Hamalau urte besterik ez zeuzkan herritik alde egin eta hiriak
eskaintzen zion patu ezezagunari ongi etorria ematea erabaki zuenean.
Bere gurasoentzat oso garrantzitsua zen beren seme bakarrak etorkizunari
buruzko erabaki bat hartzen zuela ikustea. Ángel Garrazak,
beraz, atzean utzi zuen hainbat urtez familiaren zeregin nagusia
izan zen nekazaritza. Baina gauzak ez dira hainbeste aldatu. Izan
ere, antzina bere aitonak aitzurrez txikitzen zuen lur gorri bera
lantzen baitu bere esku trebeekin. Buztina lantzen duenean, bere
arbasoen tradizioarekin lotuta jarraitzen du. "Hau bai dela
paradoxikoa", dio Ángelek.
-Artistei zaila
egiten zaie beren obrari buruz mintzatzea.
Bai, oso zaila.
-Ostera, zer esango
zeniguke zure obrari buruz? Zer bilatzen duzu?
Artista askok esaten dute ezezaguna denari buruz hitz egin nahi
dutela, baina ni, behintzat, ezagutzen dudanari buruz hitz egiten
saiatzen naiz. Bizitza horrelakoa delako: ezagutzen dugu, baina
ez dugu ulertzen. Mina, maitasuna edo adiskidetasuna bezalako sentimenduak
pizten dizkiguten mekanismoez hitz egin nahi dut. Oso gauza ezagunak
dira, baina hala ere ez ditugu ondo ezagutzen. Denborarekin, zerbait
ulertzen hasten gara, baina Borgesek esaten zuen: "berriro
jaioko banintz, egin ez ditudan gauzak egingo nituzke, baina, tamalez,
hiltzen ari naiz".
-Nolatan aukeratu
zenuen eskultura?
Beste batzuek kazetaritza, literatura, zinema edo pintura aukeratzen
dituzten arrazoi berberagatik. Bizitza honetan, gutako batzuek,
itxura batean ezertarako balio ez duten ekintzetan bilatzen ditugu
erantzunak. Ziurrenik, munduko lehenengo biztanleak, janari bila
aritzeaz gain, bizitzari buruz hausnartzen ere aritzen ziren. Agian
orduan hasi ziren kobazuloetako irudiak marrazten. Gaur egungo gizakiok
gauza bera egiten dugu eskultura, pintura edo literaturaren bidez.
Ez dira bizitzeko beharrezkoak, baina garrantzi handia daukate gure
bizitzetan.
Askotan, hilzorian dagoen jendeari irudi batzuk etortzen zaio burura.
Irudi horiek, ziur aski, ez diete gehiago bizitzen lagunduko, baina,
irudi horiek gabe, tristuraz hilko lirateke. Nik uste dut hori dela
artea: sentiberatasun hori izatera iristea; bestela izango ez genituzkeen
pentsamenduak izateko aukera izatea. Izaki arrazional hutsak baino
zerbait gehiago gara.
-Merkatuak, hainbesteko
garrantzia hartu duela-eta, kalte egin al dio artearen kontzepzio
horri?
Ez zait iruditzen. Nire ustez, artea beti berdina da. Baina, gauza
guztietan bezala, hemen ere bi alderdi ezberdindu beharko genituzke.
Alde batetik, artea inguratzen duen guztia egongo litzateke. Ikusi,
adibidez, azkenaldian telebistan dauzkagun saioak: askotan hitz
egiten dute maitasunari buruz, baina oso modu ergelean egiten dute,
oso irudi faltsua emanez. Badirudi maitasuna ez dela existitzen.
Baina, hala ere, pertsona bakoitzak bere maitasunezko istorioa du.
Hainbeste faltsukeriaren artean, egia ere existitzen da.
Artearekin gauza bera gertatzen da. Alde batetik glamourra dago:
erakusketak, museoak, ekitaldi handiak. Bat-batean, jende guztia
Calder-i buruz hitz egiten hasi da. Eta zergatik? Ba bere erakusketa
bat ekarri dutelako. Baina, atzora arte, inork ez zuen ezagutu ere
egiten. Artea eskizofreniak jota dago. Egiaren eta itxuraren tartean.
Gaur egun gehiago baloratzen da itxura, baina horrek ez du esan
nahi egia existitzen ez denik.
Arteak gordeleku bat izaten jarraitzen du, norberaren burua salbatzeko
leku bat. Artearen munduan sartu nahi duenak oso garbi eduki behar
du hor sartu nahi duela. Bi ikuspegiak ondo bereizten jakin behar
du. Artista batek erakusketak egin behar ditu, jendartean ezagutzera
eman, baina, beste alde batetik, egiten duen lanak egiazkoa izan
behar du, bestela galdu egiten duelako bere burua egiazko ikuspegi
batetik ikusteko gaitasuna. Eta, orduan, zentzugabea izango horrelako
lanbide absurdo batean sartzea, gizartean hain gaizki ikusita eta
hain etorkizun gutxi daukanean.
Baina, gainera, beste lanbide bat bilatu behar duzu, artearen mundua
oso zaila delako, eta askoz ere zailagoa artetik bizitzea, behintzat
konprometitu egiten baldin bazara (ez gizartearekin, baizik eta
zure buruarekin). Eta beste lanbide bat aurkitzea ez da batere erraza.
Ni, eskultorea izateaz gain, irakaslea naiz. Oso zaila da jendeak
zure esperientzia pertsonalarekiko interesa izatea. Jendartean mugitzen
eta zure lana ezagutzera ematen hasten bazara, pauso garrantzitsu
bat emango duzu.
Denboraldi batean arotz eta artista autodidakta gisa aritu ostean,
Iruñako Arte eta Ofizioen eskolan sartzea erabaki zuen, eta bertan
eskultura eta zeramikak zuten xarma deskubritu zuen. Eta, era berean,
artista bati bere obratik bizitzea zeinen zaila egiten zaion konturatu
zen. Unibertsitatean irakasle gisa hasi zen lanean, eta, gaur egun,
Leioako Arte Ederren Fakultatean eskulturako eskolak ematen aritzen
da. Tailerretatik gertu dago pintura eta agoarras usaina darion
bere bulegoa. Ikasle bat adi-adi ari da Ángelek ematen dizkion jarraibideak
entzuten, eta, ondoren, tailerraren atzealdean dagoen labe handi
batetik, zeramika eta buztinezko piezak ateratzen hasi da: platerak,
pitxerrak, gorputz mutilatuak...
-Artista
izateaz gain, irakaslea ere bazara.
Bai, baina kasualitatez, nik ez baineukan horretarako bokaziorik.
Baina artista bezala irteera gutxi neuzkala konturatu nintzen, eta
beraz unibertsitatean lan bat sortu zenean, interesgarria iruditu
zitzaidan bertan sartzea. Uste dut oso ondo etorri zaidala, eta,
gainera, gustatu egiten zait. Ez nekien komunikatzeko gaitasuna
neukanik. Lan honek, gainera, artearen munduan mugitzen jarraitzeko
aukera eman dit. Antzekotasun handiak dauzkate bi arlo hauek. Jendeari
bizitzan zehar pilatu dudan esperientzia transmititzeko balio dit.
Hemen beti topatzen duzu zu bezala dagoen jendea, eta hori lagungarria
da.
-Calder aipatzerakoan,
jendeak artea oso gutxi ezagutzen duela esan duzu. Oraintsu Oteiza
hil zaigu, eta Chillida ere duela gutxi joan zitzaigun. Konturatzen
al gara horrek zer esan nahi duen?
Urteak pasatakoan konturatzen gara. Artea, beste gauza guztiak bezala,
oso selektiboa da, eta, azkenean, benetan merezi dutenak bakarrik
gelditzen dira. Calderrek, Oteizak eta Chillidak leku bat egina
daukate artearen munduan. Aspaldi demostratu ziguten beren handitasuna.
Dena den, artean denbora bat behar dugu gauzak onartzeko. Jendeari
hil ondoren aitortzen diogu bere balioa. Izan ere, gizakiaren presentziak
askotan nahastu egiten du artea. Autorearen presentziak nolabait
zikindu egiten du begirada artistikoa. Alegia, agian orain garbiago
ikusten dugula Oteizaren obra. Azken batean, Oteiza gizaki bat zen,
beste guztiok bezala bere abilezia eta kontraesanak zeuzkan gizon
bat. Baina, bere lanaren bidez, gizartearen sentiberatasuna ukitzea
lortu zuen.
Zinemako aktore edo aktoresa bat taberna batean ikusten duzunean
bezala gertatzen da: ez zaizu pantailan bezain erakargarria iruditzen.
Arrunta eta guzti iruditzen zaizu. Baina, abeslari batek esaten
zuen bezala, "eszenatik jaitsitakoan, pertsona arrunt bat bihurtzen
naiz". Jendeak ez du hori ulertu nahi. Artearekin gauza berbera
gertatzen da.
-Artista baten
obrak, bere herriaren aintzatespena bereganatu ahal izateko, lehenengo
kanpoan lortu behar du arrakasta.
Bai, horrelako zerbait gertatzen da. Artistaren presentziak indar
handia du. Behar dugunaren eta sormenaren artean talka moduko bat
dago. Neurri batean, logikoa da. Hori oso garbi ikus daiteke nekazaritza
munduan. Baina hiri batean anonimoa zara; inork ez zaitu ezagutzen.
Esparru txikietan, ordea, ez zaude zu bakarrik; zu eta zure inguruabarrak
zaudete, eta hortik ateratzea oso zaila da. Eta zerbait izatera
iristea, askoz ere zailagoa.

-Artistak norekiko
edo zerekiko hartzen du konpromisoa?
Nire ustez, bere buruarekiko. Konpromisoa pertsonala izaten da.
Gero proposamen handi baten mozorroa ipintzen duen arren, artistak
benetan bilatzen duena erantzun pertsonal bat da. Kontua da askotan
konpromiso pertsonal hori kolektibo bihurtzen dela, pelikuletan
bezala, jendea identifikatu egiten baita istorio erromantikoekin.
Horrela izan behar du, nahitaez. Gizakia oso mugatuta dago, eta
bere arazoak bakarrik konpon ditzake. Nola konponduko ditu ba besteenak?
Normalean, besteen arazoak konpontzen saiatzen zarenean, min handia
egiten diozu zure buruari, eta gainera beti hanka sartzen duzu.
Garrantzitsuena da gizakiak bere burua aztertzea, eta bere buruarekin
zintzoagoa izaten saiatzea. Bestela, jende guztia engainatzen arituko
da.
Ondotxo dakigu zer gertatu den artea militantizatzen saiatu direnean,
alderdi jakin baten alboan jartzen. Ikusi Errusian zer gertatu zen:
iraultza amaitutakoan, artista nagusi guztiek kanpora joan behar
izan zuten, eta azkenean errealismo sozialistan bukatu zuten. Eta
gauza bera gertatu zitzaien Kuban iraultzarekin bat egin zuten artistei.
Oso zaila da. Dena gezurra da. Askotan, badirudi artistak arazo
horiek guztiak konpontzen saiatzen direla, baina ni ez nago hain
ziur. Artistak beren buruaz kezkatzen dira. Eta kito. -Nola egon behar
du artistak: bakarrik ala jendartean? Askotan, belaunaldien eta
eskolen ekarpena aipatzen da.
Eskoletan, kezka berdintsuak dauzkaten pertsonak biltzen dira, baina
pertsona bakoitzak den bezalakoa izaten jarraitzen du. Eskolak fiktizioak
izaten dira. Ez dute denbora gehiegi irauten. Ez dute inoiz obra
bateraturik egiten. Aurrera ateratzen direnak, taldearen barruan
dauden pertsonak dira. Euskal eskolako taldeak, adibidez, beti haserre
ibiltzen ziren. Lotura handia zeukaten, baina bizitzako gorabehera
eta tentsioek, azkenean, eragina izaten dute. Beraz, zertarako balio
dute taldeek? Garrantzitsuena da norberak argi eta garbi hitz egitea
bere premia edo lorpenei buruz. Hitz egitea, hori da kontua.
-Teknologia
berrien aroan gaude. Zein paper betetzen dute eskulturak bezalako
arte tradizionalek?
Nahiko panorama konplexua daukate bere aurrean. Gauzak desmaterializatzen
ari dira, eta irudi birtualek gero eta indar handiagoa daukate.
Telebistan ikusten ditugun pertsona asko irudi birtualak izaten
dira, baina hain itxura anbiguoa izaten dute ez dela erraza izaten
pertsonak edo robotak ote diren esatea. Eskulturak, berez, nahiko
gauza zentzugabea ematen du, baina teknologia bide berriak zabaltzen
doan neurrian, esparrua pluralagoa bihurtzen da. Jendea material
tradizionaletara itzultzen hasi da. Nik, adibidez, buztina lantzen
dut. Teknologiatik hori baino urrutiago dagoenik! Baina ikaragarri
gustatzen zait. Gutxien axola duena euskarria da. Garrantzitsuena
zerbait kontatu nahi izatea da. Bitartekoak ez du mezuaren kalitatea
baldintzatzen.
-Zein obra egitearekin
amesten duzu?
Ziur aski, inoiz ez dut amesten dudan obra hori egingo, magia pixka
bat beharko nukeelako. Baina saiatu behintzat egingo naiz.
-Bestelako ametsik?
Posible diren guztiak. Ez etsitzea. Ilusioa izaten jarraitzea. Ez
da gutxi.
Bilboko Espacio Marzana galeriak Ángel Garrazaren azken lanak biltzen
zituen erakusketa bat zabaldu zuen urtearen hasieran. 'Burua altxatuko
balu' zeraman izenburutzat, eta artistak izandako kezkak islatzen
zituen: memoria, memoriaren falta… Erakusketa hau laster Madrilen
egongo da ikusgai, eta ondoren Iruñan, Tolosan eta Lizarran.
Ángel
Garraza Salanueva (Allo, Nafarroa, 1950)
Iruñako Arte eta Ofizioen eskolan
ikasi zuen. Bere bakarkako lehenengo erakusketa
1979an egin zuen, Bilboko Aritza galerian, eta
geroztik hogei erakusketa baino gehiago egin ditu
bakarka, eta beste horrenbeste taldeka. Besteak
beste, honako lekuetan ikus daitezke bere obrak:
Vitoria/Gasteizko Arte Garaikidearen Museoan,
Bartzelonako Zeramikaren Museoan, Bilboko Arte
Ederren Museoan, Nafarroako Museoan, Iruñako
udaletxean, eta Madrileko Arte Garaikidearen Museoan.
Gaur egun, eskulturak egiteaz gain, irakasle gisa
ere ari da lanean, Leioako Arte Ederren Fakultatean.
Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean eskulturako
irakasle doktore da.
Garrazak sari ugari jaso ditu. Hauen artean, aipamen
berezia merezi dutenak dira Ciudad de Valladolid
delakoa, 1974an eskuratu zuena; Italiako Faenza
hiriko Zeramikaren Nazioarteko Lehiaketako Urrezko
Domina, 1989an; eta Taipeiko (Taiwan) Historiaren
Museo Nazionalekoa, 1992an. 1997an, Bilbao Ría
2000k antolatutako lehiaketa irabazi zuen, eta
bertan saritutako obra Bilboko Abandoibarra parkean
dago ikusgai.
|
|
|
Argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
-
Euskonews & Media 213.
zbk (2003 / 06 / 6-13)
|