Josu Garaialde, Mendikoi
Landa Garapena, horrela maiuskulaz, oraindik gaizki ulertuak sortzen dituen kontzeptua da. Nahiz eta E.A.E.an 1998. urtetik hona badaukagun Landa Garapen lege bat, eta bertan argitzen den kontzeptu honen esanahia euskal erakundeentzat, landa eremuan mugitzen garen agenteen artean, oraindik ez dugu erabat adostu esanahi hori, edo hobe esanda, bakoitzak nahi duen bezala ulertzen du, beti ere gehien komeni zaiona onartuz.
Meabe, Xemein, Markina-Xemein (Bizkaia). |
Gure ikuspegitik eta Landa Garapen legeak dionari eutsiz, Landa Garapena ez da Nekazal Garapena, edo ez behintzat hau bakarrik, landa eremu baten garapen integral edo osoa baizik, garapen oso honen barruan gizartearen, zerbitzuen, etxebizitzaren, azpiegituren eta ekonomi jardueren garapena aurreikusi behar delarik. Azken hauen artean eta dudarik gabe paper garrantzitsuenetako batean, kokatu beharko genuke Nekazal Garapena, hau ere ekonomi jarduera bat baita, merkatal produktu batzuk sortzeaz gain, gizartearentzat bestelako mozkinak ere sortzen dituena (paisaia, ingurugiroaren babesa, kultur ondarea, e.a.) eta arrazoi horrexegatik beste batzuk baino garrantzi handiagokoa, funtsezkoa esango genuke.
Esan bezala, nekazal jarduerak Landa Eremuan ematen diren eta eman izan ohi direnen artean garrantzitsuenak dira, baina honek ez du esan nahi ekonomi jarduera bakarra direnik edo izan direnik. Gaur egun landa eremuko herri txiki edo auzoetan dagoen ekonomi jarduera dibertsitate eskasak (batez ere nekazaritza edo behar bada ostatu-turismo aktibitateari mugatuak) ez liguke perspektiba historikoa galduarazi behar eta eremu hauetan aurki ditzakegun ondare aztarnak eta kultur ohiturak erakusten digutenez, kontziente izan beharko ginateke duela 30-40 urte arte, herri txikietan dendaria, harakina, errota gizona, medikua, taxilaria (auto bakarra zegoen herrian), alpargatagilea, basomutilak eta beste hainbeste ofizio edo ekonomi jarduera mantentzen zirela, oraindik ere atzerago joz, olagizonak, ikazkinak eta abar ere agertuko liratekeelarik.
Garai batean landa eremuan kokatzen ziren ekonomi jarduera hauetatik batzuk, gizarteak demandatzen ez dituelako desagertzen joan dira eta beste batzuk berriz komunikabideen hobekuntzarekin batera bezeroekiko gertutasun fisikoaren beharra galdu dute edo beraien artisau izaera galdu da, industrializatutako aktibitateetan bihurtuz eta industriaren garapenerako erosoagoak diren lekuetara jo dutelarik. Honela landa eremuan mantendu diren ekonomi jarduerak eremu fisiko bati lotuak aurkitzen direnak izan dira, nekazaritza eta abeltzaintza batik bat.
Baina nekazaritza ere aldatuz joan da eta orain nekazari profesional batek duela 50 urte 7-10 baserritarrek zituzten lur sailak gestionatu ditzake berak bakarrik. Honela, zenbait herri txikitan hamar baserritar profesional nahikoak dira herri horretako lur sailak gestionatzeko. Baina hamar sendirekin badago herri bat? Bermatu ahal daiteke herri baten etorkizuna soilik hamar sendientzako ekonomi jarduera ziurtatuz bere baitan? Gu ziur gaude ezetz.
Lehen esan bezala, Landa Garapena gizartearen, zerbitzuen, etxebizitzaren, azpiegituren eta ekonomi jardueren garapena bezala ulertzen baldin badugu, lehenengo lau atalak garatzeko, gutxieneko biztanleri bat beharko dugu eta biztanleri horrek nekazal jarduerak mantentzen dituen hamar sendi horiek bezala, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, garraioak, kultur eta hezkuntza zerbitzuak eta baita ere ekonomi aktibitateak, hau da enplegua eskaini dezaketen jarduerak, beharko ditu. Honetaz gain, behar horiek asetzeko biztanleriak gertuen daukan erakundeak, hau da udalak, diru iturriak beharko ditu eta hauetatik nagusienetako bat, ekonomi jardueren gaineko zergek eskainitakoa da.
Hau da beraz, Landa Garapen arloan dihardugunak, herri eta auzo txikietan ekonomi jarduerak bultzatzeko egiten ditugun saiakeren zergatia.
Landa eremuetan garatu beharreko ekonomi jarduerak bertako izaerarekin, ingurugiroarekin eta ezaugarriekin bat datozenak izan behar dira, berritzaileak nahi baldin bada, baina landa eremu horren iraunkortasuna bermatu dezaketenak. Hau da, adibide moduan, gure landa eremuetan langabezi maila altuenak emakumeen eta gazteen artean ematen baldin badira, horientzako aukera eman dezaketen ekonomi jarduerak bultzatu beharko dira, beraien hezkuntza, denbora aukera eta abarrak kontutan hartuz. Joera honen adibide izan daiteke Abaltzisketako “Logika” tele-lan enpresa, non azken sei urteetan 20-30 emakume eta gazte inguru jardun diren lanean, telemarketing eta itzulpengintzan. Proiektu honetan, Abaltzisketa eta inguruko herri txikietako langabezian zegoen biztanleriaren ezaugarriak aztertu eta hauek lan aukera bihurtu ziren (euskara menperatzen zuten, hezkuntza maila egokia zuten promotoreak bazeuden, tele-lanak suposatzen duen mugikortasun behar eza ongi egokitzen zen beraien aukeretara eta egun erdiko eta ordu gutxietako lanak ongi zetozkien lan beharrak famili lanekin uztartzeko).
Abaltzisketa. |
Era berean, Ekonomi jardueren garapenak kontutan eduki beharko ditu landa lurralde eta herrialdeen arteko ezberdintasunak, ez baita berdin izango alboko herrian industria gune bat baduen herri txiki edo auzoaren beharra (Gipuzkoako landa eremuetan askotan ematen den egoera) eta arrazoizko distantzia batean nekazaritzaz gain inongo ekonomi jarduerarik ez duen landa ingurunea (Arabako eskualde askotan gertatzen ohi den bezala). Lehenengoak lanbidea bertatik kanpora lortzen duten biztanleen lo leku bihurtzeko arriskua izango dute eta bigarrenak berriz biztanleri gaztea galtzekoa.
Hausnarketa hauek, ekonomi jardueren garapenarekin batera beste era bateko garapena ere beharrezkoa dela ekartzen digute gogora, hau da landa eremuan enplegua eskaintzen bada baina zerbitzuak, azpiegiturak eta etxebizitza falta badira, biztanleak beste herri batzuetara joango dira bizitzera eta aldiz etxebizitza eta zerbitzuak bakarrik eskaintzen baldin badira, herria lo leku soil bihurtzeko arriskua dago, baldin eta enplegua gertu baldin badago, edo bestela denborarekin egoera honek ere biztanleri galera ekarriko du. Beraz irtenbidea garbi dago, ezin da lan esparru bat bakarrik landu Landa Garapen Osoa edo Integrala bultzatu nahi baldin badugu, mahai baten antzera hanka guztiak jartzen ditugu edo mahaia beti egongo da kolokan eta azkenean erori egingo da.
Artikulu honetan agertutako hausnarketak izan dira azken urte hauetan E.A.E.n egin den Landa Garapen lana bultzatu dutenak. Honela hiru herrialdeetan ekonomi jarduerak bultzatu dira, euskal landa eremuari egokitutako mailan, artisautza, elikagai eraldaketa industria txikiak, industrialde txikiak, turismoari lotutako aktibitateak, gizarte beharren inguruko zerbitzu enpresak, tele-lan enpresak eta horrelakoak bultzatuz eta “mahaiaren anka” honen osagarri diren gizarte, zerbitzu, etxebizitza eta azpiegiturak ere batera garatuz, nekazal aktibitatea babesteko indarrean jartzen diren politika sektorialak ahaztu gabe. Emandako pausoak asko izan dira, baina bidea oker ez dagoela erakusten digute azken urteetako datuak, non landa eremuko biztanleriaren beherakada gelditu eta landa eremuak biztanleria irabazi duen, XX. mendeko azken hamarkadetako tendentziari buelta emanez.
Luna, Kuartango (Araba). |
Etorkizunari begiratzen baldin badiogu berriz, garbi dago bide beretik jarraitu beharra dagoela. Nekazaritza egoera larrian dago, Europar batasunean sartu ginenetik jasaten duen errekonbertsio prozesua oraindik ez baita eten eta beraz oraindik politika sektorial sendoak beharko dituelako. Baina Landa Garapen Osoa kontutan hartuta, nekazaritzarekin zuzenean lotuta ez dauden arloetan, bidea nahiko garbi dago. Ez dago eremu guztietarako balio duen soluzio bide bakarra, baina egon daitezkeen irtenbideak, eremua eta gizartea osotasunean begiratuz etorriko dira, gero eta garrantzi gehiago izango dutelarik eremu mugatuetako mikroazterketak eta bertan agertuko diren behar eta aukerei erantzungo dieten mikropolitiken garapenak. Eta horretarako bultzatzen dituzte Landa Garapen Elkarteek, eskualde mailako Landa Garapen Programak.
Bide honi jarraituz, eskualdez eskualde eginiko Landa Garapen Programak, eskualde bakoitzaren edo herri edo zoko bakoitzaren berezitasunak agerrarazteko ahalmena izan behar dute eta behar berezi edo zehatz horien arabera planteatu behar dira ekintzak, arlo guztien osagarritasuna ahaztu gabe, hau baita Landa Garapen Oso baterako behar beharrezko baldintza.
Aurreko Aleetan |