Kirol aukera berria: banakako entrenamendua

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Aretxabaletako Udalaren kirol zerbitzuak, kirolzale guztientzako zerbitzu berria jarri du martxan: banakako entrenamendua. Horren bitartez, kirola modu egokian egiteko laguntza eskaini nahi izan dute. Herriko polikiroldegian garatuko da proiektua, eta bost urrats ditu guztira.

  Argazkia
(Reebokclub.com)

Lehenik eta behin, banakako elkarrizketa egiten da. Horrek, interesatuaren helburuak, ezaugarriak, kirol-lesioen historiala, kezkak, eta abar ezagutzeko, eta lan dinamika azaltzeko aukera emango du.

Bigarrenik, azterketa medikua egingo zaio kirolariari. Bere egoera fisikoa eta osasuna ezagutzeko balioko duen azterketa. Bi aukera eskaintzen dira: oinarrizko azterketa edo azterketa osoa, esfortzu froga barne.

Hirugarren urratsari dagokionez, kirol saioen planifikazioa egingo litzateke. Horrela, pertsona bakoitzari bere planifikazioa eta saioen fitxak egingo zaizkio, xehetasun guztiak adieraziz: zer nolako ariketak egin behar dituen, intentsitatea, errepikapenak... Horrela, osasunarengatik kirol-etxera joaten den bati edota estetika kontuengatik doanari planifikazio desberdina egingo diote.

Hurrengo urratsa, kirolariaren formazioa litzateke. Prestatutako saioen aurkezpena egin, eta azalpen teoriko eta praktikoa emango dute adituek. Pultsometroa nola erabili irakatsiko diete kirolariei urrats honetan. Adierazi dutenez, kirol-etxekoak erabiltzeko aukera egongo da. Beste azalpen bat ere emango diete kirolariei, muskulazio gelako tresnen erabilerarena, alegia.

Azkenen urratsa, saioen balorazioa, jarraipena eta eguneratzea litzateke. Lehenengo bi hilabeteetan ez da kobratuko lan hori, baina hirugarren hiletik aurrera, zerbitzu hori jaso nahi izanez gero, 10euro kobratuko da hilean.

Banakako entrenamendua egin nahi duenak, 60euro ordaindu beharko ditu oinarrizko azterketa barne, eta azterketa osoa nahi izanez gero, 75euro. Beraz, sasoian egoteko aukera aproposa kirolzale guztientzako Aretxabaletako Udalaren kirol zerbitzuak eskaintzen duena.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Aretxabaleta
Bilatu Euskonewsen
2003/11/21-28