santu-egunen ingurukoak dira: 200etik gora santu-egunekin uztartuak.
Horrek frogatzen digu nola orduko egutegia elizaren itzalean zihoan,
bestelakorik ez baitzen eskura.
Atsotitzen jakinduria
Goiz gorri, galgarri; arrats gorri, ongarri. Honelako esaerak
jakitate asko biltzen du. Batean batzen ditu esaldi honek beste
hainbatek laino gorriekiko duten eskarmentua. Izan ere, Babilonia
eta Persia aldeko aspaldiko hainbatek ikasita zutena, euskaldunek
ere erreparatu baitzuten gure zerualdean. Naturarekiko lotura hain
estua bizi izan duen herriak badu berezko sanidade berezia: Gaztetan
abestu, gizonetan gogoratu, zaharretan esaerak esan. Horregatik
deitzen diegu gure asaba zaharren jakituria biltzen duten erranairu
hauei atsotitz, esaera-zahar... zahartzaroa bide baita
esaerak jaulkitzeko tenore egokiena.
Esaera horietan barna, halako hari euskarri sendo eta trinko bat
ageri da: eguraldiari laguntza eskatzen zaio bizitzak behar duena
eroso lagun dezan. Alegia, negua negu izan dadila, uda bera ere
uda izan dadin. Urtaro bakoitza sano porta dadila berean. Bataren
ahuldadeak, neguarenak batik bat, besteen saltsa galtzen eta mintzen
dutelako. Negu bigunegiak, uda gogorregia. Urte elurtsua, urte
garitsua. Eguberritan eguzkia, Pazkotan elurra...
Nolanahi ere, eguraldiak diosaletarako ez-ezik, solasa lotzeko
balio zuen orduan ere. Hori esan daiteke, guk euskaldunok daukagun
eguraldi-esan sorta aberatsa kontuan hartuta. Bazuten gure aurreko
haiek horren berri ere: Urte gaiztoa, berri hutsa. Hara hor
zenbat berri, solas, berbeta eta entretenimendu sortzen zuen, aurtengoaren
tamainako negualditxoak, adibidez.
Baliabideak
Meteosatak, radarrak, azaleko eta gainerako eguraldi-mapa eta enparauak,
askoz gertuagokoak eta merkeagoak eskuratu zituen gure aurrekoak:
eguraldiaren koska eta koxka bakoitzari non antzeman, hantxe saiatuko
zen hurrengoan ere zantzu ttikienari erreparatzeko pronto, bost
zentzuak adi-adi zituela. Haizea eta lainoak zituen asma-lagun fidelenak,
egia; baina, baita beste sozio koadrila gertukoa ere: txori eta
beste hegaztiak, ardi eta gaineratiko aziendak, tximeleta eta eltxo,
zizare, zapo eta barraskilo...
Goizean goiz, zozoren bat barraskiloa kaxka-kaxka, harri
baten kontra joz somatzea, ez zen kontu txarra, eguraldi sanoa zetorrela
baieztatzeko. Birigarroren bat, zizareari tenka mokoaz lurretik
erabat nola aterako ere, goiz sanoaren adierazgarri zitzaizkion.
Laian edo aitzurrean, zotalpean zegoen zizare korapilatuak lehortea
datorrela emango zion anuntzio. Biziago dabilenean, euria ez da
aparte ibiliko. Zapoa klin klon, bihar eguraldi ona, zioen, berriz,
zapoaren klin bakeosoaz jabetzean.
Goiz bustiantza bazen, bare, zizare eta barraskiloak
erreparatu behar zituen. Txoko aldera gordetzera bazihoazen, seinale
ona; kanporantz airoso bazebiltzaten, euriaren pregoia zituen hauen
pausaje geldoak.
Eulia ugari izan ohi da baserrian: azienda dabilen tokian, euli
jeneroak han. Bakeoso eta patxadan bazebiltzan, kontu egokiak atera
zitzakeen. Latoso, pelma, setati, buruz-behera...seinale
txarra zen hori: ekaitza laster edo euritara joko zuen. Euliak
pikante, denpora txarra. eulimandoak aserre, eurixe dator...
Euria abisatzeko lagun zintzoena mandioko habeondoan zuen, goialdeko
sare itxiaren txokoan gordeta. Txokoan ezkutatuta bazegoen, bakea
zuen aroak. Sarean bistan bazebilen armiarma, kontuz gero! Armiarmak
bistan, euria seguro. Armiarma pareten korrika, euria ondotika.
Xoriak igerle
Kukua kantatzean, euri ta eguzki. Udaberrikoa da kuku-kantaren
prenda. Bietatik eman ohi du sasoi horrek: euri azkarra eta eguzkia
tarteka. Garizuma hondarrean etorri, San Pedro aldera isildu. Bazen
ongi neurturik zeukana txori honen aldia: 20 astez kuku, San
Pedrotan mutu.
Kukuak txantxangorria iñude, eguterak masail bat añube.
Txantxangorriak badizu berriak emateko abildadea, eta etxetik gertu
bada, eta adi bazabiltza, emanen dizu euriaren berri ere. Kantuan
abisatzen dizu, mendebala badabil, ordu asko baino lehen euritakoaren
beharrean zaretela.
Bai gurean eta baita iparraldean ere, kasu egin zaio okilari.
Bere kantu zorrotz eta monotonoak, euri pregoitzat hartu izan dira.
Okilak kantetan, egarri da ta laster da euria. Iparraldean
asko erreparatzen zuten non kantatzen zuen okilak: errekondoan bazen,
euritara joko zuen aroak; hegitan bazen, lasai... Beste horrenbeste
esan ohi da hegoaldeko parajeotan garaztarroarekin: okilaren
antzera, non botatzen duen bere kantaera monotonoa, horixe da gehien
kontua: sasi artetik euriaren anuntzio dateke; zuhaitz adar goikoetan,
aldiz, eguraldi gozoaren pregoi... Antzerako kontua erantsi diote
zozoari beste eskualde batzutan: Zozoa sasi tartean kantuan,
gaberako euria.
Enarak goizean txio-txioka, eguraldi ona. Enarak goian hara
ta hona, luzaro eguraldi ona. Enarak lur inguru, ekaitza seguru.
Enarak ur bazterrean, euria seguru... Non ibiliko dira, bada,
enarak? Eltxo eta euliak dabiltzan tokian. Antizikloi garbiz, eltxoak
goietan; haize zurrunbilo nahasian, aldiz, depresio-gune batek behealdera
jaisten baditu eltxoak, enarak ere lurraren pare, azpitik ibili
behar...
Hegaztiak
Kukurruku asko jotzen duenean oilarrak, ohikoak baino gehiago,
eguraldiaren mudantza datorrela esan ohi da. Oiloa zorriketan
hasiaz gero, eguraldia txartuko da. Arratsaldeko lehen orduotan
kukurruka badabil, edo inularrean zuhaitz adarretara jotzen badute,
seinale euria datorrena. Ekaitza ere, larri ibili...
Putre eta sai, sai-zuri eta miru, denen hegada zaintzen
zuen gure asaba zaharrak: han goian zein haize zebilen jakin nahi,
aldaketa zantzurik ba ote zen. Antzarrak ere atezu zainduko
zituen. Bazekien haien martxak eguraldi koskaren bat adierazi zezakeela
ere: Goian antzarrak, artzaiak egun txarrak!
Aziendak
Ganadua beti zen tentuz errepara beharrekoa: bai ahuntzak edo ardiak,
baita zaldi eta abereak, denen ibilera zitzaion aztergarri. Ikuiluan
isilik edo zintzarri-jole, beherantz edo gorantza doazen, zeharkaka
ibilerak nahiz egonezinak, izango zuten eguraldi aldaketen bat gertuan.
Behiak isilik badaude, laster eguraldi txarra. Astoa ere
beti izan du lagun gertukoa baserritarrak: Garagarrak egiten
astua, laster da busti lastua. Astoa bera ere igerletzat zerabilten
aziendak euren artean hitz egiten zuteneko hartan: Izketa eitten
zuten denboran, astoak esan omen zun: Gabaz intza, egunez bero,
ifarra bela, egoa bero.
Katu-zakurrek ere bazuten estimaziorik eguraldiari begira.
Zakurra belar-jale, euria laster. Katua patxarosoago zebilen
beti ere, subazterrean bero gehienetan. Katua nortera begira
aurpegi garbiketan, denpora txarra; surtera begiraten badeu, eurie
seguru. Katuak sutondora arrimetan badiez, eurie seguru. Kanporantz
doanean, aldiz, ehiza zaintzera edo eguzki gozo epelean etzatera,
eguraldi ona.
Urtaroen peskizan
Urtaro bakoitzeko landareen martxa oso gertutik zaindu ohi zuen.
Eguraldiari jarraiki baitatoz hostoa eta lorea, eta eguraldiaren
arabera fruituen ekarria ere. Segida horrek denak euria neurriko
behar zuen, eguraldi ahalik eta sanoena, fruitondo bakoitzak bere
tenplea irabaz dezan. Beste horrenbeste soroko eta baratzeko landareekin
ere. Landako lana ere landareen martxak gidatzen zuen urtea. Eta
aziendenak. Bazekien zeozer harako hura asmatu zuenak: Maiatzetik
SanMieletara ardiak nere kontu; SanMieletatik maiatzera, nagusiaren
kargu. Benetan zaindu beharrekoak, ekaitzak ziren: beroaren
eta hotzaren arteko koskak sortuak direnez, abisu guztiak gutxi
izango ziren, lore eta fruitua bete-betean harrapa zitzakenean eta
kalte-iturri ziratekenean.
Halere, gustukoa zuen etxeko ugazabak, eguneko lanak utzi eta subazterrean
abarka eta azpantarrak kentzean, argien eta arduratuen zuen bilobari
lezioa hartzea: Zein txori entzun dituk gaur kantuan? Nongo lainoxkak
ikusi dituk? Urrunekoak ala gertukoak? Eta...? Biharko zer izango
ote dugu...? Galderen atzetik, noski, zenbaterainoko arreta
sumatzen zuen, bere lezioa zetorren. Goiztxo hasi duk gaur hontza
uluka; ez diat uste bihar ezer onik dugunik... Hontza eta urubi,
aro-adierazle zintzotzat zituen denak ere: ohetik zainduko zituen
goizean goiz. Baina, labore-lanetan zela, halakoren batean, eguerdi
ostean entzuten bazion, -normalean hiru ujuju botatzen zituen
horrelako tokiz-kanpokoetan-, orduan bai, bazekien ziur, denporale
eskasa ta txarra zetozela aldi baterako.
Unibertsitate propiala
Hortxe, naturaren eskolan, azienda, hegazti, txori ta beste, landare
ta zuhaitz, haize eta euri, hodei eta laino, ekaitz eta uztargi,
horien denen bidez landu zuen bere jakinduria berezkoa. Gaur egun,
zientziaren matrikulak egiazta ahal izan dizkigu, naturarengandik
gertu ikasitakoek bazutela barru-barruko mami eta ezpalik. Gertutik
jarraitu ahal zion eguraldiari, lanik gehienak ere naturarekin harreman
estuan bete behar zituelako.
Luzarorako jakinmina ase nahi bazuen, jakin zuen Gaztela aldean
hurrengo urte osoko eguraldi-lanak hartzen zituztela abuztuan. Cabañuelas
izaki, ez zuen horren izenik ikasi. Entseatu bai, zotalegun
eta sortelegun deituko zien berak, baina abuztua berotxoa
eta langintza askotako hilabetea izanik, urtarrilean egin zuen aproba.
Gutxik sinetsi zioten, eta bertanbehera gelditu zitzaion eskola
hori. Koarta-tenporena bai, zaharragoengandik ikasita, hori
berezkotzat gordetzen zuen, baina susto handiegiak pasatuta zebilen,
tartean ustegabeko jipoiak ematen zizkiolako eguraldiak. Koarta-tenporetako
bigarren egunak failo ematen zion gehiegitan...
Eskarmentua baita, edozein alorretan bezalaxe, eguraldiarekiko beharrezkoena.
Eskarmentua koanto!
Pello Zabala, EHKME Fundazioko
kidea |