Javier
Retegui Ayastuy
Itzulpena: Luis Mari Murua
Versión original
Azkeneko urte hauetan landa-garapena kontzeptua pixkanaka aintzakotzat hartzen joan gara gure Autonomia Erkidegoan. Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta foru aldundietako nekazaritza-departamentuek bidea ireki zuten, gero Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako sail eta departamentu guztiek jarraitu zuten eta, gaur egun, ikusten da gizarteak oro har bere egin duela kontzeptua.
Landa-garapena kontzeptua, Euskadin, Europako agintariek aldarrikatu izan duten aldi berean aldarrikatu izan da, eta, batzuetan, lehenago ere bai. Mac Sharry txostenean (1991) eta Cork deklarazioan (1996) jasotzen diren printzipioetan oinarritu da politika europarra Nekazaritza Politika Bateratua pixkanaka aldatzen joateko. Bermezko prezioen sisteman oinarrituriko politikatik, ustiategi handiei mesede egiten dien politika horretatik eboluzionatu nahi da, landa-eremuetako ingurune naturala eta familia-nekazaritzaren zerbitzuan jartzeko.
Bestalde, landa-eremuetako gizartearen eta gizarte horren kulturaren printzipioak eta baloreak izugarri aldatu ziren XX. mendearen bigarren zatian; landa-eremuetako bizimoduak aldatu egin ziren. Une honetan, prozesu berri baten hasieran gaude: landa-eremuetatik joan zirenak itzultzen ari dira eta horrek zerikusi handia du landa-eremuen garapenean, landa-eremuak garatzeko ez dago zertan nekazaritza garatu beharrik edo nekazaritza garatzeak ez du hainbesteko eragina.
Landa-garapenaren eta kultura-nortasunaren bilakaera historikoa aztertzeko:
a) Landa-garapena kontzeptuaren bilakaerako funtsezko ezaugarriak aztertuko ditut, eta
b) XX. mendearen bigarren zatian izandako kultura-aldaketan azalduko ditu.
Amaitzeko, hausnarketa batzuk egingo ditut Euskadiko gizarteak beharrezkoa duen indarberritzean landa-garapenaren zereginari buruz. (AURKIBIDEA)
2.- LANDA-GARAPENAREN BILAKAERA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Euskal Autonomia Erkidegoan landa-garapena kontzeptua sortu zen Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek eskumenak bereganatu zituztenean, 1981ean. Aurretik, 1936an, Gonzalo Nardiz buru izan zuen Eusko Jaurlaritzak, iraun zuen denbora laburrean, ekarpen garrantzitsuak egin zituen nekazaritza-politikarentzat, baina ez zuten denborarik izan ezertan gauzatzeko.
1981 baino lehen, nekazaritza-sektorea lozorroan zegoen, lehiatzeko gai ez zela eta oso hondatua, bai gizartearen aldetik begiratuta eta baita ekoizpenaren aldetik begiratuta ere.
Eskumenak hartu zirenean, ordea, aldabidea hasi zen, eta bide horretan hiru etapa berezi ditzakegu:
2.1. Nekazaritza-sektorearen modernizazioa
Foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, udalerriekin batera, nekazaritza-sektorea erabat teknifikatzen hasi ziren, landa-eremuetako hondamena pixkanaka eta nabarmen aldatuko zuten ekimenak ipini zituzten martxan. Aurrerapenen artean, hauek nabarmendu ditzakegu:
. Landa-eremuetako azpiegiturak
Bideak, elektrizitatea, telefonoa, ura, saneamendua, eskola-garraioa… Ondo prestatutako planak ziren, landa-eremu guztietan ezarriko zirenak. Inbertsio handiak egin ziren.. Animalien osasuna eta hobekuntza genetikoa
Kanpainei esker animalien gaixotasun endemikoak amaitu egin ziren, erabat amaitu ere.
Aldi berean, animalien eta landareen hobekuntza genetikorako prozesuak ipini ziren martxan, eta ekoizpena nabarmen handitu zen.. Ekoizpenerako azpiegiturak
Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan makineria eta instalazio modernoak sartu dira eta, hala, ekoizpena asko hobetu da eta eskulana askoz gutxiago behar da.. Landa-eremuetako etxebizitza
Landa-eremuetako etxebizitzak txukundu eta modernizatu egin dira.. Sektorearen egituratzea
Sektorea, zatitua bazegoen ere, aldatu egin zen, hainbat arlotan elkarteak sortu zirelako: ikerketa eta transferentzia teknologikoa (AZTI-SIO, zuraren zentro teknikoa…), hobekuntza genetikoa (Aberekin, Oihanberri), kudeaketa tekniko-ekonomikoa (Lorra, Lurgintza eta Aga), komertzializazioa (Iparlat, Appal, label, jatorrizko izendapenak), sektorearen barne-antolaketa (sindikatuak, nekazaritza-kamerak, elkarteak, federazioak, kooperatibak…) eta mendi-nekazaritzako eskualde-elkarteak.
Egindako ahalegina handia izan zen eta nekazaritza-sektorea goitik behera aldatu zen; inbertsio ugari egin eta ekoizpen-egiturak aldatu egin ziren. Hala eta guztiz ordea, nekazarien diru-sarrerak ez ziren beste sektoreetako langileen diru-sarrerak bezala igotzen. Landa-eremuak husten jarraitzen zuten.
Prozesu hori guztia asmoz eta jakitez martxan ipini zuten pertsonei eta erakundeei omendu nahi nituzke; horiek, bere garaian, entitate aitzindariak izan ziren eta, gaur egun, benetako erakusbideak. (AURKIBIDEA)
2.2. Landa-garapena kontzeptuaren hasiera
Aurreko etapa horretatik abiatuta eta Mac Sharry-ren deklarazioa argitaratu eta handik gutxira, 1992an, Euskadiko landa-eremuetarako plan estrategikoa egin eta Eusko Legebiltzarrera eraman zen, eztabaidarako. Han onartu egin zen, erabaki hainbat gehitu ondoren, zehaztasun eta legitimitate handiagoa izan zezan. Planaren helburua da “esku-hartze integral bat burutzea, modu koordinatuan aurre egiteko nekazaritzako elikagaien sektorearen leihakortasunari, baliabide naturalen kontserbazioari eta landa-eremuetako herri-guneen sustapen sozialari eta ekonomikoari”.
Plana garrantzitsua izan zen: lehenengo aldiz landa-eremuen funtzioaniztasuna aintzakotzat hartu zen eta Europako nekazaritza-politika aldatzearen aldeko apustu garbia egin zen; horrela, bermezko prezioen sistema (produktuentzako laguntza) oinarri zuen ereduaren ordez ekoizlearentzako laguntza oinarri zuena aplikatu behar zen, landa-eremuetako familia-nekazaritza lehenesteko, nekazaritza-mota hori baita egokiena landa-eremuak zaintzeko.
Plana integrala da, eta bertan hiru arlo hauek lantzen dira:
Nekazaritzako elikagaien sektorearen egituratzea eta lehiakortasuna. Planak aurreko etapetan eginiko aurrerapenak azaltzen ditu, eta nabarmen garatu diren beste hainbat arlotan eginiko beste batzuk ere bat; esaterako, hauek:
Landa-garapenari dagokionez, Planak ez du jarduera-programa jakin bat aurreikusten, baina PRINTZIPIOAK ETA JARDUNBIDEAK argi eta garbi azaltzen ditu eta 5b zona, alegia, laguntzak jaso ditzaketen zona gehiago deklaratzeko politika Europan defenditzeko apustua egiten du.
Ingurune naturalaren kontserbazioari dagokionez, Planak arlo hauek bereizten ditu: baso-politika, babestutako espazio naturalak, naturaren babeserako hezkuntza, flora eta faunaren babesa eta arrantza kontinentala.
1992an onartutako plana aitzindaria izan zen landa-garapenerako baldintzak ezartzen: landa-eremuak garatzeko oinarri moduan diziplina-aniztasuna ezarri zuen. Planaren bereizgarritasuna izan zen Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako nekazaritza-sailak bereziki inplikatu zituela, baina ez gainerako sailak. (AURKIBIDEA)
2.3.- Inplikazio soziala eta politikoa landa-garapenean
1992ko planak ireki zuen bideari segida emanez, beste aurrerapen eta ahalegin batzuk egin ziren, landa-garapena antolatzeko; hain zuzen ere,
Ekimen horiek guztiek landa-eremuen funtzio-aniztasuna aitortzen dute, eta horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako sailek elkarrekin jardun behar dutela, dituzten legeak, arauak eta programak landa-eremuen funtsezko ezaugarrietara egokitzen eta landa-eremuetan oinarrizko zerbitzuak antolatzen, landa-eremuetako bizi-kalitatea hiri- eremuetakoaren antzekoa izan dadin.
Ekimen horiek guztiek, halaber, gehiengoaren babesa dute; gizarte-ituna, gainera, aho batez onartu zuten landa-eremuen inguruan diharduten indar politikoek eta sozialek. Horrela, bada, landa-eremuen garapenari serio ekiteko borondate irmoa agertzen da ekimen horietan.
Landa-eremuen funtzio-aniztasuna aitortzen denetik aurrera egitura-aldaketa garrantzitsuak hasten dira burutzen: nekazaritza-prestakuntza, nekazaritzako elikagaien ikerketa, nekazaritzakoak ez diren sailetako arauak (hezkuntzako, osasuneko, etxebizitzako, azpiegituretako… arauak) landa-eremuetara egokitzen, eta hirugarren sektorea ere asko indartu zen landa-eremuetan (parke naturalak).
Nolanahi ere, esan beharra dago landa-eremuak ezin direla garatu legeen, arauen edo gobernu-ekintzen bidez; horretarako, landa-eremuetako biztanleen borondate gogotsua behar da. Alde horretatik, gauzarik zailena izaten da garatu beharreko landa-eremu bakoitzean borondate hori biltzea eta identifikatzea, landa-eremuaren berezko nortasuna eta kultura babesteko eta garapen bateratua bultzatzeko.
Itxaropenezko eta irudimenezko benetako bultzada landa-eremuetako biztanleek berek eman behar dute, dituzten beharrak eta borondateak identifikatuz. Mendi-nekazaritzako elkarteak Mendikorentzako, landa-garapenean espezializatutako entitatea den neurrian, euskarri onak dira; lagundu ere gogotsu egiten diote.
Ekimen horiek oinarri hartuta, koordinazio-organoek (Landaberrik edo lurralde bakoitzekoek) jardueren koordinazioaz eta koherentziaz arduratu behar dute, gauzatzeko modukoak izan daitezen.
EAEko landa-garapenari buruzko mapan sendotze-maila bat baino gehiago ageri dira, batik bat landa-eremu bakoitzeko biztanleek ipini duten borondatea eta gogoa zenbatekoa den.
Baina landa-eremuak garatu izana eta hiri-eremuetako eta landa-eremuetako baliabideak eta zerbitzuak itxura-antzean parekatu izana ez dira nahikoa gertatutako kultura-aldaketa sakonak interpretatzeko eta ulertzeko. Aldaketa horiek aztertu egin behar dira, etorkizuna bideratzeko; kultura-nortasunaren bilakaera ezagutzea beharrezkoa da, landa-garapenaren norabidea behar bezala interpretatzeko. (AURKIBIDEA)
Ateratzen den lehenengo konklusio garrantzitsu bat da azken baten nekazaritzari eta landa-garapenari buruzko politikek jarraitu egin dutela eta, hala, garapenaren katea luzeari katea-mailak gehitu zaizkio, legealdietan eginiko ahaleginak batuz.
Euskadi aitzindaria izan da politika aurreratuak aplikatzen eta, horri esker, arin egokitu eta txertatu ahal izan gara Europako Batasunak definitu dituen politiketan eta helburuetan, aplikatu diren programetan parte-hartze handia izan dugularik.
Nolabaiteko frustrazio-sentsazio bat geratzen da ikustean aplikatu nahi diren politikak, Europako Batasunean harrera eta babes oso ona eta handia izan arren, asko atzeratzen direla eta aplikatzerakoan, askotan, mugatuta geratzen direla, estatu indartsuen interesak ukitzen direlako. Era berean, estatu espainiarreko autonomia erkidegoen interesek eta estatuak organismo europarretan duen ordezkaritzak galarazi eta zaildu egiten dute asmo legitimoak defenditzea, Europako Batasuneko organoek aldarrikatutako eta bere egindako politiketan jasotako asmoak hain zuzen.
Azkenik, adierazi beharra dago landa-garapena, politika publikoen eraginpean badago ere, landa-eremuetako biztanleek dituzten jarreren, baloreen eta kulturen baitan dagoela, hein handi batean, eta, horiek bultzatzen ez badute eta inplikatzen ez badira, ezinezkoa dela aurrera egitea. (AURKIBIDEA)
3.- KULTURA-NORTASUNAREN BILAKAERA
Landa-garapena bideratzerakoan, landa-eremuetako biztanleen kultura-nortasunaren bilakaera aztertu behar da; izan ere, landa-eremuetan ez daude bakarrik fauna, flora, ura… kultura-balore eta bizimodu jakin batzuk dituzten pertsona-taldeak ere badaude.
Historian oreka on bat egon da naturaren eta gizartearen artean: naturak bizibidea eman izan die gizakiei eta gizakiek naturaren oreka harmonikoari eutsi izan diote. Landa-eremuetako kultura mendeen poderioz sortua da, berezko baloreak eta bizimoduak sendotuz.
Joan den mendeko bigarren zatian aldaketa sakon bat gertatu zen, eta ordura arte historian egon zen oreka apurtu egin zen. Haustura haren ondorioz, landa-eremuetako kultura-baloreak erabat aldatu eta bizimodu eta ohitura berriak nagusitu ziren. (AURKIBIDEA)
3.1.- Landa-eremuek gizarteari egindako kultura-ekarpenak
Landa-eremuetako gizarteak euskal kulturaren balore asko zaindu eta kontserbatu ditu, bere horretan guganaino iritsi direlarik belaunaldiz belaunaldi.
Lehenik eta behin adierazi behar dugu landa-eremuetako gizarteak gure kultura-ondarearen zati handi bat kontserbatu egin duela:
Hainbat eta hainbat kultura-aztarna zaintzen eta kontserbatzen dira landa-eremuetako gizartea kontserbadorea izan delako.
Asko izan dira eta dira kultura-ekarpen horiek bildu eta aztertu izan dituzten ikerlanak, batez ere aurreko mendean. Jose Miguel Barandiaranek, Julio Caro Barojak, Willian Douglasek eta Sandra Ott-ek egindako lanak aipatu ditzakegu; horien ondoren ere izan dira gure kultura-ondarea aberasten jarraitu dutenak.
Garrantzi berezia dute Eusko Ikaskuntzaren atal zientifikoek, natura-zientzien Aranzadi elkarteak eta, batez ere, Labairu elkarteak eta Etniker taldeak egindako lanak, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren argitalpena ahaztu gabe. Entitate horiek guztiek batez ere landa-eremuetako gizarteetan kontserbatu diren alderdi antropologikoak eta etnografikoak zerrendatu egin dituzte.
Aipatutako baloreez gainera, landa-eremuetan gure izateko moduarekin lotutako baloreak, bizimoduak eta ohiturak kontserbatu dira.
Oinarrizko kontzeptuak ziren lurralde batekiko pertenentzia eta lotura. Horiek baserritik hasten ziren, baserria etxebizitza bat baino zerbait gehiago zelarik. Lehenengo elkartasun-maila familia izaten zen; familia bere esanahi zabalean ulertuta, familia-klan baten modukoa, lurralde eta mendi jakin batzuei lotuta egoten zena. Eta ondorengo elkartasun-maila komunitatea izaten zen; hor, herri-basoak eta -larreak guztiek ustiatzen zituzten, familia-gertakarietan guztiek parte hartzen zuten, arrotza inor ez zelarik, eta komunitateko kideek berdin-berdin hartzen zuten parte ezkontzetan, bataioetan, ehorzketetan edota lan berezietan (lurra lantzen, uzta biltzen, txerria hiltzen…).
Komunitate osoari zegozkion lan bereziak auzolanean egitea gauza normala izaten zen; pertsonak bildu egiten ziren lanak eta erantzukizunak partekatuz.
Elkartasuna eta lankidetza baloreak landa-eremuen berezko ezaugarriak ziren, eta baita ere familia-erroekiko lotura eta naturarekiko maitasuna.
Balore horiek guztiak landa-eremuek euskal gizarteari ematen dioten ondarea da eta, oraindik ere, bizitzarekiko ditugun sentimenduen eta jarreren atzean diraute.
Euskal kooperatibismoaren oinarrietarako zerikusi handia izan dute euskal landa-eremuetatik etorritako elkartasun- eta lankidetza-sentimenduek.
Auzo hitza hainbat kooperatibatan agertzen da eta herrixka, auzunea edo auzoteria baino zerbait gehiago adierazi nahi du: komunitatea.
Etnografiaren bitartez, zehatz-mehatz ezagutzen ditugu mendialdeetako biztanleen bizimoduak eta ohiturak. Biztanle horiek mendeetan kontserbatu dituzte beren tradizioak, azkeneko berrogeita hamar urte hauetan erabat aldatu diren arte. (AURKIBIDEA)
3.2. Landa-eremuen aldaketa, XX. mendearen bigarren zatian
Landa-eremuetako bizimoduak erabat aldatu ziren joan den mendearen bigarren zatian. Lehen landa-eremuetako ekonomia dibertsifikatua zegoen eta ekoizten zena norberaren kontsumorako eta inguruko azoketan saltzeko izaten zen; garai horretan, ordea, lursailak abandonatu eta ustiapen ekonomikorako erabiltzen hasi ziren, eta biziraupenerako.
Nekazaritza teknifikatu egin da, laborantza tradizionalak alde batera utzi dira eta, aldi berean, hirietako bizimodua erakargarria bihurtu da eta hiriak zabaldu egin dira. Hala, emigrazio masibo bat gertatu da herrietatik hirietara.
60. hamarkadan, hirietan industria hedatu zen eta urbanizaziogune handiak sortu ziren, jendea bizitegi-auzo handietan bildu zelarik. (Jende asko eta asko landa-eremuetatik joandakoa). Landa-eremuak ustiapen ekonomikorako erabiltzen hasi ziren, eta ez biziraupenerako. Mendialdeak aisialdirako eta jolaserako eremuak bihurtu ziren; ez ziren etxerako ustiatzen.
Prozesu diskotoniko bat sortzen da, landa-eremuen eta hiri-eremuen artean:
Sentimendu horiek, landa ekonomikoki ustiatzeko moduen aldaketekin batera, emigrazio masibo bat eragin zuten herrietatik hirietara. Hiri-guneetan aurrerapena eta landa-eremuetan atzerapena: gurpil zoro bat sortzen da. Landa-eremuak isolatu egiten dira, landa-eremuetako biztanleria zahartzen eta gizonezkotzen hasten da, zerbitzuak desagertzen dira eta, azken baten, landa-eremuak hustu egiten dira.
Kulturaren aldetik, arazoak beste modu batera bideratzen dira. Landa-eremuetako ikuspegi tradizionalaren arabera, soziabilitatea lotua dago ahaidetasunarekin, komunitatearekiko pertenentziarekin eta elkartasunezko joerarekin; orain, ordea, biztanleek dituzten gizarte-loturak askatzen dituzte, komunitate-loturak galtzen dituzte eta giro indibidualista eta gizatasunik gabeko bat sortzen da. Aldaketa horretan, kultura-hutsune bat gertatzen da, ohiturak alde batera uzten dira, gizarte-bizitza sekularizatu egiten da eta errito tradizionalak bertan behera uzten dira.
Talde bereiztuen aniztasunetik eta nortasunetik uniformitatera eta indibidualismora pasatu gara; modernitateak ematen digun hiri-eremuetako bizimodura, alegia (deserrotzea). (AURKIBIDEA)
3.3.- Hiri-eremuaren krisia. Landa-eremuen funtzioaniztasuna
Azkeneko urte hauetan fenomeno berri bat sortzen ari da, non landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko emigrazio-prozesuari buelta ematea planteatzen den.
Alde batetik, sektore eta eredu produktibo klasikoak aldatu dira; eredu horietako metaketak eskala-ekonomiak sortzen zituen. Gaur egun, hirugarren sektoreak eta zerbitzuen sektoreak, eta teknologia berriekin lotutakoekin batera, industria-sektore klasikoek adina aberastasun sortzen dute, edo gehiago, eta ez dute metaketarik behar lehiakorrak izateko.
Hiri-gune handi pilatuak desekonomiak eta bizi-kalitatearen galera eragiten ditu, eguneroko bizitza erabat hondatuz. Lehen hirietakoak bakarrik ziren zerbitzuak landa-eremuetara hedatzeak ere ingurune naturalari balio bat ematen dio eta erakargarri bihurtzen da landa-eremuetan bizitzea. Komunikazio-bideen hedapenak, garraio pribatua zabaltzearekin batera, komunikazio-maila handiak sortzen ditu eta landa-eremuetako exodoaren ordez mugikortasuna da nagusi.
Prozesu horiei guztiei esker, landa-eremuak beste modu batera ikusten dira; landa-eremuetako gizarteak, gainera, kide anitzez osatuko dira:
Landa-eremuetako udalerrietan gizarte-mailako desberdintasunak oso nabariak dira.
Bitartean, landa-espazioa funtzio anitzeko eremu bihurtzen ari da, landa-eremuetan lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetako zerbitzuak eta ekonomia jarduerak sortzen direlako. Nekazaritza jadanik ez da jarduera ekonomikoaren oinarria, landa-eremuetan eragin nabarmena eta esanguratsua izaten jarraitzen duen arren.
Funtzio eta norabide anitzeko harreman horretan, landa-eremuetako gizartea itxuraldaketa-prozesuan dago murgilduta: lurrarekiko eta etxearekiko menpekotasunetik askatzen ari da. Eta landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko dikotomia hausten ari da, gizartea etengabeko oso batean bilakatzeko.
Kulturari dagokionez, gure herriaren sustraiekin zerikusia duen kultura berpizten ari da: nortasuna eta jaioterriekin kidetasuna bilatzen dira, eta hedabide modernoen bidez orokor bihurtu nahi den kultura indibidualista eta deserrotua baztertzen da.
Itxuraldaketa-prozesu horretan iraganera bueltatzearekin ez da nahikoa, baizik eta bizimodu berrietara egokitutako eta landa-eremu guztietako herrientzat berdintsua den kultura berri bat sortu behar da. Landa-eremuetan gizarte berriari buruzko hausnarketa emankorra azkartu da. Arazoa ekonomikoak eta azpiegituren inguruko arazoez gain, balore sozialak eta balore moralak eraikitzea zaila izango da.
Eusko Ikerketen XVI Kongresurako proposamen bat egin du Eusko Ikaskuntzak “hiria aldarrikatuz”. Nik landa-eremuak aldarrikatzeko beharra ere gehituko nuke: kontzeptu desberdinak al dira?
Landa-garapenerako programak aztertzerakoan, azken urte hauetan gertatzen ari diren aldaketa-prozesuak kontuan hartu behar dira eta kultura- erroetan sakondu behar da, herri-kulturari buruz egiten diren funtsik gabeko adierazpenak (“herrimin kultura”, esaterako) gaindituz; helburua da benetako gizarte-komunitateenak diren elkartasuna, elkar laguntza eta elkarkidetza kontzeptuak bereganatzea. (AURKIBIDEA)
4.- LANDA-GARAPENA: GIZARTEA BIZIBERRITZEKO GILTZARRIA
Gizarte- eta kultura-mailan gertatzen ari diren aldaketa horietan guztietan landa-garapenak dimentsio berri bat hartzen du eta protagonista bihurtzen da, landa-garapena gure herriaren mamia osatu duten tradiziozko balore sakonen euskarria den gizartea bere onera ekartzeko oinarria izan daitekeelako.
Lortu nahi den lehen helburua da landa-eremuetan zerbitzuak eta bizi-baliabide berdinak lortzea, hiri-eremuen maila bera izateko asmoz. Helburu hori lortzeko, natura funtzio anitzeko ikuspegiaren arabera errespetatu eta identifikatu behar da, nekazaritza ez delako sektore garrantzitsu bakarra.
Garapen-prozesu honetan, inportantea da naturarekin eta lur zaletasunarekin lotutako kultura-erro sakonak bilatzea eta berriz orekatzea. Nortasun bera eragiten duen berezko kultura elkartasunaren bidez eta elkar laguntzaren bidez berritzea behar-beharrezko lana da, mundu-mailan nagusitzen ari den kultura amorfoa, globalizatua, berekoia eta indibidualista indargabetzeko.
Nahitaez benetako gizarte-komunitateak osatu behar dira, pertsona eta talde nahastuekin eta kohesionatuekin, bere gain hartutako erantzukizunekin eta bakoitzak bere burua kudeatuz funtziona dezaten.
“Herri garaileek prestaturik egoten dira eta jarduera-prozesuak bizkortzen badakite, eraikitzeko bat eginez“(Arizmendiarieta)
“Eratu dezagun sinetsita duen komunitatea, horren indarra izugarria izango da. Lagundu diezaiegun guztiei, inor baztertu gabe, betiere borondate oneko pertsonak badira” (Arizmendiarrieta).
Landa-garapenaren eraginez, Euskadiko gizartean benetan sortuko direnak komunitate berriak izango dira. Komunitate horietan, pertsonek elkartasunaren eta lankidetzaren baloreak bere gain hartu eta indarberrituko dituzte eta, hala, etorkizunari ekingo diote modu orekatuan eta natura ezin hobeto errespetatuz.
Helburu horiek lortzeko landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko kontzeptu dikotomikoak gainditu behar dira eta fluxu migratzaileetan oreka sortu behar da, oreka hori tradiziozko balore sakonetan erroak egiten dituen kultura berri bat sortzeko hartzigarria delako. (AURKIBIDEA)
Bibliografia:
- Euskadiko landa-eremuen garapenerako plana (1992ko ekaina).
- Cork deklarazioa “Landa-eremu biziak” (1996)
- Euskadiko landa-eremuen garapenerako plan estrategikoa (1997-2000).
- Landa-garapenerako Legea (1998ko maiatzaren 4a).
- Euskadiko landa-eremuen garapenerako itun soziala (1998).
- Paisaiaren adiera (Fdez. de Larrinaga Kepa).
- La montaña como espacio privilegiado de identificación socio-cultural (Martinez de Montoya Josetxu).
- Estructuración y reestruturación de espacios y sociedades rurales. Nuevas reflexiones sobre unos procesos no esperados. (Oliva Serrano Jesús). (AURKIBIDEA)
![]() |
Aurreko Aleetan |