Hektor Ortega, Berton eta Prest! aldizkarien zuzendaria
Orain dela hamabost urte herri aldizkarien mugimenduaren lehenengo aitzindariak abiatu zirenean, herri eta bailara ertainak -demografia aldetik- eduki zituzten habia. Herri aldizkariak ziren. Oraindik ere izen hori darabilgu, ez hiri aldizkariak. Harrezkero, eta eredu horri segituz, tokian tokiko aldagai eta ñabardura handiekin bada ere, Hego Euskal Herriko hainbat bazterretan sare lodi bat bilbatu da. Hainbat dira astero banatzen diren aldizkariak. Beste askok hamabostean behin egiten dute euren irakurleekiko hitzordua. Eta ez dira gutxi hilabetekariak. Gainera, hainbat aldizkari Topagunean elkartu gara, gure indarrak biderkatzeko. Eta Topagunean elkarlanean, aldizkarion jomuga nagusiak eskualde mailako komunikabideak osatzea eta asteko maiztasunez argitaratzea izan behar direla ondorioztatu genuen. Horretarako, jakina, profesionalizazio maila altua behar da.
Bilbe jori horretan, ostera, zuloak ez dira gutxi. Ikuspegi geografikotik begiratuta, hutsune batzuk eskualde aspaldian eta zuztarretik erdaldundutakoak dira. Beste batzuk, dinamika sozial gutxiko bailarak dira. Azkenik, badaude azalpen sakonagoa behar duten kasuak: Hego Euskal Herriko hiriburuak.
Izan ere, ganoraz begiratuz gero, lau hiriburuetatik bakarra da gaur egun herri aldizkarien mugimenduaren barruan punta-puntan dabilena. Donostiak baino ez du astekari indartsu eta errotua, bestelako produktuen habia izan dena. Bagera euskaltzaleen elkartearen altzotik 1994an Irutxulo sortu zen. Doako izatetik ordaindu behar izatera jauzi arriskutsua ere eginda dago argitalpen donostiarra, arrakastaz egin ere. Gaur egun 5.000 ale banatzen ditu astero, gehigarri bereziak egiten ditu eta oihartzun sozial zabala erdiesten du. Publizitatearen bidezko diru sarrerak eta diru laguntzak dira, harpidetzekin batera, proiektuaren oinarri ekonomikoak.
Esan legez, Irutxulo gure mugimenduko lehenengoen artean dago, hala kaleratzen dituen produktuak kontuan hartuta -astekariaz gain, Gaztetxulo nazio mailako gazte aldizkari arrakastatsua-, nola profesionalizazioan. Egun hamabi bat lagunek dihardute soldatapean argitalpenok karrikaratzeko zereginetan.
Beste hiriburuetan, zoritxarrez, irizpide horien arabera, herri aldizkarien trenaren azken bagoietan goaz. Iruñean, gaur egun ez dago herri aldizkaririk. Bertako euskara elkarteak Karrika zerbitzu eta ohar papera kaleratzen dihardu urteotan. Bestalde, Nabarra aldizkari bikaina, bere edukiak direla medio, ez dago herri aldizkarien multzoan sailkatzerik.
Gasteizen badago, adoretsu eta lerden, Geu Gasteiz: 1992an sortu zen Geu elkartearen magalean. Gaur egun, musika talde onen antzera, izena laburtu eta Geu baino ez dira. Ehun eta hogeita hamar zenbaki kaleratu dituzte honezkero. Guztira, 2.250 harpidedun ditu aldizkari gasteiztarrak. Diru iturri nagusiak publizitate eta harpidetzak dira, diru laguntza publikoen gainetik. Izan ere, denok daukagu akorduan Arabako erakundeek sos barik utzi nahi izan zutela.
Aldizkaria lan handia egina dago. Arabako bakarra izatea ere esanguratsua dugu, oso. Maiztasunari eta profesionalizatze prozesuari erreparatu ezkero, Geu hilabetekaria da eta langile bakarra dauka egun osoz lanean eta beste bat egun erdiz. Gehiago nahi bai, baina oraingoz ezin. Geroari begira hilabetekari gisa jarraitzeko hautua egin dute, kalitate maila gero eta goiago jartzeko eta Araba osora zabaltzeko asmoa ere badaukate.
Eta, azkenik, Bilbo. Hona herri aldizkarien eredua berandu samar iritsi zen. Lehenengo auzo batzuetan euskara hutsezko aldizkariak agertzen hasi ziren. Horrela izan zen Hitza Hartu bihilabetekari deustuarrarekin (1996-1998) eta Zorrotz-Morrotz lauhilabetekariarekin. Azken hori 1995ean hasi zen Zorrotzako Euskal Txokoaren ekimenez eta gaur egun ere auzoko euskaldunen etxeetara iristen da.
Auzo-esparrua gaindituta, 1998an Berton jaio zen, euskaltzale eta kazetari talde baten bultzadaz. Begoñako errepublika zaharreko auzoetako aldizkaria izan nahi zuen: Uribarri, Txurdinaga, Begoña, Santutxu eta Otxarkoaga. Guztira, 125.000 biztanle. 2001ean, berriz, Prest! agertu zen, Deustuko errepublika zaharreko aldizkaria izan guran (50.000 biztanle). Kasu honetan Deustuko Berbaizu euskara elkarteak sortu zuen aldizkaria.
Gaur egun bi aldizkariok hilabetekariak dira, bien artean 3.500 ale banatzen dute dohainik, eta -bien artean ere- langile bi daukate soldatapean. Hemen ere, Gasteizen bezala, maiztasunean zein profesionalizatze prozesuan, hasierako pausoetan baino ez gaude. Baina gasteiztarrek, sikiera, hiri osorako aldizkaria plazaratzen dute. Guk hemen beharrizana ikusi bai, baina oraindik ez dugu Bilbok merezi duen euskal aldizkaria egiteko beste indar batu.
Zergatik ezin dugu Gasteizen, Iruñean edo Bilbon egin, Lasarten, Durangon edo Eibarren posible dena? Batetik, egia da, tokian tokiko erakundeen inplikazioa oso diferentea izan dela herri horietan eta gure hiriburuetan. Hedabide izateaz gain euskarazkoak gara, eta denok gara horrek dakartzan zailtasunen jakitun. Administrazioak euskarazko prentsari bidea erraztu behar dio modu eragingarrian. Gainera, administrazioak berak euskalduntze prozesuan hiriburuak giltzarri jotzen ditu.
Diru sarreren atalean badago beste kontu bat. Donostian izan ezik, publizitate alorra ez da bereziki emankorra izan gure aldizkarientzat. Horra geroari begira irauli beharreko beste kontu bat. Erakundeetatik datorren babesa murritzagoa eta publizitatearen diru iturria agorragoa bada, komunikabide horien ahulezia estrukturala nekez konpon daiteke.
Hala ere, ez dira horiek arrazoi bakarrak. Toki batzuetan euskalgintzak edo ez du premiazkotzat jo euskarazko komunikabide eraginkor bat sortzea edo ez du indarrak elkartzeko gaitasunik erakutsi. Fenomeno horrek ere mugatu ditu komunikabide horien ahalmenak.
Eta hiriburuen ezaugarriek ere zailtasun praktiko gehiago dakartzate. Etxez etxeko banaketa, esate baterako, askoz ere gaitzagoa -eta garestiagoa- bilakatzen da. Euskal irakurleak topatzea ere eragozpenez betetako bidea izaten da dohainik banatzen diren aldizkarientzat eta, are gehiago, harpidetza kobratuta lan egiten dutenentzat. Gizarte-sarea, azkenik, ez da herri askotan bezain sendoa –horrek proiektu herrikoientzat dakarrenarekin- eta herri-identifikazioa ere ez da hain sentitua.
Hiriburuetako euskal komunikabideek honako elementu hauek behar dituzte, besteak beste: erakundeen inplikazio handiagoa, euskalgintzaren babes eragingarria, publizitatearentzat erakargarritasuna eta euskal irakurleak. Hori dena ez da berez etorriko. Jorratu behar da eta jorratzen ari gara. Kalitatezko produktuak egitea giltzarrietako bat da. Eta, esaera zaharrak dioen legez, ogi gogorrari, hagin zorrotza!
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |