Urruñako euskararen azterketa dialektologikoaren hasiera. Fonetika eta FonologiaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Kamila ZUBELDIA ANDIAZABAL

“nortasun handiko hizkera [...] kostatarra”
(Zuazo, K. 2003)

Urruñako Euskarari buruzko lan horren bitartez, zehaztu nahi nuen zertan kokatzen den Urruñako euskararen fonetika/fonologia. Ezaugarri nahiko aurkitu ditut, baina gutti dira oso bereziak direnak eta Urruñako euskararen desberdintasuna egiten dutenak. Hoiek dira hemen aipatuko ditudanak.

Alde batetik, fonetikari dagokionez, badugu /x/ kontsonantearen maiztasuna hitz hasieretan beste eremuetako euskalkiei konparatuz. Edonola kokatua izanda ere hitzaren baitan, beti ugaria da : axala, errexa,geixo, lemix, xarpota, xingar, xirioekiñ, xoryongarriyak, xa:rtuta, xuxen, ximiña, xori, xokolotenia, xitoak, xokwak, xuri, xakurra....

Urruña. Laburdi.
Urruña. Laburdi.

Beti fonetikan, azpimarratu behar da hasperenaren eza osoa. Aldiz bustidura fenomeno ohargarria da Kostalde horretan. Adibideak ugariago agertzen dira /ñ/ bustidurarekin, baina /ll/, /tt/ eta /dd/ fonemekin ere kontutan hartu begarreko da : arraña, beñ, bañon, gazte:kiñ, gwekiñ, alemanekiñ, denekiñ, iriña, sorgiñ, sardiña, giñelaik, giñen, della, ollo, pollit, mutill, illarra, illunduta, langilleak, ibilli, illa, Maddi, onddoekin, pattarrean, gutti, Jan Battitt, batto, pittat, ttikia...

Bestalde fonologiari dagokionez, hemen daukagun epentesiaren ugaritasuna ez ohikoa da. Aldi oro, hitz bukaeretan, /i/ bokalaren ondotik /a/, /e/, edo /o/ lotzen direlarik, /y/ bat sartzen da erdian : aitatxiya, aragiya, biyak, eltzekariyan, mendiyan, sasiyak, seiyan, egosiya, ekarriya, biyetan, zerriyekin, ardiyena, ardiyik, idiyk, niyoat, niyon.... Berritz ere /u/ eta /a/, /e/ edo /o/ bokalen artean, epentesia egin ohi da ere /w/ erdi-bokalarekin : amairuwan, barkuwan, gazteluwak, liburuwak, neguwan, suwa, adoptatuwak, aituwa, artuwa, antxuwa, beruwa, ederruwa, geruwo, suonduwan...

Ezaugarri horiek Urruña eta kostako ezaugarriak dira, Urruña, edo kostaldea kontaktu toki bat delako. Kostaldeaz ari naizelarik Donibane Lohitzune, Ziburu, Urruña, Hendaia, Biriatu, Azkaine, Getaria, Bidarte eta Ahetzez ari naiz. Le kostatar lana egin zuelarik, Roger Gimet ikerlariak zion (Gimet, R.) :

«Le kostatar est également usité, en dehors de Saint-Jean-de-Luz, à Ciboure, Urrugne, Hendaye, Biriatou, Ascain, Guétary, Bidart, Bidache, Sare, Saint Pée, Ahetze, Ainhoa en France, Zugarramurdi et Urdax en Espagne.»

Baina bere zuzentzaileak, Henri Gavelek gehitzen zuen (Gavel, H. 1950) :

«Le dialecte d’ Ainhoa, de Sare et de St Pée est labourdin, mais non Kostatar.»

Zugarramurdi eta Urdazubi herriak aipatzen zituen Gimet ikerlariak eta Gavelek ez du beste xehetasunik ekartzen, baina gehiago Sarako hizkeratik dira hurbiltzen.

Urruñako frontoia. Laburdi.
Urruñako frontoia. Laburdi.

Orokorki, iparraldeko beste hizkerekin konparatuz, argi da elementu batzuek lotzen dituztela ( /o/-/u/ txandaketa : pullita, kateguri, presuna, nunbeitekwak, untan, ungi, frantseseko /e/ mutuari /a/ gehitzea erdarakodak egiterakoan : [e~]zilaa, brtxita, iiena, kilometra, kontzerba, kuretak eta konkonbrak eta ober[Z]inak, leg[y]ma, matanta, edo baita ere r ahoskera zintzurkaria), eta beste batzuek bereizten dituztela (horien artean hasperena edo bustidura). Koldo Zuazok Euskalkiak obran oroitarazten zuen Oihenartek bereizi zituela baxe nafarroa, Lapurdi, eta Lapurdiko kosta hiztegia lantzerakoan.

Aldiz Hegoaldeko ondoko herriei ezin zaie kendu ekarpen handikoak izan direla euskara mailan. Ekarpen handikoa erranez, azpimarratu nahi dut eragina handia izan dutela Urruñako euskararen gainean. Gimet ikerlariak 1950ean erraten du (Gimet, R. 1950) :

«..les dialectes basque espagnols de la Biscaye et du Gipuzkoa, ont, en particulier agi sur ce dernier d’une façon forte et durable, puisque de nos jours encore leur influence se fait sentir sur la phonétique et la morphologie luzienne.»

Koldo Zuazok bere aldetik gehitzen du (Zuazo, K. 2003) :

«Erdialdeko euskararekin eta nafarrarekin egiten du kostatarrak lotura...»

Ezen Urruñako euskaran, badira alde batetik euskal herri erdiguneko euskalkiekin ezaugarri amankomun batzuk ; badugu bustidura adibidez. Bestaldetik euskara nafarrarekin (Baxe Nafarrokoa barne) ere puntu amankomunak agertzen dira (aren ain adibidez).

Orduan ez da beste aukerarik kostatarra hizkera berezi bat dela erratea baino, eta hori Koldo Zuazok egiten duena euskara nafar-lapurtarraren eremuaz erraten duelarik (Zuazo, K., 2003) :

«Laburbilduz, sartaldekoa, erdigunekoa, eta sortaldeko dira ikusten ditudan hiru azpieuskalkiak, eta Bonapartek ezarri zituenen oso antzekoak dira euren arteko mugak. Hiru eremu nagusi horietaz gainera, nortasun handiko hizkera multzo bi ere bereizten ditut : Lapurdiko itsasbazterrekoa – kostatarra deitu izan dena -, eta Amiküze eskualdekoa.»

 

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/01/21-28