Gorka MORENO MÁRQUEZ, Ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia I sailean
Enpleguaren bilakaera: prekarizazioa eta egonkortasun eza
![]() |
|
Argazkia: www.cmic.org |
zkeneko 200 urteetan enplegua norbanakoaren elementu identitario nagusiena izan da. Pertsona bati nor den galdetzen zaionean, orokorrean bere enplegua zein den erantzuten du; era berean, beste pertsonen aurrean enpleguak estatus maila bat ere adierazten du. Identitate indibidualaz gain, enpleguaren garrantzia identitate kolektiboen eraikuntzan oso garrantzizkoa da, langileriaren identitate honetan oinarritzen da, hain zuzen ere. Identitate era sendo hau enplegu mota jakin batean oinarritzen da: 40-45 urteetan zehar lan egin, 11 hilabetez, 40 ordu astean, 5 egun eta 8 ordu egunero. Gainera, bizitza osoan zehar ofizio bakarra izatea da ohikoena, igeltsero bezala hasi eta igeltsero bezala bukatu. Gehienetan bizitza osoan zehar enpresa berean lan egiten zen, eta batzuetan enpresaz aldatu baina ofizio berdina mantenduz. Guzti honek egonkortasuna eta ziurtasuna ahalbideratzen ditu langileriarengan. Era berean, azken mende hauetan enplegua, eta bereziki enpleguaren espazio fisikoa, giza harremanetarako ezinbesteko gunea izan da (MOW, 1987). Bizitzaren ordu asko igarotzen dira lanean, eta beraz, leku garrantzitsua bilakatzen da, bertan giza harremanetaz gain sozializazio politiko zein sindikalak ematen direlarik. Lantegian sortutako koadrilak edo bikoteak ez dira salbuespena izaten enplegu mota jakin honetan.
Baina enpleguaren funtzioak ez dira soilik maila honetara mugatzen, aspektu materialak ere azaltzen dira bere baitan. Enpleguaren truke soldata bat lortzen da eta honen bidez elkartruke sozialaren oinarriak ezartzen dira (Meda, 1998: 135), norbanakoa eta merkatuaren artekoa, alegia. Enplegu bat izateak eskubide sozialen atea irekitzen du, horrela, eskubide hauek eskuratzeko, kasu gehienetan, enplegu bat edukitzea ezinbesteko baldintza da. Enplegua eta herritartasun kontzeptuak eskutik doaz; horrela bada, enplegu batek eskubide sozialak eta duintasun minimo bat bermatzen ditu. Ikusten denez, elementu guzti hauek berebiziko garrantzia ematen diote enpleguari. Enpleguak norbanakoa definitzen du, baina baita ere norbanakoaren mugak eta bera eta gizartearen arteko lotura. Baina, orain arte aipatu diren elementu eta ezaugarriak mantentzen al dira azken hamarkada hauetan nagusitzen ari den enplegu motan?
![]() |
|
Argazkia: www.gov.nt.ca |
Maila materialean ere, krisia agerikoa da. Soldatak gero eta baxuagoak dira, murrizketa nabaria jasan dutelarik aurreko garaietako soldatekin erkatzen badira. Zentzu honetan, oso esanguratsuak dira enpresa berean askotan ematen diren soldaten eskala bikoitzak: 50-60 urteko langileak gazte batek baino soldata handiagoa izatea eta biek lan berdina egitea enpresa berean. Guzti honi, eskubide sozialen krisia gehitu behar zaio. Ezegonkortasunak oso zaila jartzen du eskubide sozial egokirik eskuratzea; izan ere, hauek bereganatzeko, kotizazio iraunkorra eta luzea behar-beharrezkoa izaten da eta hori gero eta gutxiago ematen den fenomenoa da. Testuinguru honetan, oso zaila suertatzen da desenplegu prestazioa lortzea edota pentsio duin bat lortzeko kotizatu behar diren urteak kotizatzea.
Eskubide sozial eta enpleguaren funtzioen krisiarekin batera herritartasuna eta modernitatearen kontratu sozialaren krisia datoz batera. Enpleguak, integrazioa ahalbideratzeko erakutsi dituen ahalmenak zalantzan jartzen dira. Horrela izanik, alternatiba eta proposamen ezberdinak planteatzen ari dira gaur egungo krisi honi erantzun egokia eman ahal izateko. Alternatiba hauen artean Oinarrizko Errentarena1 azpimarratu daiteke, besteak beste.
Oinarrizko errenta: proposamen ausarta zalantzen garaian
Oinarrizko Errentari buruz hitz egin baino lehen honen definizioa zein den azaltzea interesgarria ematen du, horretarako Oinarrizko Errenta Sarea elkarteak ematen duena hartuko da abiapuntutzat: Oinarrizko Errenta, Estatuak eskubide osoko orori edo gizarte horretan bizi denari ematen dion diru-sarrera da, hiritartasun eskubide bezala, honek ez badu ordainduriko lanik egin nahi, kontutan hartu gabe aberats ala txiro den. Beste erara esanda, ez da kontutan hartuko beste diru-iturrik dituen ezta norekin bizi den. Ikusten denez Oinarrizko Errenta herritar orok bermatuta izango luketen diru-sarrera izango litzateke, enplegua izan ala ez; edota aberatsa ala pobrea den kontutan hartu gabe. Beraz, guztiok bermatuta izango luketen hileroko soldata bat izango litzateke. Ideia honek pertsonen duintasuna bilatzen du enplegutik harago, nolabaiteko babes bat izatea nahi du malgutasun laboralaren aurrean. Izan ere, diru sarrera eta enpleguaren arteko lotura hausten du eta eskubide sozial eta enpleguaren arteko logikaren aurka egiten du ere.
![]() |
Argazkia:www.nicindustries.com |
Asko dira ideia honen kontra egiten diren kritikak, ikuspegi ideologiko ezberdinetatik etortzen direlarik, eskuin zein ezker. Kritiko askorentzat pertsona bati soldata bat ematea enplegua izan gabe guztiz onartezina da (Riechmann, 1999), bestetik ere, askorentzat jendeak lan-merkatua utziko luke eta ekonomiaren krisia emango litzateke. Honen aurrean zenbait gauza esan daitezke, lehenik eta behin, ondo berezi behar dira lana eta enplegua kontzeptuak, pertsona batek enplegurik ez izateak ez du esan nahi lanik ez duenik. Hortaz, kasu askotan enpleguak ez badu bizi duin bat bermatzen, zilegia ematen du bide alternatiboak jorratzea pertsonen autonomia ahalbideratzeko. Jendeak bere enplegua utziko zuela pentsatzeak gaur egungo errealitatearen ezagutza falta irudikatzen du, gure gizartea kontsumismoan oinarritzen da, eta beraz, oso gutxi izango lirateke lan merkatua utziko luketenak, gehienak Oinarrizko Errenta kobratuko lukete eta gainera enplegu bat izaten jarraituko lukete, honen bidez diru gehiago lortu ahal izateko; are gehiago, zenbait egileentzako Oinarrizko Errenta bezalako proposamen batek lan merkatua suspertu dezake.
Askotan ere aipatzen da unibertsaltasunaren auzia, denek kobratzea ez dela batere justua argudiatuz (pobre zein aberats), zentzu honetan zera esan behar da: unibertsaltasunak ezer gutxi esaten du neurri honen justutasunari buruz; benetan garrantzia duena zentzu honetan fiskaltasuna da. Fiskaltasun progresiboa ezartzen bada, aberatsek gehiago ordaindu beharko dute, nahiz eta Oinarrizko Errenta jaso. Fiskaltasunari buruz hitz egiten denean errentetan oinarrituko modeloa da defendatzen dena. Orain arte, eskubide sozialek enpleguaren bitartez eginiko kotizazioan izan dute jatorria; Oinarrizko Errentaren aldekoentzat aldiz, eskubide sozialak errentan oinarritu behar dira, benetako birbanaketa gauza dadin.
Hauek izan daitezke kritika nagusienak, baina hauetaz gain beste batzuk ere badira: prekarizazio laborala bultzatzea, emakumeen egoera merkatu laboralarekiko mantentzea, edota “deialdi efektua” bezala ezagutzen dena bultzatzea. Artikulu honen tamaina dela eta, guzti hauek ezin izango dira era sakon batean aztertu baina bai gutxienez aipatu lan-prekarizazioaren hazkundea Oinarrizko Errentarik gabe ere ematen dela edota inmigrazioaren auzia beste faktore askoren menpe dagoela.
![]() |
Argazkia: www.daz-services.de |
Laburbilduz, esan daiteke Oinarrizko Errentak modernitatearen kontratu sozialarekin berrikusketa ekartzen duela, zalantzan jartzen baitu enplegua eta diru sarreren artean azken 200-250 urteetan emandako lotura. Era berean, prekarizazio eta lan-malgutasunaren aurrean ondo egokitzen den ideia da, pertsonei lan-merkatuarekiko askatasun eta autonomia gehiago ematen direlarik; era honetan, langileen negoziazio ahalmena handiagoa izateko aukera egongo lirateke. Oraindik nahiko ezezaguna den proposamena izanik gero eta hedapen handiagoa du gizarteko zenbait esparruetan, eta gutxienik, kontutan hartu beharreko alternatiba izango da bai epe ertain zein luzera begira.
1Euskadiko Autonomi Erkidegoan Oinarrizko Errenta bezala ezagutzen den diru sarrera minimoa ezin da nahastu artikulo honetan egiten den proposamenarekin. Nahiz eta izen bera eduki, gauza ezberdinak dira.
![]() |
Aurreko Aleetan |