Alemanian bizitzearen eredu bat

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Lorea Azkarate 23 urteko gazte arrasatearra da. Filologiarekin hasi eta Alemaniara joan zen hizkuntza ikastera. Oraindik ez du handik itzultzeko asmorik, ondo pasatzen ari baita. Hala ere, azterketatan dagoela-eta Arrasaten aurkitu dugu.

  Argazkia
Lorea ikasten harrapatu dugu Arrasaten. (Arg. Z.V.M.)

Noiz joan zinen Alemaniara?

Alemaniar Filologiako ikasketei ekin nien, eta 2002ko urriaren 15ean joan nintzen Alemaniara, hizkuntza ikasteko asmoz; hemen oso zaila da behar bezala menderatzea.

Zer egiten duzu bertan?

Hizkuntza akademia batetara joaten naiz alemana ikasten. Noizean behin umeak zaintzen eta etxeak garbitzen egiten dut lan.

Nolako bizimodua da hangoa?

Alemania nahiko garestia dela esango nuke. Ni Berlineko Neuköln auzoan bizi naiz, eta nahiko merkea da han etxe bat alokatzea. Beste hiru alemaniarrekin bizi naiz. Nahiz eta Berlin garestia izan, alternatibak aurki daitezke ondo bizi ahal izateko, baina bilatu egin behar da. Gazteek abantaila bat dute. Gobernuak diru-laguntzak ematen dizkiete unibertsitate ikasketak egiten dituztenei, eta horrela gehienek lehenago lortzen dute independentzia. Hala ere, laguntzaren erdia ikasketak amaitzerakoan itzuli behar dituzte. Euskal Herrian bekak eskatu egiten dira, eta han ez.

Horretaz gain, asko igartzen da kultura desberdina dela, bai ordutegien aldetik, baita jateko duten ohituragatik ere.

Zer nabarmenduko zenuke?

Jendea oso indibidualista da. Nahiz eta ez den zaila jendea ezagutzea, gero harremana mantentzea kostatzen zaie. Hala ere, nik ezagutu ditudanak beti egon dira edozertan laguntzeko prest. Hala ere, Berlingo jende gutxi ezagutu dut, harreman gehiago izan dut herrialdeko beste toki batzuetako jendearekin, hiritarrekin baino. Indibidualista izateak badu bere alde ona, hemen baino intimitate handiagoa eskaintzen dizu.

Nabarmendu nahiko nukeen beste gauza bat hotz handia egiten duela da, eta neguan arratsaldeko 16,00tarako ilundu egiten du; gogorra da hasieran.

Nolakoa da gau-giroa?

Oso desberdina. Hemen tabernaz taberna ibiltzera ohiturik gaude, han mantsoagoak dira. Hala ere, horren hiri handian aukera izugarria dago: nahi duzun musika entzuteko, antzerkia...

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Arrasate
Bilatu Euskonewsen
2004/01-30/02-06