Tokiko prentsaren errezetaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Jose Felix Diaz de Tuesta, Arrasateko Udaleko euskara teknikaria eta Arrasate Pressen sortzaileetakoa

Europako lehenengo toki aldizkaria -La Gazeta de Vic- Katalunian sortu zen 1803an. Katalunian katalanez egindako prentsak tradizio handia badu ere, 1976tik hona gertatu da Kataluniako tokiko prentsaren loratzea. Baina, tokiko prentsaren loratzea Mendebalde osoan gauzatzen ari den fenomenoa da. Espainian, adibidez, 1976tik 1990era bitartean gertatu zen prentsa erregional eta lokalaren susperraldia (Macia Mercade, 1987).

Euskarazko tokiko prentsa fenomeno sozial moduan, Arrasate Press astekariarekin batera sortu zen 1988an (Plazaola, 1993). Arrasate Press ez zen euskaraz argitaratutako lehen toki aldizkaria izan, baina bai gehien iraun duena, eta bere ondoren jaio diren ia gehienentzat begiratu beharreko ispilua izan da (Otamendi, 1995). Arrasate Pressen ereduari jarraiki eratu da tokiko euskarazko prentsa (Zalbide, 1993). Arrasate Pressek, berriz, Mendebaldeko Europako eta Estatu Batuetako tokiko prentsa hartu zuen eredu eta bere merkatuko beharretara egokitu.

Oso apustu garbia egin zuen Arrasate Press-ek hasiera-hasieratik: bere zabalkunde-eremuan merkatuko liderra izatea, hau da, beste edozein egunkari edo aldizkari baino irakurle gehiagorengana iristea. Eta, hartarako erabili zuen errezetako osagarri nagusia herrietan oso ugaria den lehengaia izan zen: bertako berri ematea, Arrasaten Arrasateren berri ematea, alegia. Gainontzeko osagarriak ere oso arruntak ziren: batetik, produktua eskatzen zuten herritar guztiei doan banatzea, hartarako harpidetza-sistema erabiliz eta aldizkaria etxez etxe banatuz; bestetik, aldizkarian publizitateari lekua ematea, aldizkaria finantzatzeko.

Errezeta horrekin, munduko edozein herritan edozeinek erabil dezakeen errezeta horrekin, zenbat ale argitaratu ahal izango zituen Arrasate Press-ek. Bada, egia esanda, ez asko, merkatuko liderra izateko behar beste ale ez, behintzat: 7.000 familiatik 2.000ra edo 2.500era iritsi ahal izango zen, gehienez ere. Nola lortu zuen, bada, urtebetean Arrasateko 5.000 etxera iristea? Hortxe dago errezetaren sekretua.

Herri-administrazioen parte hartzeak bereizten du euskarazko tokiko prentsa –eta, oro har, euskarazko tokiko komunikabideak– beste lurralde batzuetako tokiko prentsatik. Nola lortu zen, ordea, herri-administrazioen parte-hartzea? Hizkuntza-normalizazioaren aldeko laguntza eskatu zitzaien herri-administrazioei. Eta laguntzaren tamaina finkatzeko irizpideak kuantifikatu eta objektibizatu ziren. Ahalik eta euskaldun gehienengana iristea izanik Arrasate Pressen helburua, merkatuko eskaera osoari egin zion aurre. Horrenbestez, berak ase ezin zezakeen eskariari aurre egitea bermatzeko eskatu zien herri-administrazioei. Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak –gerora, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bai– jarri zituzten proiektua bideragarri izateko beharrezkoak ziren baliabideak. Sortu zenetik Arrasate Pressen autofinantziazio-maila %60 ingurukoa izan da beti eta, beraz, gainontzekoa herri-administrazioen dirulaguntzen bidez lortu izan du.

Ikusten denez, errezeta oso erraza da, beste askoren antzekoa. Egun Euskal Herrian tokiko komunikabide gehienek erabiltzen dute errezeta hori, arrakasta handiz, gainera. Duela hamabost urte, ordea, errotik aldatu zituen euskalgintzaren jarduera eta lan egiteko era.

Seiehun mila irakurle ditu euskarazko tokiko prentsak

Denetara berrehun eta hiru mila ale argitaratzen ditu euskarazko tokiko prentsak zenbakiko eta inoiz baino irakurle gehiago ditu, 600.000 euskaldun inguruk irakurtzen dute-eta. Berrogeita hamazortzi toki aldizkari argitaratzen dira gaur egun euskaraz, Herria izan ezik beste guztiak 1988 urteaz geroztik jaiotakoak. Euskarazko tokiko prentsaren hedapena lurralde euskaldunetan gertatu da batik bat, euskara oraindik indartsu dagoen herrialdeetan. Bestalde, maiztasun handikoak dira aldizkari gehienak: aldizkarien erdiak maiztasun handikoak dira (egunkari, astekari edo hamaboskariak) eta, gainera, beraiek dira tiradarik handiena dutenak (ikus taula).

Euskarazko herri-prentsaren bilakaera
Maiztasuna
1991
1996
2003
 
Aldizkariak
Tirada
Aldizkariak
Tirada
Aldizkariak
Tirada
Egunkariak
0
0 ale
0
0 ale
4
20.700 ale
Astekariak
4
13.500 ale
8
35.650 ale
12
74.530 ale
Hamabostekariak
5
17.600 ale
6
22.500 ale
9
40.000 ale
Hilabetekariak
11
27.300 ale
22
52.200 ale
23
55.550 ale
Beste batzuk
13
18.200 ale
11
11.500 ale
10
12.250 ale
Guztira
33
76.600 ale
50
121.850 ale
58
203.030 ale
Iturria: 1991 eta 1996ko datuak Jose Felix Diaz de Tuestak bildutakoak. 2003koak, berriz, Topaguneak emandakoak.

BIBLIOGRAFIA

Plazaola, E. eta beste batzuk (1992) “Euskal prentsa lokalaren problematika” in Jakin 69.

Macia Mercade, J. (1995) La Comunicación regional y local. Madrid: Editorial Ciencia 3 Distribución, S.A.

Otamendi, M., eta Uria, I. (1995) “Euskal prentsak ez du inoiz maila hau izan” in Euskaldunon Egunkariaren Urtekaria.

Zalbide, M. (1993) “Euskal kultura” in Jakin 73.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/11/21-28