Zuriñe
Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko:
zurkain@euskalnet.net
Javier Arregik baserria dauka -Egi Haundi- Arrasateko Zigarrola auzoan, eta bertan dituen lur-sailetan mahastiak landatzea pentsatu zuen. Dagoeneko hamarkada oso bat darama txakolina egiten. Oso pozik dago bere osabak aspaldi nahi zuena egia bihurtu duelako: Arrasaten txakolina egitea posible dela, alegia.
Nola otu zitzaizun mahastiak landatzea?
Nire osaba batek gerra aurretik Kataiden geneukan baserrian
mahastiak landatu zituen, horrela Arrasaten ere txakolina egin zitekeela erakusteko
asmoz. Baina ezin izan zituen aurrera atera. Nik froga berdina egiteko ideia
izan nuen 1987an, eta 100 bat orpo jartzea iruditu zitzaidan. Getariara joan
eta 100 orpo (mahasti oinak, txertaketa egin gabekoak) erosi nahi nituen.
Hala ere, hango lagun batek lur zabalak nituenez gero gehiago landatzeko aholkatu
zidan eta azkenean 1200 orpo erosi nituen.
Ondoren, bigarren lur eremu batetan 4000 landatu nituen, bi hektarea guztira.
Noiz hasi zinen txakolina ekoizten?
Lehenengo landaketak egin eta bi edo hiru urtetara. Hasiera hartako zukua gaurkoa baino garratzagoa zen.
Zein da txakolina egiteko prozesua?
Lehendabizi mahatsa bildu behar da San Migel egun inguruan.
Hala ere, aurtengo beroteak uzta lehenago jasotzera behartu gaitu. Guk ditugun
bi hektareak batzeko jendea behar da, eta familiako 20 lagun aritzen gara.
Bilketaren ondoren aleak askatu eta dolarera bidaltzen ditugu. Bertan estutu
eta lehenengo muztioa bandeja batera erortzen da. Hortik depositu batera eraman
eta metabisulfitoa bota behar zaio, herdoildu ez dadin. Deposituan zikinkeria
behean geratzen da eta berriz ere tokiz aldatu behar da zukua.
Orduan irakiteko prest dago. Zukuari legamia bota eta 16ºC eta 18ºCtan
mantendu behar da hamabost egunetan zehar. Ondoren berriz ere lekuz aldatu,
azken zikinak kendu eta botiletan sartu.
Javier txakolina mantentzeko baserrian dituen deposituetan.
(Arg. Zuriñe Velez de Mendizabal) |
Noiz dakizu txakolina gertu dagoela botilatan sartzeko?
Iñaki Kamio enologoari deitu eta hark aholkatzen gaitu txakolinaren inguruan.
Arraroa da bailaran mahastiak ikustea...
Bai. Hala ere, Bedoñan, Oñatin eta beste hainbat tokitan ere aurki daitezke batzuk, baina jatorri-izendapenetik kanpo. Ondorioz, mahastiak sartu berri dutenek ezin diote txakolina deitu bere produktuari.
Arregik Egi-Haundi baserriaren azpian dituen mahastietan. (Arg. Zuriñe Velez de Mendizabal) |
Non saltzen duzu Kataide txakolina?
Gehiena Arrasaten bertan. Santo Tomas eguneko ferian dastatzeko ematen dugu eta hortik ezagutzen gaituzte. Hala ere, ekoiztutako zati handi bat familia eta lagunentzat izaten den arren, aurten esaterako, Bartzelona aldean ere egin dugu salmenta, bertako Euskal Etxeetarako.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français