Zuriñe
Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko:
zurkain@euskalnet.net
Lorentxo Altube arrasatearrak musika tresnak egiteko zaletasuna du. 1982.urtean hasi zen soinu tresnak egikaritzen. Garai hartan Arrasate inguruan txalaparta ia ez zen ezagutzen, eta semearen eskaera bati kasu egin eta dagoeneko hogei urte dirauen zaletasuna sortu zen Lorentxorengan. Hasiera Arrasateko Udalaren diru-laguntzarekin eman zen. Orain, San Andres auzoko Etxaluze baserrian duen museoan ditu bere eskuekin eginiko tresna desberdinak. Hala ere, museoa ez dago edozeinentzako zabalik; familia eta lagunentzat antolatutako erakusketa partikularra da.
Hogei urte hauetan zehar, perkusio, haize eta sokazko tresnak landu ditu Altubek. Perkusioari dagokionez, txalaparta aurki dezakegu bere bilduman, esaterako. Hogeita bost oholekoa; hogeita bost zuhaitz mota desberdinen makilak dituena. “Makila bakoitzak dezibelio desberdinak ditu, eta horren ondorioz soinu desberdinak sortzen dira”, dio Lorentxok. Perkusioarekin jarraituz, Tobera izeneko tresna aurki daiteke Etxaluze baserrian. Nahiko ezezaguna den instrumentua garai batean debekatuta egon zen. Ezteietan erabiltzen zen tobera. Tresna jotzeko aukera zuenak, ezkontza egunean bertsotan aritzeko aukeratua izaten zen. Ohore hori eduki nahi zutenen artean borrokak sortzen ziren sarri, batzuetan hiltzeraino. Arrazoi horrexegatik debekatu zen toberaren erabilera.
Lorentxok eginiko beste musika-tresna bat: Ttun-ttuna. |
Haizezko musika-tresnei dagokienez, Lorentxok egin zuen lehenbiziko instrumentua alboka izan zen. Museo partikularrean Txanbela ere aurki daiteke, dultzainaren oso antzerakoa, baina euskal tresna dena. Adarra ere landu du arrasatearrak, besteak beste.
Hirugarrenik, sokarekin ere egin du lan Altubek. Esaterako, maniurak ekoiztu ditu bere eskuekin. Donostiako Kontserbatorioko adiskide batzuek lagundu zioten Lorentxori maniurak diseinatzen eta burutzen. Bakarra egiteko urtebete behar du tresnagileak
Beste hainbat musika-tresnekin batera, Lorentxoren erakusketa partikularrean Etxaluze baserrian aurkitutako tresneria anitza ere ikus daiteke. Baserriko tresneria eta arotz-tresneria dira erakusketako bigarren partea. Hala ere, museo berezi horretara sartzerakoan edonor konturatu daiteke Lorentxo Altuberen zaletasuna zein den: musika-tresnak egitea, alegia.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français