Portugalete nazioartekoa daEscuchar artículo - Artikulua entzun

Santiago Pérez, Alkateordea, Kultura zinegotzia Portugaleteko Udalan
Argazkiak: Elai-Alai
Traducción al español

Hala da, bai: Portugalete urtero bilakatzen da nazioarteko topaleku, uztailean gehienbat, kultura eta kirol jarduera franko antolatzen baitugu hirian.

Aurten, esaterako, Lora Barri elkarteak Nazioarteko Txakur Lehiaketaren XXV. edizioa antolatuko du; Waterpoloko XVI. irekia eta Elai-Alai taldeak antolatu ohi duen Portugaleteko eta Euskal Herriko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XXX. edizioa ere izango ditugu. Horiei guztiei esker, esan bezala, Portugalete nazioarteko topalekua izango da.

Portugaleteko Udal Txit Gorenak atsegin handiz eskaintzen die urtero bisitariei gure herriaren onena, aipatutako jarduera horietaz baliaturik. Portugalete, horrela, denen begi-bistan agertzen da eta, aldi berean, munduari begiratzen dio. Horiek horrela, bada, arrakasta eta kalitatea bermaturik, zer irakatsi badugu kultur ekitaldiak antolatzerakoan.

Guadalajarako Dantza Taldea. Mexiko.
Guadalajarako Dantza Taldea. Mexiko.

Elai-Alai taldeak antolatzen ohi duen folklore jaialdia Portugaleteko (eta Bizkai osoko) kultur elkarteen eskutik datorkigun ekitaldi garrantzizkoena da, dudarik gabe; eta horren frogagarri, jaialdiak aurten beteko dituen hogeita hamar urteak ditugu. Eta jaialdiaren arrakastaren arrazoiak aztertzeko orduan, ez dugu bakarrik kontuan hartu behar hainbat erakundek –Portugaleteko Udalak oroz gain– emandako laguntza.

Izan ere, zentzugabea izango litzateke begi-bistakoa ukatzea: Folklore Jaialdi Nazioartekoaren arrakasta, ikus-entzuleek, hala Portugalete nola Euskadi osoan, urterik urte egiten dioten harrera ezin hobean datza, dudarik gabe. Halaber ez dugu aipatzeke utzi behar laguntzaile ezezagun piloak kemen handiz diharduela urte osoan, ikusleon pozgarrirako.

Lan txalogarri eta, hainbatetan, merezi bezala aitortu gabeko horren onuradun nagusia, jakina, Portugalete da, Elai-Alairen eszenatokian munduko ia herrialde guztiak ibili baitira, zeinak bere folklorearen onena erakutsita. Horri esker, portugaletetarrok (eta, oro har, euskaldunok) milaka hurbiltzen gara urtero Afrika, Asia eta Ameriketara. Egia esan, gure bisitari horietako askoren herriak nekez dakigu mundu mapan kokatzen, baina, dena-den, benetako pribilegioa da bost kontinenteetako dantza taldeez gozatu ahal izatea, Portugaletetik irten gabe.

Horrela, jaialdiari esker, Portugalete munduko folklorearen hiriburu bilakatzen zaigu, kulturen enbaxada modukoa, nolabaiteko “foruma”, esango genuke, Portugaleten hogeita hamar urte eman duena. Datorkigun herrialde bakoitzak eskuzabal bere onena ekarrita, sormen handiz eskaintzen digu folklorearen bidez.

Sakha-Yakutia errepublikako taldea. Rusia, Yakutia.
Sakha-Yakutia errepublikako taldea. Rusia, Yakutia.

Bestetik, “Mundu Dantza” izeneko ikuskizunean dantza taldeek desfilea egiten dute udalerriko kale nagusietan. Beste apustu bat da, beraz, kultura kaleratzearen alde, kultur ekitaldiak den-denei erakustearen alde, herritarrei hurbilagotzearen alde, ikusle mota guztientzako, eta doan, izan daitezen. “Mundu Dantza” kalejira moduko bat da, beraz, dantza, erritmo, kolore, usain eta sustraiena. Eta sustraiak aipatuta, “Mundu Sustraiak” izeneko ekitaldia ere aipatu behar; horretan talde bisitariek, opari moduan, beren herriko zuhaitz bana uzten digute Portugaleten, oroigarri atsegin askoz gain.

Aurtengo edizioan antolatzaileek bete-betean asmatu dute berrikuntza eder batez: hots, bost kontinenteen ordezkariak ekartzeko ohitura utzita, omenaldia egin nahi diete Europar Batasunaren kide bilakatu berri diren hamar herrialdeei. Horrelako ekimenak, erakunde kanpaina bikaina izateaz gain, gogoeta egitera behartuko gaitu Europa gero eta handiago honetako kulturei buruz. Bihotzez nahiko nuke, beraz, aurtengo edizioa ere oso arrakastatsua izango balitz eta dudarik ez daukat horrela izango dena. Eskerrik asko, Elai-Alai!

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/07/16-23