"Euskarazko tokiko komunikabideen arteko sarea eratzea komeniko litzateke"

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

GORKA ETXABE. Goitb-ko erredaktore burua

Nola ikusten duzu tokiko hedabideen egoera?

Gaur egungo egoera ez da ona. Euskarazko tokiko hedabideek ez dute inolako harremanik euren artean eta telebista bakoitzak bakarrik egin behar du aurrera. Horrek lan handia suposatzen du eta emaitza gutxi. Komeniko litzateke sare bat eratzea eta elkarrekin eskaintza hobea egitea. Kalitatean eta emisio minutuetan aurrera egingo lukete toki telebistek. Katalunian, esaterako, sare bat dago, eta tokian tokiko hedabide katalanek askoz indar gehiago dute. Gainera TV3 telebistarekin ere harreman oso ona dute toki telebistek eta lan egiteko aukera gehiago. Euskal Herrian, euskarazko bost toki telebista daude, erabat atomizatuak, eta ETBrekin harreman gutxi dugu. Gaztelaniaz lan egiten duten toki telebistak ere badaude, baina, horiek, badute sostengu handiagoa. Localia TV eta Teledonosti, esaterako, enpresa handien barruan daude kokatuta. Nik gainera, bereiztu egingo nituzke herri telebistak eta hiri telebistak. Hiri telebistek badutelako esparru zabalagoa. Orohar, beraz, euskarazko toki telebisten egoera ez da ona. Asko dago hobetzeko eta horretan ari gara Goiena Telebistan. Toki telebisten produktua oso duina da eta gero eta ikus-entzule gehiago ditugu. Langileen egoera laborala beste kontu bat da. Zentzu horretan ere asko dago hobetzeko, baina, orohar, hedabideen sektorea ez dago batere ondo.

Argazkia
Gorka Goiena Telebistako kontrol gelan. (Arrasate Press)

Ezinbestekoak al dira?

Oso gauza gutxi dira ezinbestekoak. Hala ere, esango nuke euskal esparru komunikatiboan garrantzitsuak direla toki telebistak. Telebista generalisten konpetentzia inoiz ez dira izango, ezta ETBren konpetentzia ere, baina bai konplementua. Gaur egun, herritarren eta toki telebisten arteko harremana oso estua da. Herritarrek eskatzen dute euren inguruko albisteak, informatuta egon nahi dute eta guk zerbitzu hori eskaintzen diegu. Hori da gure lana eta herritarrek eskertzen dute. Bestalde, hainbat gizarte eragileren, herritarren, Udalen, kirol elkarteren eta beste hainbat talderen leiho ere bagara toki telebistak. Gure lana bitarteko izatea da, eta horretan ahalegin handia egiten ari gara.

Zein funtzio betetzen dute?

Aurreko erantzunean aurreratu bezala, toki telebistak dira herritarrek duten beste zerbitzu bat. Informatu egiten dugu eta gainerako telebistek moduan entretenimendurako tresna bat ere bagara.
Gertuko informazioa eta entretenimendua, horiexek dira gure eskaintzak. Beste hainbat futzio ere betetzen ditugu, eta Euskal Herrian, informazio alternatiboaren leiho ere bagara. Izan ere, informazio iturri ofizialetatik at eskaintza zabala egiten dugu.

Etorkizunera begira nola ikusten dituzu toki telebistak?

Itxaropentsu eta hobetzeko gogo handiarekin. Gure esparrua sendotu behar dugu. Behar bada, seinalearen hedapenean lan handiagoa egin behar dugu. Kablez zein uhinez berme osoz iritsi behar gara herritarrengana. Hori lortuz gero, lan erdia egina izango dugu. Toki telebisten eskaintzari dagokionez, beti daude hobetzeko gauzak. Baina gainerako telebistei ere gauza bera gertatzen zaie.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Arrasate
Bilatu Euskonewsen
2003/11/21-28