"Hemen ni naiz barbaroa, inork ez nauelako ulertzen"
(Ovidio, Tristeak, V. liburua, 10)
Ia bi metroko luzera du, argala da, eta betaurrekoak daramatza.
Euskaldun itxurako gizona da. Berehala nabarmentzen da gainerakoen
artean. Ezinezkoa, beraz, elkarte eusko-argentinarreko zuzendaria
nor den asmatu ezinik ibiltzea. Berarekin sekula mintzatu ez direnek
ere badakite Mikel Ezkerro dela.
Dena den, beste gizakiengandik bereizten duena ez dira bere ezaugarri
fisikoak, baizik eta bere trebakuntza, langile fina izatea, eta
ideia landuen jabe izatea.
Argentinako euskal elkartekoentzat, Ezkerro instituzio bat da.
Argentinarekin lotuta dauden Euskal Herriko historialari zein ikerlariek
beregana jotzen dute kontsultak egiteko, eta are gehiago kontua
kultura ekintzak antolatzea denean. Argentinako ia euskal etxe guztietan
barna ibiltzen da, dela hitzaldiak ematen, dela kultura ekimenetan
laguntzen, pelegrin bat bailitzan. Nolanahi ere, entzun egiten dioten
arren, aditu, ostera, gutxiagotan aditzen diote. Inork apenas ulertzen
dion atzerritar bat bezalakoa da.
Ezkerro, elkarte eusko-argentinarrean sartu zenetik dabil horrela,
gizon honek ez baitzuen egungo buruzagi gehienek jarraitzen dituzten
kanon klasikoetatik jo: ez zen izan ez dantzaria, ez pilotaria,
eta ezta koreuta ere. Historia, kultura eta ideien politika arloak
lantzen aritu da beti, langile bakartiak aritzen diren bezalaxe.
"Uzta oso ugaria da, baina langileak gutxi dira", dio
berak, kulturaren esparruan asmo berriekin sartu nahi dutenei aipu
egitean. Ezkerrorekin solasean aritzea, elkarte euskalduna ikuspegi txit
pertsonal eta ezberdin batetik ezagutzeko parada ezin hobea da.
-Nolakoa izan
zen euskal munduarekin izan zenuen lehenengo harremana?
Argentinar gehienek, edo Euskal Herrian jaio arren Argentinara oso
gaztetan etorri zirenek, ez zuten beren haurtzaroa Euskal Herrian
igaro. Ni neu, adibidez, Argentinan jaio nintzen, eta han egon nintzen
hamabi urte bete arte. Horrek eragin handia izan zuen nigan. Eta
nire amak ere bai. Gazte-gaztetandik, oso gogokoa zuen euskal mugimendua.
Hala ere, sekula ez zuen politikan militatu. Bere lagun gehienak
ere euskal nazionalismoaren aldekoak ziren. Zenbait urte geroago
-berak sekula ez baitzidan horrelako gauzei buruz hitz egiten-,
jakin nuen euskal nazionalismoaren aldeko jendearekin ere bazuela
harremanik, euskal erresistentzia dei genezakeenaren kideekin.
-Nolakoa izan
zen transmisio hori?
Nire amak euskal nazionalismoaren abesti guzti-guztiak erakusten
zizkidan, gaztetan abesten zituenak. 40 eta 50eko hamarkadetan oso
garai latzak igaro genituen, euskalduntasunarekin lotuta zegoen
guztia zapaltzen hasi zirelako. Dena den, nire etxean oso giro euskalduna
izaten jarraitu genuen. Nire amak eragin handia izan zuen euskal
nazionalismo folklorikoan, sentimentalean.

-Eta zer erakusten zizueten
eskolan?
Nik Begoñako Andre Mariaren jesuiten eskolan egin nuen lehenengo
maila, Indautxun. Nire gurasoek eskola hori aukeratu zuten ez bakarrik
ona eta erlijiosoa zelako, baizik eta autonomia handiagoa zeukalako.
Ikasleen gurasoak bi motatakoak izaten ziren: monarkiko tradizionalak,
eta gerra garaian Eusko Alderdi Jeltzalearen aldekoak edo militanteak
izan zirenak. Ezagutu ditu euskal mundua oso gogokoa zuten jesuita
batzuk. Gainera, eskolan euskal dantzak erakusten zizkiguten. Agur
faxistarik eta horrelakorik ez genuen sekula egiten.
-Etxean euskaraz
hitz egiten al zenuten?
Ez, nire gurasoak ez ziren euskaldunak. Amarekin Bilboko Erriberako
merkatura joan nintzen batean entzun nuen euskara lehen aldiz. Han,
sarreran, baserriko produktuak saltzen zituzten emakume batzuk egoten
ziren, eta haietako bat metrailadore baten tankerako hotsak ateratzen
hasi zen. Sekula ez nuen horrelakorik entzun, eta amak esan zidan
euskaraz ari zela. Nik hitz solte batzuk bakarrik ezagutzen nituen,
bilbotarrek bezala, baina ez nekien euskaraz hitz egiten.
-Nolakoa izan
zen Argentinarako itzulera?
Argentinara etorri nintzenean, jesuitekin ikasten jarraitu nuen,
eta apaiz euskaldun batzuk ezagutu nituen, hala nola aita Uriarte
edo Justo Begiristain. Iritsi ginen bezain laster, nire ama Euzko
Deya aldizkariaren harpide egin zen. Hala ere, ez ginen oso
aktiboak ere. Nire gurasoak ez ziren Laurak Bat-eko bazkide
egin. "San Inaziotako euskaldunak" bezalakoak izaten ginen,
urtean behin agertzen ziren horietakoak.
-Eta nola aldatu
zenuten egoera hori?
Amak behin Euzko Deya-n irakurri zuen Buenos Airesen Ekin
euskal argitaletxea zegoela, eta, egun batean, hara joan ginen ama
eta biok. Ekin argitaletxea, urte haietan, Argentinako euskal kulturaren
sancta sanctorum modukoa zen. Han Pello Mari Irujo ezagutu
nuen, denborarekin nire lagunik onena izango zena. Gero Andrés
Irujo azaldu zen. Guk liburu batzuk erosteko asmoa geneukan, eta
berak galdetu zidan ea niri zer gustatzen zitzaidan. "Ba, historia
gustatzen zait...", erantzun nion.

-Eta zer gertatu
zen?
Irujotarren adiskide egin ginela. Andrés eta ni berriketan
egoten ginen, bera aulkitik altxa, besotik heldu eta ateraino eramaten
ninduen arte. "Ala, ala..." esaten zidan, "tira,
nahikoa da, joateko ordua duzu" esanez bezala. Liburu asko
eramaten nituen: ez Ekinekoak bakarrik, nahiko merkeak izaten zirela,
baizik eta baita Andrések bere liburutegi partikularretik
uzten zizkidanak ere. Ni, beretzat, euskal mundua atsegin zuen mutiko
argentinar bat besterik ez nintzen. Baina harrituta gelditzen zen
nire ezagutzen aurrean.
-Hori guztia noiz
gertatu zen?
1953 edo 1954an, eskolara joaten nintzen garaian.
-Zenbateko garrantzia
ematen diozu Irujotarrekin izandako harremanari?
Harreman horrek, Ekinera jotzen zuten pertsona asko eta asko ezagutzeko
aukera eman zidan, bestela sekula ezagutuko ez nuen jendea. Solasean
egoten ginen. Zenbat kafe tona hartuko nituen...! Euskal Herriko
oroitzapenez inguratuta bizi ziren. Nik nahiko buru ona neukan garai
hartan, dena gogoratzen nuen, datuak biltzeko konputagailu bat bezalakoa
nintzen. Eta, horrela, Euskal Herriaren historia moderno eta garaikidean
murgiltzen hasi nintzen. Argentinan, irakur nezakeen ia guztia irakurri
nuen. Nik uste dut orduko iturri onenetara jo nuela. Eta informazio
iturri zirenak ere ezagutu nituen. Askotan eman behar izan ditut
beren hitzaldi nekrologikoak.
-Orduan hasi al
zinen euskal kultura eta argentinarra uztartzen?
Bai. Argentinaren historia asko interesatzen zitzaidan. Beraz, alde
batetik euskal historia moderno eta garaikidea ezagutzen hasi nintzen,
eta bestetik Argentinako euskal kultura. Oso argentinar ospetsuak
ezagutzeko zoria izan nuen, besteak beste José María
Garciarena, Irujotarrak hor egotean itzalean gelditu zena.
-Eta noiz sortu
zitzaizun idazteko zaletasuna?
Denboraldi batean, "pour la gallerie", "Branka"
aldizkaria zuzentzen aritu nintzen. Benetako zuzendaria José
Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" zen, baina Belgikan
zegoen, erbesteratuta. Pentsa, lerro bakar bat ere idatzi ez nuen
aldizkari bateko zuzendari nintzen. "Tierra Vasca"-n,
aldiz, asko idatzi nuen, eta ezizen ezberdinekin: Mikel Julen, M.
Azpiroz, Panpo, M Brantz. Eta, batzuetan, emakume izenarekin ere
bai: Muskilda ezizenarekin sinatzen nituen "Emakumearen Ekintza"
sailerako prestatzen nituen lanak. Hilabetean sei edo zazpi artikulu
inguru idazten nituen. "Euzko Deya", hilabetearen lehenengo
egunean kaleratzen zen, eta gurea hamabosgarrenean. Inprenta berarekin
egiten genuen lan. Iristen ginenean, oihuka hasten ziren: "Euskaldunak
datozela!"... Bai xelebreak ginen Pello Mari eta ni: txikia
bera, eta luze eta argala ni... "Tierra Vasca"-n gertatutakoak
eleberri bat idazteko modukoak dira. Guztiz barojiarrak.
-Noiz aritu zinen
Tierra Vasca-koekin lanean?
1960tik 1963ra, Pello Mari Irujori lan administratiboetan laguntzen
aritu nintzen, eta 1963tik 1975era, idazten ere bai. Gero utzi egin
zitzaion argitaratzeari, alde batetik Pello Mari larri gaixotu zelako,
eta bestetik bere anaia Manuelekin egoteko Europara joatea erabaki
zuelako.

-Eta nola jarraitu
zenuen?
Franco hildakoan, egoera berria nolakoa zen jakiteko, ahal nuen
informazio guztia eskuratzen saiatu nintzen: lagun abertzaleekin
biltzen nintzen, sortzen zen literatura oparoa irakurtzen nuen,
kulturaren arloan gehiago murgildu nintzen, eta Ipar Euskal Herrira
joaten nintzen. Orain Hegoaldera joaten naiz batik bat.
-Andoni Astigarragarekin
gaizki moldatzen zinela-eta, inolako oztoporik izan al zenuen bera
euskal kolektibitatearen baitan sona handiko erreferentea izan zen
bitartean jarduerak burutzeko?
Ez nuen lanean jarraitzeko batere arazorik izan. Lomas de Zamorako
"Denak Bat" zentroko buletinean aritu ginen lanean, eta,
1980tik 1982ra, "La Baskonia" aldizkarian. Dena den, aitortu
beharra daukat nahiko euskal etxe gutxik gonbidatzen nindutela,
esaterako, hitzaldiak ematera, baina ulertzen dut zentroek eskubide
osoa daukatela nor gonbidatu eta nor ez erabakitzeko. Nolanahi ere,
Astigarraga hil ondoren, lehen gonbidatzen ez ninduten etxeak gonbidatzen
hasi ziren, eta agurtu besterik egiten ez nindutenek kasu gehiago
egiten zidaten...
-Zergatik haserretu
zinen Astigarragarekin?
Astigarraga jauna Jesús de Zabalak aurkeztu zidan, 1963an.
Kontua da 1964ko egun batean hitzaldi bat eman nuela, eta bertan
Elías de Gallastegui, Eusko Mendigoixale Batza eta ETA ere
(1964koa) aipatu nituela, besteak beste. Ordutik aurrera, ez ninduen
gehiago agurtu, eta ez genuen berriro sekula hitz egin. Baina pena
handia hartu nuen hil zenean. Liburu batean adierazi dudan bezala,
Astigarraga niretzat euskaltzaletasunaren bultzatzaile sutsu bat
izan zen.
-Oso salaketa
larriak egin zizkizun...
Astigarragak uste zuen ni SIDErentzat aritzen nintzela lanean (Secretaría
de Informaciones del Estado); hau da, Gobernuaren inteligentzia
zerbitzuetan. Enbaxada espainiarrarekin edo Argentinako talde ezkertiarrekin
ere ibil nintekeela esateko modu bat zen. Beraz, batzuetan faxista
nintzen, eta besteetan marxista...
-Eta zergatik
zizun hainbesteko gorrotoa?
Nik ez nuke gorroto hitza erabiliko. Astigarragarentzat, ni "heterodoxo"
bat nintzen, euskal indar ezberdinen inguruko informazioa maneiatzen
zuena... Eta egia da, egiten nuen, baina berak ezin zuen hori onartu.
Astigarragak, 1960 eta 1975 artean, "isiltasuna gordetzeko
agindua" eman zuen, eta horren ondorioz ezin zen askatasunez
eztabaidatu. Gogoratzen dudan bakarra, 1965ean "Laurak Bat"-ean
egin genuen mahai-inguru bat da. Lehenengoa eta azkena izan zen.
Egia da, baita,
zurrumurru batzuek esaten zutela gure "Tierra Vasca"-ko
artikulu batzuk "argitaraezinak" zirela. Bitxia da jende
horrek berak estima handia izatea Manuel de Irujo, Ildefonso Gurruchaga,
Aita Mokoroa, Aita Julio Ugarte, Aita Iñaki de Azpiazu, Pedro
Turullol, eta abarri. Astigarragaren eta "Tierra Vasca"-ren
argitalpenen artean inolako ezberdintasunik baldin bazegoen, informazioa
emateko modua zen: batzuek informazio partziala ematen zutela, eta
besteek globala. Astigarragarentzat, euskal abertzalea izatea, EAJkoa
izatea zen. Beste guztia bigarren maila batean jartzen zuen: Acción
Nacionalista Vasca de Euskadi, Mendigoixalea, ETA -Frankismoaren
garaikoa alegia-, etab. EAJko kide batzuek, Sabin Barrenak eta Joseba
Olabiagak adibidez, ez zuten begi onez ikusten Astigarragak egindako
bereizketa hori. Bukatzeko, esango dut informazio asko eta errespetagarria
zeukan gizon batek ezin izan zuela Pello Mariren eta nire eskuetara
iristen zen informazio piloa onartu...
-Zein harreman
zeneukan orduan Euskal Herriarekin?
Garai hartan askotan joaten nintzen Euskal Herrira. Frankismoaren
urteetan Hego Euskal Herrira joaten nintzen, sendia hara joan zelako,
baina Iparraldea askoz ere gehiago interesatzen zitzaidan, buruzagi
guztiak taberna batean, Euskalduna hotelean edo Sabin Etxean ikusteko
aukera izaten nuelako. Egoera aldatzen hasi zenean, adiskide nituen
historialari batzuk Argentinara etortzen hasi ziren.
-Zer eskatzen
diozu etorkizunari? Zer falta duzu zure indarrak honi guztiari eskaintzea
erabaki zenuenean buruan zenerabilena osatzeko?
Geroari eskatuko nioke orain arte bezala lanean jarraitzea. Argi
dago urteek gauza asko erakusten dizkizutela, besteak beste autokritika
zorrotzagoa egiten, eta egindako akatsak onartzen. Nik beti sentitu
dut Argentinan euskal hazia ereiteko bultzada, hazi hori lur emankor
honetan ereitekoa. Hemen oso sustrai sakonak dauzka euskalduntasunak,
eta inolako chauvinismorik gabe esango dizut munduko beste edozein
lekutakoa baino handiagoa dela. Dena dela, trebakuntza falta zaigu,
hezkuntza, eta hori oso garrantzitsua da. Trebakuntzarik gabe, oinarri-oinarrizkoa
izan arren, haziak ez du hartzen, eta beraz ez du uztarik ematen.
Jendea ez baldin badugu euskalduntasunean trebatzen, panorama ilun
samarra izango da. Hirurogeita bost urte betetzear nago, eta ikusten
dut Argentinan gizon-emakume batzuk lan handia egiten ari direla
kulturaren arloan, eta gainera teknologiaren aurrerakuntzak erabiltzen
dituzte. Gure etorkizuna horrelako jendearen esku dago. Bai pozik
egongo nintzatekeela beraiekin kafe bat hartuz Euskal Herriari buruz
hitz egiten. Nahikoa dut horrekin...
Mikel
Ezkerro
Miguel Ezquerro da berez, baina Mikel Ezkerro
izenez ezagutzen du jendeak. Aita Argentinakoa
zuen -7 eta 28 urte bitartean Euskal Herrian bizitu
zena-, eta ama berriz bilbotarra. 1938ko maiatzaren
7an jaio zen Buenos Airesko Chacabuco partiduko
Rawson hirian. Urtebete zuenetik hamabi urte bete
arte, Bilbon bizitu zen. Indautxuko Begoña
Andre Mariaren eskolan egin zuen Lehen hezkuntza,
eta Bigarren hezkuntza, berriz, Buenos Airesen,
jesuitekin Colegio del Salvador delakoan. Historiarekiko
zeukan zaletasunak bultzatuta, eta, bereziki,
Euskal Herrikoarekiko, gazte-gaztetandik garai
moderno eta garaikidea aztertzeari ekin zion.
Argitalpenen industrian komertzial lanetan aritu
zen, eta denbora asko eskaini zien euskal gaiei.
Gaur egun herrialde osoko euskal etxeetan hitzaldiak
ematen aritzen da. FEVA (Federación de
Entidades Vasco Argentinas) erakundeko kultura
sailetako arduraduna da, eta baita Laurak Bat
zentrukoa ere. Gainera, Instituto Americano de
Estudios Vascos eta Centro de Estudios de la Cultura
y el Nacionalismo Vasco Arturo Campión
erakundeetako kidea da, eta Argentinako Eusko
Alkartasunako presidentea. Era berean, Urazaindi
Bilduman laster argitaratuko den Buenos Airesko
Laurak Bat zentruaren historiari buruzko liburua
idatzi du. Susana Aramendiarekin ezkonduta dago,
eta bi seme dauzka.
|
|
|
Argazkiak: Gonzalo J.
Auza
-
Euskonews & Media 218.
zbk (2003 / 07 / 11-18)
|