Tokiko prentsa etorkizunari begiraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Idoia Camacho, Informazio Zientzietan doktorea

1. Herri-aldizkariak eta euskararen normalizazio-prozesua

Gaur egun ezagutzen ditugun tokiko aldizkari gehienak 90eko hamarkadaren lehenengo erdialdean sortu ziren. Hazkunde kuantitatibo hori euskararen normalizazioaren plangintzaren barnean kokatu behar dugu. Izan ere, hedabideak funtsezko tresnak dira edozein hizkuntzaren normalizazioa lortzeko, gizartearen hizkuntz eredu diren aldetik. Hedabide handietan gure hizkuntzak oso presentzia urria izanik, prentsa lokalaren esparrua aproposena da euskara garatzeko eta normalizazioaren bidean jartzeko. Horixe zen, beraz, hasiera batean aldizkariek zuten funtzio nagusia: euskararen normalkuntzan lagungarri izatea, herriko informazioa eskaintzearekin batera.

Komunikazio-sistema modernoan, identitate kultural eta linguistikoa mantendu ahal izateko ezinbestekoa da tokian tokiko hedabideak izatea. Kataluniarantz begiratzen badugu, bertan historikoki eskualdeko prentsa katalanaren erabilera publikoa normaltzeko funtsezko faktorea izan da eta 80ko hamarkadaren azken urteetan hizkuntza horren erabileraren normalkuntza suspertzen lagundu zuen.

Tokiko aldizkariek euskara ohiko hizkuntza bihurtu dute euren esparruan, normaltasunez erabiltzen dutelako herritarren artean mota guztietako gaiak zein kazetaritza-generoak zabaltzeko. Gainera, euskararen kalitatea nabarmen hobetu da denbora pasa ahala. Aldizkari gehienetan arlo hau zaintzeko ahaleginak egin dituzte, kazetariek trebakuntza jasoz edota testuak zuzentzeko zuzentzaileak hartuz.

Aldizkarien orrialdeetan idazkera zaindua aurkitzen dugu. Testu gehien-gehienak irakurtzeko errazak dira, hau da, esaldi motzak erabiltzen dira, jende guztiak ulertzeko modukoak. Normalean, testu eta albiste laburrak ugari dira eta luzeagoak direnean irakurketa errazteko baliabideak erabiltzen dira, hau da, azpitituluak, sarrerak, tartekiak, argazki oinak... Horregatik, herri-aldizkarien estiloa arina, zuzena eta hurbila dela esan daiteke.

Herri-aldizkariei esker jendea euskaraz gero eta gehiago irakurtzen hasi da. Beraz, tokiko aldizkariek euskaldun peto-petoen zein euskara ikasten ari direnen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna lortu dute, eta hori gutxi balitz, erdaldun asko ere hurbiltzen dira aldizkarietara, gainetik begiratzeko baino ez bada ere.

Gaur egun, dena den, aldizkariak euskaraz izatea bigarren mailara igaro da, eremu hori irabazita dagoelako. Hauxe da, hain zuzen ere, normalizazioaren isla. Orain erronkarik handiena da kalitatea hobetzea eta herritarrei behar dutena eskaintzea: informazioa, entretenimendua eta zerbitzua. Horrenbestez, tokiko aldizkariek euskararen normalizazio-prozesuari eginiko ekarpena oso handia izan dela esan dezakegu.

2. Herri-aldizkariak euskarazko komunikazio-esparruan

Hego Euskal Herriko prentsaren barruan euskarazko prentsak oraindik ere bazterreko lekua du. Gaur egun euskaldunok badugu euskarazko informazioa nondik jaso, baina oraindik gehiago jotzen dugu erdarazko hedabideetara, hauek gehiago direlako eta tradizionalki ohituago gaudelako erdaraz irakurtzen euskaraz baino. Horregatik, euskarazko prentsaren eragina oso txikia da gizartearen arlo gehienetan, erdarazko komunikabideekin erkatuz gero.

  Argazkia
Azpeitiko aldizkaria.

Hala ere, euskarazko tokiko aldizkariak hartzaile kopuru zabal batengana iristen dira eta euren mailan erdarazko prentsari aurre hartu diote, gizartean benetako eragina izanik. Argitaraldi bakoitzeko 160.000 ale kaleratzen dira, hau da, 480.000 irakurle konta ditzakegu ale bakoitza hiru lagunek irakurtzen dutela estimatzen badugu. Beraz, bi euskaldunetik batek irakurtzen du euskarazko tokiko agerkariren bat. Euskal prentsa ez da inoiz hainbeste irakurlerengana iritsi. Hori dela-eta, herri-aldizkariek hedabideen merkatuan euren lekua aurkitu dutela esan daiteke; horrez gain, eremu urriko prentsaren mailan liderrak dira.

Udalerri batzuetan badaude gertuko edukiak eskaintzen dituzten beste hedabide batzuk, baina herri-aldizkari askok beren esparruan gehien irakurtzen den produktua izatea lortu dute. Beste kasu batzuetan herriko informazioa banatzen duten komunikabide bakarrak dira eta, ondorioz, zuzeneko lehiakiderik gabe argitaratzen dira. Kasu guztietan hedabide handiagoek uzten dituzten hutsuneak betetzen saiatzen dira, hurbileko informazioa euskaraz jasotzeko aukera emanez. Horrenbestez, garatu gabe zegoen esparru hau euskarak bete du eta ez erdarak, gehienetan gertatzen den bezalaxe.

Aipatu dugun moduan, euskara normaltzea eta hizkuntza horretan irakurzaletasuna sustatzea eremu urriko prentsaren indarguneak dira. Hona hemen, beste batzuk:

Bestalde, hauexek dira tokiko prentsak dituen ahulune nagusiak:

3. Aldizkarien egitura urteetan zehar

  Argazkia
Barakaldoko aldizkaria.

Tokian tokiko aldizkari gehienak irabazi asmorik gabeko euskara elkarteek sortu zituzten. Batzuk moda edo joerari jarraitzeko agertu ziren eta horregatik lantalde gehienen ardura bakarra aldizkaria garaiz egin eta banatzea zen. Azpiegitura zein langileria aldetik, aldizkarien idazgeletan baldintzak kaskarrak ziren orokorrean, baliabide gutxi zituztelako eta borondate hutsez lan egiten zuten pertsona asko zeudelako. Gainera, aldizkariek ez zuten elkarren berri askorik eta bakoitza bere zilborrari begira zegoen. Lehen esan bezala, aldizkarien funtzio nagusiak euskararen normalizazioa lortzea eta gertuko informazioa zabaltzea ziren, eduki zein diseinuari garrantzi txikiagoa emanez.

90eko hamarkadaren hasieran, Arrasateko ARKO multimedia sortu zen, testuinguru hori aldatzeko asmoz. Bere helburu nagusiak, herri-hedabideen arteko harremana sendotzea, enpresa-ikuspegia lantzea eta teknologia berriak eskuratzea. Prentsa alorrean, Arrasate Press aldizkaria era profesionalagoa egiten hasi zen: autoedizioa erabiltzen zuen bere produktua egiteko, diseinu berri eta erakargarriagoarekin kaleratzen zen eta publizitatez hornitua zegoen. Horixe izan zen beste aldizkari askoren eredua.

Denbora pasa ahala, herri-aldizkari asko gero eta komunikabide sendoagoak eta profesionalagoak izatera pasatu ziren, enpresa-egitura hartuz, goi-mailako teknologia erabiliz, langileria zabalago eta espezializatuagoa kontratatuz eta aurrekontu altuagoak izanik. Euskaraz publizitaterik ezin zitekeela lortu uste zenean, prentsa lokalak herrietako merkatariak jarri zituen publizitatea egiten eta komunikabideak eta merkatariak konturatu ziren euskarak ere saltzen zuela. Publizitatea profesionaltasunez egiten den lana da eta aldizkarietan autofinantzaketa maila igotzeko erabiltzen da. Hala ere, urte askotan zehar enpresa-ikuspegia ahula izan da oraindik, aldizkari asko eta asko diru laguntzei esker bizi izan direlako.

Herri-aldizkariak enpresa multimedia modernoetan biltzen hasi dira, eremu urriko komunikazioaren esparru guztiak profesionaltasunez lantzeko asmoz. Era berean, eskualdeka antolatzen eta lantzen hasi dira, euren egiturak sendotuz biztanle eta merkatu kopuru handiagori egokiago erantzuteko, elkarrekin lan egitearen ondorioz sortzen diren sinergiak aprobetxatzeko. Gaztelaniazko hedabideekiko lehian aurrera atera ahal izateko, etorkizunean aldizkari guztiek indartu beharko dituzte bi aspektu horiek.

Ahalegin hauen bitartez, eremu urriko prentsak diru publikoen laguntzaren menpe ahalik eta gutxien egon nahi du. Dena dela, oraindik diru laguntzen beharra daukate, hedabideetan gaztelaniak duen nagusitasunak euskararen aldeko diskriminazio positiboa eskatzen duelako. Gaztelaniazko prentsaren aldean, euskarazko herri-aldizkariak argitaratzeak sortzen dituen gastu handiak direla eta, ezinezkoa da kostuak merkatu-legeen arabera berdintzea. Horrexegatik, erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa da aldizkariak kaleratzeko.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/11/21-28