Sebero Altube gogoanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Nire liburuetatik zaharrenak hogeita bost urte betetzen dituen arratsalde honetan ordenadorearen aurrean jarri naiz, efemerideari tartetxo bat eskaini nahian eta, gainera, Arrasaten jaiotako euskaltzalerik handienetako baten oroitzapenez lerro batzuk idazteko asmoz. Izan ere, bi helburuek bat egiten dute pertsonaiarengan: Sebero Altube.

  “Sebero Altube” liburuaren aurrealdea.
“Sebero Altube” liburuaren aurrealdea.
Ehun eta hogeita bost urte bete dira aurten Altube Arrasaten jaio zela, eta inor gutxi horretaz gogoratu ez denez gero, urtea amaitu aitzin euskaltzale eta abertzale haren gaineko erreferentzia berri bat ematea ez dela gaizki etorriko iruditu zait. Gainera, hogeita bost urte dira Euskaltzaindiak Altuberi Biltzar berezia eskaini ziola, eta horrek guztiak ongi merezi du idazki labur hau.

Abenduaren 6an, San Nikólas – arrasatear ohiko tildearekin- egunean aurkeztu nuen “Sebero Altube” nire lehen liburua Arrasateko Udaletxean, hain zuzen ere Euskaltzaindiak abenduaren 20an ekingo zion IX. Biltzarraren sarrera gisa. Urte hura Altuberi eskaini zion Euskaltzaindiak eta abuztuaren 27an lehendabiziko jardunaldia burutu zen Gernikan. Euskaltzaindiaren ohiko batzar baten ondoren, Juntetxean jardunaldi berezia izan zen eta bertan Luis Mitxelena, Juan San Martin, Jose Antonio Arana Martija eta lauok aritu ginen Sebero Altuberen gain. Bertan egunean ere, Altuberen hilobian lore sorta bat jarri zen Gernikako kanposantuan.

Baina egitarau mamitsuena Euskaltzaindiaren IX Biltzarrean gertatu zen, abenduaren hogei eta hogeita hiru bitartean, Arrasaten. Antolakizun Batzordeko idazkari-orde izendatu ninduten eta Jose Luis Lizundiaren aginduetara jardun nuen hilabete batzuetan, ekitaldiz jositako efemeridea ahalik eta hoberen betetzeko.

Liburuaren aurkezpeneko eguna.
Liburuaren aurkezpeneko eguna.

Eta antolaketa beharretan galtzak bete lan egin genuen arren, ez dut uste Biltzar hura Euskaltzaindiaren historiakoen artean aurrenekoetakoa izango denik, elementuek antolatzaileen kontra jokatu baitzuten eta kalkulu guztiak hankaz gora geratu zitzaizkigun. Alde batetik, egun haietako elurteengatik errepideak itxi egin ziren, eta bestetik, Leioan hauteskunde prozesuan zeuden, Euskal Herriko Unibertsitatea zela eta. Egoera metereologiakoak eta EHU-n une haietan bizi ari zen giro nahasiak Biltzarraren edukia eta, batez ere, partaidetza dezente murriztu zituzten.

Denborak eskaintzen didan perspektibatik eta urteek eman didaten esperientziak gidatuta, Biltzar hura Euskaltzaindiaren gogoz kontra ez ote zen burutu pentsatzera iritsi naiz. Orduko euskaltzainburu zen Luis Villasanteren agurreko hitzetan ere nabarmen daiteke abiapuntua ez zela oso normala: “Altube jauna dela eta ez dela, hitzerdi bat gehitu beharrean naiz oraino, hortik zabaldu diren esamesei bidera irteteko. Guk Altuberi alde batetik omenaldia eta bestetik ostikoa ematen ote diogu” Horrela zioen frantziskotarrak eta, geroxeago, Altuberen teoria gainditua izango balitz ere aurrerapena hari esker lortuko dela aitortuta, “Gure postura, beraz, garbi dago. Idolorik ez” botatzen zuen.

  IX Biltzarraren esku egitarauaren aurrealdea.
IX Biltzarraren esku egitarauaren aurrealdea.
Idolo hitza aipatu zuen Villasantek baina, hain zuzen, aurrekoetan legez Biltzar hartako izarrik nagusientzat zutenak huts egin zuelako – Luis Mitxelena, alegia- Euskaltzaindiak adierazpen instituzionala egin zuen, errenteriarraren alde. EHU-ren une nahas haietan, Mitxelena errektoreorderako zegoen proposatuta, baina hautaketaren aurretik dimisioa azaldu zuen. Euskaltzaindiko kiderik argitsuenaren alde atera zen elkargoa “Gure Herriaren alde agertu duen lekukotasun jatorra, zalantzatu ezinezkoa dela” aldarrikatuz.

Biltzarraren inaugurazio ekitaldian jardun zuen Jose Antonio Ardanzak ere – Arrasateko alkatea, une haietan- harrituta utzi zituen entzule bat baino gehiago, diskurtsoan erabilitako hitz batzuk zirela eta: “Dela zenbait egun euskara politikak salbatuko duela irakurtzen genuen egunkari batetan. Ez nago erabat ados baieztapen horrekin; nik honela esango nuke: euskara salbatuko bada euskal politikak egingo du eta ez beste inork” Askoren iritziz, alkatearen aitorpen hura ez zen berak idatzia.

Esan gabe geratu da orain arte, Biltzar hura euskal sintaxia edo joskerari eskaini zitzaiola. Eta egun haietan, maisu zaharren ondoko belaunaldi berriaren lehen kimuak azaltzen ari zirela ikusi zen Arrasaten. Horrela, lehen aipatutako arrazoien kariaz, Biltzar osoan oso entzule gutxi izan zen arren, biziki txalotuak atera ziren Miren Azkarate, Patxi Goenaga, Adolfo Arejita, Ibon Sarasola eta beste gazte banaka batzuen txostenak. Txostenez ari naizelarik, esan ere, txostengile guztiek – bat ezik- burukominak aurreztu zizkietela antolatzaileei. Salbuespena, Alfontso Irigoyen izan zen, ez baitzuen azken unera arte bere idazkia azaldu. Komeriak egin behar izan ziren kopiak ateratzeko!

Azken egunean, IX Biltzarraren Amaierako batzar Irekian, Villasante sailburuak Adierazpena irakurri zuen. Eta bertan honako ideia nagusi hauek azpimarratu zituen: Biltzarrera aurkeztutako lanak aurrerabidetzat hartzen zituela Euskaltzaindiak; sintaxiaren inguruko batzordeak sortuko zituela; eta Erret Akademiak bere burua koordinatzaile eskaintzen zuela, hizkuntza alorrean egiten eta aurrerantzean egingo ziren lanetarako.

Biltzarreko inaugurazio eguna. Amatiño, Haritshelhar, Ardanza, Villasante, Satrustegi.
Biltzarreko inaugurazio eguna. Amatiño, Haritshelhar, Ardanza, Villasante, Satrustegi.

Arrasateko Politeknika Ikastegian burutu ziren Biltzarreko saioak eta jardun akademikoaz gain, ezohiko hiru ekitaldi ere izan ziren. Abenduaren 22an, arratsaldez, Sebero Altuberi buruzko idatz-lehiaketako sariak banatu ziren ume jaialdi batean Arrasateko Udal Polikiroldegian. Iluntzean, berriz, Gurea zine aretoan, Gernikako Andra Mari Koralak eta Arrasate Musikal Orkestrak kontzertua eskaini zuten, Altuberen omenez, arrasatearraren eta beste musika konposagileren obrekin. Biharamunean, igandez, Polikiroldegiko Batzar Irekiaren ondoren, Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketaren lehen saioa egin zen, goiz eta arratsaldez.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/12/17-24