Pedro
Gorrotxategi Gorrotxategi Pediatra. Beraungo Osasun Etxea
Itzulpena: Koro Garmendia
Versión original
SARRERA
Elikadura, nutrizioa eta osasuna guztiz elkarlotuta daude gizakion kasuan. Ezin da osasun bikainik izan nutrizioa egokia ez bada, eta nutrizioak, aldi berean, behar bezala elikatzea eskatzen du. Hortaz, bai nutrizioa, bai elikadura, guztiz garrantzitsuak dira bizitzako lehen urteetan; alde batetik, gizakia behar bezala hazi eta garatzeko beharrezkoak direlako, eta, bestetik, haurtzaroan hartzen ditugulako bizitza guztian zehar izango ditugun elikadura ohiturak.
Lan honetan, edoskitze eta eskola adinean dauden haurren nutrizioarekin lotutako alderdiak aztertuko ditugu, eta arreta berezia eskainiko diogu amagandiko edoskitzeari. Gizakion bizitzan garapenari eta nutrizioari dagokienez garrantzi berezia daukan beste aro bat, nerabezaroa da. Honi ere artikulu bat eskainiko diogu monografiko honetan.
AMAGANDIKO EDOSKITZEA
Bularreko haurrentzako elikadurarik onena, amaren esnea da. Lau edo sei hilabete betetzen dituzten arte, amaren esneak beren nutrizio behar guzti-guztiak estaltzen ditu. Behiaren esne eraldatutik abiatuz egiten diren formula egokituak ere, nutrizioaren ikuspuntutik aproposak dira bularreko haurrentzat, baina, dena den, amaren esneak ordezkaezinak diren hainbat ezaugarri dauzka.
Argazkia: www.osakidetza-svs.org |
Haurra garatzen joan ahala, amaren esnea ere garatu egiten da. Lehen egunetan, amak esne berezia izaten du bularretan, oritza izenekoa, proteinatan aberatsa; gero, laugarren astetik aurrera, "esne heldua" izaten du. Baina, esnea, edoskaldi bakoitzaren ondoren ere garatzen da: hasieran, likido eta gozoagoa izaten da, eta bukaeran, berriz, lodiagoa eta ez hain gozoa. Esne lodi honekin, haurra bete egiten da, utzi egiten dio xurgatzeari, eta beste bularrera jotzen du edoskitzera, hemen berriz ere esne goxo eta likidoa aurkituko baitu. Esne honek hazkuntzarako beharrezkoak diren hainbat hormona eta faktore dauzka, organo eta ehunak osatzeko garrantzitsuak, eta baita defentsarako elementu ugari ere: immunoglobulinak, linfozitoak eta makrogagoak, besteak beste, haurrak hesteetako infekzioetatik babesteko. "Amerikar Estatu Batuetako Pediatriako Akademiako Amagandiko Edoskitzeari buruzko Lantaldeak" prestatutako txostenak jasotzen duenaren arabera, amaren esneak beherakoen, arnasketako infekzioen, otitisen, meningitisen eta gernu aparatuko arazoen larritasuna murrizten duela frogatu dute. Dirudienez, amaren esneak edoskitzailearen bat-bateko heriotza, diabetesa, Crohn-en gaixotasuna, ultzeradun kolitisa, linfomak, gaixotasun alergikoak eta beste gaixotasun digestibo kronikoen aurrean babestu egiten du. Eta amaren esneak garapen intelektualari eragiten diola ematen du.
Osasunaren Munduko Erakundeak hainbesteko garrantzia ematen dio ospitaleetan amarengatiko edoskitzea sustatzeari, dekalogo informatzaile bat argitaratu berri duela, amei eta ospitaleetako langileei zuzenduta. Jarraian ikus dezakezuen taulan daukazue aipaturiko dekalogoa.
|
|
|
|
|
Ezaugarri hauek guztiak betetzen dituzten ospitaleei, azterketa bat egin ostean, "Haurren lagunak" titulua ematen zaie. Erakunde sanitario eta zientifikoek, liburuxka informatiboak prestatzean, kontuan izaten dute amagandiko edoskitzearen sustapena. Adibidez, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "Jaioberriaren Gurasoentzako Gida" argitaratu zuten 1995ean, non lau orri eskaintzen baitzitzaizkion amagandiko edoskitzeari, eta hiru edoskitze artifizialari. Edukiaren aldetik garatuagoa dago “Guía de salud Materno-Neonatal” (1997) liburua, Sociedad Española de Neonatología y Sociedad de Medicina Perinatal-ek kaleratua. Bertan, zazpi orri zuzentzen zaizkio amagandiko edoskitzearen garrantzia eta teknika azaltzeari, eta amek sarritan planteatzen dituzten galderen erantzunak jasotzen ditu: nahikoa esne al daukat? Jaioberri guztiak berdinak al dira?, etab.
Gurasoei haur bat izatean ematen zaien kartilak, zehazki zera esaten du haurraren lehen urteko elikadurari buruz:
· Lehen hilabeteetan, haurrarentzako elikagairik onena amaren esnea da. Nutritiboena da, digeritzeko errazena, eta gaixotasunei aurre egiteko defentsak ematen dituen bakarra. Bularra ematea, gainera, osasungarria da amarentzat ere.
· Jaioberri gehienek egunean hainbat aldiz egiten dute negar; horregatik, negar egiteak ez du beti haurra goseak dagoenik adierazi nahi. Sekula ez ezazue biberoi gehiago ematearen edo amagandiko edoskitzea eteteko erabakia zuen kabuz hartu. Zuen pediatrak azalduko dizkizue bularra ematen jarraitzeko edota edoskitze mistoarekin hasteko dauzkazuen aukerak.
EDOSKITZE ARTIFIZIALA
Amagandiko edoskitzea posible ez denean, edota, gaixotasunen bat tarteko, gomendagarria ez denean -nahiko kasu arraroak biak ala biak-, edoskitze artifizialera jo beharko dugu. Behiaren esne eraldatuarekin egiten da, nutrizioaren aldetik amaren esnearen ahalik eta antzik handiena izan dezan. Dena den, ez dauzka lehen aipatu ditugun edoskitze naturalaren abantailak. Biberoia prestatzeari dagokionez, edoskitzaile txikiek ez dituztenez gatz mineralen gehiegizko kopuruak ondo hartzen, kontsumo publikoko ura erabiltzen bada, gehienez minutu batez irakin beharra dago, gatzak ez kontzentratzeko. Lehen, hamar minutuz irakitea aholkatzen zuten, baina, gerora, frogatu ahal izan da horrela 2,5 aldiz handitzen dela sodioaren kontzentrazioa, eta, beraz, erruz gainditzen direla gatzaren neurri gomendatuak. Gainera, minutu batez irakinez gero, protozoo, bakteria eta birusak inaktibatuta gelditzen dira. Ur ontziratua erabiliz gero, berriz, kontuan hartu behar da zenbat sodio eta nitrato dauzkan. Euskal Herrian edaten ditugun ur ontziratuen artean aipaturiko baldintzak betetzen dituzten markak, besteak beste, Insalus, Fontvella eta Fuente liviana ditugu, eta, aldiz, ez dira biberoiak presatzeko gomendagarriak, gatz gehiegi daukatelako, Alzola eta Betelu urak. Bibliografian azaltzen den artikulu batean, Estatuan ontziratzen diren ehun markatik gora aztertu dira. Ur ontziratua ez dago irakin beharrik.
ELIKAGAI FUNTZIONALAK. ONDORIOAK ETA MUGAK
Azkenaldian, hedabideak garrantzi handia ematen ari dira elikagai funtzionalei, hau da, esnekiei eransten zaizkien prebiotiko eta probiotikoei. Horiei buruz ematen diguten informazioa kontuan hartuz, oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela ematen du; hots, erantzun inflamatorioa modulatu egiten dutela, eta osasunari hainbat modutara laguntzen diotela. Gaur egun, prebiotikoak eransten dizkiete edoskitzaileentzat egokitutako esneei, eta ekoizleek gisa honetako informazioa ematen digute: “Defentsak handitzen ditu”, “Hesteetako flora orekatzen laguntzen du”, etab. Jarraian, horien guztien ezaugarriak eta ondorio onuragarriak laburbiltzen saiatuko naiz.
Prebiotikoak, hesteetako florako bakteria jakin bati edo batzuei hazten laguntzen dieten azukre berezi batzuk dira. Bakteria hauek amaren esnean egoten dira, eta, gaur egun, ia esne egokitu guztiek dauzkate horrelakoak beren konposaketan. Probiotikoak (hesteetan egoten diren germenak), ordea, ezin dira esne egokituetan sartu, baina bai haur handiagoek kontsumitzeko prestatzen diren esnekietan: “bio” jogurtetan, “actimel”-etan, etab. Ikerketen arabera, probiotikoak (mikroorganismoak) egokiak dira beherako infekzioso larria sendatzeko -laburtu egiten duelako beherakoaren iraupena-, eta antibiotikoak hartzearen ondorioz sortutako beherakoak ekiditeko, nahiz eta ikerketa gehiago egin behar diren bigarren alderdi hau erabat baieztatzeko. Nolanahi ere, sendagileek ohartarazten dute ez dela komenigarria haurrek probiotikoak ohikotasunez hartzea. Prebiotikoei (azukreei) dagokienez, berriz, oraingoz frogatu ahal izan zaien onura bakarra, idorreria kasuetan daukaten eraginkortasuna da. Kontsumitzaileoi transmititzen dizkiguten gainerako efektu guztiak (gorputz osasuntsuagoa izatea, bizitasun handiagoa, etab.), ez dira azterlan serio bakar batean ere zientifikoki demostratu.
ELIKADURA OSAGARRIA
Haurrak lau edo sei hilabete betetzen dituenetik aurrera, amaren esnea ez da bere nutrizio eskakizunak betetzeko nahikoa. Baina bere elikadurako osagai nagusiak esneak izaten jarraitzen duenez, gainerako elikagaiak osagarriak direla esaten da. Beti kopuru txikitan hasi behar da hauekin, eta elikagai baten eta hurrengoaren artean gutxienez astebeteko tartea utzi beharko dugu. Ez dago elikagai mota jakin batekin hasteko preferentziarik (zerealak, frutak edo barazkiak). Gehienetan, haurrei ematen zaizkien lehen elikagai osagarriak glutenik gabeko zerealak izaten dira. Batzuek ez dutenez glutena ondo hartzen (gari, zekale, garagar eta oloan egoten den proteina), garaiz kontsumitzen hastea kaltegarria gerta dakieke. Horregatik, glutena 6 edo 8 hilabete bete arte eze ematea erabaki dute sendagileek. Lauzpabost hilabetetik aurrera, bestetik, fruten ahiak ematen hasten dira. Ahiak egiteko garaiko edozein fruta erabil daiteke, baina, haurrak urtebete bete arte, alergenikoenak ez erabiltzen saiatuko gara (marrubiak eta muxikak, adibidez). Haragia 6 hilabete betetakoan sartzen zaie, arraina 11 hilabetetik aurrera, eta arrautza urtebetetik aurrera.
ESKOLAURREKOEN ETA ESKOLAKO HAURREN ELIKADURA
Haurra, urtebete betetzen duenetik, familiaren elikatzeko ohiturak hartzen hasten da pixkanaka. Orduantxe hasten da elikagai batzuekiko zaletasuna eta higuina sentitzen, gutiziak izaten. Eta, horrela, elikagai mota bakar bateko dietak egiteko eta behar dituen gainerako nutrienteen aldetik gabeziak izateko arriskua sortzen da. Horregatik, dieta osatzen duten elikagaiei dagokienez aniztasuna izateko ahaleginak egin behar ditugu. Haurrak gutxienez 500 ml esne edo esneki, irinak, frutak, barazkiak, eltzekariak, haragia eta arraina hartu behar ditu.
Haurraren hazkuntza, urtebete betetzen duenetik aurrera, moteltzen hasten da. Lehendabiziko urtean 24 cm inguru hazten da, bigarrenean 12, hirugarrenean 10, eta laugarrenetik aurrera 5-6, eta horrela haziko da eskola adinean dagoen bitartean. Horregatik izaten dute garai honetan hain apetitu gutxi, eta elikagaiekiko interes txikia. Gerora, pubertaroan sartu baino pixka bat lehenago, gehiago moteltzen da hazkuntzaren abiadura. 7 eta 11 urte bitartean, jarduera intelektual eta fisikoa handitu egiten denez, kaloria gehiago behar ditu gazteak, eta, ondorioz, elikagai gehiago kontsumitzeko beharra sentitzen du.
Eskolaurreko eta eskolako adinean dauden haurrentzat, familiaren elikadura da erreferentzia nagusia, imitazioaren bidez ikasten dutelako. Ahal dela, baztertu egin behar dugu "zabor" janaria, produktu hauek gantz saturatu, azukre eta kolesterol gehiegi izaten dituztelako, eta mikronutriente gutxi. Gomendagarriena, haurrari zerealak, frutak, barazkiak, esnekiak, arraina eta haragia ematea da.
ELIKADURA BEGETARIANOA
Bukatzeko, aipamen labur bat egin nahiko nieke elikatzeko dauden beste mota batzuei, gaur egun gero eta gehiago baitira elikadura tradizionaletik kanpoko motaren bat aukeratzen dutenak (begetarianoa, makrobiotikoa, etab.), hainbat arrazoi direla medio (erlijiosoak, ekologikoak, filosofikoak, etab.).
Elikadura tradizionaletik kanpokoen artean ohikoena, begetarianoa dugu, dietatik
haragi eta arraina baztertzen dituena. Bada honen barruan mota bat, obolaktobegetarianoa,
dietaren barruan arrautzak eta esnekiak onartzen dituena, baina badira begetariano
zorrotzak ere, abere jatorria duen produktu bat bera ere kontsumitzen ez dutenak.
Elikadura begetariano zorrotza ez da haurrentzat egokia; izan ere, proteina
gutxi ematen ditu, eta hazkunde azkarreko fasean dauden haurrek proteinen
behar handia daukate. Gainera, litekeena denez dieta honekin haurrek B12 bitamina,
burdina, kaltzioa -esnerik zein esnekirik hartzen ez badute bakarrik- eta
zinka behar baino gutxiago jasotzea, kontrolak egitea gomendatzen da, neurri
egokian izan ditzaten dagozkien osagarriak emateko.
BIBLIOGRAFIA
1- GÓMEZ DE TERREROS I. Alimentación del niño sano. In: ARGÜELLES F, POLANCO I. Manual de gastroenterología pediátrica. Granada, Editorial Comares, 1996; 35-55 orr.
2- GRUPO DE TRABAJO SOBRE LACTANCIA MATERNA DE LA ACADEMIA AMERICANA DE PEDIATRÍA. Lactancia materna y utilización de la leche humana. Pediatrics (ed. berezia)1997; 44: 442-446 orr.
3- SOCIEDAD ESPAÑOLA DE GASTROENTEROLOGÍA, HEPATOLOGÍA Y NUTRICIÓN PEDIÁTRICA. Guías prácticas sobre la nutrición. Alimentación en el lactante. An Esp Pediatr 2001; 54: 145-159 orr. http://www.aeped.es
4- VITORIA MIÑANA I. Agua de bebida en el lactante. An Pediatr (Barc) 2004; 60: 161-9 orr. http://www.aeped.es
5- Probióticos y prebióticos: ¿Alimentos funcionales? INFAC 11. bol., 9. zkia. 2003ko urria (Eskualdeko informazio farmakoterapeutikoa). http://www.euskadi.net/sanidad edo http://www.osakidetza.net
Aurreko Aleetan |