"Tokiko komunikabideak beharrezkoak direla langileok sinistu behar dugu lehenengo"

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

AITZIBER ARANBURUZABALA. Arrasate Irratiko arduraduna.

Nola ikusten duzu tokiko hedabideen egoera?

Nik gero eta indartsuago ikusten ditut. Ez nabil diru aldetik (nik zorionez ez ditut diru kontuak maneiatzen, beraz, ezer gutxi dakit egoera ekonomikoari buruz. Baina indartsuago esatean, alde batetik gaur egun gero eta irrati gehiago daude Euskal Herrian (joan den astean beste irrati bat sortu zen Durangaldean, Anboto irratia). Egoera onean ikusten dut baita ere azalpenak ematerako orduan. Hau da, lehen leku batera edo bestera elkarrizketa bat eskatzeko edo eskaintzeko deitzen genuenean, azalpen gehiago eman behar genituen, eta orain ez dira horrenbeste eman behar.Ezagunagoak garela esan nahi dut, eta hori atzetik lan bat egin delako da, eta ez guk bakarrik!

Beharrezkoak al dira?

Zalantzarik gabe! Baina hori guk geuk sinistu behar dugu hasteko, ez entzule edo hartzaileek bakarrik. Askotan komunikabide handiagoak hartzen ditugu eredutzat (gure kasuan Euskadi Irratia, adibidez) eta beraien saioak “kopiatzen “ saiatzen gara. Kopiatze hau ez da gaizki ikusten, hau da, ezin gara gure herrira edo gure ibarrera bakarrik mugatu, eta horregatik herrikoak ez diren beste gai orokorrago batzuk herriratu behar ditugu. Adibidez, aste honetan Prestigen hondoratzearen urteurrena da, eta zergatik ezin dugu horri buruz hitz egin gure irratian? Horretarako herriko aditu batengana jo, edota arraindegi batera joan gaitezke arrainaren salmentari buruz hitz egiteko. Gainera, guk ditugu kontakturik honenak, gertukoenak bai behintzat!
Gainera, hartzaileei ere esango nieke edozertarako hementxe gaudela eta guregana jotzeko ezer entzun edo ikusita, gure albiste iturri izan daitezkelako.Gauza bera egin ahal genezake komunikabide handietara joz gero? Arreta berdina izango al genuke? Ez dakit ba!

Ze funtzio betetzen dute tokiko hedabideek?

Informatu (albisteak eta oharrak, hau da, komunikabide handietan ematen ez direnak, batzarretarako deialdiak, une zehatzetan errepideen egoerak, argi eta uren etenak gogorarazi...), entretenitu eta garrantzitsuena: euskara bultzatzen laguntzen dute.

Etorkizunera begira, nola ikusten dituzu?

Uzten badigute, ondo! Baina utziko al digute? Hori bai, laguntza beharko dugu: diru-laguntzak, herriko merkatarien publizitatea... eta horrekin batera, hartzailea gurekin egotea. Hitz gutxitan esanda, gugan sinistea, komunikabideotan lan egiten dugunok egiten dugun edo egin beharko genukeen bezala! Hori bai, tokiko hedabideak elkartu edo harreman bat izan beharko dugu eta ez handiei konpetentzia egiteko bakarrik, baita gure etorkizuna bermatzeko ere. Baina beti, bakoitzak bere izaera galdu gabe!

 

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Arrasate
Bilatu Euskonewsen
2003/11/14-21