Pagoeta: Iturraran Parketxea eta Agorregiko burniolaEscuchar artículo - Artikulua entzun

PAGOETA PARKE NATURALA

Museora gerturatzeko arrazoiak.

  Argazkia
Iturraran baserria.

Pagoetako Parkean museo gisa bai Iturraran Parketxea eta baita Agorregiko burniola eta errotak kontsidera ditzakegu. Iturraran Parketxea Pagoeta Parkeko Harrera Etxea izateaz gain, Parkeko inguru fisikoa eta etnografikoa azaltzen duen museo bat ere bada. Iturraran bera 10 hektareatako Lorategi Botaniko baten barnean aurkitzen da eta hemen momentu honetan mundu guztiko 3.500 landare mota ezberdin ditugu. Iturraranen inguruan erlategi didaktiko bat ere badugu eta bertan bisita gidatuak egiten dira; baina aldez aurretik hitzartu behar dira. Guzti honetatik gertu, 10 minutu soilik oinez, Agorregiko Burniola eta Errotak aurkitzen dira: bertan, XVIII. mendeko burniola bat eta bi errota funtzionamenduan ikusteko aukera izaten da bisita gidatu batekin. Burniola garai batean burni lingoteak lortzeko erabiltzen zuten lantegi bat da eta bertan, 700 kilo pisatzen dituen mailua eta hauspo handi batzuk ikus ditzakegu uraren indarrarekin funtzionamenduan, baita labeko suaren txinpartak ere. Inguru hau oso polita da, ur jauziak, urtegiak, deposituak… ikus baititzakegu.

Bitxikeri bat.

Urte guztian bisitatu daiteke Parkea. Urtaro bakoitzak ditu bere berezitasunak. Udazkenean kolore aldaketa ikus dezakegu bai basoan eta baita lorategian ere. Udaberrian eta udan loreak, neguaren bukaeran magnolioen loraketa, etab. Iturraran eta Agorregiz gain, Parkeak mendian ibilaldi ezberdinak egiteko aukera ematen du (gidatuak ala norbere kontura), itxitura baten barnean dauden orein talde bat eta betizuak ere ikus daitezke.

Erakusketak:

erakusketak oraingoz iraunkorrak dira

Bisitariak.

Urte sasoiaren arabera bisitariak ere aldatzen doaz. Urritik ekainera bitartean, astean zehar, taldeekin egiten dugu lan. Gehienak (%90) ikastetxeak dira; adin guztietako haurrekin egiten dugu lan beraientzako egokitutako bisitekin. Euskaltegiak, eguneko zentroak, jubilatuak eta lorezaintzako kurtsoak egiten ari diren taldeak ere gerturatzen dira. Asteburu eta jaiegunetan publikoari zabalik gaude eta egun hauetan jendea norbere kontura edota talde mailan gerturatu daiteke. Uztaila, abuztua eta irailean udarako ordutegiarekin gaude eta publikoari gaude zabalik (norbere kontura edo taldeka). Bukaeran publikoari zabalik dagoeneko ordutegia eransten dizuegu.

· Ekimenak bisitariari egokitzen dizkiozue?

Bai, ekintzak adin eta maila ezberdinetara egokitzen ditugu.

Proiektuak.

  Argazkia
Agorregiko burniola.

Bi urte ezkero, udaberrian Landare Berezien Azoka antolatzen dugu. Bertan bildumetako landare berezi eta arraroak ikusi eta erosteko aukera izaten da. Datorren urtean antolatzen dugu 3. aldia izango da eta aurrekoek izan duten arrakastak bultzatu gaitu horretara. Lehenengo edizioan bi egunetan 7.500 pertsona gerturatu ziren eta bigarrengoan (aurten) 10.000 lagun. Datorren Azokaren data Apirilaren 2 eta 3a da. Mota honetako ekintzek Pagoetako Parkea ezagutzera ematen dute eta baita loreekiko jendearen zaletasuna piztu. Iturrarango Parketxea berritu, HI-FI sare bat jarri, webgune berri bat egin, Pagoetako Parkea dinamizatzeko proiektuak martxan daude, baina hauek pixkanaka – pixkanaka egingo diren lanak dira.

Etorkizunerako erronkak.

Pagoetako Parkea jendeari ezagutzera ematea eta hauek inguruaz gozatzea. Bisitariei ahalik eta zerbitzurik egokiena eskaintzea eta baita, naturari zor diogun errespetuaz kontzientziatzea.

Hutsuneak eta proposamenak.

Momentu honetan Parkean dagoen eta bertara iristeko dagoen seinalizazioa ez da egokia. Proiektu bat dago martxan, arazo hau konpondu ahal izateko eta hemendik gutxira egiteko moduan izango garela uste dugu.

Non, nola, noiz

  Argazkia
Pagoeta Parke Naturala.

Helbidea:
Iturraran Parketxea, Pagoeta Parke Naturala, 20809 Aia, Gipuzkoa.
Sarrera dohainik, gidariak kontratatzeko jarraian datorren telefonora deitu ezkero.

ORDUTEGIA

Iturraran Parketxea:

Urritik Ekainera:
Larunbat, igande eta jaiegunetan, 10etatik 14etara.
* Astean zehar eskolakoak edo antzeko taldeentzat bakarrik.
Uztailetik Irailera:
Asteartetik ostiralera, 10etatik 14etara eta 16:30tik 18:30etara.
Larunbat, igande eta jaiegunetan, 10etatik 14etara.

Burdinola eta errotak:

Urritik Ekainera:
Igande eta jaiegunetan, 10etatik 14etara.
Astean zehar eskolakoak edo antzeko taldeentzat bakarrik.
Uztaila eta Iraila:
Ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan, 10etatik 14etara.
Abuztua:
Egunero, astelehenetan ezik, 10etatik 14etara.
* Bisita gidatuaren hasiera, burdinola eta errotan martxan jarriz, beti 11:30etan izaten da.

Telefonoa: 943 83 53 89
www.iturraran.org
iturraran@gipuzkoa.net

Beste informazioak.

Hilean behin, urte guztian zehar, dohaineko ibilaldi gidatuak antolatzen dira. Hilabete bakoitzean ezberdina, parkea ezagutu ahal izateko. Ibilaldi hauek 9:30-13:30 bitartean izaten dira eta normalean hilabeteko hirugarren larunbatean. Ibilaldi hauetara etorri nahi izan ezkero deitu Iturrarango telefonora 943 83 53 89.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/11-26/12-03