Ziur aski zuetako askok galdetuko
diozue zuen buruari, nik neuk egin dudan bezala, ea zergatik jaiotzen
diren batzuk Ekialde Ertainean, eta erabateko eskasian bizi dira,
eta beste batzuk Mendebaldean, askoz ere bizimodu erosoagoa daramagula.
Zergatik jaiotzen diren batzuek zortea alde dutela, eta beste batzuk
beheak jota. Inoiz edo behin, galdera hau bera sexuaren esparruan
ere egin dut: zergatik naiz gizona, eta ez emakumea? Zuetako batzuek
pentsatuko duzue gauzak ez zirela hainbeste aldatuko sexu batekoa
izan beharrean bestekoa izateagatik. Ni, ordea, ez nago hain ziur.
Oro har, gizonok ez ditugu tratu txarrak jasaten; ez gaituzte haur
bat izatean lanetik botatzen, ez gaude sukaldean aritzera, plantxa
egitera edo gure aiton-amonak zaintzera behartuta. Eta, gainera,
salbu gaude detergenteen iragarkiak egitetik. Detergenteen iragarkietan
emakumeak bakarrik agertzen zirenekoa pasata dagoela? Ez pentsa.
Duela gutxi telebista piztu dut, eta detergente kaxa baten inguruan
dozena bat emakume azaldu dira. Gizartea aldatu ote den ez dakit,
baina iragarkia behintzat argi dago ezetz. Ez da gizon bakar bat
ere azaldu.
-Euskadi, XXI.
mendea. Gizartea matxista da oraindik ere? Bai, datuek hori esaten
digute. Esate baterako, emakumeen %32 bakarrik egiten du lan etxetik
kanpo. Hau da, hamar emakumetatik zazpi ekonomikoki beste baten
menpekoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan tratu txarren 2.000
salaketa jasotzen ditugu urtean. Gutxi gorabehera 100.000 emakume
inguruk jasaten dituzte tratu txarrak. Datu gehiago: emakumeok gizonek
baino emaitza akademiko hobeak lortzen baditugu, nola uler daiteke
emakumeen langabezia gizonenaren bikoitza izatea? Emakume zein gizonak
lana egiten duten hamar kasuetatik hirutan bakarrik laguntzen dute
gizonek etxeko lanetan... Ezin da ukatu aurrerapenak egon direnik,
baina oraindik ere asko dago egiteko.
-Icebergarren
tontorrean emakumeen aurkako indarkeria daukagu. Parlamentuan duela hamar
urte agertu nintzen lehen aldiz gai honi buruz mintzatzeko. Orduan
nahiko onetsita zegoen gizartean emakumeen aurka indarkeria erabiltzea.
Ez zuen ematen existitzen zenik ere, eta, gainera, ez geneukan horren
gaineko ikerketarik. Baina arazo hori ezagutzera ematea lortu dugu,
eta gero eta datu gehiago dauzkagu. Gure helburua da alde batetik
biktimei laguntzei, eta beste alde batetik gizartea sentsibilizatu
eta prebenitzea. Emakunden pentsatzen dugu indarkeria ez dela desagertuko
berdintasunik ez daukagun bitartean. Gizon eta emakumeen arteko
desberdintasunak jarraitzen duen bitartean, indarkeriak hor egoten
jarraituko du.
-Zure iritzian,
irtenbideak tratu txarrak ematen dituena zigortzearekin lotuta egon
beharko luke? Legeak finkatzen dituen
zigorrak, betetzen baldin badira, nahikoak dira. Baina irtenbiderik
onena desberdintasunekin amaitzea izango litzateke. Ez diozu
joko zure parekoa den beste bati, edo erantzuteko edo alde egiteko
gauza den bati... Jotzen baldin badiozu, zu baino gutxiago dela
iruditzen zaizulako egiten duzu. Beste alde batetik, biktimei eskaintzen
zaien laguntza askoz ere hobea da. Emakundek biktimei laguntzen
dieten zerbitzuen batzorde bat koordinatzen du. Hor daude, besteak
beste, Ertzaintza, botere judiziala, Osasun Saila, Gizarte Arazoen
Saila, etab.
-Lan esparruari
begira, enpresarioek egindako azterlanen arabera, emakumeek gizonek
baino gutxiagotan uzten diote lanera joateari, baina, hala eta guztiz
ere, enpresa askorentzat emakumeak karga bat dira, eta are gehiago
haurrak badauzkate eta 30 urtetik gorakoa badira. Beste zenbaitetan,
lan berdina egin arren, soldataren erdia jasotzen dute... Zer egin
dezakete erakunde publikoek enpresa pribatuaren munduan ematen diren
bidegabekeria hauek konpontzeko? Nik uste dut gauza asko
egin daitezkeela. Batez ere, enpresarioei erakustea emakumeak errentagarriak
direla. Estereotipoak baztertu egin behar dira. Eta hori egiten
saiatzen ari dira emakumeak enpresetan. Enpresarioen pentsaera aldatzeko
lanik handiena egiten ari direnak emakumeak dira. Erakutsi behar
zaie planetako ezagutzaren erdia emakumeen burmuinean dagoela. Enpresarioa
behingoz horretaz jabetzen denean, jenderik onena aprobetxatzen
saiatuko da, emakumeak zein gizonak izan. Duela gutxi jakin dugu
Iparrameriketako unibertsitate batek hogei urte daramatzala kristalezko
sabaia deitzen den fenomeno bat aztertzen. Hau da, zergatik ez den
ehuneko hogeita hamazerbaitetik pasatzen emakumeen presentzia esparru
sozial, politiko, ekonomiko edo kulturaleko maila gorenetan. Baina,
unibertsitate horrek berak egindako ikerketak erakusten du etekinik
handienak lortzen dituzten enpresa iparramerikarrak zuzendaritza
karguetan emakume gehien dauzkatenak direla.
-Dirudienez,
Estatu bakar batek ere ezin du esan bertan generoen arteko berdintasuna
erabatekoa denik. Egia da. Ez lan merkatuan,
eta ez beste inon. Iparraldeko herrialdeetan ere badira desberdintasunak.
Suediako kasua aipatzeko modukoa da: hango enpresak behartuta daude
beren aurrekontuaren zati bat enpresan berdintasuna lortzeko politiketara
bideratzera. Obligazio hori legeak berak jasotzen du. Eta, ez badute
hori betetzen, zigor ekonomikoak ezartzen zaizkie.
-Zaila hemen
horrelakorik aurreikustea.
Zaila
da, bai, baina Euskal Herrian hemendik gutxira aplikatuko diren
politika batzuk ildo horretatik joango dira. Adibidez, emakumeak
diskriminatzen dituzten enpresei kendu egingo zaizkie dirulaguntza
publikoak. Bide horretatik jarraitu behar dugu.
-Hitz egin dezagun
etxeko lanez. Banatzeko orduan, emakume batzuek ez al dute nahiko
jarrera matxista hartzen? Bai, baina ulertzekoa
da, azken batean gizonek eta emakumeek kultura berdina jasotzen
dugulako. Erreferentzia modura hartzen den eredu unibertsala maskulinoa
da, baina emakume batzuek oraindik ez dute kultura hori auzitan
jarri ere egin. Baina egingo dute. Emakume asko ari dira dagoeneko
egiten, eta gizon asko ere bai. Dena den, gizartearen egiturak eredu
horri erantzuten dio: emakumea etxean eta gizona etxetik kanpo.
Lanerako orduak, sendagilearengana joateko orduak, ikastolen orduak...
Baina jende asko ari gara beste eredu baten alde borrokatzen. Badakigu
ez dela erraza izango, baina saiatzen ari gara. Horrela, gizon eta
emakumeek ordaindutako lana eta ordaintzen ez dena elkarbanatuko
ditugu, biak.
-Hezkuntza funtsezkoa
da sexuen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Zein eredu erakusten
dute eskoletan? Eskoletan aurrerapen
handia eman da. Kontuan izan lehenagoko eredua segregatua zela.
Orain eredu mistoa daukagu; neska-mutilak gela berean egoten dira.
Baina, hala ere, eskolak ez dira eredu zuzena erakusten ari, eredu
maskulinoa unibertsalizatzen ari delako. Neska-mutilak ikasten ari
dira mutila izatea zer den. Bizitza publikorako prestatzen ari dira,
lana egiteko, baina emakumeok tradizionalki egin dugun guztia erabat
azpibaloratuta dago. Kontua ez da bakarrik mutilek ez dakitela sukaldean
aritzen; kontua da ez dakitela ez mutilek eta ezta neskek ere. Ez
zaie erakusten sukaldean aritzen, aiton-amonak zaintzen... Alegia,
eredu misto batean gaude, bai, baina bultzatzen ari garen eredua
ez da hezitzailea. Dena den, bide txarretik doana ez da eskola bakarrik,
baizik eta baita ere gurasoak eta komunikabideak. Konturatu behar
dugu eredu sozial honek ez digula batere mesederik egiten, mugak
ezartzen dizkigulako, bai emakumeei, bai gizonei. Zuek indartsuak,
bizkorrak eta ederrak izan behar duzue. Familia mantendu behar duzue.
Agindu egin behar duzue... Eta horrek guztiak mugatu egin du zuen
mundu afektiboa. Gizon batzuek asko sufritzen dute ezin dituztelako
beren sentimenduak adierazi. Batzuetan, gainera, ez dakite nola
adierazi ere. Gizonek ikusi behar duzue zein muga ezarri dizkizuen
eredu tradizionalak.
-Aipatu duzun
bezala, orain arte emakumeak arduratu dira zaharrak zaintzeaz. Nork
zainduko ditu aurrerantzean?
Neurri
batean elkarbanatu egin behar dugu lan hori, eta beste neurri batean
gizarteratu. Esna daitezela behingoz! Ez dugu lan guztia emakumeok
bakarrik egingo, ezta? Lan komunitarioak banatu egin behar dira.
Dena den, zerbitzu publiko gehiago behar dira, hori argi dago. Administrazio
publikoa, behintzat, hasi da konturatzen zerbait egin beharra daukala,
eta dirua beste modu batean gastatu behar duela.
-Goazen boterearen
esparrura. Zein alderdi politikok emango du emakume bat lehendakarigai
gisa aurkezteko pausoa? Badakit gure lehendakariordea
emakumezkoa dela, baina nik zaila ikusten dut. Egia da azken urteotan
gero eta emakume gehiago daudela politikan, eta legegintzaldi batetik
bestera handitzen doala emakumeen kopurua, baina... Botere ekonomikoan
sartzea falta zaigu. Hori bai izango dela zaila. Baina hori da benetako
boterea.
-Mintza gaitezen
erabaki politiko baten inguruan. Zein da zure iritzia duela zenbait
astetik hona Espainiako emakumeek jasotzen dituzten laguntza fiskalei
buruz? Gogora dezagun hilean 100 euro ematen zaizkiela hiru urtetik
beherako haur bat izanik etxetik kanpo lan egiten duten emakumeei. Ni, orokorrean hartuta,
ez nago zuzeneko laguntzen alde. Gainera, inork ez ditu seme-alabak
kopuru ekonomiko horrengatik izaten. Niri iruzur bat iruditzen zait.
Baina bai pentsatzen dudala Administrazioak gure beharrei erantzuteko
zerbitzuak kudeatu beharko lituzkeela. Hor bai egin behar dela ahal
den guztia. Zertarako nahi ditu ama batek hilean 100 euro, gero
ez baldin badauka haurra nora eraman? Laguntzen kasuan positiboa
iruditzen zaidan gauza bakarra da politikariak konturatu direla
gai hauetan parte hartu behar dutela. Besterik da inbertsio hori
egokiena den edo ez.
-Gaur egun feminismoak
ez ditu bere unerik onenak bizi. Zuk feministatzat jotzen al duzu
zure burua? Jakina, inolako zalantzarik
gabe. Nire ustez feminismoa funtsezkoa da gizartean aldaketak bultzatzeko.
Interes jakin batzuk feminismoa zikintzen saiatu dira, zer egiten
ari garen jakin gabe. Eta kontua da emakume zein gizonak liberatzen
ari garela.
-Gizartean dauden
bidegabekeriak azaldu dizkiguzu. Ba al da baikor azaltzeko arrazoirik?
Demagogia
egin nezake, baina ni ez naiz horrelakoa. Zaila da, konplikatua,
eta bide luzea daukagu aurretik. Hemen ez dago makiltxo magikorik,
baina aurrerapausoak ematen ari gara. Politikoki onartuta dago generoen
artean ezberdintasuna dagoela, eta horren aurrean Administrazioak
aurrera egiten ari dira, baina argi dago masa kritiko bat ere behar
dugula. Administrazioei exijitzea ondo dago, baina nork bere buruari
ere exijitu behar dio. Lanik handiena indibidualki egingo dugu.
-Bukatzeko, zer
esango zeniguke garapen bidean dauden herrialdeetan bizi diren emakumeei
buruz? Esan dezakedan gauzarik
onena da munduko leku ezberdinetako emakumeak borrokatzen hasi direla.
Eta, gainera, Ekialdeko herrietako emakumeak, askotan, Mendebaldean
bizi garenok baino askoz ere borrokalariagoak izaten dira, hemen,
batzuetan, dena lortua dugula iruditzen zaigulako. Munduaren etorkizuna
emakumeena izango dira.
Txaro
Arteaga
Txaro Arteaga
duela 58 urteko udaberriko egun batean jaio zen,
maiatzean. "Aurki beteko ditut 59 urte, eta, berehala,
60". Bere amak "ordurako etxetik kanpo egiten
zuen lan", eta bere aitak "etxeko lanetan laguntzen
zuen". Idazkaritza ikasi zuen arren, bere lanak
ez du arlo horrekin zerikusirik. "Egun batean,
kasualitatez, Herri Irratian sartu nintzen, eta
25 urte eman nituen bertan". Bere ahotsa bere
lan tresna bihurtu zen; izan ere, irratiko mikrofono
aurrean aritzeaz gain, bikoizketa lanak ere egiten
baitzituen, "haurrentzako saioak eta Dallas
telesaila, adibidez". Duela 14 urtetik hona, egunean
hiru ordu ematen ditu autoan, Oiartzun-Gasteiz-Oiartzun
ibilbidea egiten. Gasteizen Emakunde zuzentzen
aritzen da, eta Oiartzunen, berriz, bere senarrarekin
batera, etxea bera.
|
|
|
Argazkiak: Emakundeko
artxiboa
-
Euskonews & Media 208. zbk (2003
/ 04-25 / 05-09) |