Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Urtarrilaren 6ko goizean Arrasateko eliza nagusian nengoen, herrira apaiz gisa bere sarrera egiten zuen Pedro Luis Uranga gaztearen lehen meza entzuteko. Une historikoa zen, ezin baitaiteke esan apaiz berrien jarioa indartsu datorrenik eta aukera aprobetxatu behar zela iruditu zitzaidan. Ez dut gogoratzen noiz egon nintzen azkeneko aldiz abade berri baten lehen mezan. Izango dira, erraz, berrogei bat urte.
Zeremoniari jarraitzeko parrokiko alboko nabe batean eseri ondoren, halako batean kointzidentzia batez jabetu nintzen: aurrean nuen abadea eta aldarearen bi aldeetako muralen egilea abizen berekoak ziren. Pedro Luis apaiza eta Pablo pintorea. Eta bi kasuetan ere pertsonaien jatorria kanpokoa zen. Zumaia eta Gasteiz, hurrenez hurren.
Errege eguneko arratsaldean nire artxibora jo nuen eta bertatik atera nituen zenbait datu, ondoko lerroetan eskaintzen ditudanak. Irakurlea konturatuko den moduan, jauzi txiki bat ere egin dut atzerantz, Uranga artistaren senitarte batzuen aipamena egitea interesgarria zela uste izan dut eta.
Pablo Uranga Díaz de Arkaia Gasteizen jaio zen 1861ean. Ama Juana Bautista zen eta aita, José Blas, Jose Ignacio Uranga y Azkune jeneral karlistaren semea. Jose Ignacio, azpeitiarra jaiotzez, frantsesen kontra aritu zen Independentziako gerran. Fernando VII-aren alde jo zuen eta Gobernu Konstituzionalaren kontra altxatu zen 1823an, eta Araban egundoko indarra hartu zuen bere ejerzitoak. Arrasateraino ere iritsi zen bere erret-tropekin. Baina Fernando VII-ren desbideraketa absolutista zela eta Jose Ignacio Don Carlos V-ren azaldu zen 1833an eta horrek, lehen karlistadan, Baskongadetako eta Nafarroako Jeneral Kapitaina izendatu zuen 1837an. Eta baita Eltziegoko Kontearen titulua eman ere, 1840an.
Jose Ignacio Uranga Azkune. |
Aipatutako José Blas semeaz gain Jose Ignaciok bazuen beste bat, Fernando, abade egin eta Elgetara bidali zutena. Pabloren aita, birritan ezkondu ondoren, 1867an hil zen eta Jeneral ohia zendu zenean, amaordearekin – Tomasa Gogorza- eta bere bi anaiordeekin joan zen Pablo Elgetara bizitzera. Bederatzi urte zituen.
Osaba Fernando Arrasateko San Frantzisko Komentuko eta Ospitaleko kaperau izendatu zuten1898an, eta bertan egon zen 1906ra arte, urte hartan Buenos Aireseko parrokia batera joan zelarik. Pablo ilobak sarritan bisitatzen zuen osaba eta egonaldi luzeak egiten zituen Arrasateko haren etxean. Hain arrasatear sentitzen zen non ezkondu Arrasateko parrokian egin zen, 1903ko otsailaren 21ean, Prudencia Gabina Antonia Lejarreta Florencia gasteiztarrarekin. Prudencia Elgetako maistra zen. Eta ezkontza agirian Pabloren datuak jartzean “pintor y feligrés en ésta” idatzi zuen Tiburtzio Zatarain abadeak.
Hamar urte beranduago Arrasateko parrokiak bi mural eskatu zizkion Pablo Urangari, aldarearen alboetako hormetarako. Eta horiek dira, gaur lerro hauek idazteko aukera eman didatenak. Herrian beti entzun dudanez, Urangak pare bat egunetan margotu zituen eta, parrokiaren kontuen arabera, 500 pezeta kobratu zituen lanarengatik. Albo batean “San Juan Bataiatzailearen lepo mozketa” (Degollación de San Juan Bautista) ikus daiteke eta bestean “Aurrekoaren jaiotzaren iragarpena” (Anunciación del nacimiento del precursor)
Pablo Urangaren sinadura. |
Bada bitxikeria handi bat bigarren margoaren konposaketan. Urangak bi egun bakarrik erabili zituela egia bada, derrigorrez arin ibili behar izan zuen obra amaitzeko. Horrek hanka sartzeren bat edo beste ekarriko zion. Eta horixe bera da gutariko askoren iritzia, artistak “Aurrekoaren jaiotzaren iragarpena”-ko Mandamenduen Taulak margotu zituenean, hamar agindu adierazi beharrean... gehiago markatu baitzituen. Eta ez dago oso garbi hamaika edo hamabi pintatu zituen. Nik hamaikaren alde joko nuke. Urte batzuk geroago Oteizak ere hamahiru apostolu irudikatu zituen Arantzazun. Jenioen gauzak ote?
Bixente Velez de Mendizabal |
- Ave María Purísima –Vicentek.
- Aizu... zu Vicente “Maisu Txiki” zara!
- Bai...Eta berori zein da ba?
- Fernando Uranga!
Bistan da mundua txikia dela. Gaurko apaiz berriaren zeremoniak ere Ameriketaraino eraman nau.
Aurreko Aleetan |