Euskal Artzain zakurraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Ekain VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Traducción al español

Kobazuloetan bizi izan denetik, erabili du gizakiak txakurra bere lanetan laguntzeko, lagunkide moduan erabiltzeko, dibertsiorako. Historiaurreko lehenengo abeltzaintza mugimenduetatik, Egiptoko basamortuetan eta erdi aroko gazteluak zainduaz, gaurko egunetaraino. Era desberdinetarako funtzioak bete izan ditu txakurrak, lagun leialarena, artzainarena, moda eta botere irudiarena, jainkotzat hartzera heldu izan delarik.

Txakur zale garenok dohain desberdinak batean baturik izango dituen animalia bakarraren bila aritzen gara. Urtetan, gure adiskide izango den horrek edertasuna, zintzotasuna, indarra, izaera, lanerako gogoa dena batean izan ditzan amesten dugu. Eta zorionez, ezinezkoa dena usainduz, lortu egiten dugu Euskal Artzain txakurrarekin topo egitea.

Gaur egun oso zaila da odol garbiko Euskal Artzain txakurrik aurkitzea, Hezitzaile eta txakur arraza maitaleen eskuetan ez bada. Hainbat mendiko etxe, baserri eta hirietan, Euskal Artzain txakurrarekin antzekotasun izugarria duten animaliak ikustera ohitu gara. Zenbat alditan bueltatu dugu burua lau hankako bizidun horretara eta ezjakintasunak irabazita esan dugun: “hara, Euskal Artzain txakur bat!”. Asmatuko genuen aldiren batean baina okertu gara askotan. Berez desagertzear baitago gure adiskidea inguruko beste zenbait animaliarekin batera. Samur nahas genezake Euskal Artzain txakurra, Pirineotako Artzain txakurrarekin edota Katalunyako gos d´atura izenekoarekin.

Halaxe da, Naturak ez baitu ulertzen arrazaz, kolorez, neurrietaz,...azkarra bezain demokratikoa delako.

Bi txakur mota

Euskal Artzain txakurra gozatzeaz ezinezkoa ez dela esan dudalako arraza honek dituen bi “adarrak” aurkeztuko ditut: “Iletsua” eta “Gorbeiakoa”.

Azaletik ikusita, biek duten edertasunarekin geratuko gara, kanela koloreko tonalitate desberdinez nahasturiko ile kizkur ertainak estaltzen baititu. Izenak dioen moduan, “iletsuak” ile gehiago dauka bere familia kidearen alboan. Trufa edo sudurra kolore beltzekoa izango da beti. Gaztaina koloreko begien alde bakoitzean triangeluar itxurako belarri tolestuek osatuko dute burua.

“Gorbeiakoak”, kolore gorriagorantz botatzen du ilea eta orbain beltzik ere eduki dezake muturrean. “Iletsuak” buztana motzagoa du bere arraza-kideak baino, baina biek elkar egiten dute gorpuzkeraren inguruan.

Lepoa, bizkarra eta atzealde edo grupa oso landuak dituzte, lanerako txakurra den lez. Altueran, 47-63 cm artekoak izaten dira arrak, beti ere emeak baino itxura handiagokoak diren arren. Bi sexuen bataz besteko pisua, 17-30 kilo artean ezartzen da.

Azpimarratu daiteke, atzealdeko hanketan sarri agertu dakizkiokeela bi espoloi txakur bakoitzari eta kanela koloretik ateratzen den beste edozein ez dagoela onartua Euskal Artzain txakurraren sailean.

Bi anaia hauen artean nolabaiteko desberdintasuna aurkituz gero, bizi lekuaren kokapena da, “Gorbeiakoa”, Gorbeia mendia eta inguruko herrietan aurkitzea errazagoa den bezala, “Iletsua” hedatuagoa baitago Euskal Herriko gainontzeko geografian.

Txakur arraza hau gutxiago edo gehiago ezagutzen dugunok eta ezagutzeko aukera izango duzuenok, batera gozatzeko eta bizitzeko plazera izango dugu txakur hau lanean ikustean. Bere medioan, mendietako zelaietan, ardi zein behien atzetik artzainaren aginduak zintzo eta dudarik gabe betetzen lortzen duen emaitzak ikustean.

Ehunka metrotara delarik ere, nagusiak botariko aginduak: “etzan!”, “hona!”, “jaso!”,”gora!” eta beste edozein, beretzat jokoa bailiran erabiliko baititu.

Desagertuko da zelaian behera edo bistaz galduko dugu uneren batean, baina hark ondo jakingo du non den zaindu beharreko artaldea eta non nagusia, izaera segurukoa denez tarteka bere espazioa ere behar du eta.

Familia artean bizitzeko txakur ederra da, berea eta bereak babestuko dituelako, zalantza izpirik gabe, eta inoiz ez dugu ahaztu behar Euskal Artzain txakurra oso aktiboa dela, eta horrexegatik maiz beharko du mugimenduan aritu.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/09/17-24