Tokiko prentsa, multimedia egitasmoetan murgiltzen hasitaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Mikel Irizar, GOIENA multimedia taldearen sortzailea

Abiapuntua

Multimedien aldeko teorizazioak ondoko hipotesia du oinarri: eragin handiagoa du mezu batek hiru medio ezberdinetan behin emanda, hiru aldiz medio berean emanda baino. Hiru egunkaritan irakurritakoa sendoagoa da egunkari bakarrean hiru egunez irakurritakoa baino. Eta eragina areagotu egiten da mezuaren euskarriak ere ezberdinak badira. Irratian arratsaldez entzun duguna, ikusten badugu iluntzean telebistan, eta irakurtzen badugu biharamuneko egunkarian, horrek hartzen du egiaren itxura erabatekoa, sinesgarritasun askoz handiagoa du hedabide bereko errepikapenak baino. Ez dakit ea hipotesi hau egiaztatzeko inongo ikerketarik egin den, baina nago ez dela oso beharrezko, eguneroko praxiak egiaztatzen duela, besterik barik.

Tokiko euskal prentsa (TEP)

Hamabost urteko ibilbidea egin du TEPk, eta bidean nabarmendu zaizkio indar guneak eta ahul guneak, aukerak eta arriskuak. Batzuen eta besteen azterketa egin berria dut BAT aldizkariaren 48. zenbakirako. Luze samarra izanik, irakurgai du interesatuak www.sortu.org helbidean. Hemen aipatuko dut bakarrik TEPri alde jartzen nizkiola hedapena, ezarpena, atxikimendua, unibertsaltasuna, merkatuaren onarpena eta erakundeen begirunea. Aldiz, aurka lituzke maiztasun urria, sakabanaketa, plangintzarik eza eta kemen eskasia. Polikiago aipatuko ditut aukerak.

Hurbileko informazioa urre bihurtu da. Horrela erakusten du hedabide handien joera ‘lokalistak’. Eta toki hedabideak daude urrearen gainean. Hori gutxi balitz, meatzari gehiago dute urre gainean komunikazio talderik indartsuenak jar lezakeena baino. Eta errematerako, teknologia alde du berriro TEPk. Sareari esker, albistearen ondoan dagoen kazetariak albistea mundu osora zabal lezake, gertatzen den une berean. Ez da bakarrik urrea oin azpian tokatzea eta inor baino meatzari gehiagorekin; gainera TEPk badu mundu guztirako banaketa instantekoa, eta aparteko kosturik gabe.

Tokiko euskal hedabideetan, prentsa izan da nagusi alde handiz. Telebistek arazoak izan dituzte garapenerako, nagusiki medioaren zailtasuna eta baliabide askoren premia. Irratien kasuan legedia izan da oztopo, lizentziak Udalei bakarrik dagozkie eta hauek zuzenean kudeatu behar dute irratia. Arazoak eta oztopoak medio, gutxi izan dira aurrera egin dutenak, baina hor daude. Eta batzuk indartsu.

Esperientzia bat

Goiena jaio zen Debagoienean. Han sortu zen Arrasate Press 1988an, eta oso oparoa izan da eskualdea herri hedabideetan. Bazeuden 1999an zazpi aldizkari, bi telebista eta bi irrati. Handiak eta txikiak, sendoak eta ahulak. Guztiak kezkati etorkizunaz. Ordurako nabaria zen eskualdean dinamika bateratzailea arlo askotan, enpresan, kulturan, kirolean. Eta hedabideek ere bide horri ekin zioten, uste osoarekin bateratzeak indartu egingo zituela eta bakardadean ez zegoela bizirauteko aukerarik.

Bi urte beranduago, Goiena bitariko kooperatibak 50 langile zituen, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua urtean. Berak argitaratzen du Goienkaria asterokoa, egunkari formatukoa, 20.000 aleko tiradarekin euskal kazetetan liderra. Bere hiru ediziotan gordetzen ditu lehengo aldizkariak, eta guztiak bilduta irteten da 100 orrialdetik gorako alea. Goienak kudeatzen du Goitb, eskualdeko telebista. Astean 40 orduz lan propioa emititzen du eta lankidetza estuan dihardu Euskal Telebistarekin. Goienak hartu zuen, era berean, Arrasate Irratiaren ardura, Arrasateko Udalak sortu eta gero. Irratiak 24 orduko emisioa du. Azkenik, egunotan abiatu du Goienak GoienaNet, Debagoieneko ataria, albiste eta zerbitzuz osatua. Aipatzekoa da, baita ere, kooperatibak bideratu dituela jarduera osagarriak, esaterako web orrien edukiak hornitzea, edo bereak ez diren hedabideen publizitatea kudeatzea, beti ere diru sarrerak ugaltze aldera.

Eskualdeko multimediak

Baditugu osagaiak egitasmoa marrazteko: babes teorikoa, TEPren sektorea, bere indar eta ahuleziekin, eta ondo burutako esperientzia. Helburu jarriko diogu hurbileko informazioaren meategia antolatzea, urrea ateratzea, inguruan banatzea eta kanpora saltzea.

Eskualdea da eremu egokia, salbuespenak salbuespen. Hasi behar da eskualdeko hedabide guztiak biltzetik, sinergia, tamaina eta indarra hartze aldera. Eta enpresa egituran antolatu, sektorea konplexua baita elkarte bidez kudeatzeko.

Prentsa bakarrik dagoen eskualdean, telebista azkenerako uztea hobe, aukera berezirik izan ezean. Orainkaria da formaturik interesgarriena, weblog baten bidez informazioa gertatu bezain azkar sareratzeko modua. Ez du kostu handirik, eta idatzia da. Irratia eskuragarriago da telebista baino, ez da garestia eta emaitza duina lor daiteke baliabide gutxirekin. Telebistan sartzeko plangintza formala behar da hitzartu euskal erakundeekin, lankidetzan kudeatzeko lizentziak eta baliabideak.

Topagunea hartzen ari den lidergoa sendotu egin behar da, sektoreko indarrak norabide berean jartzeko. Zerbitzu komunak sortu, informatikan eta publizitatean, egitasmo markoa finkatu, harremanak lotu erakundeekin...

Euskarazko hedabideek meategia antolatzen duten neurrian, hedabide handiek iturri gisa erabiliko dituzte. Euskaraz sortutako informazioa erabiliko dute beste hizkuntzatakoek, euskara erreferente bihurtuz.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/11/21-28