Beñat Oihartzabalen esker oneko hitzak, Jean Haritschelharren gorazarrez Eusko Ikaskuntzaren Lekuona saria emateanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Beñat OIHARTZABAL
Argazkiak: Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA

Zenbait hitzen erratea galdegina izan zait Jean Haritschelharren euskararen aldeko lana sariztatu nahi izan den egun berezi honetan. Ez dut gordeko plazer handiz egiten dudala, haren aldera aspaldi sortu zorren ordaintzeko, edo bederen aitortzeko, parada baitut horrela. Badakit, bestalde, esker oneko hitz hauek nik bezala beste anitzek arrazoin berekin agertzen ahal zituztela hemen, anitz izan baitira, ene gisa, euskal ikerketa lanetan zurkaitz eta sostengu Jean Haritschelhar izan dutenak. Ohore dut, beraz, haien denen izenean hemen hitzaren hartzea.

Jean Haritschelhar
Jean Haritschelhar.

Hona, Jean, nola oroit naizen, euskal ikerketen munduan lehen urratsak egiten nituela, biek izan genuen lehen solasaldiaz. Ez baitut segurki ahantzia, ez ahanztekoa ere. 1978.a zen. Bazuen urte andana bat jadanik utziak nituela nik estudioak, ordu arte letretako edo hizkuntzalaritzako ikasketarik batere segitu gabe. Lanbidea erietxe bateko ekonomia sailean nuen eta bulego lanei maiz datxekien egun orozko terrentak ez baininduen asetzen, ez gogobetetzen, etxen izan nintzaizun Bordelen euskal estudioetan doktore bat egin ote nezakeen galdegiteko. Ez nekien orduan, zuzenbideko ikasketak eginik, legez bide hori har nezakeen ere, eta, halako kasuan, euskal mintzaira eta literatura ene kondu bakarrik landu bainituen ordu arte, zeri buruz zuzen abia nintekeen. Arrazoi guztiak bazenituen ene ikerketa asmo lanbrotsu, finkatu-gabeen aitzinean sinesgogor izateko. Ordea, ez zinen hala agertu. Aitzitik, lanari lotzera besterik gabe lehiatu ninduzun, egun hartan berean, zalantzan eta balantzan nindukaten duda guztiak aizatuz, eta ikergai bat ere eskainirik, Charlemagneren pastorala hain zuzen, haren eskuizkribua orduan Baionako erakustokian baitzenuen Orreagako batailaren mendemugako ospakizunen karietara hara ekarrarazia.

Eskerrak, beraz, Jean, orduan aholkaturik eta akuilaturik, eta ikerketa mundura bideraturik, gogoan baitaukat oraino, handik zenbait urtetara CNRSen sartzerakoan aitabitxi izan zintudala, garai hartan erakunde horretan sartzen ziren ikertzaile berrien lehen urratsen segitzeko izen horretako geriza emale bat izendatzen baitzen laboratorioko lan-loturetarik kanpo, eta zu hautatu baitzintuzten, ni orduan Parisko laboratorio batean izanik, eginkizun horretako.

Jean Haritschelharrek euskal kulturaren eta euskararen alde egin dituen lanetan lau lan eremu bereiz daitezke :

Piarres Charrittonek idatzi duen biografia liburuxkan oroitaraziak baitira lan horiek oro, ez naiz hemen haietaz ariko, nahiz asko balitzatekeen errateko, hala nola Euskaltzaindian hain luzaz eta hain garai garrantzizkoetan, lehenik, aita Luis Villasanteren ondoan bereziki, lehendakariorde gisa, eta gero lehendakari gisa, euskara batuaren bideratzeko oroz gain, egin dituenen kontatzeko. Luzeegi lihoakidake, haatik, eremu horretan orain sartzea. Halaber, luzegi litzateke Iparraldean euskarari buruzko ikerketagune baten sortzeko, garatzeko, finkatzeko eta azkartzeko egin dituen lanen aipatzea. Hamazazpi urte iragan dira, uste dut, Jean Haritschelharrek unibertsitatea utzi duenaz geroztik, baina IKER laboratorioko lanak segitzen ditu beti, barneko biltzarretan eta berdin kanpokoetan eta kolokioetan parte hartuz, eta denen gainetik beti prest izanez aholku eta laguntza emateko, ez baita urterik iragaten, lekuko naiz, horren froga ikusi gabe.

Jean Haritschelhar
Jean Haritschelhar.

Bizkitartean, egun, ikertzailea, euskal literaturako ohiko kantoreen atzertzailea bereziki, ekarri nahi nuke neure solasera, beste gai anitzen artean kopla herrikoiak ikertu baititu Jean Haritschelharrek bere lanetan, hala nola Etxahun, Otsobi edo Elizanburu eta beste holako anitzenak. Zergatik alderdi hau nahi nukeen atxiki? Zeren erakustera ematen baitute Jean Haritschelharren lanen helburuetako bat izan dela luzaz euskaldun herritar xumeen artean bizi izan den euskarazko kultura hau unibertsitateko erakaskintza alkietara ekartzea, eta ezagut- eta maitaraztea, mundu berrian euskarak ez baitzezakeen gerorik izan, herritarrek ez bazekarkioten atxikimendu eta errespeturik euskarazko kultura horri.

Eta Eusko Ikaskuntzak ematen baitu sari hau eta erakunde honen helburua baita, hain zuzen, Euskal Herrian ikerketa lanen sustatzea eta kulturaren indartzea, guztiz ere hainbeste zokoratua izan den euskarazko kultura, iduri zait kantoreetako poesia herrikoia bilduz, ikertuz, eta argitaratuz Jean Haritschelharrek egin duen lana arras egokitzen dela xede horietara.

Ez dakit oro ohartzen garen zer zen duela kasik berrogoita bortz urte lan horri lotzea. Urrats hori aspaldi egina zen auzoko herrialde handietan, baina bigarren munduko gerlaren ondotik, arras doktore tesi guti eginik zagon euskal estudioetan (eskuko eriak baino gutiago ziren), eta, erran beharrik ote da?, euskal kantoreei buruzko ikerketa bihirik ez zen oraino egina izan ez Frantziako ez Espainiako unibertsitateetan. Are gutiago Etxahun bezalako, aitzineko mendeko koblakari xume baten kantuak gaitzat harturik. Ez da merezimendu ttipia izan Haritschelharrek tesi zuzendari izen zuen René Lafon hizkuntzalariarentzat gisa horretako lanen garrantziaz ohartzea, bereziki bera, sortzez, ez Euskal Herrikoa, ez euskalduna ez izanik.

Gaitzeko lana. Ereduzkoa ere bai, denek hala aitortua, ez baita harritzeko Jean Haritschelhar Doctore Honoris causa egin nahi izan baitzuen garai berriagoetan Euskal Herriko Unibertsitate gazteak, Koldo Mitxelenaren itzalpean. Gaur egun ere gisa bereko lanetan hasi nahi duten doktoregai gazteek bide-erakusle eta oinarri daukate Jean Haritschelharren ikerlan hura.

Esker oneko hitz hauen hondarrean, Baigorrin bildurik baikaude eta hemendik hurbil beti xutik baitago Etxauzia, Atsularrek Baxenabarreko beste seme batez, duela hiru mende eta erdi erranak errepikatuko ditut zure aldera berriz itzuliz, Jean. Alabaina, euskal kulturaren adiskideen eta euskararen ikertzaileen artean (eta berehala ikusiko duzu nondik ateraiak diren hitz hauek) :

Nor da Euskal Herrian, aldez edo moldez, zordun eta obligatu etzaitzunik? Behartu eta enplegatu etzituenik? Eta baliatu etzaitzanik? (…) Guztiek zuregana laster. Eta zuk guztiak arraiki eta alegeraki errezibi. Zuhurki konseilla, kida, goberna eta burutan athera.

Nekez ele egokiagorik atxeman daitezke euskal kulturaren eta euskararen ikerketa eta sustatze lanetan izan duzun eraginaren aipatzeko, eta egiazki ez dut uste euskal estudioen adiskiderik edo euskalari bihirik izan den azken hamarkadetan, Iparralde honetan bereziki, zure aholkuen beharretan gertatu-eta, zuri hurbildurik zeure laguntza ukatu diozunik.

Ene, eta euskararen eta euskal kulturaren ikertzaile guztien izenean, Jean, bihotz-bihotzez, milesker!

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/05-27/06-03