Donostiako 51. Nazioarteko ZinemaldiaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Karmele Bujan Vidales
Traducción al español

Donostiako Zinemaldiak zinegile esperientziadunak edota talentu berriak ezagutzeko aukera eman digu azken urteotan. Aurten, Sail Ofizialean, etorkizuneko zinegileek egungo joera zinematografikoaren panorama zabala eskaini digute. Horrela, Sail Ofizialeko Lehiaketan Iciar Bollain-ek Te doy mis ojos bere hirugarren filmean, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen errelitate gordinera hurbildu gaitu. Cesc Gay-k En la ciudad bere hirugarren film honekin hogeitamar urte inguruko lagun talde baten erretratu batere ez konbentzional eta zorrotza kontatu digu. Achero Mañas-ek Noviembre bere bigarren pelikularekin kale-antzerki talde probokatzaile baten inguruko istorioa eskaini digu. Beste alde batetik, Sail Ofizialeko Lehiaketaz Kanpo, Gerardo Herrero-ren El misterio Galindez filma, 1956an Jesús Galindez euskal politikaria Amerikan erbesteratua zegoela, bere desagertze arraroan oinarritzen da.

Argazkia
El misterio Galindez

Zinegile esperientziadunen artean, Preston Sturges (1898-1959) umorista amerikarra eta Michael Winterbotton britaniar (1961ean jaioa) zinegileen lanak aukeztu ditu Zinemaldiak. Preston Sturges komedia-sortzaile handiak umore-sen zinikoa erabiltzen du bere komedietan, hain zuzen ere, Chrismas in July, (Gabonak uztailean), Sullivan´s travels (Sullivanen bidaiak), etabar. Michael Winterbotton zinegile garaikideak, aldiz, hainbat genero zinematografiko jorratu ditu: literatur egokitzapena, (Jude, 1996), bizirik zegoen gerra baten kronika (Welcome to Sarajevo, 1997), gizarte erretratua (Wonderland, 1999), western-a (The Claim-Barkamena, 2000), musikala (24 Hour Party People, 2002), eta dokumentala (This Wold, 2003) ...

Argazkia
En la ciudad

Zinemaldiko sail ezberdinak aipatuaz, “Bizilagun eta Adiskide Artean” sailak zine magrebiarra eskaini digu. Magrebeko herrien zinemagintzan 60ko hamarkadatik gaurdaino Aljerian, Marokon eta Tunisian egindako 30 film eskaini ditu Donostiako Zinemaldiak.

Zinema Aljeriarra independentziaren gerra luzearen garaian sortu zen. Auresetako haizea filma gerrak desegindako sendi aljeriar baten istorioa da. 90eko hamarkadaren hasieratik Aljeriar herriak bizi duen gerra zibilarengatik Rachida irakasle gaztea ekintza terrorista batean larriki zauritua gertatu ondoren, bere amarekin herrixka batean ezkutatuko da erbesteratua. Rachida filma hau, dagoeneko hainbeste ikusle bildu ondoren, fenomeno soziala bilakatu da.

Egun, marokoar zinemagintzan Faouzi Bensadi zinegilea aipatzea ezinbestekoa da. Zinegile honen Horma-k pertsonai bitxi baten sarrera eta irteerak antolatzen ditu eta Mila Hilabete-k Atlaseko herrixka batean kokatzen gaitu.

Argazkia
Aziza

Tunisiako zenbait zuzendari lanetan emakumeen egoerak lekua du, Aziza eta Al satan al akhmar-en kasuan bezala.

Argazkia
El Polakito

“Horizontes Latinos” sail berrian estatu espainiarrean bertan estreinatu gabeko latinoamerikar film ezberdinak aurkeztu dira, ondoren Europan merkaturatzeko asmoz. El Polakito: Argentinako tangolari nabarmenetako bat imitatzen bizibidea duen mutila da eta prostituzioan diharduen “La Pelu” neska ezagutu eta harekin maiteminduko da. Ana y los otros: Anak herritik kanpo hainbat urte igaro eta gero bere nerabezaroko mutilarengana bueltatzea erabakiko du. Aldi berean aurtengo zine espainiarraren ekoizpen nabarmenenak eskaini ditu Zinemaldiak. La luz prodigiosa: 1936ko abuztua, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, andaluziar artzain gazte batek borreroek hiltzat ematen duten gizon bat jaso eta babes-etxe batera eramango du, 1980an berriro harekin aurkitzeko eta gizon hori Federico Garcia Lorca izan daitekeela konturatzeko.

Argazkia
La luz prodigiosa

Zabaltegi sailak berriz, genero desberdinetako pelikulez osatu du programazioa. Zentzu orotan berriena den zinea erakusteko eta ikusle bizi zein kritikoenei zuzendariekin zuzenean eztabaidatzeko aukera eman du sail honek. Bertan Uzak: bere bizitza idealetatik gero eta urrunago dagoela uste duen argazkilari batek, Istanbuleko herritik alde egin eta atzerrira doa itsasontzi batean.

Argazkia
Uzak

Euskal Zinemaren Eguna Irailaren 23a izan da aurtengo zinemaldian, nahiz eta “La pelota vasca, la piel contra la piedra” dokumentala buruz Zinemaldia hasi aurretik aurreiritzi dezente entzun behar izan ditugun. Bertan, Euskal Herriko gizarte egoeraren interpretazio “pertsonala” eskaintzeko parada izan dute kolore askotako aktoreek: alderdi ezberdinetako politikoek, erakundeetako ordezkariek, presoen senideek .... Zalantzarik gabe, elkarrizketa orduak eta artxiboko materiala oso tresna baliagarriak suertatu dira euskaldunon hurbilpenerako eta elkar ezagutzeko dokumental honetan.

Argazkia
La pelota vasca, la piel contra la piedra

Azkenik, Donostiako 51. Zinemaldiak eskaini dizkigun filmez gozatzeko aukerarik ez baduzue eduki, zinema aretoetara gerturatu, merezi du eta.

Argazkiak: www.sansebastianfestival.ya.com

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/09-26/10-03