"Tailagintzarako garrantzitsuena
pazientzia edukitzea da"

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Jose Mari Etxabe arrasatearra ARTE (Arrasateko Tailaginen Elkartea) taldeko presidentea da. Beste 27 pertsonekin batera Uribarri auzoko lokal batean bere irudimena errealitate bihurtzen du. Azaroaren 20tik abenduaren 3 bitartean, 127 arte lan jarri dituzte ARTEkoek erakusgai Harresi Aretoan.

Argazkia
Jose Mari Etxabe, ARTEko presidentea, bere lan baten aurrean. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal

Noiz hasi zinen tailan?

Hamarkada bat baino gehiago daramatzat honetan. 1989 urte amaieran Santo Tomas egunean Arrasaten egiten den artisauen erakusketa ikusi eta horretan aritu nahi nuela jakin nuen.

Zer behar da zura lantzeko?

Marrazten jakitea funtsezkoa da. Horrez gain, lan-tresna ugari, eta nahiko garestiak gainera. Baina tailagintzarako garrantzitsuena pazientzia edukitzea da, nire ustez. Pazientzia eta egiten ari zaren lanarekin irmotasuna.

Ze egur mota erabiltzen da?

Niri gehien gustatzen zaidana Intxaur beltzaren egurra da, baina lantzeko polita bezain zaila da. Geriza eta pagoa, haritza, eta azken aldian jendeak egur tropikalak (gorrixkak) erabiltzen ditu. Horretaz gain, zenbait tailagile zuhaitzen sustraiekin hasi dira lanean.

Zenbat denbora behar da arte-lan bat egiteko?

Hori bakoitzak sartzen dituen orduen araberakoa da. Astean 7 orduz arituz gero, bi edo hiru hilabetetan lan txukuna egin daiteke.

Argazkia
Erakusketaren antolatzaileak Harresi Aretoan azken ukituak ematen. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal

Zenbatgarrenez antolatu du ARTEk erakusketa?

Bigarren aldia da. Lehenengoa 1992.urtean izan zen. Oraingoa elkartearen 20.urteurrenarekin bat etorri da. Gainera oihartzun handia izan du erakusketak. Aurreko asteburuan 113 pertsona gerturatu ziren Harresi Aretora: Elgeta, Antzuola, Aretxabaleta... eta Urnietako zenbait pertsona ere egon ziren! Beraz, jendearen erantzunarekin biziki pozik eta eskerturik gaudela esan dezaket.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Arrasate
Bilatu Euskonewsen
2003/11-28/12-05