Martin Ugalderen omenezEscuchar artículo - Artikulua entzun

Xabier KINTANA URTIAGA

M

  Martin Ugalde.
Martin Ugalde.
artin Ugalde Orradre Andoainen jaio zen 1921an. Gerra zibilak familia zatikatu zien euskaldun askoren eredua izan zen. Joseba anaia gaztea Sovietar Batasunera bidalia, aita, Frantzian iheska ibili ondoren Venezuelara alde egina, ama Andoainen, bera Frantziako Gurs-ko kontzentrazio zelaian... Gorabehera askoren ondoren berriz ere Andoainera itzuli zelarik, frankismoak sorturiko beldur giroan asko kostatu zitzaion lana aurkitzea. Azkenean, 1947an amarekin Venezuelara bidea hartu zuen, non baitu baitzitzaien Joseba anaia.

Amerikako herri hori harentzat bigarren aberria izan zen, eta Martinek ez zuen inoiz ezkutatu Venezuelarekin zeukan zor eta maitasuna. Halere, ez zituen horregatik bere euskal erroak inoiz galdu, eta erbestean bizi izanik ere, euskara eta euskal gaiak landu zituen Caracasko Eusko Gaztedi, Euzkadi eta Gudari aldizkarietan, eta Buenos Airesko Alderdi-n. Venezuelako Élite aldizkarian lanean hasi eta laster, bere profesio trebezia eta leialtasunari esker, beraren zuzendari izendatu zuten. Geroago Creole Petroleum Corporation enpresako Nosotros aldizkariaren zuzendaria ere izan zen. Estatu Batuetan kazetaritza masterra egin ondoren El farol kultur aldizkaria zuzentzen hasi zen. El nacional egunkarian, gainera, erreportaiak, artikuluak eta narrazioak idazten zituen. Horrela erdaraz ipuin eta narrazio ederrak utzi dizkigu (La semilla vieja, Las manos grandes de la niebla, Cuentos de inmigrantes, Cuando los peces mueren de sed, Las brujas de sorjin, Tres relatos vascos....) eta Unamuno y el vascuence izeneko obra interesgarria ere, bilbotar pentsalariak gure hizkuntzari buruz zituen aurreiritziak baliogabetzeko.

1955an Zürich-en, Suitzan, ezkondu zen Ana Mari Martinez Urreiztietarekin, hiru urte lehenago Caracasko Euskal Etxean ezagutu zuenarekin. Berau, beti ere, eta bereziki bere azken urteotan, bere bizitzako lagun, sostengu eta eustazpi paregabea izan da. Hiru seme alaba izan dituzte: Unai Ona, Miren Itxaso eta Miren Ainara, hirurak Caracasen jaioak.

Bizimodu ona, onespen soziala eta ospea ongi irabaziak zituen Martinek Venezuelan, baina, Iparragirreri bezala, “ ...baina bihotzak dio”, herri-minak Euskal Herrira itzultzera bultzatzen zuen. Familia 1969an hona igorri ondoren, azkenean bera ere etorri zen, baina politika arloan hartu zuen lana, EAJren aldizkari batzuen ardura bereziki, zela eta, poliziak Frantziara bidali zuen 1973an, Franco hil arte Donibane Lohitzunen bizi izanez. Ez zen, ordea, han geldi egon, eta bertan zelarik Síntesis de la Historia del País Vasco prestatu zuen, arlo horretan geneukan hutsunean estali nahian.

Martin Ugalde.
Martin Ugalde.

Berriz ere hegoaldera itzuli zenean, Zeruko Argia aldizkarian euskara batuari buruzko postura erradikalen arteko zubigintza egiten jardun zuen trebeki, eta euskal problematika ulertarazteko obra batzuk prestatu zituen: El problema vasco eta Hablando con los vascos elkarrizketa-liburu arrakastatsua. Ondoren, Deia aldizkariaren euskal atalaren arduraduna izan zen, eta Garaikoetxea lehendakariaren denboran Eusko Jaurlaritzan Kultura Sailean Euskarazko Arazoetarako zuzendari izendatu zuten. EAJ-EA arteko banaketa gertatu zenean, EAn afiliatu zen. Artean, jadanik Amerikan idatzirikoez gainera, ipuin ugari idatzi zituen euskaraz: Hiltzaileak, Umeentzako kontuak, Itsasoa ur-bazter luzea da....

Euskaldunon Egunkariaren fundatzaileetako bat izan zen, beraren Administrazio-Kontseiluko Burua izanik. Euskaltzaindiak 1973an euskaltzain urgazle izendatua bazuen, 1993an ohorezko euskaltzain titulua eman zion. Beraren zuzendaritzapean prestatu zen Akademiak, besteak beste, El libro blanco del euskera / Euskararen liburu zuria obra, eta 1980.eko euskalarien nazioarteko jardunaldiak antolatzen ere partaidetza handia izan zuen.

Kazetaritza arloan egindako lan bikainagatik, Euskal Herriko Unibertsitateagandik Honoris Causa Doktore goraipamena jaso zuen. Andoaingo Udalak herriko Seme Kutun izendatu zuen. Iaz, azkenik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritar Unibertsal izendapena eman zion.

Tamalez, hain pertsona handia, atsegina eta maitearen merezimendu nabarmen horiek ez dira beti Euskal Herritik kanpoan aintzat hartuak izan, eta, munduko beste edozein lekuan sinesgaitza lirudikeen arren, bere laurogei urteetan Euskaldunon Egunkaria itxi zenean, bidegabeki akusatua eta bere banku-kontuen izozte lotsagarria pairatu behar izan zuen berriki del Olmo epailearen aldetik.

Aurten, urriaren 4an hemendik joan zaigula jakitean, ezagutu dugun guztiok adiskide ona galdu dugula sentitu dugu, solaskide atsegin eta umila, euskaltzale sutsua, kristau fededun leiala eta, batez ere, gizontasunaren eta euskalduntasunaren eredu imitagarria.

Ezkerretik eskuinera: Agustin Zubicaray, Bernardo Estornes Lasa eta Martin Ugalde Orradre, ohorezko euskaltzain izendatuak. 1993ko Ekainak 25.

Mutur bateko batzuen indarkeriaz, odolaz eta itsukeriagatik eta beste muturrekoen gorroto eta ur uherretan eragin eta difamatzeko duten abilez ongi frogatuagatik euskaldunon aspaldiko izen ona maiz, maizegi, zikindu eta kakazturik agertzen den aldi honetan, nazioartean euskaldun gisa azaltzea askori inoiz ia ahalkegarri gertatu zaigun garaian, Martin Ugalde moduko pertsonak ere, zintzo, langile, abertzale, euskaltzale desinteresatu, gizon oso eta eskuzabala baditugula jakiteak, harrotasun nazionala eta geure buruarengan itxaropena berreskurarazten dizkigu zin-zinez. Goian bego. Euskaldunon gogo-bihotzetan ere betiko iraunen du.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/10/08-15