Jauntxoen garaia atzean utzi eta bost mende pasatu dira herriak askatasuna lortu zuenetikEscuchar artículo - Artikulua entzun

Zuriñe Velez de Mendizabal

Urtetan Oñatiko jauntxoaren agintaldi maltzurraren mende bizi ondoren, Gatzagako herriak askatasuna lortu zuen duela 510 urte. 1494ko otsailaren 13an ikusi zuten gatzagarrek euren nahia beteta: ordura arteko ermandadetik, Arabakotik, Gipuzkoakora igarotzea, hain zuzen ere.

Argazkia
Leintz Gatzaga.

Gatzagako herriak 510 urte bete ditu Gipuzkoan sartu zela. Hain zuzen ere, 1494ko otsailaren 13an izan zen. Aurretik, denbora luzean Oñatiko kondearen nahia betez eta herritarren gogoz kontra, Arabako Ermandadeko kide izan ziren gatzagarrak.

Garrantzitsua izan da herria hainbat konturengatik. Antzina Madril eta Irun bitarteko bide ofiziala izan zen Arlabangoa, eta Arabako lautadatik Gipuzkoako kostaldera joan nahi zutenen derrigorrezko igarobidea. Horrez gainera, gatzak ere garrantzia izan du herriaren historian, ospea eta aberastasuna eman dio-eta.

Alfonso XI.ak hiri-gutuna eman zion Gatzagari 1331n, baina herriko gatzagak berarentzako gorde zituen, aberastasun eta garrantziaren ondorioz. Zenbait urtera, bere aginduetara fidel aritutako Oñatiko jauntxoari, Eskoriatza, Aretxabaleta eta herriko gatzagak eman zizkion. Beltran de Gebara gatzagekin konformatu ez, eta herriak izen bera zuela argudiatuz, bertako agintea hartu eta bere aginduetara makurrarazi zituen herritarrak.

Argazkia
Leintz Gatzaga. Mendebaldeko atea.

Gatzagarrek ez zuten mendekotasun hura asimilatu nahi, eta Gipuzkoako Ermandadeko kide izan nahi zuten arren, jauntxoaren nahia bete zen. Leintz Gatzagak 1331n Tolosan, 1397an Getarian eta 1398an Arrasaten izan ziren batzarretan ordezkariak izan zituen, baina, Gebarako kondea Arabako kongregaziokoa izanik, Gatzaga bertakoa izatea komeni zitzaion, jaurerri kontuagatik.

Borrokan jarraitu zuten herritarrek, eta 1451n, Gipuzkoako Ermandadearen laguntzarekin, herriko tokirik garaienean zuen dorrea bota zioten Oñatikoari. Egun gutxirako izan zen arren, herriak horrenbeste desiratzen zuen independentzia lortu zuen. Baina jauntxoak indarrez berreskuratu zuen boterea, eta herritarrek zigorra jaso zuten ekintza harengatik: 25 urtean 4.000 marabedi urteko, hain zuzen ere. Edozelan ere, denbora hori igaro arren, kondeak ankerkeriak egiten jarraitu zuen.

Auzitegietan ere ez zuten arrakastarik izan, justizia kontuetan ere nagusitzen baitzen Oñatiko jauntxoa. Errege Katolikoek, noblezia asaldatzaile eta arriskutsuaren nahiak apaldu guran, epaileak izendatu zituzten.

Argazkia

Gaztelako Ermandadea antolatu zuten 1476an, eta Gebarak bere ekintzak azaldu behar izan zituen bertan: herritarren borondatearen kontra Arabari lotuta zergatik jarraitzen zuen, hain zuzen. 1490ean, Oñatiko kondea Valladolideko Errege Kantzelari Epaileen aurrera, auzitara, eraman zuten. Urteek igaro behar izan zuten, baina azkenean herritarren desirak bete egin ziren: Oñatiko kondearen agintaldi maltzurrarekin amaitu zen erabaki judizialaren bitartez. 1494ko otsailaren 13an, errege-gutun batek Arabako Ermandadetik irteteko eskubidea ematen zion Gatzagari. Bi urte geroago, horrenbeste urtean bilatutakoa lortu zen; izan ere, Tolosan eginiko batzarrean Gipuzkoakoan sartzea onartu zitzaion herriari.

Ermandade berrira sartzeak hainbat ondorio ekarri zituen. Esaterako, herritarrek hiru urtean behin alkate bat aukeratu behar zuten; Gipuzkoako Batzar Nagusietara prokuradore bat bidali, eta abar.

Horrela, jauntxokeriatik irten eta hainbat eskubide bereganatu zituen herriak; probintziako gainerako herriek gozatzen zituzten pribilegio berak izan zituzten handik aurrera gatzagarrek, eta denbora luzean bilatutako bakea eta elkarbizitza lortu zituzten.

Goienkarian argitaratutako artikulua

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/04/02-16