Amarako Ospitalearen historia eta aurrekariakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Manuel Solórzano Sánchez, Donostia Ospitaleko erizaina
Itzulpena: Carlos Altolagirre
Versión original

Nuestra Señora de las Mercedes Sendategia

Mende hasieran, tuberkulosia zen medikuntzaren kezka nagusienetako bat. Hainbeste jendek harrapatu eta hainbeste hiltzen zenez gero, izurrite zuria eta tisia ere esaten zioten. Farmakoen inguruko ikerketa eta prebentzio-neurriez gain, hiri askotan sendategiak egin zituzten, gaixotasun hau zeukatenentzat propio.

Donostian, Tuberkulosiari buruzko Espainiako Nazioarteko II. Biltzarrarekin bat eginez, Alfonso XIII.ak Nuestra Señora de las Mercedes Sendategia inauguratu zuen, 1912ko irailaren 15ean, Ubako Ama Birjinaren ermitatik gertu, Ametzagainan, Loiolako auzoan.

Comité Local de la Lucha Antituberculosa izenekoak sortu zuen sendategi hau, Jose Elosegi alkatearen ekimenez, eta Colonia Vasco Argentina-ren diru-laguntzarekin. Juan Jose Gurrutxaga arkitektoak planoak egin eta eraikuntza-lanak zuzendu zituen. Inaugurazioaren hurrengo egunean horrela zioen La Voz de Guipúzcoa egunkariak: “eraikuntzak oso itxura ederra du, dotore eraikita egoteaz gain, zuriz margotuta dagoenez, oso atsegina da ikusteko”. Kazetariaren ustetan eraikuntza berriak hotel bat ematen zuen.

Guipúzcoa Médica-n 1919an argitaratutako memoriaren arabera: “paziente guztiek hobera nabarmen egin dute. Gainelikadurari, atsedenari eta aire garbi eta oxigenatuari esker osasuntsuago daude eta pisua hartu dute, batzuek 9 kilo irabazi dituzte”.

1931n, diru-falta zela kausa, Junta de Beneficencia izenekoari transferitu zioten, eta honek 1942an Patronato Nacional Antituberculoso-ri (PNA) saldu zion 536.884 pezetatan.

1931tik 1941era umeentzako prebentibo antituberkulosoa izan zen, hiru urtetan izan ezik, gerra-garaian ospitale militarra izan baitzen.

1953an Auxilio Social-i eman zioten errentan, beharrak zituzten umeak atenditzeko. 1978an epe horri amaiera eman zioten, eta eraikuntza abandonatuta gelditu zen.

Hortik aurrera, Nuestra Señora de las Mercedes Sendategian emakumeak bakarrik hartu zituzten.

Amarako Ospitalea ireki zutenean, ingresatuta zeuden paziente guztiak bertara pasatu zituzten.

Eraikuntzari erabilpen berria emateko zenbait aukera zeuden: bota, EHUren Arkitektura Eskola jarri, etab. Azkenean, Traperos de Emaús gobernuz kanpoko erakundeari eman zioten, 1983an, bere ekintza sozialak egiteko.

Andazarrateko Sendategi Antituberkulosoa

Andazarrateko Sendategi Antituberkulosoa 1928an hasi zen eraikitzen, Asteasuko lurrean, eta 1933ko ekainaren 1ean inauguratu zuten. Sendategi honetan, gizonezkoak tratatzen zituzten sortu zenetik eta kirurgiako zerbitzua ere bazuen. Sendategiak honako langile hauek zituen: mesedetako 15 arreba, 3 mediku, 2 praktikante, 10 zerbitzari eta apaiz bat.

Zentroaren kostuak zati berdinetan banatzen ziren Estatuaren, Diputazioaren eta inguruko udalen artean. Horietako bakoitzak 27,60 pta. ordaintzen zuen pazienteko hiru hilean behin.

Osasun-asistentzia emateaz gain, igandeetan gau-musikaldiak antolatzen ziren. Esaterako, apirilaren 21eko El Diario Vascok dioenez, bertara joan ziren Los Cosqueros artista ezagunak eta Hermanos Arfe pailazoak. Gasómetro eta Donosti Berri taldeek ere ikuskizunak antolatzen zituzten paziente eta familiartekoentzat. Gerra zibila bukatzean, “Sanatorio Antituberculoso 18 de julio de Andazarrate” izena eman zioten.

1950eko urtarrilaren 31n, goizeko 9:30ean, sua piztu zen galdara-gelan; berehala teilatura zabaldu eta erabat kiskali zuen. Zorionez ez zen hildakorik izan.

1956an itxi zen sendategia, eta bertako pazienteak Amarako Ospitalera pasatu ziren. Handik aurrera, eskola munizipalak jarri ziren eraikuntza horretan, 1971ra arte. 1990ean bota egin zuten.

Amarako Ospitalea

Toraxeko Gaixotasunak Tratatzeko Amarako Sendategi Antituberkuloso zaharra.

Amarako Ospitalea 1952ko udaran hasi zen lanean, inaugurazio ofiziala 1953ko abuztuaren 12an izan bazen ere. Proiektua 1947an aprobatu zen 12 milioiko aurrekontuarekin eta 300 gaixo hartzeko lekuarekin. Tuberkulosiaren Kontrako Patronatu Nazionalak Gipuzkoan zeuden tuberkulosiaren kontrako sendategi guztiak bakar batean hartzeko asmoa zuen, eta Foru Aldundiak eman zion 30.eko hamarkadan eraikitako egituraren orubetik abiatu zen proiektua.

Era honetan, ospitale berrira pasa ziren Ubako Nuestra Señora de las Mercedes sendategiko emakumezko pazienteak eta Groseko San Antonio Abad ospitaleko haurren Doker pabilioko umeak. 1955ean ingresatu ziren Andazarrateko gizonezkoen sendategiko pazienteak.

Tuberkulosia zuten gaixoen atentzioan espezializatutako zentro hauen batzeak profesionalak ere ekarri zituen eraikin berrira, emakume, haur eta gizonezkoentzat bereizitako lekuak zituela. Horrez gain, Jose Luis Martinez de Salinas y Salcedo medikuarekin (Andazarrate) eta Rafael Bartolomé Martínez de la Pera (Nuestra Señora de las Mercedes) medikuarekin zuzendaritza mediko bikoitza ezarri zen. Lehenengo administradorea Jorge Muñiz Díaz izan zen, eta lehenengo ama nagusia Mesedetako ahizpetako sor Esperanza Goenaga.

Orduko sendategiak haurren asistentzia zeukanez, zentroak sortu zenetik maistra izan zuen: Angelita Becerril.

Ospitaleak laster zabaldu zituen zerbitzuak, bereziki toraxeko kirurgiaren arloan, eta, lehen aldiz Gipuzkoan, bihotzeko ebakuntza egin zuten Donostiako Kontsultategi Zentraleko hemodinamiako taldearen laguntzarekin. Bertako zuzendaria Salvador Bravo Olalla medikua zen.

1964tik 1972era, Amarako Ospitaleak, probintzia osoko dispensarioek lagunduta, kanpaina bat egin zuen Gipuzkoan tuberkulosiarekin bukatzeko.

1970 Toraxeko Patologiako Espainiako Elkarteak (SEPAR) Donostian egin zuen 3. kongresu nazionala, eta ospitaleko talde medikoa izan zen antolatzaile nagusia. Urte horretan bertan, BAME plan nazionala sartu zen, pneumologian.

1974an Amara-San Sebastián Toraxeko Gaixotasunen Ospitalea izena hartu zuen.

1979an AINSek Euskal Herriko Unibertsitateari eman zion iparraldeko pabilioia, eta ohe-kopurua 200era jaitsi zen. 1981ean zentroa Eusko Jaurlaritzari transferitua izan zen, eta 1984an Prim kaleko Toraxeko Gaixotasunen Dispensarioa ospitalera pasa eta Osakidetzako sarean sartu zen. 1985ean gaur duen Amarako Ospitalea izena jaso zuen.

1988an Alergologiako Zerbitzuko pertsonala Groseko Anbulatoriora eraman zuten. 1991ean egonaldi ertain eta luzeko zentroa bihurtu zen. 1998an sortu berria den Donostiako Ospitaletegiaren zati izatera pasatu zen.

Azken urteotan, tuberkulosiaren tratamenduaren garapenak gaixotasun hau nabarmen gutxitu du eta, beraz, arlo honetako beharrak asistentziako etorkizuna bihotz-arnasbideetako patologia kronikoetara bideratu ditu.

Era honetan, azken urteotan egokitze-lan garrantzitsuak hasi dira instalazioak hobetzeko, eta zentroa egonaldi ertain eta luzeetako ospitalea izateko prestatu da, bereziki gaixo kronikoak atenditzeko Pneumologia, Kardiologia eta Barne Medikuntzako espezialitateetan, 47 oheko solairu batekin eta guztiz berritu den gimnasio batekin.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/10/24-31