Euskal-amerindiar piddina
* Traduction au français de l'original en basque
Michel Usereau
Michel Usereau

Amerikarainoko bidaiak

Gaur egun, ondo jakina da Jacques Cartier eta Frantziarrak ez direla lehen gizakiak gaur deitzen diren Kebek eta Kanada lurraldeetara heldu direnak : aspalditik Amerindiarrak leku haietan hedatuak ziren haiek baino askoz lehenago. Baina askotan ez dakiguna Frantziarrak ez zirela ere lehen Europarrak «Frantzia berrira» joan direnak : duela 1000 urte gutti gora behera, Vikingek Labrador eta Ternua uharteko (Terre-Neuve) kostaldean jadanik etxetxoak eraikitzen zituzten. Gero, hamaseigarren mendearen hasieran (eta beharbada lehenago ere), beste Europar batzu Amerika arte iritsi ziren : Euskaldunak.

Garai hartako Euskaldunak itsasturi onak ziren, eta Bizkaiko Golkoan baleak ainitz ehiztatu zituzten. Itsaso hartako bale guztiak harrapatuz gero, Amerikarantz gero eta hurbilago aurreratu ziren, balea eta bakailao sarden bila. Horrela Ternua uhartea eta Kebek aurkitu zituzten.

Gaur arte, Kebeken egin zituzten bidaien arrastoak agertzen dira, orain PABA-k aurkeztuak (PABA erakustoki bat da, Kebeken historiaren zati ezezezagun hari buruz). Île aux Basques-en (Saint-Laurent ibaiaren erdian) Euskaldunak baleen gizena urtzeko erabilitako harrizko labeak aurkituz gero, PABA jaio zen aurkitu zuten guztia jendeari ezagutarazteko.

Bestalde, badakigu aspalditik Amerindiarrak Île aux Basques-era askotan joaten zirela. Segur asko, bi herriek komertzioa egiten zuten. Gaur egun, istorialari askok Saint-Laurent ibaian Europar eta Amerindiarren arteko lehen trukadak irla honetan gertatu zirela uste dute.

Piddina
Ikusi dugun bezala, Euskaldunek Amerindiarrekin harreman handiak zeuzkaten, batez ere Mikmak eta Inuekin. Noski, hain hizkuntza desberdinak zeuzkaten herriek, Euskaldunek eta Amerindiarrek alegia, elkarrekin hitz egiteko era bat aurkitu behar izan zuten trukada horiek egiteko. Bi herrik hizkuntzaren muga zeharkatu nahi dutenean, bi ahalbide badira : herri batek bestearen hizkuntza ikasten du (normalki gaur egun egiten den bezala komertzioan) ; bestela, «piddin» bat sortzen da. Baina zer da hori ?

Piddin bat oso hizkuntza erraza da, hitz gutxietako hiztegi eta gramatika xinplez osatuta, naturalki sortzen dena hizkuntza disberdinak dauzkaten jendeen arteko komunikazioa errazteko. Piddina osatzeko, hiztunek haien hizkuntzaren hitzak erabili eta oinarrizko esaldietan jartzen dituzte. Piddin bat behar bezain luzaro bizi eta eguneroko egin-beharretan erabiltzen hasten baldin bada, agian bi gizarteren haurren ama-hizkuntza bihurtuko da. Halako egoera batean sartzen den piddin bat handik aurrera kreola deitzen da.

Ez zen inoiz izan euskal-amerindiar kreolik. Baina harreman baketsuak zeuzkaten bi herri haiek piddin bat osatu ote zuten? Peter Bakkerek, Amsterdam Unibertsitateko ikertzaileak, uste du baietz.

Luzarotan, istorialariek Ameriketako piddina frantses oinarrikoa zela uste izan zuten. Baina piddinaren hiztegia aztertuz gero, ohartu ziren frantsesetik datozen hitzen itxura zeukaten hitzak euskaran ere bai aurkitzen zirela (frantsesetik datozen maileguak euskaran daudenak). Horren gain, hitz horiek euskal morfologiaren arabera osatuak ziren : ia guztiak «A» batekin bukatzen ziren. Euskaran, «A» hori beharrezkoa da hitz singular eta mugatuetan. Adibide on bat «kapitaina» hitza da : itxuraz frantsesetik dator, baina frantsesez ez da «A»-rik agertzen hitzaren bukaeran ; aldiz, euskaraz «kapitainA» maiz entzuten da.

Noski, euskal-amerindiar piddinean, «souriquois» deitzen dena (frantsesez, hala idatzita hitz horren mintzamoldea «zurikoa» da) benetako euskal hitzak daude. Hala, 1616ean, Port-Royaleko (Eskozia Berriko herri bat, Kanadan) misiolari jesuita batek nabaritu zuen Amerindiarrek «adesquidex» hitza erabiltzen zutela Frantziarrak agurtzeko (frantsesez, «qu» letrak euskal «k»ren antzekoak dira). Era berdinean, 1603ean, Taduzaken (Kebekeko herri bat) misiolari frantziar batek idazten zuen Inuek (askotan frantsesez «Montagnais» deitzen direnak) «ania» hitzez baliatzen zirela Frantziarrak agurtzeko bakarrik ; haien artean, «nichtais» hitza erabiltzen zutelarik, Inuz «anaia» esan nahi duena). Piddinaren izena berak, «souriquois», euskaratik etortzen dela ematen du : «souriquois»-k esan nahi ote du «Souris ibaikoa» (azken «S» ez da esaten frantsesez)? Euskaldunek kormertzio mahain bat zeukaten izen horretako ibai horren ondoan, Brunswick Berrian ; edo «souriquois»-k esan nahi ote du hizkuntza hori larru zuridunekin bakarrik erabiltzen zutela ? Benetan ez dakigu.

Peter Bakkerek souriquois-ren hiztegia miatu zuen, benetako euskal hitzak bereizteko besteetatik, zeuzkan istoria eta hizkuntzalaritza datuen bidez. Izan ere, bategiteak beti agertu ahal dira, eta euskal hitza dela ematen duen hitz bat azken finean Amerindiarretik etorri ahal da. Beraz, kontuz ibili behar da! Hori aztertu eta gero, hamar bat hitz aurkitu zituen. Hemen da zerrenda horren zati bat :

piddinaeuskara
elege, 'errege'errege
endia, 'gauza asko'handia
kea, 'kea'kea
kezona, 'gizona'gizona
makia, 'makila'makila
echpada, 'ezpata'ezpata
origna, 'oreina'oreina

Nork erabiltzen zuen euskal piddina ?
Noski, euskal piddina osatu zutenek erabiltzen zuten, hori da Amerindiar nazio batzuek (Inu eta Mikmakek) eta Euskaldunek, baita ere beharbada Frantziarrek. Gaur egungo Kebekeko frantsesan diren hitz batzuek Frantziarrek piddinez zekitela adierazten ote dute? Adibide onena «orignal» hitza da, hemengo abere baten izena, «oreina» euskal hitzetik etortzen dena.

Baina piddina erabiltzen zutenen zerrenda luzeagoa da!

Mathieu Da Costa, euskal-amerindiar
piddinaren hiztun bat.

Ameriketan, denbora horietan, Europarrek askotan Afrikako itzultzaile beltzen laguntza eskatzen zuten Amerindiarrekiko haien harremanentzat. Haietako bat, Mathieu Da Costa, Mikmak eta Frantziarren arteko itzultzailea izan zen, 17. mendearen hasieran. Kanadako gobernuaren webgunean, irakur dezakegu : «Mathieu Da Costa seguraski frantsesa, nederlandar eta portugesez zekien, baita ere euskal piddinez. Dudarik gabe, euskal piddina zen tokiko herriekin komertziorako hizkuntza erabiliena».


Piddinaren suntsiketa
Ameriketako euskal abentura bukatu zen Frantziak Frantzia Berriaren aberastasunaren gaineko monopolio bat behartu zuenean, eta kanpotarrei aberastasun hori baliatzeko debekua ezarri zienean. Handik aurrera, Euskaldunak ez ziren ongietorriak Frantziako kolonietan. Haien komertzioa jarraitu nahian, Donibane-Lohitzuneko Euskaldunek Mikmakekin batasun bat sortu zuten, komertzioa segitzeko. Baina Frantziarrak bazter guztietan zeuden, eta Euskaldunek komertzioa egiteari utzi behar zioten 17. mendearen erditsutan. Ondorioz, piddina desagertu zen.

Azken hitz bat
Hizkuntzalaritza istorikoa jolas arriskutsua da : frogarik gabeko baieztapenak eta hipotesi hauskorrak errazki sortzen dira. Adibidez, gaur egungo Kebeken, edozein pertsonak - eta hizkuntzaz lan egiten dutenek ere ! - esango du «canceller» aditza («ezeztatu» esan nahi duena) ingeles aditz-etik, «cancel»-etik, etortzen dela, eta denek uste dute egia dela orain. Baina azterketa txiki-txiki bat egiten baldin badugu, hitz hori antzinako frantsesetik etortzen dela ohartzen gara. Kebekeko 21. mendeko hitzak hain gaizki ikertuak izan baldin badira, nolako analisiak egin daitezke duela lau mende esanak izan ziren eta gutxi idatziak izan ziren piddin baten hitzak ? Beraz, kontuz egin behar dugu. Amerikan Euskal hitzen arrastoak piddin baten lekukoak ote dira, ala bakarrik Amerindiarrek mailegatutako hitz batzuen oihartzuna ? Nahiz eta komunikazio tresna horri buruz argi eta garbi epaitzeko gai ez izan, gutxienez esan dezakegu Euskaldun eta Amerindiarren arteko harremanak behar bezain anaikorrak izan zirela «adiskide» eta «anaia» bezalako bihotzeko hitzak trukatzeko...

Erreferentziak eta loturak :

Euskaldunak Amerikan :
. Parc de l'aventure basque en Amérique (PABA) (frantsesez): http://www.paba.qc.ca/
. Recherches amérindiennes au Québec, «Vers une chronologie des occupations basques du Saint-Laurent du xvie au xviiie siècle : Un retour à l'histoire» et «La traite des fourrures et les noms de tribus : quelques ethnonymes amérindiens vraisemblablement d'origine basque dans le Nord-Est» (frantsesez): http://www.recherches-
amerindiennes.qc.ca/resumefr.html

(1994 (volume XXIV) n° 3 - Troc, trafic et commerce )

Piddinari buruzko argibideak (hizkuntzalaritza) :
. Geonative (euskaraz eta inglesez): http://www.geocities.com/Athens/9479/kreole.html#3
. Bakker, Peter. «The Language of the Coast Tribes is Half Basque : A Basque-American Indian Pidgin in Use between Europeans and Native Americans in North America, ca. 1540-ca. 1640». University of Amsterdam. (inglesez)

Euskal-amerindiar piddina Amerikako komertzioan
. Patrimoine canadien (frantsesez): http://www.pch.gc.ca/progs/multi/black-noir/index_f.cfm
. Patrimoine canadien (inglesez): http://www.pch.gc.ca/progs/multi/black-noir/index_e.cfm
. Black History Month Association (inglesez): http://www.chebucto.ns.ca/Heritage/BHMA/dacosta2.html


2003ko urtarrilean euskara kurtsoan Montrealen emandako hitzaldi baten txostena.

Euskonews & Media 213. zbk (2003 / 06 / 6-13)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza