Ekain VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Ekain VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Traducción al español
Txikitan makina bat abesti ikasi nituen Ikastolan, jaietako giroan, familia artean elkartzen ginen momentu horietan. Asteburu honetan, familia eta Mirari neska lagunarekin bazkaria izan dut Arabako herrixka batean. Eta hainbat gaien artean, haurtzaindegian izan nuen Loli andereñoarekiko maitasunaz hitz egin genuen. Bizitzan izaten dugun pertsona preziatu horietakoa da andereño Loli. Erakutsi digunagatik ahaztezina eta, era berean, maitekorra bihurtzen den pertsona horietakoa.
Hark erakutsi zidan, hainbatek jakingo duzuen abestia: “Astotxoak, gure astotxoak; astotxoak, arrantzarik ez…” Eta orain, unetxo batzuez behintzat, pertsonekiko ohi dugun bihotzetik animalien bihotzetara salto egitera gonbidatzen zaituztet. Eta konkretuki, gaurko gure pertsonaiaren bihotzera, hots, Enkarterrietako Astoaren bihotz barrura.
Abestiak dioen moduan, galtzear izan dugu beste arraza espezie bat gure artean. Eta gaurko kasuan ere, animalia arraza horren maitaleengandik izan ez balitz, orain denbora ez luzean, Enkarterrietako astoa galdua izango zen.
Duela urte pare bat ezagutu nuen, etxeko astoak ditugun animalia hauen plazer uneetako bat. Astoaren belarri luzeak zuen irudimenean margotuta dituzuela, ezin duzue asmatu nolako gogo eta gozamenez utziko dion giza eskuaz belarri barruan igurtzeari. Hipnotizatuta baleude moduan geratzen dira, geldi. Eta igurtziaren goxotasuna dastatu dugun edonoren modura, kilimatzeari utzi zaionean gehiagoren eske etorriko zaigu gure astotxoa.
Oso sentsazio goxoa da Enkarterrietako astoaren azala ikutzea. Biziki dut atsegin neuk ere kontaktua. Eta duen zintzo aurpegiaren xarma? Tamaina txikiko potoetan omen dator lurruna. Hala dela esan daiteke, goxoa bezain tamaina txikikoa baita astotxoa.
Jatorria, izenak dioskun moduan, Bizkaiko Enkarterrietan dauka, gaur egun ere ia ehuneko ehunaren kokapena inguru haietan duelarik. Dena den, Arabako Ipar-Ekialdean ere aurkitu daitezke asto bakan batzuk.
Enkarterrietako astoa, lanerako animalia bezala erabiltzen zuten gure arbasoek. Moztu berri belarra baserrira eramateko, basoko egurra etxeko sutara hurbiltzeko, behiei jetziriko esnea “kalera” jaisteko, eta abar. Aldian-aldian bada ere, gaur egun ere ikus daitezke Enkarterrietako astoak, lehen egunerokoa zuten beharretan jarduten. Baina geroz eta zailagoa da, lan tresnaren mekanizazioak, modernizazioak, bigarren lerro batera eraman baititu baserriko animaliak.
Lehen ere, neguko larretatik udakoetara artaldeak eramateko lagungarri gisa erabiltzen zen astotxo txiki hau. Eta txikitxoa da, benetan, bizkarreko gurutzetik 120 bat zentimetro baino ez baitira altxatzen. Koloretan gaztaina kolore ilunekoa da bereziki. Besapean, marra beltz bat edukitzera heltzen direlarik, tarteka. Kolore ilun hori galdu egiten zaie edo beste kolore bat hartzen dute, mutur eta begi ingurutan, sabelean eta hanka edo beso azpietan; inguru horietan kolorea argitu egiten zaie, muturra txuri izateraino. Astotxoaren belarri txikiak dira beste xehetasun berezi bat. Txikiak, beste edozein asto arrazako anaiekin konparaturik.
Espektakulu polit bezala, urtetik urtera Bizkaiko Atxondo herrian, San Juan inguruan egiten den larreetarako eramanean goza daiteke Enkarterrietako astotxoarekin, euskal arrazakoak ere diren Latxa ardia eta Artzain Txakurrarekin batera.
Aurreko Aleetan |