Jaiotze tasaren beherakada
* Traducción al español del original en euskera
Mikel Marañón Calleja

Demografo, ekonomialari eta politikariei kezka handia sortu zaie azken bi hamarkadetan jaiotze tasa hain maila baxuan mantentzen dela ikusirik. Eta, oraingoz behintzat, ez dirudi aldatzeko bidean dagoenik.

Demografoek adierazten dute biztanleriaren piramidearen oinarria higatzen ari denez, biztanleria zahartzen ari dela, eta beraz belaunaldien arteko txanda bermatu gabe gelditzen dela. Beherakada begetatiboaren zikloan sartu gara.

Zahartze honen ondorioak hainbat alderditan nabarituko dira: lanaren egituran, eskulanaren eskasian, biztanleria aktiboaren eta pasiboaren arteko harremanetan, Gizarte Segurantza sistemaren kotizazio kopuruaren beherakadan, pentsiodunen gorakadan, biztanleria aktiboarekiko proportzioan, osasun gastuen igoera esponentzialean, etab.

Aldaera ekonomizista
Ikus daitekeenez, oso ugariak dira jaiotze tasaren beherakada ikaragarri honen atzean dauden arrazoiak. Ekonomialari batzuek arrazionalismoa eta kontsumo iraunkorreko ondasunak aipatzen dituzte zioen artean. Hauen ustez, seme-alabak kontsumo iraunkorreko ondasunak dira, gurasoek hainbat alderdi aztertu ostean izaten dituztenak. Zehazki, honakoak lirateke gurasoek aztertzen dituzten alderdiak: kostu eta onurak, mantenimendu eta hezkuntza gastuak, askatasunari ezartzen zaizkion mugak, mugikortasunari ezartzen zaizkion mugak, aisialdiari ezartzen zaizkion mugak, osasunerako eta arrakasta profesionalerako arriskuak, eta haurrak gurasoei ekar diezazkiekeen konpentsazioak, hala nola autoerrealizazio pertsonala, aita edo amaren estatutua, guraso maitasuna, bikotearen egonkortasuna, bizitzarako egitasmoak, sentimendu eta emozioak, etab.

Gaur egun garestia da seme-alabak izatea. Haurrak elikatu eta haztea asko kostatzen da, eta gurasoek gauza asko utzi behar dituzte alde batera, bai aisialdirako, bidaiatzeko zein dibertitzeko denboraren aldetik, eta baita arrakasta profesionala erdiestearen aldetik, azken hau batik bat emakumezkoen kasuan.

Soziologoen esanetan, seme-alabak izateko erabakian eragiten duena egoera soziala da. Erabaki hori guztiz pertsonala da, eta faktore ezberdinek eragin dezakete bertan: bulkada biologiko batek, asmo pertsonal batek, familiaren eta gizartearen presioak, gizartearekiko betebehar eta erantzukizun sentimendu batek... Baina hainbat baldintza sozialek ere eragin dezakete erabaki pertsonal honetan.

Etxebizitza eta langabezia
Gaur egun bi dira jaiotze tasa hain baxua izatearen arrazoi nagusiak: lan merkatuaren egoera (gazteen langabezia tasa oso handia da), eta etxebizitza bat lortzeko dauden zailtasunak. Lan merkatua dagoen moduan, gazteak gero eta beranduago hasten dira lanean, eta, ondorioz, ezin dute diru sarrerarik izan. Pobrezia ikusezin batean bizi dira, gurasoen tutela eta babespean.

Gazteak lan munduan berandu sartzea eragiten duen beste arrazoi bat, hezkuntza sistema gero eta luzeagoa izatea da. Neurri batean, hezkuntza sistema gero eta konplexuagoa delako gertatzen da hori, baina, batez ere, gizarteak ahalik eta ikasketa gehien izan nahi dituelako. Handitzen ari da beren seme-alabek unibertsitate mailako goi ikasketak edukitzea nahi duten gurasoen kopurua. Dena den, aitortu beharra dago gazte askok lana aurkitzeko zailtasunak izaten dituztelako luzatzen dutela trebakuntza fasea, ikastaro gehiago eginez enplegua bilatzeko bideak zabaldu egingo zaizkienaren esperoan.

Etxebizitza lortzeko zailtasunak baldin badauzkate, behar adina baliabide ekonomikorik ez daukatelako da, baina baita ere etxebizitza gutxi daudelako, eta garestiak gainera. Edo, beste hitzetan esanda, eskaintza txikiegia dela dagoen eskarirako. Baliteke eskarian praktika espekulatibo batzuk egotea, baina badira baita demografiko hutsak diren elementuak ere, hala nola emantzipatu eta familia bat osatzeko adinean dauden hainbat eta hainbat gazte, 1960 eta 1980 artean egon zen boom demografiko handiaren ondorioz. Lehenengoak aldatzeko, nahikoa da interbentzio politiko bat egitea, baina bigarrenak, ordea, ezin dira aldatu.

Seme-alaben emantzipazioa
Lanean berandu hastea, baliabide ekonomiko gutxi izatea eta etxebizitza bat aurkitzeko dauden zailtasunak oztopo dira seme-alabak emantzipatzeko eta bikoteak elkarrekin bizitzeko. Ondorioz, lehen baino jende gutxiago ezkontzen da, eta beranduago gainera. Ezkontzen atzerapen honek tasa kolektiboaren jaitsiera suposatzen du, baina ezkontzeko edo bikotean bizitzeko aukera behin betiko galtzea ere esan nahi du. Zelibatarismo tasa, ondorioz, handitu egiten da.

Ezkontzaren atzerapenak, automatikoki, jaiotze tasaren jaitsiera dakar, haur gehien-gehienak bikote egonkorren barruan jaiotzen baitira. Litekeena da kasu askotan atzerapen horrek ez izatea eraginik bikoteak izan nahi duen haurren kopuruan, baina, sarritan, ondorio konponezinak izan ditzake, ugalkortasunak epe jakin bat izaten duelako eta adinean aurrera egin ahala nabarmen egiten duelako behera.

Ezkontideen adinaren batez bestekoa ezkontzerakoan, sexuaren arabera

Urtea
Gizonezkoak
Emakumezkoak
1997
30,4
28,4
1998
30,8
28,6
1999
30,9
28,8

1986tik aurrera, ezkontzen direnen adinaren batez bestekoa hiru urte eta erdi igo da gizonezkoetan, eta lau emakumezkoetan.

Emakumezkoa lan munduan sartzea
Bada, bestetik, albo batera uzterik ez dagoen beste faktore bat, oso eragin nabarmena izan dezakeena bai ezkontzan, emakumezkoen ugalkortasunean. Emakumea trebakuntzan eta lan munduan sartu izana, alegia. Nolanahi ere, giza jokabidearen analisten artean ez dago ahobatasunik honi dagokionez, inguruabarren arabera desberdina izan daitekeelako.

Emakumeak lan munduan sartu izanagatik jaiotze tasan eragina duten faktoreak beste batzuk dira, ziurrenik: enplegu betea edota langabezia tasa altua, emakumezkoek lan egiten duten sektorea, lanpostuaren erantzukizun maila, karrera profesional edo politiko bat egiteko asmoa, lanpostuan gora egiteko itxaropena, seme-alabak zaintzeko ekipamendu edo baliabide sozialak, bikotearen diru sarrera maila, etab.

Argi dago zerrenda honek ez dituela jaiotze tasan eragiten duten faktore guztiak biltzen. Aipatu gabe utzi ditugunen artean, faktore kulturalak egongo lirateke, batik bat gizartearen eta bikote bakoitzaren balioen sistemari dagozkienak.

Díez Nicolásen iritzian, adibidez, balioen eskala aldatu delako jaitsi da Espainian jaiotze tasa. Kontsumoaren gizartearekin lotuta dago. Bere esanetan, Mediterraneoko gizarteak fase materialistan daude oraindik, eta Europako iparraldeko herrialdeak, berriz, fase postmaterialista delakoan. Dagoeneko atzean utzi dituzte diruan edo edozein modutara edo edozein preziotara gozatzearen inguruan oinarritutako balioak.

Euskadi, familiaren politikan aitzindari den erkidegoa
Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria da Espainia mailako familia politiken artean, familiei laguntza ekonomiko handiagoak ematen dizkielako eskualde mailako politika bati esker.

Nolanahi ere, laguntza hauek ez dira aski izango diru ekarpenak egitera mugatzen badira. Zabalagoak izan beharko lukete, eta beste hainbat alderdi ere aurreikusi: gazteentzako lana, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza. Zerga sistema ere erreformatu egin beharko litzateke, seme-alabak dauzkaten hiritarrei justizia egiteko, seme-alaba horiek izango baitira biharko egunean gizartea mantenduko dutenak. Horrela baino ez du lortuko Euskadik jaiotze tasari dagokionez mundu osoan azkenetako postuetatik eta egitura demografiko zaharren lehengoetatik ateratzea.



Mikel Marañón Calleja, demografoa
 

Euskonews & Media 216. zbk (2003 / 06-27 / 07-4)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza