"Tokiko prentsa beharrezkoa da euskararen normalizazioaren ikuspuntutik"

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

 

ENEKO AZKARATE. GOIENKARIAko zuzendaria

Nola ikusten duzu tokiko komunikabideen egoera?

Euskarazko tokiko hedabideen gainean bagabiltza, batik bat euskarazko tokian tokiko prentsa idatziaz jardun beharko genuke. Izan ere, euskarazko tokiko telebista oso gutxi dago; oker ez banago hiru-edo baino ez, eta horietatik ganorazko eduki eta emisio orduak eskaintzen dituena, bakarra: GOITB. Tokiko euskarazko irratiak gehiago dira, baina ez askoz ere gehiago. Argi dago, beraz, zein den, kopuru aldetik behinik behin, euskarazko tokiko telebista eta irratien egoera: negargarria.

Euskarazko tokiko prentsa idatziaren egoera hobea da, kopuru aldetik begiratuz gero. Hala ere, egoera oso ezberdina da, toki batean izan edo beste batean izan. 15 urte beteko dira aurtengo abenduan Arrasate Press jaio zela. Hura izan zen benetako iraultza eta eredu, asmatu zuelako formula batekin, gerora tokian tokiko hamaika aldizkarik aintzat hartu eta erabili dutena. Formula arrakastatsua, beraz.

Bestalde, tokiko hedabideei dagokionez, eta batik bat prentsari dagokionez, beste urrats bat eman duena GOIENKARIA izan da (Goiena multimedia enpresaren prentsako adarra). GOIENKARIAk egin du apusturik serioena eta ausartena, formatuari, edukiari eta maiztasunari dagokionean. Goienaren eta GOIENKARIAren formula, gainera, bat dator Topagunearen asmoekin, alegia, eskualde mailan antolatzearekin eta maiztasuna areagotzearekin, ahal dela aldizkari guztiak asteroko martxan ipintzearekin. GOIENKARIAren ereduari eutsi diote beste batzuk, Durango aldeko Anboto-k esaterako, eta etorkizunean ere beste batzuk igo daitezke gurdi honetara.

Baina, hasierakoari eutsiz, oso ezberdina da egoera toki batean edo beste batean: maiztasunari dagokionez, aldizkaria egiten dutenen lan egoerari dagokionez, enpresa egiturari dagokionez, jasotzen duten dirulaguntza edo babesari dagokionez, formatuari dagokionez.

Oro har, hala ere, egoera ez da txapliguak botatzen hasteko modukoa, euskarazko hedabideak diren heinean eta, horretaz gain, txikienak eta ahulenak diren heinean, finantziazioari dagokionez eta enpresa egiturari dagokionez.

Beharrezkoak eta ezinbestekoak al dira?

Zalantza barik bai, batez ere euskararen normalizazioaren ikuspuntutik. Izan ere, tokian tokiko aldizkariak dira euskarazko irakurle kopururik handiena duten hedabideak eta segmentu bakarrenetakoa gaztelerari aurrea hartu diona. Informazioaren aldetik ere garrantzia handia daukate tokiko aldizkariek, kasu batzuetan beste inork baino sakonago jorratzen dituztelako irakurleek gertuko eta gustuko dituzten kontuak, informazio lokala, alegia. Gaur egun, hala ere, muga bat daukate, hau da, egunerokoak ez direla, salbuespenak salbuespen.

Ze funtzio betetzen dute?

Tokiko aldizkariek ohitu dute jendea euskaraz irakurtzera. Milaka eta milaka euskaldun (zahar, gazte eta haur) euskarazko prentsara hurbildu dira tokian tokiko aldizkariei esker. Bestalde, irakurleen gertuko informazioaren egarria ase dute. Gaur egun, herriko edo eskualdeko informazioa jasotzeko erreferentzia nagusia dira toki askotan.

Etorkizunera begira, nola ikusten dituzu?

Etorkizuna badute, informazio lokala altxor preziatua delako, tokiko hedabideendako ez ezik, komunikazio talde handientzako ere bai, eta azken hau oso kontuan izan beharko dute tokiko euskarazko hedabideek. Kontuan hartu behar da, gainera, euskarazko nazio mailako prentsa ere ahaleginetan ari dela herritarrengandik gertuago dagoen informazioari heltzeko eta dagoeneko adarrak luzatzen hasi dela. Horregatik, etorkizunera begira Topagunean dauden tokiko aldizkariak eskualde mailan antolatzeko ahalegina egin beharko dute. Eskualde mailan antolatzeak ez du esan nahi herriko informazioa ahaztu eta eskualdekoa lantzen hasi beharko litzatekeenik. Biak, herrikoa eta eskualdekoa, uztartu beharko lituzkete, baina antolaketa eskualde mailakoa izan beharko lukete, eraginkorragoak eta indartsuak izateko. Behetik gorako joera izango litzateke, Goienak eta GOIENKARIAk egin duten antzera.

Bestalde, gutxienez, asteroko martxari eutsi beharko liokete denek, modu honetan ere, maiztasuna txikitzeko eta irakurleen beharrei hobeto erantzuteko. Eta, asterokotik haratago egiteko ahalegina egin beharko lukete, kalean maizago egote aldera. Eskualdez eskualde, egitura sendoagoak antolatuko balituzte, segmentua indartuko litzateke, denen onerako. Bestalde, nazio mailako euskarazko prentsarekin elkarlana bultzatu beharko lukete, bien interesak uztartuz eta ez batak bestea zurrupatuz.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Bergara
Bilatu Euskonewsen
2003/11/07-14