Lagundu Euskonewsi - Ayuda a Euskonews=
Aldaketen egiturazko prozesuak familian
* Traducción al español del original en euskera
Montserrat Rejado

Familiaren soziologia, familiaren instituzioak historian zehar izan dituen gorabeherekin batera garatu da. Nolanahi ere, Durkheimi esker familiaren arloa soziologia espezializatuen artean aurrenekoetarikoa izaten hasi zen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, ezkontzan oinarritutako familiaren ereduak kritika ugari jaso zituen, eta ikerlari asko, emakumezkoak batez ere, familia bizitzan interesatzen hasi ziren berriz ere.

Interes hau berpiztearen atzean hainbat arrazoi daude: besteak beste familia bizitzaren aldaketak, jaiotze tasaren jaitsiera, familia bakoitzak duen seme-alaben kopuruaren jaitsiera, dibortzioen gorakada, etab. Hauek guztiek galderak eta zalantzak pizten dituzte gizarte askotan. Familiaren inguruan egin diren hausnarketa teoriko zein metodologikoek eta ikerketek frogatutzat eman dute joera soziologiko honen bokazio enpirikoa.

Familiaren soziologoen erronkarik garrantzitsuenetariko bat familiaren arazoa errealitate sozial bat bezala, bere osotasunean, aztertzeko modu bat bilatzea izan da.

Azken urteetan familian izan diren aldaketak kontuan hartuz, familian egiten den lanaren inguruko araudia eguneratu beharko litzateke. Izan ere, kontuan izan behar dugu legeek beti gurasoek eta senar-emazteek dauzkaten eskubide eta betebeharrak zehaztu nahi izaten dituztela ezkontza, dibortzioa eta diru sarreren segurtasuna arautzen dituztenean.

Familiaren politikei buruz dauden azterlan ugariei esker, arautzeko modu berri hauek nolakoak diren hobeto ezagutu dezakegu, eta, era berean, familia sustatzen laguntzen digute: Estatuaren paper laguntzailearen azpian dauden definizioak, gurasoen zereginak, haurren lekua eta familiaren, lanaren eta zerbitzuen arteko lotura orokorra.

Familia, gizartearen aldaketen ispilu
Soziologoentzat familia, sarritan, aldaketa sozialak aztertzeko leku pribilegiatua izaten da, bertan azaltzen direlako azkarren eta garbien gizartean ematen diren aldaketa asko eta asko. Zenbait autorek familiaren krisi eta gainbeheraren sintomak ikusten dituzte familiaren mutazioetan; beste batzuen iritzian, berriz, familiak gizarteak izan dituen aldaketetara egokitu baino ez dira egin. Nolanahi ere, guztiek argi daukate beren erronka izango dela gizartean ematen diren aldaketek familiaren barruko harremanei nola eragiten dieten ikustea, hiru alderditan: ezkontideen arteko harremanei, guraso eta seme-alaben artekoei, eta anai-arreben artekoei.

Egituraren aldaketaren prozesua
Gaur egun egituretan ematen ari diren aldaketek oso eragin handia daukate familien egoeran. Esanguratsuenak direnak bakarrik aipatuko dizkizuegu:

1) Familia nuklearraren kontsolidazioa. Familia zabalen ordez, senar-emazteek eta beren menpe dauden seme-alabek osatutako familiak dira gaur egun nagusi.
2) Jaiotze tasa baxua. Bikote gehienek bi haur eduki nahi izaten dituzte, normalean sexu bakoitzeko bana.
3) Familiaren neurri txikiagoa. Familia gehienak lau pertsonek osatzen dituzte: aitak, amak eta beren bi seme-alabek.
4) Ezkontideek dute lehentasuna, eta ez seme-alabek, jada ez baitira beharrezkoak. Orain, senar-emazteen arteko maitasun harremanak du nagusitasuna, bikotea harmonian eta eroso gara dadin.
5) Ezkontideen arteko berdintasunerako joera. Baina ez etxeko lanak elkarren artean banatzerakoan bakarrik, nahiz eta hau den gehienetan aipatzen den kasua, baizik eta baita beste alderdi garrantzitsuago batzuetan ere, hala nola bikotearen harremanetako botere eta autoritatearen banaketa, erantzukizunak bien artean hartzea, eta garapen pertsonal eta sozialerako biek aukera berberak izatea.
6) Ezkon bizitzaren luzapena. Bizitzeko itxaropena luzatu egin denez, gero eta gehiago dira ezkonduta 50 urtetik gora daramatzaten bikoteak.
7) Ezkondutako bikoteen banaketa: etxetik alde egitea, banaketak eta dibortzioak.
8) Seme-alabak berandu emantzipatzen dira, bai elkarbizitzari dagokionez, bai baliabide propioak izateak ematen duen independentzia ekonomikoari dagokionez.
9) Jendea gero eta beranduago ezkontzen da, eta baita bikotearekin bizitzen jarri ere.
10) Zelibatarismoaren gorakada: igo egin da adin jakin batera iritsita bikote egonkorrik ez duen jendearen kopurua.
11) Bikote antzuen gorakada, espreski hala aukeratu dutelako, edota ugalkortasun arazoak dauzkatelako.
12) Seme-alaben neolokazioa. Oso orokortua dago fenomeno hau; izan ere, ezkontzeko edo bikotearekin bizitzen jartzeko beste etxebizitza bat aurkitu beharra daukate, eta, dezentetan, beste herri edo Estaturen batera ere jo behar izaten dute.
13) Adindu dependienteen gorakada. Gero eta gehiago dira bizimodu independientea egiteko gauza ez diren zaharrak, eta beraz hirugarren batzuen laguntza behar dutenak.
14) Pertsona bakarra bizi den etxeen gorakada, dela aldi baterako, dela behin betirako.
15) Aita eta amaren zereginetan nahasmena, bereziki autoritatea egikaritzean eta seme-alabak heztean.
16) Ezkondu aurretik elkarrekin bizitzen jartzen diren bikoteen gorakada, gehienbat esperimentatzeko xedearekin.
17) Ezkontza tradizionalaren desinstituzionalizazioa. Ezkontza kanonikoa dagoeneko ez da bikotean bizitzen hasteko bide legitimo eta legitimatu bakarra.
18) Bikote bizitzari hasiera emateko modu berrien instituzionalizazioa eta bikote mota berrien legitimazio soziala. Kasuotan desberdinak dira beren helburuak, beren konpromiso maila, beren batasuna ofizializatzeko moduak, eta beren osaketa.
19) Borondatezko antzutzea, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen kasuan, nahi duten seme-alaba kopurua eduki ondoren.
20) Lagundutako ernalketara jotzea, antzutasun kasuan.

Hemen aipatu ditugun elementu eta prozesu asko elkarri oso lotuta daude. Askotan, bereizita adierazi ditugun bi fenomeno txanpon beraren bi aurpegiak baino ez dira izaten, edota fenomeno bat bera, baina bi ikuspegi ezberdinetatik aztertuta. Beste batzuetan, berriz, elkarren menpeko dira, eta prozesu bat martxan jarri bezain laster aldatu egiten da sistemaren beste alderdi bat.


Horrela, adibidez, seme-alaben neolokazioa familia nuklearraren kontsolidazioaren ondorio zuzena dela esan daiteke, baina errealitate berbera ikusteko beste modu bat ere izan daiteke. Nolanahi ere, argi dago pertsona bakarra bizi den etxeen gorakada familia nuklearra kontsolidatzearen menpe dagoela neurri handi batean. Izan ere, ezkontideetako bat desagertzean, pertsona bakarreko etxe bihurtuko dira familia nuklearren etxeak, seme-alabei gurasoen etxetik alde egiteko eskatzen zaie-eta.

Interbentzio politikoa
Soziologoek nolabaiteko distantzia baloratibo batekin aztertuko dituzte hemen aipatu ditugun elementuak, baina ez ordea politikariek, hauek erabaki beharko dutelako zer den positiboa eta zer negatiboa, eta zein ikuspuntutik. Interbenitzeko orduan, sistema soziala dagoen horretan utzi edo aldatu egin dezake, eta, berebat, jaiotze tasa igotzea edota familiako kideen ongizate maila hobetzea erabaki.

Horretarako, familiak eta elkarbizitzen ari diren unitate sorta guztiak babesteko politika integral bat diseinatu eta aplikatu behar da. Politika honek etorkizunari bide emateko eta ahalik eta eszenariorik onena aukeratzeko gauza izan behar du, gerora begira sustapen, babes eta prebentziorako politika sektorial ezberdinak planifikatzeko estrategia eta helburuak finkatu ahal izateko.

Aldaketa soziologikoak
Senar-emazteen arteko harremanak, autonomia hartzen doazen aldi berean, ahultzen ere joaten dira, gehienbat maitasunean oinarritzen direlako. Baina, gai honi dagokionez, dibortzioen kopuruak baino, gehiago interesatzen zaizkigu honen atzean dauden arrazoiak. Dibortzioa, urte askotan, debekatuta egon da, ezohikoa eta baztertu beharrekoa zen, familiaren ezegonkortasunaren adierazle, norbanakoaren eta gizartearen krisiaren seinale. Gaur egun, ostera, gauza guztiz normala da, norbanako orok duen aukera.

Hori dela-eta, dibortzioak gaur egun zenbateraino hedatu diren ikusita, beharrezkoa da familiaren beraren definizioan aldaketa kualitatibo batzuk gertatzen ari direla onartzea. Izan ere, banaketa baten ondoren etortzen den prozesuan paradoxa bat sortzen da: gurasotasunak iraun egiten du, familia banatu arren. Dibortziatzeak ez du derrigorrean familia puskatu egingo denik adierazten.

Beste alde batetik, ikusten da ugalketarako dauden teknologia berriek antzeko egoerak sortzen dituztela, baina modu ezberdinean adierazten dira. Teknologia hauek sexualitatearen, ugalketaren eta filiazioaren arteko hausturak sortzen dituzte, eta, hori egitean, gurasotasunaren alderdi genetiko eta sozialean sartzen gara.


Montserrat Rejado, Justizia , Lana eta Gizarte Segurantza Saila
 

Euskonews & Media 216. zbk (2003 / 06-27 / 07-4)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza