Jose
Luis Nieva
Traducción al español
Sabino de Arana Goiri. |
Posible da euskaroak ulertzea Aranarik gabe, baina ezinezkoa da bizkaitarra nafarrik gabe ulertu. Aranaren ekimen politiko eta kulturala hasi zenerako, euskaroak urte luzeak zeramatzaten lan eta lan: 1878an Euskara Kultur Elkargoa sortu, 1879an politikan sartu El Arga egunkaria sorrerarekin edo mundu politikotik geroarte esanda 1886an Lau-Buru egunkariaren itxialdiarekin, 1893an, Gamazadaren garaian, beraien une zoragarri eta iragankorra bizi zuten.
Nafarroako Euskara kultur elkargoko domina. |
Aranak, 1865ean jaioa, 1892an arte ez zuen bere Bizkaya por su independencia argitaratu; 1893an Bizkaitarra egunkaria hasi edo 1895ean Bizkai Buru Batzar sortu zuen. Ia dena, ez kasualitatez, Gamazadaren urteen inguruan eta dena talde euskaroak guztia emanda zuenean.
Aranaren etorrera kate luzeko beste katebegi bat izan zen amalurraren defentsan, funtsezkoa baina beste katebegi bat, eta ez azkena. Berak aurrekoa jaso eta mamitu zuen, baina mamitze horretan diferentziak ezinbestekoak izan ziren.
Euskaroen paktismoa (Nafarroa eta Baskongadak pakto baten bitartez Gaztelako Koroari lotuta) Aranaren independentismoaren kontra zegoen; nafarrek askoz ere garrantzi gehiago eman zieten tradizioari, folkloreari edo historiari, zentzu honetan beraien dimentsio kulturala handiagoa izan zen; azkenean nafarrentzat abertzaletasuna hizkuntzan eta historian zetzan, ez arrazan: lehenengoak, hizkuntzak, kontzientzia nazionala arautzen du eta bigarrena, historia, kontzientzia nazionala da (beraz, abertzaletasuna boluntarista eta dinamikoa zen; ez Jainkoak emandakoa eta, halabeharrez, estatikoa).
Euskara aldizkaria. |
Orokorrean esaten ahal da Aranaren doktrinak askoz ere kutsu politikoa eduki zuela. Edo denek iragana abiapuntu izanda, Aranak urrats berri bat eman nahi zuela: Euzkadi izena sortu eta atzean zebilen hizkuntzalaritza osoa... Euskaroak, aldiz, iragana sendotu nahi izan zuten etorkizuna prestatzeko: Euskal-Herria hitza erabili eta orokorrean tradizioan errotutako lan kulturala indartu. Horretan zetzan diferentzia nagusia, non oinarritzen zuten batez ere batzuek eta besteak beraien ideiak, mundu kulturala edo politikoan: Aranaren ustez, politika askoz ere garrantzitsuagoa zen, hortik zetorren bere aktibismo sutsu eta adoretsua; nafarren ustez, printzipalki, ur kulturaletatik edan zuten, hortik beraien jarrera apala eta lasaiagoa.
Zentzu honetan, agian, euskaroen helburua zailagoa izan zen: beraien proiektua, kulturan oinarritutako proiektua izan zen (beraz, behetik gorakoa); Aranaren proiektua politikan zuen ardatz nagusia (hortaz, goratik beherakoa). Are gehiago, euskaroen ametsa apolitikoa edo politikoegia izan zen: beraien ideiak Nafarroa osoaren ideiak izatea nahi zuten euskaroek, Ingalaterrako ez idatzitako konstituzio balira bezala, eztabaidaezinak jende guztia ados egoten zelako.
Dena den, López Antónek azpimarratzen duenez, Aranak eta euskaroek modu berberez ikusten zuten Baskonia: mitoak, tradizioak eta kultura berberak ziren. Euskaldunak Aitor edo Jainkoaren seme-alabak dira, beraz beraien hizkuntza Paradisuaren hizkuntza da eta herri hori aukeratua izanda eta bere txokoan kanpoko eraginen libre egonda, katolizismoaren itxaropena da. Baina Austriasen Monarkia katolikoa, forala eta plurala galdua, Aranaren ustez Euskeriak bere salbazioa, hots, independentzia, bilatu behar du; euskaroen iritziz, aldiz, oraindik Baskoniak Espainia salbatzen ahal du.
Nafarren pentsamendua ez zihoalako Espainiaren aurka, baizik eta Espainiaren uniformizazio politiko eta kulturalaren kontra. Baina ematen du uniformizazio hori gero eta itzulezinagoa agertzen zen heinean, euskaro batzuek paktua defendatu arren, eta Espainiak bere hitza bete ez zuenez, Nafarroak ate guztiak irekita dituela aldarrikatzen hasi ziren. Aurkako norabidean euzko abertzale batzuk independentzia ezinbestekotzat hartzeari uzten hasi ziren: pentsamendu politiko eta kulturalaren dinamismoa.
Aurreko Aleetan |