Aurkibidea
- Euskal Autonomi
Erkidegoian etxebizitzan emandako indarkeriaren eta agresio sexualen
biktimentzat ofiziozko txanda berezitua eta laguntza juridikoa
emateko zerbitzua sortzeko akordioa bere ingurmariak.
- Ofiziozko txanda
berezi honen ezaugarri nagusiak
- Ofiziozko txanda
honetan arituko diren abokatuak
- Prokuradoreen
laguntza
- Ofiziozko txanda
berezi honen zuripena edo justifikazioa.
1. Euskal Autonomi
Erkidegoan etxebizitzan emandako indarkeriaren eta agresio sexualen
biktimentzat ofiziozko txanda berezitua eta laguntza juridikoa emateko
zerbitzua sortzeko akordioa. Bere ingurumariak.
2002ko irailaren 26an Euskal Jaurlaritzak eta Espainiar Epai Boterearen
Kontseilu Orokorrak etxebizitzan ematen den indarkeriaren kontrako
behagune bat sortzeko akordio bat sinatu zuten. Akordio honen harira,
behagune honek Euskal Autonomi Erkidegoan justizia administrazioan
etxebizitzan emandako tratu txarren inguruko erabakien jarraipen
zorrotza egingo du. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, bi konpromezu hartu
ditu bere gain: tratu txarrak pairatu izan dituzten emakumeei beraien
pentsutan seme-alabaren bat baldin badute 469 euroko errenta bat
emango zaie; horrez gainera, aipatutako biktima hauen esku gaian
aditua den ofiziozko abokatu bat jarriko da. Bigarren xede hau betetzeko
asmoarekin, Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Sailak Legelarien
Euskal Kontseiluarekin beste akordio bat sinatu du, "Euskal
Autonomi Erkidegoan etxebizitzan emandako indarkeriaren (edo bortxakeria,
biolentzia) edo/eta agresio sexualen biktimentzat ofiziozko txanda
berezitua eta laguntza juridikoa emateko zerbitzua sortzeko akordioa",
alegia. Azken honen bitartez ofiziozko abokatu txanda berezi
bat ezarri da Euskal Autonomi Erkidegoan genero indarkeria, etxeko
indarkeria eta agresio sexualak pairatzen dituztenen babeserako. Aipatutako akordioaren arabera, Euskal Gobernuko Justizi Saila
zerbitzu hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bide materialak
ematera eta Euskal Autonomi Erkidegoko abokatuen hiru elkargoei-
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoa-, beraietan izena emanda dauden abokatuak
tratu txarren inguruan aritzeko beharrezkoa duten heziketa emateko
laguntza ematera konprometitzen da (2).
Era berean, Legelarien Euskal Kontseiluak txanda berezi honen bitartez
ematen den zerbitzua osokoa edo integrala izatera (biktima bakoitzarentzat
abokatu bakar bat, tratu txarren ondoriozko prozedura guztietarako,
zibilak zein penalak) eta txanda berezi hau osatzen duten abokatuei
heziketa eta sentsibilizazio ikastaroak ematera behartzen du bere
burua.
Akordio hau bai Eusko Jaurlaritzak, bai Legelarien Euskal Kontseiluak
herri interesak kudeatzeko duten betebeharraren islada da eta etxeko
biolentzia eta agresio sexualak pairatzen dituztenei, kalitatezko
zerbitzu juridiko espezializatu bat - gaian adituak diren abokatuen
bidez- emateko lankidetza du helburu.
2. Ofiziozko txanda berezi honen ezaugarri nagusiak.
Tratu txarrak pairatzen dituztenen babeserako sortu berri den ofiziozko
txanda hau, egunerarte dauden beste ofiziozko txandetatik askea
edo independientea eta desberdina da: egungo legediak etxeko
indarkeri eta agresio sexualtzat aurreikusten dituen kasu guztietan
arituko da.
Ofiziozko txanda berri honen ezaugarri nagusi bat bere dohakotasuna
da, izan ere laguntza juridiko hau urtarrilaren 10eko 1/1996 legearekin
bat - Dohako lege laguntzari buruzkoa - dohaineko izango
baita.
Euskal Autonomi Erkidegoan joan den 2002ko urritik abian den zerbitzu
berri honek (3), asteko
7 egunetan eguneko 24 orduetan zehar abokatu goardia iraunkor
bat antolatzen du. Horrela, abokatuok epaitegietatik, ospitaletatik
eta gainerako gizarte zerbitzuetatik -Ertzaintza barne- etxeko indarkeri
edo agresio sexualen kasuren baten ezagupena duten lehen mementutik
bertatik, berehala, lanean hasiko dira.
Zerbitzu hau astero bi abokaturen bidez emango da lurralde
historiko bakoitzean: bata asteleheneko goizeko bederatzi eta
erdietatik hurrengo ostiraleko bederatzi eta erdietararte egongo
da etengabe goardian eta bestea asteburuan -ostiraleko bederatzi
eta erdietatik hurrengo asteko asteleheneko bederatzi eta erdietararte.
Aste honetan zehar abokatu hauek une orotan egongo dira tratu txarren
pairatzaileen eskutara. Gainera, kasuan kasuko, eta beharrezkoa
izanez gero bi abokatu hauek harremanetan jarriko dira.
Aipatutako goardietaz arduratzeaz aparte, aste bakoitzean txanda
berezi honi dagozkion abokatuek, astean birritan (printzipioz, astearte
eta ostiraletan) bi orduz lurralde historikoetako bakoitzeko abokatuen
elkargoaren egoitzan aholkularitza funtzioak beteko dituzte. Aholkularitza
honen helburua, zalantza barik, gaian adituak diren abokatuek, etxeko
indarkeria eta agresio sexualei buruz informazio juridikoa behar
dutenen beharrizanei erantzutea da (4).
Premiazko egoera batean, goardian dagoen abokatua aurkitzeko,
biktimek Abokatuen Elkargoaren jabetzakoa den telefono mugikor batetara
deitu ahal izango dute. Telefono hau bakarrik txanda berezi honetarako
erabiliko da, eta txanda berezi honen arduran dagoen abokatuak soilik
izango du bere esku, horrela biktimen deiei,- biktimek zuzenean
eginikoak edo berauen izenean Ertzaintzaren komisaldegietatik, Biktimei
Laguntzeko Zerbitzutik edo ospitale edo gainerako laguntza zerbitzuetatik
beste pertsona batzuk eginikoak- zuzenean eta jarraian erantzun
ahal izango dizkielarik.

Tratu txarren biktimaren deia jaso bezain pronto, txanda bereziko
abokatua berehala biktima dagoen tokian agertuko da. Agerpen hau
ezin da inolaz ere atzeratu (5):
abokatuak biktimari lehenengo mementutik emango dio laguntza,
tratu txarrak pairatzen dituzten unetik bertatik. Lehenengo laguntza
hau akzio penal eta zibilen ingurukoa izango da batez ere. Gainera
ofiziozko txanda berezi honen arduran dagoen abokatuak berak lagunduko
du biktima Ertzaintzaren komisaldegira edo goardian dagoen auzitegira,
tratu txarrei dagozkien salaketa tarteratzera, aurrearretazko neurriak
eskatzera edo beharrezkoak izan daitezkeen bestelako akzioen egikaritzera.
Abokatuak arreta berezia jarriko du, batez ere biktimen bizitza,
osotasun fisikoa edo seguritatea arriskuan daudenean, edo eta beren
etxebizitzatik kanpo geratzen direnean, berauei egoitza bat aurkitzen
laguntzeko (6).
Gainera, jadanik aipatu dugun bezalaxe, goardian parte hartzen
duen abokatua izango da biktimak gerora izango dituen prozedimendu
guztietan (zibilak, familia arlokoak hain zuzen ere, zein penalak)
aholku eta defentsa osoa emango dituena, kasu batean salbu: biktimak
jadanik eta aurretiaz ofiziozko beste abokatu bat izendatua duenean.
Azken kasu honetan goardian dagoen abokatua arinago izendatutakoarekin
harremanetan jarriko da, berak ezagutu dituen tratu txarren eta
honen inguruko gertaeren berri emateko. Hala ere, eta arau orokor
bezala, esan behar aipatutako salbuespenaz at, ofiziozko txanda
berezi honek ematen duen zerbitzu juridikoa integrala edo osoa
dela: letratuak prozedurak- zibilak zein penalak- dituen egintza
eta jazoera guztietan parte hartuko du (sententzien betearaztea,
neurrien aldarazpena, helegiteak,...).
Txanda berezi honen lerro nagusiekin bukatzeko, azpimarratu behar
beronen antolaketan ematen den beste berme garrantzitsu bat: goardian
dagoen abokatua aldaezina, ordezkaezina da. Aste jakin bakoitzean
txanda berezi honen ardura duten bi abokatuak ezin dira beste kide
batzuengatik aldatuak izan, beti ere ez ohiko kasuak salbu (gaixotasuna,
istripua,... ). Edozein kasutan ere, ez ohiko gertaera hau dagokion
abokatu elkargoari jakinarazi beharko zaio ahal bezain laster, ordezkapena
taxuz zuritu behar izango delarik.
3.Ofiziozko txanda honetan arituko diren abokatuak.
Zeintzuk abokatuk beteko dute txanda hau? Askatasun osoz txanda
honetan bere izena ematen duten abokatuek, beti ere txanda honetan
izen emateko lau betekizun bete beharko dituztelarik:
- Abokatu elkargoan hiru urtetik gora izena emanda egotea, hau
da, gutxienez elkargoan hiru urtetako antzinatasuna izatea.
- Tratu txarretan adituak izateak. Gai honetan jantzitzat joko
dira, besteak beste abokatu elkargoek etxeko indarkeriari buruz
eman izan dituzten ikastaroetan parte hartu izan dutenak (7).
- Abokatu Elkargoek etorkizunean gai berezi honi buruz antolatzen
dituzten ikastaroetan partehartzea. Partehartze hau derrigorrezkoa
izango da bai abokatuek txanda berezi honetan izena eman ahal
izateko, bai txanda berezi honen barruan egon edo iraun ahal izateko
(8). Prestaketa honekin
abokatuei heziketa egokia emateaz at, tratu txarren inguruan berauek
sentsibilizatzea bilatzen da. Izan ere, tratu txarren eta agresio
sexualen biktimek laguntza profesionalaz- legeetan adituarenak,
alegia- gain, laguntza zabalago bat behar baitute (psikologikoa
gehien bat).
- Beste ofiziozko txandetan, Familia (ezkontza zuzenbidea, alegia)
eta Zigor arloko txandetan eta atxilotuari laguntzan alegia, izen
emanda egotea.
4.Prokuradoreen laguntza.
Prozesuan aritzeko, biktimek orohar abokatuaren defentsaz gain
(Prozedura Zibileko Legea-ren 23. artikulua), prokuradore
baten ordezkapenaren beharra daukate (Prozedura Zibileko Legea-ren
31. artikulua). Hau horrela izanda, ofiziozko txanda berri honek
arazo honi ere konponbide egokia ematen dio: hiru lurralde
historikoetako Prokuradoreen Elkargoek, ofiziozko txanda berezi
honetako abokatuek eskatu bezain pronto, premiarekin, prozedura
zibil eta penaletan biktimak ordezkatuko dituzten prokuradoreak
izendatu beharko dituzte.
5.Ofiziozko txanda berezi honen zuripena edo justifikazioa.
Nola zuritzen da ofiziozko txanda berezi hau? Beharrezkoa da mementu
honetan holako beste zerbitzu bat sortzea? Egia da tratu txarrak
pairatzen dituztenak, beharrizan juridikoez gain, eta sarri askotan
premia handiagoarekin, beste mota batzuetako beharrizanak dituztela
(laguntza psikologikoa, sendagileena,...). Hau horrelaxe da, eta
ukatzea gauzei bere garrantzia kentzea litzateke. Baina inolako
zalantza gabe, tratu txarrek suposatzen duten arazo larria (9),
duten gizarte oihartzuna eta biktimari eta honen inguruneari sortzen
dioten kaltea kontutan hartzen badugu, indarkeria ematen den mementutik
bertatik laguntza juridiko osoa emateko ekimen hau guztiz zurituta
dago. Arazo hain larri baten aurrean eskura ditugun "arma"
zilegi guztiak erabili behar dira, legea barne. Gainera, norbait
atxilotzen denean segituan, berehala baldin badu ofiziozko abokatu
bat bere zerbitzura, zelan ez zaie eskubide bera aintzatetsiko tratu
txarrak pairatzen dituztenei?
(1)
Berau arautzen duen Erregelamenduan oinarrituz hurrengo lerroetan
txanda berezi honen nondik norakoak azaltzen ahaleginduko gara.
(2) "El Correo
Español - El Pueblo Vasco" (2002-09-27)-k dioenez Jaurlaritzak
200.000 eurotik gorako dirulaguntza eskeiniko dio partida honi.
(3) Arabako lurralde
historikoan 2002ko urtarriletik dago martxan, baina 2002ko urrian
Legelarien Euskal Kontseiluak hiru lurralde historikoetara hedatu
du, ofiziozko txanda hau "osoagoa" eginez.
(4) Aholkularitza hau
biktimentzat garrantzizkoak diren datuen inguruan emango da: epeak,
helegiteak, prozedurak, dohako justiziarako eskubidea duten ala
ez,..
(5) Ofiziozko txanda
berezi honetako abokatuak ezin izango du atzerapen hau zuritu, epaiketaren
barneko edo kanpoko egintzak egiten diharduela esanez.
(6) Horretarako Ertzantzarekin,
gizarte zerbitzuekin eta biktimen atentziorako bulegoekin harremanetan
egongo dira txanda berezi honetan diharduten abokatuak.
(7) Juana Balmaseda
Riperok, Bizkaiko Abokatu Elkargoko Dekanordea eta Legelarien Euskal
Kontseiluko kideak, 2002ko irailaren 23ko datarekin Bizkaiko Abokatuen
Elkargoan izena emana duten abokatuei ofiziozko txanda berezi honen
berri emateko idatziriko barne eskutitzean, Bizkaiko Elkargoak 2001ko
azaroaren 21an eta 22an etxebizitzan ematen diren tratu txarrei
buruz emandako ikastaroa aipatzen du.
(8) Ofiziozko txanda
hau arautzen duen barne erregelamenduak, gutxienez urtero 12 orduko
ikastaro bat egin beharko dela dio.
(9) "Deia"
egunkariak (2002-09-27) BLZ-SAV ("Biktimari Laguntzeko Zerbitzua-Servicio
de Atención a la Victima")-k adierazitako datu ikaragarri
batzuk zabaltzen ditu: 2001. urtean tratu txarren 969 kasu salatu
ziren, datuok benetak ematen den biolentziaren %20 soilik dela azpimarratzen
delarik. Bestalde, eta iturri berak 2002 lehenengoko sehilabeteko
datuak ematen ditu: epe honetan 247 emakumen eta 27 gizonek salatu
zituzten tratu txarrak.
Ixusko Ordeñana
Gezuraga, Deustuko Unibertsitatea
Argazkia: Emakunde Aldizkaria, 49. alea, 2002ko abendua |