Jean-Claude LARRONDE
Argazkiak: Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traduction au français
Adiskide maiteak egun on !
Milesker jaun mera zure herriko etxean egun gure errezebitzeagatik ! Eskerrak zure ongi etorriarengatik.
Jean Haritschelhar. |
Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren kide guzien izenean hitz egiten dut.
Nere ondotik Beñat Oihartzabal, Euskaltzaindiko lehendakari ordea eta Xabier Retegi, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria mintzatuko dira.
Nik baino hobeki Jean Haritschelhar-en merezimenduak eta ohorezko lanak euskararen eta euskal kulturaren alde Beñat Oihartzabalek aipatuko ditu.
Beraz, nere hitzaldia mugatuko dut eta bi oroitzapen gogoraziko ditut. Biak lotuak dira Haritschelharen tesiaren aurkezpenarekin eta nere tesiaren hastapenarekin.
Lehen oroitzapena da mila bederatzi ehun eta hirurogeita bederatzikoa. Orduan ikasle nintzen Bordelen, Uztaila zen, Baionan bakantzetan, uztailaren 8a, ez nuen Iruñako bidea hartu, nere gogoko saindua ohoratzeko, urtero egiten dutan bezala : San Fermin. Bordeleko treina hartu nuen. Hanko Saint-Jean geltokian, Bidarteko adiskide bat, Jacques Garat, Haritschelharen ikaslea Bordeleko unibertsitatean, nere beha zen. Biak joan ginen Haritschelharen entzutera, bere bi tesiak batean hor aurkeztu bait zituen "Pierra Topet-Etxhahun", zuberotar poetaren bizia eta obra.
Egun oraino, hogeita hamabost urteren buruan, oso ongi oroitzen naiz, anfiteatro handi eta ospetsu hartaz, Biziki ongi oroitzen naiz Pierre Lafittez eta Koldo Mitxelenaz, epai mahaian zirenak. Oroitzen naiz ere mintzatu nintzela Epherre kalonjearekin, bainan ez dakit zoin zen bi anaietatik.
Berriz hartu nuelarik Baionako treina, tesi aurkezpena egun osoa iraun zuena, ezen bururatua.
Jean Haritschelhar Manuel Lekuona saria jasotzen. |
Bigarren oroitzapena da hortik hilabete batzu berantago, beti ber urtean, mila bederatzi ehun eta hirurogeita bederatzigarrenean. Hitz hartu nuen Jean Haritschelharekin Baionako Euskal Museoan, horko zuzendari baitzen. Erran nion tesi bat egiteko erabakia hartu nuela eta gaia zela euskal abertzaletasunaren hastapena eta Sabino Arana Goiriren obrak. Izigarri kontent izan zen eta goresmenak eman zizkidan. Aipatu zautan Jacques Garat-en ikerketa lana Eusko Alderdi Jeltzalearen politikaz bigarren Espaniako errepublika denboran. Lan hori biziki ontsa ezagutzen nuen, egilea nere adiskide bat zen eta berak ninduen lagundu, hilabete batzu lehenago Jean Haritschelaren tesi aurkezpenera.
Bistan dena, besterik banuke erraiteko bainan nahi nituen bi oroitzapen hauek aipatu, neretzat urrunenak baitira eta biek hurbiletik ukitzen gaituztelakotz.
Eskerrak zueri.
Aurreko Aleetan |